SARAKO AUZAPEZA 1

 

        Urte luzez izan zen Sarako auzapeza Paul Doutournier. Egunez auzapeza, gauez kontrabandista. Mugari esker egin zuen dirua, eta euskaldunondako ez zegoela mugarik zioen beti, bere ibilien legezkoa frogatze alde ausaz. Gerratik ihesi 1936an Iparraldera jo zuten euskaldunak arrotzak ziren auzapez askorendako, espainiarrak, eta gainera gorriak. Ez zituzten inon babestu nahi izan, ez zuten «zikindu» izan nahi. Orduan hiru mila biztanle zituen Sarak mila iheslari hartu zituen aterpean, Paul Doutournier-en fedeari esker: euskaldunok ez dugu mugarik.

        Hizkuntza guztiek praktikatu behar izaten dute kontrabanda. Hizkuntzak ez dira mugapekoak, eta mugimendu klandestinoak egiten dituzte gauez. Hiztun «arrotzak» eta «zikinak» onartzen ditu, maketo mota guztiak, Oteizak, eskultore erdaldundu hark «ergelak» zeritzen euskaldun berriak barne.

        Euskalduna izatea ergelkeria dela, egia zaharra dugu.

Paul Dutournier / Alain Pujol. La nuit est basque. Éditions Deucalion, 1989

«Amo tanto al euskera..». Mermelada Ustela, 1976

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus