Aurkibidea
Krakas, Kirruli, Lopetegi
Tentsio aldi gogorrak bizi izan genituen Herreran. Planteen ondorioz, pikoloak espetxeko kupulan egoten ziren, eta moduluetara sartzen jipoika, bortxazko biluzketak eginez, umilazioaren bila.
Sendagileen arduragabekeria garesti ordaindu zituzten adiskide batzuek. Gure Kirruli han geratu zen, tuberkulosiaz. Krakas hil zen. Mikel Lopetegi... Hirurena izan zen latza, baina niretzat Kirruli eta Mikelena gogorrena, neu nengoen moduluan gertatu baitziren. Kirruliren gorpua zaintzen egon nintzen goizean, Elurtxurirekin batera. Sinestezina zen garai hartan tuberkulosiaz hiltzea! Urte hauetan guztietan jende mordoska ikusi izan dut hepatitisarekin eta tuberkulosiarekin. Tuberkulosia ez da gainditua dagoen gaixotasuna, ezta gutxiago ere. Nik zortea izan dut alde horretatik. Gaztetan gaixotasun hori pasa izanak nolabait indartu egin zituen nire defentsak.
Gertatuak gertatu, Herrerako borrokak erabakigarriak izan ziren. Zuzendaritzari aurkeztu genizkion eskari eta baldintza asko eta asko lortu genituen. Irabaztea izan zen hura, oso garrantzitsua. Esango nuke, gaur egun, hamabost urte geroago, garaipen haren etekinak dastatzen ari garela neurri batean, bai maila pertsonalean txapeo hartan parte hartu genuenon artean, baita kolektibo moduan ere. Lehenagoko Puertoko egonaldiaren ondoren, hango suntsipenaren ondoren, eta Herreran bertan aurreneko aldian geneukan egoera hura kontuan hartuta, gure indarra eta sendotasuna erakutsi genizkien txapeoez eta grebez. Kolektiboaren ahalmena erakutsi genion etsaiari. Eta guretzat, indarberritzea eta geure buruarengan konfiantza hartzea izan zen. Borroka hura galdu izan bagenu, edo batere borrokarik egin izan ez bagenu... ez dakit zer egoeratan egongo ginatekeen gaur egun.