Hilburukoa
biluzirik urgainduko naiz
gauaren erdian:
izarren negarra,
behelaino naiz bihurtuko
goizaldean,
itsasadarrean labanduz.
Meheki bustiko ditut
talaiako belarrak,
arrainuntzi goiztiarren
masta eta sareak
eta leihoetako kristalak.
Artizarrak
iragarriko du ekiaren sorrera
hosto infinitoetan lehertuko naiz
haranean zehar sakahanatuz,
oihal orlegiz janzteko
mendiak zuhaitzak landareak oro.
Argiaren baitan murgilduko
naiz biluzirik
izpi infinitoz zipriztintzeko
ume olgetien adatsak,
itsabeheretako haitz biluziak eta
kresal molekulak.
Hegal zuria izango naiz
eguerdiko perfekzio bertikala
labainak bezala
ebakitzen.
Itzalak mendian behera
jausiko dira;
odoletan abailduko naiz
sartaldean
dena azken besarkada gorriskaz inguratuz,
emeki hersten den betazalaren azpian
bilduta.