Aurkibidea
Eskulanak
Kezkatuta dabil Antxon, eskulanen kontua ez baitu argitu oraindik. Itsasontzien maketak ekarriko zizkiotela agindu bai, baina ez da horien aztarrenik. Lan tresnarik ere ez. Denari baietz esaten diote tailerretako arduradunak eta hezitzaileak. Dena da erraztasun itxura batera, baina ez da fio, ez du fidatu nahi, Castellonen ere ganorazko lanabesik edukitzen utzi ez ziotelako.
— Bizarra egiteko kutxillekin jardun behar, itsasontzirik egin nahi banuen.
Beste egitekorik ez daukanez, hari batzuez eta kartoiez gerrikoren bat edo beste egiten aritu da. Koldo ere eskulanak egitera joaten hasi zen lehengo astean, baina ezezkoa eman diote gaur; ezin daitekeela joan, zerrendan ez dagoelako. Karlos da joaten uzten dioten bakarra. Ondorengo egunetan ikusiko dugu zer asmorekin dabiltzan.
Bazkalostean patiora joaten ikusi dut Antxon, gu kafea hartzen geratu garen bitartean. Zutik eta geldi egonda, laster hasten omen zaio gerriko mina; erosoago omen dabil paseatzen, ibilian. Hernia lunbarrak ez du bakean uzten, eguraldia hotz eta heze dagoenean batik bat. Castellondik honako bidean ere, furgoietan erasan omen zion ederki, eta oinazez iritsi. Castellongo hezetasuna aipatzen du behin eta berriz.
— Oheko izarak ere beti bustixeak egoten ziren hezetasunarekin. Baina, tira, min horiek ez dira ezer Menier sindromearen aldean!
Patioan, trabestia edo trabesti izan nahi lukeen beltzarana hurbildu zaiola ikusi dut: eskuak atzean, aldakak dantzatzen, musajea bihurritzen. Patioaren alde batetik bestera bi-hiru joan-etorri egin orduko, besoak eta eskuak halako moduz mugituz ari zaio trabestia esplikazioren bat ematen. Ez dut uste asko aztoratuko duenik Ordiziako txapelduna. Joan-etorrietan asko luzatu gabe, hurbildu den moduan joan da trabesti modukoa beste batengana. Bere ibiliari jarraitu dio Antxonek. Beste batzuekin mintzatu da ondoren, txapelaren gerizpean irribarre zantzoa duela. Horrela aritu da goizean, Puertoko kartzelaz-eta lezioak eman asmotan hurbildu zaion matrikulatu-uste batekin: zazpi urte daramala kartzelan eta Antxoni hau eta hura esplikatzen. Zazpi urte urte asko da kartzelan egiteko, baina hemezortzi daramatzan bati lezioak emateko adina ez agian. Ahozabalik geratzen dira 18 entzuten diotenean; kartzelan sartu berria zela uste bide zuten.
“Ez du meritu makala gizonak”, esan dio Karlosi hezitzaileak. Urrutitik ezagutu gaituztenak, prentsatik edo irratitik edo telebistatik ezagutzen gaituztenak, aldez aurretik trokelatuta daukaten irudia lotu ezinik aritzen dira aurrez aurre ezagutzean ikusten duten irudiarekin. Gironako plaza hartan Antxonek txapel-gorriei begiratzen zien moduan begiratzen digute kaletik etortzen diren irakasle, monitore, hezitzaile eta gainerakoek: buztanik eta adarrik ba ote daukagun frogatu nahian, antza.
Aita Ondarretan bi urte inguru preso egonda, gaixo samarrik etxeratu zen. Esango dizut nola.
Gure amaren aitak, aitonak alegia, Inazio del Molino Ilarregik, “Molinos”ek, CAFeko tailer batean lan egiten zuen, baina bazuen bere tailertxo bat ere, josteko makinena. CAFetik irten ondoren, josteko makinak konpontzen zituen inguruetako baserrietan. Haiek diruz ordaindu ezin, eta arto, gari, sagarrekin itzultzen zen etxera. Eta jakinik gure etxean elikagai eskasia nabarmenik ez zela, gerraoste hartan sarritan etortzen ziren eskaleak, jateko zerbaiten galdezka. Preso ohiak izaten ziren batez ere, kartzelatik irten eta etxera bidean zihoazenak.
Preso ohi haietako bat egun batzuk igarotzen geratu zen Ordizian. Baina ogia lortzeko eskean aritzea ez zen nahikoa izango, eta, zerbait egiten hasita, Ordiziako elizaren irudia egin zuen buztinaz, dotore egin ere; jateko zerbaiten truke eman zuen.
Horrelaxe, bada, askotan ohi zutenez, etxeko atea jo zuten batean neu joan nintzen irekitzera. Gizon bat agertu zen, buzo urdinez jantzia. Ezertarako astirik eman gabe hartu ninduen besoetan. Oraindik ere sumatzen dut masailean haren bizarraren latza. Gure aita zen: oso argal, zikin eta zahartua. Haren eskuek liluratu ninduten: handiak, langilearen esku handitu eta zartatuak, zailduak. Batzuetan gurekin lo egiten zuen, ipuinak kontatzen zizkigun, xakean jokatzen erakutsi zidan. Aitaren liburuetako bat izan zen osorik irakurri nuen lehenbizikoa: Barre egiten duen gizona, Victor Hugorena. Urteak geroago, Parisen nengoela, berriro irakurri nuen liburu hori, eta Hugoren gainerako guztiak. Irakurri beharko zenuke Barre egiten duen gizona.
Gerra aurretik aritzen zen lantegian ez zuten aita onartu. Aitonak, orduan, bere tailertxoa eman zion, josteko makinak konpontzeko eta saltzeko zeukana. Sasoi hartan miseria handia zegoen bazterretan, eta jendeak saldu egiten zuen etxeko josteko makina piezaren bat izorratutakoan. Konpontzeko modurik ez zuten izango; salduta, txatarratarako izanda ere, egun batzuetarako janaria erosteko adina emango zien. Gure aitak, beraz, txatarrerian erosten zituen matxuratutako makina haiek, tailerrean konpondu eta pintatu ondoren, berriro saltzeko. Neu ere aritua naiz josteko makinak pintatzen. Pako Galarza zen txatarreriaren ugazaba, eta aitari deitzen zion halako makinaren bat zeukanean.
Alabaina, aita gaixorik itzuli zen kartzelatik. Gero eta gaixotzenago zihoan. Ez dakit tuberkulosia ote zuen; urearen kontua zelakoan ere banago. Donostiara eraman zuten ospitalera, Nafarroako etorbidera, gasolindegiaren ondora, Okendo jaio zen baserriaren aldamenean zegoen ospitalera. Han hil zen, gerra amaitu eta lau bat urtera. Urtebete edo bi egingo zituen etxean, gure arreba txikia Nieves jaiotzeko lain. 36 urte zituela hil zen. Gure ama hiru seme-alaba txikirekin geratu zen alargun, 34 urterekin, bakarrik.
Ordurako aitona Madrilera joana zen. Madrilen bazuen seme bat, gure osaba Jesus, hango CAFeko tailerren zuzendari zena. Baina horrez gain bazuen bere tailertxoa ere, forja tailerra, metalikakoa. Tailer horren kargu egitera joan zen gure aitona Madrilera. Hari horri jarraituz bide batez, urte mordoa geroago, ni Carabanchelen preso nengoela, osaba Jesusen semea, neure lehengusua alegia, bisita egitera etorri zitzaidan bere alaba txikiarekin. Halaxe esan zidan: “Kartzela honetako barroteetatik batzuk gure forja tailerrean eginak dira”, bere aitaren, osaba Jesusen tailerrean alegia. Ustekabeak ematen ditu bizitzak edozein jirauneren ostean.
Aita hildakoan hasi nintzen lanean, hamabi urterekin. Goenaga kutxilleriako ugazabaren emaztearekin adiskidantza zuen gure amak. Julian Goenaga zen ugazaba, eta Barandiaran emaztea. Adiskidantza hori bitarteko hasi nintzen kutxillerian, bazterrak garbitzen, enkarguak egiten eta horrelakoetan. Baita hango langileei euren zereginean laguntzen ere. Ajuria zeritzan arduradunak bere ondoan nahi izaten ninduen lanean erakusteko. Betaurrekorik gabe eta begietarako babesik gabe soldeatzen ikusi dudan gizon bakarra hura zen; zahartuta ere, hark ez zuen betaurrekoen beharrik izan. Harrigarria da, baina egia. Bi ordutan egiten zuen labanaren ezkutua matrizean. Limatzen ere han ikasi nuen, Miralles ajustadorearekin.
Lantegi hartan batera eta bestera bidaltzen ninduten enkarguak egitera, eta bizikletan joan ohi nintzen. Neure kontuko enkargu moduak ere izaten bainituen nik, beti bizikletan. Inork ezer esaten ez zidanez, iruditzen zitzaidan ez zirela nire faltaz ohartzen. Norbaitek nitaz galdegin eta falta banintzen, laster pentsatzen zuten, nonbait, bizikletarekin joana izango nintzela zerbaitera. Oraindik ere izan behar du Ordizian horretaz oroitzen denik; Anza abizeneko emakume bat bai, behintzat; “Non eta nola ote dabil Antxon?” edo antzeko galderaren bat norbaitek egiten duenean, “Orain ere bere bizikletarekin nonbaitera joana izango da” erantzuten omen du.
Nieves Santamaria zen kutxilleriako ofizinista. Ni baino bost-sei urte nagusiagoa izango zen. Nieves honek meza-liburua oparitu zidan behin; mezatara joan bakoitzeko duroa emango zidala agindu zidan. Eman ere bai, baina Gurrutxaga maisua organoa jotzen entzutearren joaten nintzen elizara, ez mezagatik. Umetatik gustatu izan zait musika klasikoa, eta musika entzutearren elizara eta edozein lekutara joango nintzen.
Goenagarenean oso ondo portatu ziren nirekin. Ezin gusturago ibili nintzen han.
Koskortutakoan hasi ginen Tolosara joaten. Han ikasi genuen dantzan. Trenez joaten ginen, eta gauean itzultzeko hamarretan izaten genuen berriro trena hartu beharra. Baina beti galtzen genuen hura, gero hamabietan pasatzen baitzen merkantzia. Merkantzia Beasainen geratzen zen, ordea, eta handik Ordiziara oinez itzuli behar. Garai hartan sekulako giroa izaten zen Tolosan, Ordiziakoa baino askoz irekiagoa eta alaiagoa. Neska koadrila baten ezagutza egin genuen han, geltokian gu iritsi zain egoten zitzaiguna. Neska koskor haietako bat oso lagun egin nuen, Margari. Egun batean bere argazkia oparitu zidan, marko eta guzti. Argazki harekin etxeratutakoan zeharo aztoratu zen gure ama. Bizitzako lanak eta planak antolatzen hasi gabea, artean gaztetxoegia nintzela pentsatu bide zuen.
Gure ama aski pentsamolde irekikoa zen hala ere. Beti utzi izan zidan neure kasa ibiltzen. Mezatara-eta joatera ere ez ninduen egundo behartu. Batzuetan jakingo zuen nondik nora nenbilen eta beste batzuetan ez, baina inoiz ez zidan egiten nire ibilerekiko galdeketarik eta errietarik. Eguneroko beharretan izango zuen nahiko kezka eta buruhauste niri kargu hartzen ibili gabe. Boladaren batean behintzat, Acumuladores Oxibol enpresan lan egin izan zuen.
Gerraostean errazionamendua zegoen gauza guztietarako, badakizu. Bakoitzak bere zedula zeukan, bere txartela edo agiria, beharrezko gaiak erosteko eskubidea ematen zuena. Nik hamahiru urte nituela ez neukan tabakoaren errazionamendu eskubiderik, jakina. Hemezortzi behar nituen horretarako. Beraz, zera asmatu nuen... 13 zenbakiko 3aren gainean beste 3 bat ipini nion alderantziz, 8 bilakatzeko. Eta hor noa estankora; eman diot txartela hango andreari; eta hark: “norena da hau?”; eta nik: “Anaia nagusiarena”, lotsagabe eta lasai asko erantzun. Hark bazekien ondo nik ez neukala anaia nagusirik, neu nintzela anai-arrebetan zaharrena; ondo ezagutzen baitzuen gure familia. Baina “hara, hara; zoaz!” esan zidan, hemezortzi urtekoari zegokion tabakoa emanda. Hilero joango nintzen estankora nire tabako bila, eta hilero emango zidan. Tabako hartatik gehiena saldu egiten nuen taberna batean, eta bestea neuk erre, Abadie papertxoarekin zigarroa eginda. Orduan hasita, berrogeita zortzi urte inguruan jarraitu nuen erretzen, duela zortzi utzi nion arte.
Goenaga kutxillerian lanean urte pare bat neramalarik, sasoi hartan ezkondu zen berriro ama, Rafaelekin. Aitaordeak konbentzitu zuen gure ama ni lantokiz aldatzeko, eta CAFeko forja batera joanarazi ninduten. Hamabosten bat urte izango nituen. Oso lan gogorra zen forjakoa: aurpegia eta aurrealdea sutan eta bizkarra izoztuta lanean, ofiziale guztien pintxe gainera. Urtebete iraun nuen han.
Goenagaren kutxillerian eta gauetan Arte eta Ofizioetako eskoletan ikasi nuenarekin, Beasaingo tailer baterako ofiziale frogara aurkeztu nintzen. Primerako eta segundako ofiziale postua eskaintzen zuten. Miru isatsa eman zidaten egiteko; ar eta emearena egin behar nituen, eta baita egin ere. Lehen edo bigarren mailako ofizialearenik ez zidaten eman, baina bai hirugarren ofizialearena.