Lehen bilduma 82-84
Lehen bilduma 82-84
1984, ipuinak
128 orrialde
84-398-2556-0
azala: Jose Mari Zabala
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
 

 

Itzulerarik gabeko gunean

 

 

        1984ko abuztuan bukatua.

        Kaletik noanean hainbat tristatzen nauten zaharrei.

 

 

Gizon zahar hura lehen aldiz ikusi zenuenean. Hobe. Gizon zahar hura lehen aldiz seinalatu zizutenean, ez zen zure baitan higuin sentsazio bat besterik sortu, kupidarentzako kabidarik txikiena ere ez zegoen zure pentsamenduetan.

        Zoriontsu zeunden ezohizko egun batetan izan zen. Bakantzetako lizentziak oheko epela ordu berantean uztea permititzen zizun, eta hargatik, zure muinek, lokarturik oraindik, nabardurak hatzemateko gaitasun berezia zuten. Oroz gaindik barne lasaitasuna itsasten zizun giro orokorra ikusten zenuen. Hobe. Ikus zezaten uzten zenien zure begiei. Giro orokorra, malekoi bakarti bateko azken puntan eseri eta eguzkiaren printzei ihes egin nahiez bezala arroken kontra desegiten diren olatuak behatzean sentitutako patxara haunditsua bailitzan.

        Gosaldu egin zenuen egun hartan, noski, urruti zeuden eta —bakantzetako lehen astea izan arren— lanerakoan zeneraman presak gosaltzearena zeregin goiztiarren zerrendako azken postura kondenatzen zuten egunsenti beldugarriak. Ez bait zegoen oraindik ia gau diren goizak baino ezer krudelagorik zuretzat.

        Kafesneak erakarritako zigarroa erretzen zindoazen kale bakarti batetik. Asfaltotik lurrun zorabiagarria altxatzen zen; ispiluzko pasabide bat hasten zela, piska bat haruntzago beti, zirudien. Patxara horren berezitasunak eguna bera kutsatzen zuen, oroimenean gordeleku sakona izan zezakeela usmatu araziz. Eguzkiak gogor jotzen zuen, bertikalki, itzalak kale albo bietan aparkaturik zeuden kotxe azpitan babestera behartuz. Distantziek aldatuak ziruditen, kaleak, zeukana baino luzera haundiagoa balu bezala.

        Parkera iristeko dauden eskilarak saltoka igo zenituen. Giharren tenkatzean gaztetasuna sentitzen zenuelarik gozotasun epelak gainditu zintuen. Parkea berria zen eta zuhaitzak, urteek ekarriko zieten sendotasunaren esperoan oraindik, apaindura ahul batzu besterik ez ziren, ez zuten kerizpe freskoaren esperantzarik ematen; eta, orohar, parkea, urtesasoirik gabeko denbora baten erdian eraikia zegoela iruditu zitzaizun.

        Denboraren neurketa urtesasoien berdintzean aienatuko balitz amaigabeki egon zintezkeen zurezko banku koloregabetu horretan eserita. Hori ere, zure aurka zegoen; eserita zeunden banku ajeatu horrexek berak iseka egingo balizu bezala adierazten zuen denbora ez dela urtesasoietan murrizten den parametroa, baduela botere eta esparrurik hortik at.

        Auzoko lagun baten etorrerak egunkaria alde batera uztera behartu zizun, eta une alaitsuetan sendotutako lagunartea zelarik zuena, elkarrizketa eguna bezain borboriotsu jalgi zen bion ahotatik. Bataren hitzak bestearenen jarraiean zihoazen, monologo tartekatu batzuren gisara; monologo horiek txertatu eta gezaltzen zituena, zalantzarik gabe, gaztetasuna zen.

        Lagun huraxe izan zen parketik noraezean zebilen gizon zaharra seinalatu zizuna. Eta ondoren, hari buruz zekitzan datu guztiak, istorio bitxi moduan, kontatu zizkizun.

        —Ez al duk ezagutzen?

        —Ba, ez, egia esan ez nauk sekulan fijatu gaur arte; igual ikusi diat noizpait, baina ez nauk akordatzen —zuen aurretik igarotzen ari zen irudi tamalgarri haren aztarna oroimenean bilatzen saiatzen zinen, esfortzu handirik egin gabe bestalde.

        Agureak poltsa txiki bat estutzen zuen eskuartean. Eskuak, eta hatzak ere, zainez inguratutako hezurrak ziren, oraindik ere bizi zedin norbaitek itsatsi balizkio bezala zeramazkien zain horiek hiruzpalau berokiren mahuka azpian ezkutatzen ziren, bonbaketa aspertuan zirauen haragiaren bila. Ibiltzeko eragatik zama astun bat garraiatzen zuela pentsa zitekeen, ez zitzaizun bururatu esperantzaren zama izan zitekeela.

        Urrutiratzen zihoan heinean zuen elkarrizketa ere irudi harengandik aldendu egin zen. Ziuraski hauek izan ziren gaiari buruz esan zenituen azken hitzak:

        —Dena dela, ni zahar hori izango banintz, neure buruaz beste egingo nukeen. Ez litzaidake batere gustatuko adin horretara iristea.

 

 

Zure garunean txertatua gera zedin hutsalegia izan zen lehen ikustatze hura eta gero, normaltasun launean murgildurik igaro zenuen egun beroa. Salbuespen txiki bat badago hor, zuk garrantzi haundiegia eman ez zeniona, baina orain aipa nahi zenukeena.

        Hilabete ba zen aita ikusten ez zenuela. Bazkalostean etxera hotsegin zenuen, eta aita paseatzera atera zenez, etxea garbitzeko alokatua zuen emakumeari arratsean bisita egingo zeniola aitari esan ziezaion enkargua uta zenion. Ahaztu egin zitzaizun bisita egitea.

 

 

Gauean lokamuts batek iratzarri zintuen. Ez zeunden izerditan, alderantziz baina, soinadarrak hotz zenituen. Armairutik manta atera eta berriro loak hartzen saiatu zinen. Amets gaiztoaren imajinek, alabaina, ez zizuten baketan uzten. Behin eta berriro errepikatzen ziren, zirkularki.

        Zelai idor eta zabal batetan zeunden, argiz inguraturik, lurrean eserita, begiak hodeiertzari loturik, han ikus zenezakeen ttantta ilunean tinko. Txingurri baten tamainakoa izan arren, izuak eztarria korapilatzen zizun, urrutian zegoen hura ezinbestean hurbiltzen bait zen. Astiro, zure izua areagotuz. Nolabait bazenekien izutzen zintuen ttantta beltzaren helmuga zeu zinela, erlearentzat argia bezain erakargarria zinela zeu arrastaka eta bere tamaina egiazkoa hartuz zetorrenarentzat.

        Imajina horrekin batera, zahartzaroak igarotako gaztaroan daukala esperantza guztia sentitzen zenuen; eta esperantza hura eskuratzeko, hurbilarazteko modua oroimena dela: tristura dariola isurtzen den oroimen gozo eta, eraberean, mingotsa. Gizakia pilota baten antzera irudikatzen zenuen. Eskutik sortzen denean ez du ikusten zein izan daitekeen bere ibilbidearen azkena, baina horma ikustean, bere esperantza bakarra, bertan jo eta errebotean atzeraka abiatzean datza. Itzulerako bidea gainbehera doa, oroimenaren ibilbide ezabakorrari jarraikiz...

        Eta zuk joan-etorri horretan preso ikusten zenuen zeure burua. Ohean urduri, ametsean jadanik ez zeneukan argi non zeunden, zelaiean eserita edota bazetorren itzal hartan. Itzalaren izua zeure eginaz, beldur bikoitz horrek hozkatzen zizkizun erraiak. Azkenerako, gaztaroko zeure imajinaren xerka zihoan agurea ala ametsek projektaturiko etorkizuneko agure baten erasoaldia jasatekotan zegoen gazte herbaila zinen ez zenezakeen bereiz.

        Imajina horien antzaldatze eroa eten nahiez eskuak jaso zenituenean, zeureak ez zitezkeen zainetan bilduak zeudela ikusi zenuen. Ikuitzen saiatzean ezabatu ziren; eta imajina horien jatorria bilatu nahiez abaildu zinen lo sakonean.

 

 

Erdi-insomniozko gau batek ez du garrantzi haundiegirik. Eta zuk gaubela hori bakantzetako lasaitasunari iratxeki zenion. Ezer ez egiteak sortutako nagikeriari. Goizean, espabilatzeko dutxa hotza hartu ondoren lagunari hotsegin zenion telefonoz.

        —Aizak! moteltzen hasia negok, ze iruditzen zaik frontoiera bagoaz palaz jokatzera?

        Lagunak gogo onez hartu zizun gonbitea, izerdi piskat botatzea eta zuen arteko etsaigo adiskidetsua berriztatzea on izango zitzaizuen, berak ere, esan zizunez, kirola praktikatzeko beharra sentitzen bait zuen.

        Frontoiean, txandala azkar bustitzen zitzaizula nabaritu zenuen, eta izerdiak zentzumena pizkortzeko ahalmena zeukan zugan. Galtzarbeetan eta bularrean sortutako iturriak nabarmentzen hasi ziren, kamiseta txuria gardenduz. Kopeta ere izerdi ttantta txikiz perlatzen zitzaizun antxoan zeundela txokora bidalitako pilotaren atzetik egiten zenuen esfortzuaren kariaz.

        Ikuslerik gabeko jokaldi guztitan bezala, norberak jokoan jarritako indarrak lagunarteko lehiak gidatzen zituen, eta tantoak ez ziren garaipena lortzera begira jokatzen, esan zitekeen plazer estetiko batek gidatzen zituela bion palak, tanto polita burutzea bailitzan goiz hartako jokaldi izerditsuaren helburua.

        Zerua hodeiez garbitu ondoren agertu zen eguzkiak zirudien epaile bakar. Urrutitik begiratuta, pelotaren ibilbidea asmatuz, gorputzaren oreka egokiro hautsiz, gune zehatza lortzeko emandako urratsak neurtuz, eta, azkenez, pilotari eragindako kolpe boteretsua palaren kokatze bereziarekin konbinatuz sortzen zen mugimendu orokorra koreografia batek aginduta bezala marrazten zen. Gaztetasunaren indarra goraipatzeko espreski eraikia zegokeen eszenario batetan zeundeten.

        Bapatean, begiertzak pilota bera baino haundiagoa ez zirudien gorputz baten presentzia salatu zizun eskubikaldetik. Kale egin zenuen. Pilotak palaren ibilbidetik kanpo ihes egin zuen, hutsegin ez zenezakeen bolea paregabea galduaraziz. Lagunak irribarre burlatsuz agurtu zuen zure erru sineskaitza.

        —Ze?, bista galtzen hasi al gara edo?

        —Ez dakit zer gertatu zaidan...

        Ez zenuen besterik esan desenkusa modura. Eguzkiak txapan egindako islada batek itsutu zintuela esatekotan egon zinen, baina edozein aitzakia lekuz kanpo zegoela usmatuz, lagunaren sakea erantzuteko prestatu ziren.

        Mugimendu artegaz kokatu zenuen, behin eta berriz, palaren euslekua esku ahur izerditsuan. Enpalmezko zintaren tolesdura desegoki baten ziztadak bezala egiten zizun enbarazo eskubikaldean ikusitako itzal hark. Eta begiratzera ausartu gabe, haunditzen eta hurbiltzen zela asmatzen zenuen.

        Eguzkiaren indarra haundiagoa zela iruditzen zitzaizun, arnasa ere zailki hartzen zenuen orain, eta txokora pega-pega eginda zetorren sakeari erantzun nahiez palak hormaren kontra jo zuen. Dardar elektrikoak besoa korritu zizun. Mina aurpegian, besoa astintzen zenuen minbera uxatzearren. Oraingoan lagunaren irribarrea algara ozen bilakatu zen.

        —Atseden egingo diagu nahi baduk, e?

        —Tira, tira, bota ezak pilota!!

        Jokoan jarri nahi zenuen adiera guztia. Jokatu nahi zenuen. Ordurarte bezala. Lagunaren sakeari egoki erantzun... Baina horretarako eskubikaldera begiratu behar zenuen, laguna sakerako prestatzen ikusteko, gero, hormatik sortua bezala etorriko zitzaizun esferan lasaitzeko segundu horien buruan pilatutako tenkadura. Eskubikaldera. Eta eskubikaldean, laguna baino haruntzago, beldurgarri zitzaizun itzal bat zegoen, zegoela uste zenuen, bazenekien. Esfortzuaren izerdia beste izerdi gaiztoago batekin nahasten zitzaizun orain.

        Tximista ikustea izan zen. Denbora labur berdina. Zast! Eta gero, tximistaren argitasunaren oihartzuna begi jadanik hertsietan bezala ikusi zenuen, behin eta berriz, imajina hura. Agurea. Gizon zahar hura han zegoen, esku zaintsuez poltsa txikitxoa oratuz, estutuz, etsai gorrotagarri baten lepoa bailitzan.

        Han zegoen, bai, eta ez jokoa behatzen. Une labur horretan argi ikusi ahal izan zenuen. Bere begi nimiñoak, kiski pilota bezain beltzak, zugan iltzekaturik zeuden. Azala trabeskatu eta zure barruan sartzeko ahaleginetan. Zure irudia begiez zerkatu nahiez.

        Konturatzerako, ia gainean zeneukan pilota. Urrats bat atzera, eta irristatuz lurrera zindoazelarik, esperantzarik gabeko azken indarkada baten medioz pilota kolpatzea lortu zenuen, fortuna haudiz, ozta-ozta txapa gainean eman ondoren, zeraman efektoagatik motel erori bait zen, lagunarentzat ezinezko gertatuz erantzutea.

        —Hik daukak potra, zerria!

        Ez zenuen indarrik egin ezpainetaratu zitzaizun irribarre arrotz hura ezkutatzeko. Agurea beha zeneukan. Eta grada hutsetan bere itzal xumea multiplikatua zenekusan.

        Sakea eskuratuz gero, kupida gabe ekin zenion pilota zailak bidaltzeari. Ahalik eta aldrebesenak; eta bosten bat tantotan zehar zeu izan zinen kantxako nagusi. Noizean behin lagunak harriduraz begiratzen zintuen, baina zuen begiradak ez zinen elkartzen. Txapelketa garrantzitsu batetako finalean sartuta zenbiltzan. Ileak nahasi, begiak zabal, izerdi patsetan. Kasik ikuslegoaren deiadar eta oihuak adi zenitzakeen. Agurearentzat ari zinen jokatzen, ero baten moduan, irtenbide bakarra garaipenean ikusiko bazenu bezala.

        Ba zirudien jokaldi hura hil ala bizikoa zela zuretzat. Eta sakea galdu zenuenean, eta lagunaren pilotei nola erantzun ezin asmatu hasi zinenean, zerbaitek porrot egin zuen zure baitan.

        Amaitu zenuten jokoa. Gradetara begiratu zenuen lotsatiki. Eta ez zenuen inor ikusi. Hara begira geratu zinen.

        —Aizak, zer gertatzen zaik?...

        —...

        —Esaidak zeozer!

        Larritu egin zitzaizun laguna. Tamalgarria zen zure itxura, jokaldi hartan hamar urte irabazi zenituela esan zitekeen. Kirol poltsa hartuz etxeraino lagundu zintuen adiskideak. Ohe gainera erori zinen, isilik.

        —Zerbait nahi al duk?...

        —...

        —Nahi izanez gero medikuari deituko zioat...

        Buruarekin ezetz esan eta begiak itxi egin zenituen.

 

 

Orduak ezarian labaindu ziren leihoko pertsiana jausiez bestalde, urre errezko zauri mantsoak luzatuz zurezko zoruan. Zure berunezko betazalen babesean nozitzen ari zinen eraso eziurraz ezajolati. Arratseko zaraten berpizteak gainditu ahal izan zuen zentzumen lokartuen hesia, eta aurpegiko giharrek salatzen zuten sufrimenduan berri bat itsatsi zen. Betazalen higidura perzibigaitz baten bidez gelan nagusi zen itzalen mundua barneratu zitzaizun, itzal bakoitzak eguzkiz inguraturiko beste itzal lazkarriago haren oihartzun haunditua zekarrelarik.

        Mugagabeko espazioan barrena zindoazen, zainetan bildutako zure eskuek gidaturik, alaitasun zoroaren garraisiez inguraturik, jatorri jakinik gabeko murrailaren kontra jo zenuen arte.

        Aldi bakoitzean indar berri batek, gero eta ahulago, projektatzen zintuen, azkenerako zure gorputz gaztigatuaren hondakinak murrailari itsatsirik gelditu ziren arte.

        Han, tinko, behin eta berriz zenekusan joan-etorriko ibilbide horren marrazkia espazioan. Hasierako alaitasun hura gorrotatzen hasi zinen, eskuak, begiratzen ez zenuen zerbaitetan gakotuz. Etsipenez kokotsa bularreratu zenuen eta eskuartean estututako poltsa txiki baten ikusmiran iratzarri zinen.

        Gaua argi elektrikoen gatibu zeneko orduan, burua belaunetan gordeta, besoak hankak besarkatuz, zenirauen. Besterik gabe.

 

 

Nola lotu ziren gertaerak ez dakizu. Goizean goiz, zuhaitz ahulen parkerantz abiatu zinen, urduri. Aurrerako urrats bakoitza atzeraka izan zedin desiraz. Bakoitza errepika ezina zelaz jabeturik. Neurtu nahiez, gozatu. Eta ezin gozatuz gozatu nahi izateagatik.

        Astiro igo zenituen parkera iristeko dauden eskilarak. Hereneguneko banku koloregabetu bera bilatzen zuten zure oinek. Bertan norbait eserita ikustean, «gaur ni baino lehenago iritsi naiz» pentsatu uste izan zenuen lipar batez. Sekula ez bait zenuen inor ikusi banku horretan eserita.

        Urrats biren distantziara zeundelarik bankuan eserita zegoenak burua biratu zuen. Bere begi beltz nimiñoek izatearen mamia zauritu zizuten. Agureak poltsa txiki bat estutzen zuen hatz gakotuen artean.

 

 

Edaten eman zenituen ondorengo orduak. Etxean. Giltzapean. Esku irristakorren artean altxatzen zenuen botila ezpainetaraino eta urdailetako berotasunak eztarrikoa gainditzean uzten ostera. Besaulki alboan zeneukan telefonoa. Markagailua eragin zenuen behar bezainbat alditan. Baina zuk ezer esan aurretik ahots zaharkitu batek erantzun zizun:

        —Ez dago...

        —Zer, ez dago? —galdegin zenuen zurea iruditu ez zitzaizun ahotsez.

        —Ez dago...

        Eta zuk, ahots horren oihartzun bilakatuz, errepikatu zenuen:

        —Ez, ez dago...

        Eskutatik labaindu zitzaizun aurikularra, eta ezpainetan «ez dago» zorigaiztokoa «ez nago» malerus bilakatu zitzaizun. Behin eta berriz ezpainetaratu zenuen botila hustua.

 

 

Ameskaiztoen haiduru, begiak odol-hariz trabeskatuak, itzalen dantzek danbatzen zizuten barne-iluntasuna, argi iheskorrezko tximista hegalariak sortuz.

        Soinadar herbailduen ahalegin oro suspirio baten erreinuan ilauntzen ziren.

        Eskuak, sapairantz altxata, zureak ziren. Eta pentsamenduak eskuenak.

        Ohe aurreko aulkian agurea zegoen, zuri beha, eskuartean poltsa txiki bat fermuki estutuz, zuri beha, kupidarekin nahas ez zitekeen distira alaiez argiturik begiak. Eskuak, zainetan bildutako hezur larruak.

        Eta zuk bere presentziaz bezala zeukan berak zurearen berri.

        Biok bakarrik zeundeten gela horretan, arnas berdina arnasten, iluntasun hura isiltzen. Horma baten bi aldetara luzatzen zen distantzia berdinean kokaturik bion esperantzak.

        Zure ohe alboko mahai txiki gainean zegoen poltsa txikia hartzeko luzatu zenituen eskuak.

 

 

Egunargitzen ari zelarik frontoierantz abiatu zinen. Orainaldia adierazi nahi izatean sentitu daitekeenaren antzeko ezintasuna sentituz zure ekintzen zergatia aurkitzen saiatzean.

        Aurreko hormaren kontra, lurrean eserita, agurea zegoen. Beharrezkoa ez zen urrats edota mugimendu txikiena bera ere ez zenuen egin zure ibilbide ziurretik at. Beste edozein helburutan tronpa zintezkeen, ez orain gidatzen zintuen horretan.

        Bere alboan, bizkarra hormaren kontra pausatu bezain laister, hari itsasten zintuen indar erakarleaz jabetu zinen. Hotzak mingostasuna galdu zuen. Eskuartean agurearen poltsa txikia estutzen zenuen, eta zama astun batek tenkatu zituen zure giharre unatuak, esperantzaren zama izan zitekeela pentsatu zenuen orduan. Eta eskuak biltzen zizkizun zainak poltsari lotzen zitzaizkion bitartean nire ahotsa entzun nuen:

        —Hemendik aurrera guztia oroitza besterik ez da izango zuretzat. Horma honetatik ikusiko duzu igarotakoaren lurruna handik honaino hedatzen. Igarotako oro izango da gaztaroa, jadanik denbora bait da zure etsairik nagusiena, eta ni, gizaki zaharkitu hau, orainarteko arerio gorrotagarriena, irudimenaren oroimenezko bidaia errepikatu horietan barrena izan dezakezun lagunik maitatuena, itzulerarik gabeko gunea iritsiz gero esperantza delako garraiatu daitekeen zamarik astunena. Eta zu, ni.