Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Castellon

 

1987ko urriaren 26an eraman ninduten Castellonera, beste lau lagunekin, Herreran lau urte eskas egin ondoren. Ordura arte talde handi samarretan egonak ginen Carabanchelen, Puerton eta Herreran, baita Alcalan ere. Ordutik aurrerakoa, beraz, gure kolektiboa sailkatzeko eta zatikatzeko ahalegina izango zen etsaiaren aldetik: sakabanaketa. Erreparatu besterik ez dago nolako komentarioak egiten zituzten garai hartan politikariek, komunikabideetako eta gainerako putreek. Gure suntsipen fisiko eta psikologikoaren bila egindako plangintza abiarazi zuten.

      Preso sozial batzuk gu erasotzera bultzatu zituzten hasteko, ordainetan mesedeak eskainita. Hala ere, etsaiaren kaltetan gertatu zen eta gertatzen da, preso arriskutsuenak, lehen graduan eta guztiz jazarrita edukitzen dituzten preso sozialak alegia, ez baitira izaten kartzeleroei mesede egitekotan. Preso arriskutsu horiek izan ohi dira, hain zuzen, nolabaiteko klase kontzientzia daukatenak eta duintasun gehien dutenak, eta bizi-baldintzen egoera gogorragatik gurekin txukunen konpondu ohi direnak ere bai, jakina. Preso horien eta gure artean enfrentamendua sortzen saiatu zen etsaia, baina gaizki atera zitzaien jokaldia. Bortxatzaileak, salatariak eta giza-lakasta modu guztiak izaten dira kartzeleroen konfiantza dutenak, inolako duintasunik ez dutenak gehienetan; kartzeleroak ere ohartuko ziren horiekin ezin zutela euskal presoon aurkako gerrarik egin espetxeetan. Dena dela, preso sozialak gure aurka erabiltzeko saiakerak inoiz ez dituzte amaitutzat eman. Hor daude Puerto edo Alcalako kasuak, Ermuko mamuarekin batera indartzen saiatu zirenak, eta abar. Era askotako jendea izaten da kartzeletan, eta, orokorrean preso sozialak gure aurka jartzerik lortu ez duten arren, inoiz ezin liteke jakin eroren bat zertara bultza dezaketen.

      Ez dugu ahaztu behar, kartzeleroengandiko jipoiak sakabanaketaren ondoren hasi zirela batik bat; talde txikitan edo bakarka geundela ikusirik, horretaz baliatu ziren basakeriak eta gehiegikeriak egiteko, eta berdin jarraitzen dute gaur egun ere. Ez soilik presook suntsitzeko, baita senide eta lagunak umiliatzeko ere. Kartzela aldaketak, sakabanaketak, txakurren zafraldiak kundetan... bakean ez uzte horren barruan ulertu behar ditugu. Begi-bistakoa da egonezina lortu nahi dutela presoarengan, antolatu ezina, ezertara jarri ezina. Inor eta inon bakean ez uztea da euren xedea, ez ikasketak egiteko, ez deuserako.

      Norberaren bizitza antolatzeko eragozpenak nagusitzen ari dira. Ezin dugu geure eskura gauza handirik eduki; ez liburu, ez arropa eta ez horrelako asko, noiz aldatuko ote gaituzten zain gaudelarik. Alde batetik besterako bideetan trasteak galtzea, desagertzea edo dena apurtzea eguneroko kontua dira. Hara: hamabost egun badira hona heldu nintzela, eta nire trasteak ez dira inon ageri: arropa gehienak, liburuak, eskulanak... Castellonen utzi nituen, agentzia baten bitartez hona bidaltzeko, ezin naitekeelako ibili traste guztiekin hara eta hona. Ba, orain ez omen daude Castellonen, eta ez omen daude hemen ere. Zelako misterioa! Ez omen dugu harritu behar, jakinik zelakoa den kartzeletako burokrazia, zelan funtzionatzen duen denak! Beti izorratze aldera egiten dituzte gauzak, ez behintzat laguntzeko edo errazteko. Horrelaxe, kartzelerorik mozoloenak ere bere pixkatxoa ipiniz, saiatu dira urtez urte kolektiboa eta kolektiboko banakakoak handik edo hemendik izorratzen.

      Agerian daude jazarpenarekin eta sakabanaketarekin lortu dituzten emaitzak: itota eta gehiago jasan ezinik euren buruaz beste egin duten lagunak, esate baterako; ez dituzte menderatu, baina urkamendira bultzatu dituzte. Eta hor daude damutuak ere; nire ustez, damutuak baino ukatuak eta etsitakoak besterik ez direnak.

      Baina sakabanaketa eta isolamenduen gainetik, etsaiaren zafraldi eta suntsiketa saioen gainetik, ahal dituzten txakurkeria eta umilazio era guztien gainetik jarraitzen dugu kolektibo batua eta tinkoa izaten. Badakite ez dutela asmatu damutuen politikarekin, damutuez egin duten erabilera narrastiarekin, momentu jakinetan telebistan agerraraziz, prentsan aldarrikapena eskainiz... Eta ez dute asmatuko, ezta ere, presoen eskutitz pertsonalak aireratzeko kartzeleroen eta txakurren eta kazetarien artean dagoen sintonia eta erakarmen-kimikarekin.

 

 

Bakardadea izan zen Castellonen lehenengo aurkitu nuena, lagun falta. Herreran modulu osoa ginen kolektibokoa, eta Castellonen bost baino ez; gure inguruan preso sozialak, ordura arte ezagutzen ez genuen giroan. Argi zegoen preso sozialekin nahastu eta haiekin parekatu nahi gintuztela, haien artean urtu, nolabait esateko. Baina, aldi berean, gurekin harremanetan edo lagunartean ikusten zutena begitan hartuko zuten berehala; laster hasiko ziren kartzeleroak hari jarraipen berezia egiten. Gurekin mintzatzearren bakarrik sartzen zizkieten parteak eta zigorrak. Bestalde, modulu berean eta lehen graduan preso sozialekin egon arren, siesta denboran gu patiora irtenarazten gintuzten. Jokamolde eskizofrenikoa edo paranoikoa zen hura kartzeleroen eta zuzendaritzaren aldetik. Itxuraz, eurek ere ez zuten sinesten preso sozialekin batera jarriz desegingo gintuztela.

      Bostok modulu berean elkarrekin egin genituen lehen bi urteak. Gero beste modulu batera eraman gintuzten Juanito Nazabal eta biok, eta beste hirurak modulu banatan bakartuta. Kartzela berean egonik ere, beste sakabanaketa bat gehiago ezarri ziguten! Noziboen modulura pasa ginen Juanito eta biok, arriskutsuen modulura, euren sailkapenaren arabera. Hamabost-hogei preso baino ez ginen han.

      Sei urte eta erdi igaro genuen horrela, eta ordutik aurrera hasi ziren tarteka moduluz aldarazten, bat hona eta bestea hara, trukatzen bezala. Eta ziegaz ere aldatzen gintuzten, hiru-lau asteko tartearekin, hutsik egin gabe aldatu ere gainera. Guztira hamabi urte egin ditudanez Castellonen, pentsa zenbat ziega pasa izan ditudan!; neuk ere ez dakit. Zenbat ziega zikin garbitu izango nituen han!

      Lehen graduan egin ditut Castellongo hamabi urteak. Goizetan patioan, arratsaldetan txaboloan. Goizetan eskulanetan aritzen nintzen: lehen aldian kutxak eta horrelakoak, gerora itsasontziak eskalan egiten. Erraztasunik ez zuten ematen. Bizarra kentzeko kutxillekin moldatu behar izaten nuen, ahal nuen moduan lortutako tresnatxoekin. Eskulanengatik ez dut erredentziorik izan, ezta egun bakar bat ere. Ez nintzen erredentzioen itxaropenez aritzen eskulanetan, probetxuzko zerbait egitearren baizik. Ez dit horrek burukominik ematen. Kartzelan ezin zaitezke bizi erredentzioei begira, erredentzioengatik erreguka; are gutxiago zergatik gauden kontuan hartuta. Ahal den guztia kendu behar zaio kartzelari; eta erredentzioak kenduz lehenago kaleratu ahal bazara, ederki, oso ondo; baina ezin zaitezke horri lotuta bizi, negarraren letanian eta labirintoan erori nahi ez baduzu.

      Kartzelaldirik luzeena Castellongoa izan dut. Hantxe bertan hamabi urte hona eta hara, baina inora mugitu gabe. Hala ere, kartzelaldiak denboraren arabera neurtzea ez da haizu. Puertoko egonaldiak, eta Herrerakoak batez ere, askoz gai gehiago ematen ditu kontatzeko, askoz bizipen gehiago Castellongoak baino. Aurreko urteetako kartzelaldiekin alderatuta, zalantzarik ez dago monotonoagoa izan dela Castellongoa, eta neketsuagoa ere bai.

      Esango nuke, sakabanaketa plangintza honetan, nahiz eta agindu orokorrak Madrildik bideratu, kartzela bakoitzeko zuzendaria edo zuzendaritza taldea izan dela leku bakoitzean bere arau propioak ezarri dituena. Zuzendaritza talde horiek izan dira lekuan lekuko tirania propioa ezarri dutenak presoongan eta senide eta lagunengan, beren aburuen araberako jazarpena eta jarraipena eginez, deserosotasuna sortuz, Madrilekiko helburuetan beren apurtxoa aportatuz. Kartzela bakoitzak bere berezitasun propioak ditu horrela, eta kartzela batean denboraldi luzeagoa edo laburragoa egin izanak ez dauka beti horren araberako eragin zuzena. Zenbait kartzelatan, egonaldi labur batean desegin dezakete presoaren osotasuna, edo horretan saia daitezke behintzat. Kartzela batzuek epe laburrera ez dizute hainbesteko erasanik egingo, baina luzera itogarri bihurtuko zaizu egonaldia, gauza txikietan izorratzen zaituztelako, gainditu ezinezko eragozpen txikiekin topo egiten duzulako beti. Horrelakoa da Castellongoa, beti trabak asmatzen, nondik zirikatuko asmatzen zebilen tiranotxoz osatutako zuzendaritzarekin. Ez dago garai bateko Herrerako edo Puertoko erregimena, ez da basatia modu horretan. Baina beste era batean bideraturik, helburu berdineko erregimena dela dudarik ez da. Lantzean behin bizimoduz mudatzea, txaboloz sarri aldatzea, kartzela bereko lagunengandik bereizita edukitzea, suntsipenerako armak dira denak. Eta zer esanik ez kartzelaz kartzela aldatuz bazarabiltzate, adiskide batzuk erabili dituzten bezala. Ezertarako patxadarik ez dizute uzten... Eta kalbarioa da senideentzat.

      Zekena zen Castellongo zuzendaritza, erabat. Kartzela ere, berez, egituraz eta baldintzez, oso eskasa da. Eta jasangaitza hezetasuna.