Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Carabanchel

 

Gatibatu eta hilabete batzuetara hasi ziren epaiketak. 1983ko irailean egin zidaten azkena. Guztira hamahiru-edo. Carabancheldik Puerto de Santa Mariara eta Puertotik Herrera de la Manchara izan zen nire orduko ibilbidea, hitz gutxitan esateko. Nire azken epaiketarako eraman ninduten Puertotik Alcalara, eta han nengoela eraman zituzten Puertoko lagun guztiak Herrerara. Bi hilabeteren buruan eramango ninduten neu ere Herrerara, azken epaiketa amaitu ondoren. Negu betea zen, beraz, eta Herrerara sartzean soinean neraman guztia kendu zidaten, baita txapela ere, eta buzo bat eman zidaten janzteko.

      Orduko epaiketetako parafernalia oraingoa bezalakoa zen. Pezera kristalezkoan sartu, tribunala ez zenuela ezagutzen eta horrelako zera batzuk bota (aukerarik ematen bazizuten), eta ostera behera, kalabozoetara. Hamahiru epaiketetatik bat bakarra egin nuen osoa, beste mutil bat libratzeagatik. Gauza ziurra zen, gaur bezalaxe, sala hartan ez zela epaiketa bat egingo, antzerki eta itxurakeria bat baizik.

      Baina goazen astiro.

 

 

Carabanchelgo hirugarren galerian sartu ninduten, presorik konfliktiboenak zeuden lekuan. Hantxe geunden gu, euskal preso politikoak. Liskarrak, borrokak... noiznahi izaten ziren han, labanekin-eta. Hilak ere astero izango ziren seguru asko.

      Behin, Sotero Etxandi eta biok patioan paseatzen genbiltzala, preso arruntak bazterretan multzoka elkartuta zeudela erreparatu nuen. Giro arraroa iruditu zitzaidan. Patio erdian mutiko bat bakar-bakarrik paseoan ari zen. Bazen zerbait ondo ez zebilena, normala ez zena.

      — Alde egin behar diagu —esan nion Soterori.

      Gora joan ginen, galeriara, ziegetara, eta leihotik patiora begira jarri ginen. Handik ikusi genuen, taldeka zeuden presoak nola hurbiltzen zitzaizkion patio erdian bakarka zebilenari, eta nola hasi zitzaizkion denak labanak eta zorrozkiak aterata ziztaka, gorputz osoan: hanketan, sabelean, saihetsean sartzen... Ping-ponga eta horrelakoak zeuden lekura ihes egitea lortu zuen mutilak nola edo hala, baina berehala agertu zen atzera patiora, galdu-ordean, norabait ihesi beharrean. Hantxe, patio erdian errematatu zuten labankadez!

      Bakar batzuk ikusi ditut kartzelan hiltzen, baina ez modu hartan, hain basatiki, ehizakia setiatu eta akabatzen den moduan. Gogoratzen naiz, mutil hura modu hartan ikustean, nola edo hala laguntzera jaitsi nahi izan zuela Sotero Etxandik. Baina ezinezkoa zen guztiz. Inpresio izugarria egin zion ikuskizun hark Soterori, urduri jarri zen erabat. Gutxi ezagutu ditut Sotero bezain pertsona prestuak, beti laguntzeko gertu, borrokan ere dena emateko, aitzakiarik gabe. Ahazten ez dudan lagun zintzo eta apala da Sotero, hainbat xake partidatako aurkari grinatsua. Laster elkar topatzea espero dut, sagardotegiren batean. Duela gutxi jakin dut arreba hil zaiola. Garai hartan, Carabanchelen ginenean, hamazazpiren bat urte izango zituen Soteroren arreba horrek. Gaztetxo izanik ere, azkar ikasi zuen zer zen presoak bisitatzen ibiltzea eta laguntza ematea. Etxeko tomate eta azenarioak ekartzen zizkigun, entsaladak presta genitzan. Emakumeak, beti emakumeak... Inork ez ditu egiten horrelako lanak beraiek bezala.

 

 

Orduan ere bake une handirik gabea zen gure kolektiboaren bizitza. Berrogeita hamar urte nituen kartzelara sartu nindutenean; adinaren zama sentitzen hasten den sasoi hori, beraz, eta komisaldegiko tortura egunak igaro ondoren are gehiago. Baina kartzelak ez dizu bakean bizitzen uzten, nahiz eta zaharra izan eta jubilatzeko garai hobean egon.

      Kartzelara heldu eta hamabost egunera gose greba bati ekin genion, Puertoko lagunekin elkartasunean. Hogeita hamasei eguneko gose greba egin genuen. Hogeita seigarrenean izorratuta ikusi eta erizaintzara eraman gintuzten Urru eta biok. Komisaldegiko egonalditik suspertu ezinik nengoen artean, eta gose grebak erasan gogorra egin zidan. Hogeita seigarren egun horretarako ez nintzen ezertarako gauza. Trapu zaharra nintzen. Enfermerian, gose greba uzteko eta uzteko esanez aritzen zitzaidan sendagilea. Whisky botila bat eskaini ere egin zidan sendagile hark, sendagileen zuzendariordea zenak, gose greba uztearen alde. Ez nuen utzi! Baina... greba amaitu ondoren aipatu egin nion whisky botila; eta baita ekarri ere.

      Gose grebarik egin gabea nintzen artean. Alde handia dago lehenengo gose greba izan edo bigarrena edo hirugarrena izan. Esperientziak, eskarmentua emateaz gain, asko laguntzen dizu horrelakoetan. Neurria hartzen diozu urari, ibiltzeari eta abarri, gorputzak beti berdin erantzuten ez badizu ere. Lehenengo gose greba hura negu erdian egin genuen, eta hotzaz askoz gehiago izorratzen zara; ez da jakiten, ea jateak eta ahuleziak edo hotzak izorratzen zaituen gehiago. Baina gorputzak gaizki erantzuten badu, gose greba laburrak gehiago izorra zaitzake luzeak baino. Esperientziak erakutsi dit hori.

      Baina, lehenera itzuliz, Carabanchelgo aurreneko greba hura gogorra izan zen niretzat. Ezertarako gai ez nintzela geratu nintzen. Lau lagun geunden enfermerian, ziega berean: Urru eta biok zeharo jota geundelako, eta Txino eta Rafael gu zaintzera joan zirelako. Hauek ere greban zeuden, baina gu baino hobekixeago haatik. Egundoko sagu pila zegoen enfermeriako bazterretan. Nik ez dakit non ezkutatzen ziren eta nola konpontzen ziren, baina arratsaldetan eta iluntzetan alde guztietatik agertzen ziren saguak. Hormak ez ziren guztiz lauak, pikordunak baino, eta horman gora armairu gainera, ohe gainetara eta edozein tokitara heltzen ziren. Saguak etortzen zitzaizkidan burkora, etzanda nengoen ohera; eta burkotik bekoki gainera, eta bekokian jolasean sagua! Demonio haiek uxatzeko ere ez neukan indarrik eta ganorarik. Urru ere nire antzera zegoen; hari bizarrean ibiltzen zitzaizkion saguak, habia egin nahian edo. Egoera horretan, hain ahulduta, mugitzeko ez ezik hitz egiteko ere ez duzu gogorik eta aldarterik izaten.

      Sukaldaritza liburu bat irakurriz egin nuen gose greba hura, pentsa! Liburua irakurriz hartzen ninduen loak, eta hantxe zabalik geratzen zen liburua. Bazeuden bakailaoa prestatzeko hirurehun errezeta! Harekin ikasi nuen bakailaoa txuri-txuri uzteko trukoa, esnetan bustita, alegia.

      Hogeita hamasei eguneko greba amaitu ostean, ezjakinaren kontuak edo obsesioarenak, jaten hasitakoan ez nuen ederki pasa. Iruditu zitzaidan idiak adina jan nezakeela, eta halaxe hasi nintzen. Barazki purea prestatu ziguten lagunek, eta tragoan hartzen hasi nintzen puretik egundoko ontzikada. Ondoezik jarri nintzen berehala. Hil behar nuela iruditzen zitzaidan. Luzera gabe pasa zitzaidan, baina gorriak eta beltzak ikusita.

      Carabanchelen egin genuen bigarren gose greban ardi gazta bidali zidan lehengusuak. Ordiziako gazta txapelketan bigarren saria hartutakoa oparitu zidan, hain zuzen, debozio guztiarekin. Zilarrezko paperean bilduta gorde nuen, greba bukatutakoan usterik biziotsuenarekin jateko. Eta halaxe, grebaren ondoren apur bat susperturik, hasi naiz lehengusuaren gazta preziatua ateratzen, papera kentzen, eta... dena ustelduta! Jateko moduan ez behintzat. Ez zidan pena makala eman.

      Integral aldizkari bat heldu zen nire eskuetara bigarren greba hartan, 81eko abenduko edo 82ko hasierako Integral alea. Egiptologo batzuek hilobi batean antzinako telar bat aurkitu zutela zioen. Marfilezko plaketa batzuk aurkitu zituzten, launa zulorekin, eta haiekin egindako zapi zatiak; hortik atera zuten nola egindakoak ziren, zer marrazkirekin eta abar. Hura irakurriz hasi nintzen burua astintzen, tentatuta. Baina gose greban ez neukan indarrik ezeri ekiteko, ez launa zuloko xaplarik ez bestelakorik. Hilabete batzuk geroago lotu nintzaion kontu hari, gerrikoak egiteari: kartoi laukiak ebaki, launa zulo egin kantoietan, hariak zuloetatik pasa... Lehenengoan oker ibili nintzen hariren batekin, eta ez zitzaidan nik uste nuen marrazkia atera. Bizkor zuzendu nuen, eta baita asmatu ere neuk nahi nituen marrazkiekiko gerrikoak egiten. Jendeak ikasi zuen poliki-poliki nola egiten nituen, eta Carabanchel gerrikoz josi zen. Polimiliak, GRAPOkoak, anarkoak eta geu izango ginen han geundenak... eta preso sozialak, jakina. Denek ikasi zuten gerrikoak eta eskuturretakoak egiten, hariez eta kartoiez.