Lehen bilduma 82-84
Lehen bilduma 82-84
1984, ipuinak
128 orrialde
84-398-2556-0
azala: Jose Mari Zabala
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
 

 

Oroimena (galdu) zuen elefantesaren ipuina

 

 

        1984ko ekainean bukatua.

        Ipuin hau ez zitzaien gustatu « Lizardi» sariko III. edizioan «desierto» eman zuten Anjel Lertxundi, Federiko Krutwig, Lontxo Oiartzabal etabarrei.

        Maripi Solbes-i, eta oroimena galtzeko zorian dauzkatenei.

 

 

Loak ezin hartu nengoen igande gau batean hots txiki batzu aditu nituen oheburuan. Ez ziren, ohi bezala, auzokoen telebista ozenegitik ateratako telefilm zaratak; apalagoak ziren, zoru azpitik aterako balira bezala. Izerak alderatu nituen eta hotsen iturburua aurkitu nahiean eskubiko belarria zurezko oholetan itsatsi nuen:

        «Jope! Osaba Gus, konta iezaguzu ipuin bat!!» entzun nuen.

        Harritu egin nintzen, noski, ahots mehe horiek entzutean; baina eskaera horiek erantzun bat jasotzen zutela aditzean, ahal bezain eroso jarri nintzen «Osaba Gus» izena zuen hark jadanik hasia zuen kontakizuna jarraitzeko, txintik ere ez galtzeko.

        «Beno ba —hitzegin zuen Osaba Gus izan behar zuenak—, kontatuko dizuet, baina baldintza txiki bat behar duzue...

        —Zein baldintza, Osaba Gus? —galdegin zuten ahobatez Osaba Gusen ilobak zirenek.

        —Loak hartzeko moduan etzan behar zaretela, eta nik ipuina bukatzerako seko lo egongo zaretela —hau esaterakoan Osaba Gusek ahotsa gogortu egin zuen; eta nik «bale!» pentsatzen nuen bitartean zorutik ere hitz berdina errepikatu zuen hainbat ahotsek.

        —Oroimena galdu zuen elefantesaren ipuina kontatuko dizuet —bota zuen Osaba Gusek beharrezko zen deklamazio haunditsuz.

        —Oroimena? Zer da hori Osaba Gus? —entzun zen bazter batetik, sortutako giroa apurtuz.

        —Xittu! —erantzun zuen errieta doinuz Gusek— Joan den astean ederki asko argitu nizun zer den hori, dagoeneko ez al zara oroitzen.

        —A! bai. Oroitzen naiz Osaba Gus. Barkatu. Badakit zer den oroimena... Baina batzutan ahaztu egiten zait —negartu zuen Xittuk.

        —Hori, oroimen txarrekoa zarelako da. Ba, horrelako zerbait gertatu zitzaion ipuineko elefantetxoari...

 

 

Orain dela urte batzu, gazteago nintzenean, Afrika izeneko lurralde batetan nenbilen bakantzak igarotzen. Benetan egun zoragarriak lurralde hartan igaro nituenak, batez ere, niri gehien atsegin zaidana egiteko aukera paregabea neukalako. Hain zuzen, goizean goiz jeiki orduko gehien maite nuena oihanera joan, elefanteren bat aurkitu eta sekulako sustoa ematea zen...

        —Ji, ji, ji, —egin zuten Osaba Gusen ilobatxoek.

        Zeregin horretan oso trebea nintzen, zinez, eta elefanteek jadanik inguruetatik sagu trufalari bat zebileneko zurrumurrua zabaldua zuten beraien artean. Horregatik gero eta zailagoa egiten ari zitzaidan elefanteren bat oharkabean harrapatzea, beti elkarrekin eta albotara mesfindantzaz begira ibiltzen ziren eta.

        Goiz batez, ohizko ibilbideetatik kanpo nabilela, ezagutzen ez dudan agerrune batetara iritsi naiz. Pentsa dezakezue zer nolakoa izan zen nire poza han erdian zozolo-mozolo elefantetxo bat ikusi nuenean. Burua alde batera eta bestera astinduz, elefantetxo polit bat zen, areago, elefantesa txiki polit bat, kikia bait zuen, oso moñoña, zinta arrosa apaingarriarekin loturik.

        Esan dizuedanez elefante izutzea gero eta zailago zitzaidan, horregatik, kontu haundiz, bestetan ez bezala, une egokiena itxaroteko asmoz sasi-arte batzutara noa elefantetxoaren mugimenduak zaintzeko.

        Handik beha nagoela, konturatu naiz aurrean dudan elefante hori piska bat arraroa dela, bere mugimenduak ez direla ohizkoak bezain baldarrak, ohi baino baldarragoak baizik, traketsagoak, elefantetxo txikiak non dagoen jakingo ez balu bezala, guztia berri bailitzaion, pinpilipauxa edota eltxo txikienari begira geratzen bait zen.

        «Ui, ui, ui», pentsatu nuen, «elefantetxo hau bere bizitza guztian oroituko da nitat. A ze sustoa emango diodana!». Bai, horixe zen pentsa eta uste nuena... Baina, bapatean, zuhaitz erraldoiek utzitako pasabide txotxolo batetik eguzki printz bi sartu dira, jolasti, han, agerrunearen erdian dagoen zingiradi batetan nor bainatu lehenago lehian. Eta horrela, murgildu direnean, ez «txof!» ez eta «plaf!»ik ez da nahastu oihaneko beste hotsekin. Noski, zingiraren azalean jotzean dirdir egin bait dute elefantetxoaren begi-niniak zirikatuz. Sekula santan zingiradirik ikusi ez balu bezala hurbildu zen elefantetxoa erdi-saltoka, eta ertzera iritsitakoan sor eta lor geratu zen, burua okertuz, alde batera eta bestera.

        Berriro ere «ui, ui, ui» pentsatu behar izan nuen, «posible al da elefantetxo honek inoiz bere burua isladatua ez ikustea». Eta hala zela zirudien, bere irudiaz maitemindurik bezala geratu bait zen uretara begira. Aspertzen hasia nengoen ordurako elefantetxoak sudur-luzea aurreratu zuen irudia ikutzeko asmoz eta, noski, aurrean zeukan elefantesa polita gero eta haundiago egin ziren eraztunen uhintxoetan desagertu zen. «Aiba! joan da elefantesa» edo horrelako zerbait esateko keinua egin zuen gure elefantetxoak eta bere begiak negar egiteko zorian ikusi nituen.

        Ez neukan beste erremediorik, handik atera eta izutzea erabaki nuen. Banoa... poliki-poliki, iritsi naiz bere albora eta: «ñiiiiiik!!». Ezer ez. Batez. Ez zela izutu. Jadanik prestatua neukan plana pikutara joan zitzaidan, elefanteak nola korri egiten duen ikusi eta bertan barrealgaraka geratzea izaten bait da abentura horien bukaera zoriontsua. Orain, elefantetxoa aurrean neukala, irribarrea izoztu egin zitzaidala estalaktita ñimiñoak nabaritzeraino, konturatu nintzen elefantesa txolin hori ez zela saguekin izutzen, ez zuela handik presaka alde egiteko asmorik, urrik eman ere!

        «Brifñ!» eginez kendu ditut izotzak bibotetik eta galdetu diot haserre fin batekin:

        —Aizan! zergatik ez dun aldegin lasterka eta presaka?

        —Aizan! zergatik ez dun aldegin lasterka eta presaka? —errepikatu zidan erantzun gisa eta bere ahotsa entzuteaz harritu egiten zen itxurak eginez. Ilargi betea baino borobilago zeuden begiez begiratzen ninduen. Ez zen izutzen, eta ez zirudien denbora puska batean izutzeko asmorik zeukanik, eta orduantxe ohartu nintzen elefante bat, aurrean neukana bezain txikia izanagatik ere, sagu bat baino ehun alditan haundiagoa dela (zehatzago kalkulatuz ehun eta zazpitan haundiagoa). Eta, orduan, izutu egin nintzen; handik elefante izutu baten antzera aldegiteko prest nengoen elefantesa mozolo horrek, lehen zingiradira begiratu bezala begiratu ninduenean, eta:

        —Mor maiz mi?

        Gazta zati bat nire hortzetan bezala aienatu zitzaizkidan izua eta handik antxitxika aldegiteko gogoa, biak batera. Lehen izoztutako irribarrea berriro loratu zitzaidan; egia esan, elefantesa gaixo horrek pena piska bat ematen zidan eta barrea ahal bezala ezkutatuz erantzun nion:

        —Herorrek jakingo dun!

        Hain tuntuna ez zen izango zerbait gaizki egin zuela konturatu zenerako, eta okerra zuzendu nahiez berriro galdegin zidan:

        —Mor haiz mi? —berriro ere oker. Eta gero eta gehiago saiatu, okerrago: «mi mor haiz?», «mor maiz hi?», etabar. Hasieretako «n» esatearen ordez «m» esateko moduak eta bere galderetan ez asmatzeak eraginda tripak eztarrian nituen ahotik ateratzeko zorian, barrez hiltzeko zorian... Baina elfantesa hori haserretu zen eta:

        —Mekatxis eta zotz! MOR MAIZ MI?

        Irtenbide bat bilatu eta aurkitu behar nuen, bestela elefantesa poxpolin eta ele-txarreko hura gehiago haserretuko balitz arriskutan nengokeen, elefanteak haserretzen direnean oinkoteak non ipintzen dituzten ez bait dira konturatzen, eta horrela hil izan da makina bat sagutxo. Nik ikusia!... Beraz, jakindurizko aurpegia eta mugimenduak itxuratuz, elefantesaren aurrean prantatzen naiz eta...:

        —Ouuu, ea bada, itxaron, esango dinat nik... Egona naiz denboralditxo bat igarotzeko asmoz Hegoameriketa izeneko lurralde batetan; eta han sudur politeko emakumeei «Narilinda» deitzen zieten... Hirea benetan polita dun, baina ez luzeegia, beraz, Narilinda ez, baina «Narilin» jarriko dinagu izentzat... zer iruditzen zain? —galdegin nion, piskat harroki, izen egokia iruditzen zitzaidalakoan... Baina elefantesak izen berria errepikatu zuenean:

        —Marilin...?

        —Ezetz ba, Narilin!

        —Bueno, hori, Marilin...

        —Nahi dunan bezala, hirea izango dun eta izena! Nire asmakizuna era baldres horretan alferrikaldua entzutea oso pozgarria ez bazen ere, tira!, arriskua behintzat urrundu genuen eta Marilin, oihanean nabari zen bidezidor batetik abiatuz, bere izen berria ahapeka marmarkatuz («Marilin», «Marilin»...), zoriontsu zebilen; bere kikiak, alde batera eta bestera egindako mugimenduez, ibilkera-erritmoa markatzen zuen. Eta ustekabean buburatu zitzaidan:

        —Ai zein pinpirin den gure Marilin! Pinpirin! Hori da! Zein azkarra naizen: MARILIN PINPIRIN, hori izango da elefantesa panpoxa honen izena.

        Baina ez neukan begira egoteko denbora gehiegirik, elefante batek beste elefante batzurengana eramango ninduela erabakiz, Marilinen atzetik abiatu nintzen.

        Jakin behar duzue nahiko azkar nindoala, elefante batek baino ehun eta zazpi urrats gehiago eman behar bait du sagu batek. Alde batera, plom!, eta bestaldera, plom! zabukatuz zihoan Marilin; eta ni, zistu bizian, kixkixkixkixkixkixkixkix!, albotik. Azkarregi zihoan hala ere niretzat, eta gelditzeko aitzaki gisa eta gure arteko adiskidantza sendotzeko asmoz esan nion:

        —Aizan! Marilin, ez didan izena galdetu.

        —Mor maiz mi? —erantzun zidan temati.

        —Ez, ez eta ez. Gaizki dago hori. Hi Marilin haiz, eta ni, nor naiz ni? —saiatu nintzen pazientzia haundienaz.

        —Ba hori, mor maiz mi? —«n» behar zenean «m» esateko akatsa alde batera utziz, ernegatzeko modukoa zen elefantesaten burugogorkeria.

        —Ez, esan behar dun: nor haiz hi? —pinguino bati berde kolorea adierazteko baino saio neketsuagoan sarturik nengoela pentsatzen ari nintzenean...

        —Mi, Marilin maiz —erantzun zidan garaipen orroe batez bukatuz esandakoa.

        Gramatika bidetik ezer lortuko ez nuela, etsituta, bere urtemugarako gramatika potzolo bat opari ederra izan zitekeela pentsatuz, segidan erantzun nion:

        —Ni berriz, Gustabo naun, lagunek Gus deitzen banaute ere; beraz, hiretzat Gus izango naun.

        —Gus, Gus, Gus —errepikatuz hasi zen Marilin, izena ongi ikasteko nonbait, eta bapatean:— Gus... gustora jango nuke zerbait —eskapatu zitzaion.

        —Ez haiz nik pentsatzen nuen bezain tuntuna Marilin —esan eta pozez saltoka Marilinen sorbaldara igo nintzen.

        —Tuntuna... tuntuna... zurrukutuna! eta gero, arraultzak txistorrarekin; zer iruditzen zaik, Gus? —ez, benetan ez zela nik hasieran pentsatu bezain tuntuna, gose nintzen ni ere.

        —Gustora jango nukeela Idiazabalgo gazta puska ederra, baina tira, hik gonbidatuz gero, goazen edonora eta jan dezagun edozer... Ea ba! Nora goaz? —galdegin nion ahotik xistu ttantta bat erori eta Marilinen bizkarraldean dir-dir hasi zenean.

        Izerditan hasi zen Marilin galdera entzutearekin batera, azala izerdi tantoz bete zitzaion eta irrist eginez lurrera erori nintzen. Marilin ingurubilka zebilen eta nik ahal bezala egiten nien ihes bere oinkoteei:

        —Aii, Gus!, badakit zer gertatzen zaidan, ez dut ezer gogoratzen, oroimena galdu dut!! Ai, ama! buaa! Oraintxe konturatu maiz txinatar errestaurante bat ezagutzen dudala... baina ez maiz gogoratzen mondik joaten den hara, ai, Gus, aizak, mor maiz mi?

        —Ez hadi tuntuna izan...

        —Bai, bai, goseak akabatzen mago...

        —Ez izateko tuntuna, ez al dinat ba Marilin haizenik esan!? Eta gainera, abizen prolemarik ez dago, Marilin Pinpirin haiz eta.

        Izena, zertxobait bada ere, ez da gehiegi, gauza gutxi konpontzen du, batez ere, goseak eraso gero eta ausartagoak egiten dituenean urdailean, eta elefante baten urdailean sortutako hutsunea ez da nolanahikoa. Horrela ba, txinatar errestaurantea bilatzekotan, lehenik eta printzipalki Marilinen oroimena aurkitu behar, han bait zegoen ongi asko seinalaturik txinatar errestauranterako bidea eta helbidea.

        Beraz, gehiago itxaron gabe Marilinen oroimenaren bila abiatu ginen biok.

        Eguzkiak indartsu erasotzen zuen gero eta urriago agertzen ziren zuhaitzen tartetik, eta Marilinen bizkarra erabat lehortu zenean, gora igo nintzen berriro.

        —Hemen ederki egoten da, Marilin!

        Baina Marilinek ez zidan kasurik egiten, ez zidan aditzen. Ez bere belarriak txikiak zirelako, jakina bait da nolako belarriak dauzkan elefante batek, eta baita elefantesa txikienak ere. Marilinek niri kasurik ez egitearen arrazoia ez zen, bestalde, oroimenarekin batera elefantesa poxpolin horrek izabidea galdua zuelako. Hau zen gertatzen zitzaiona Marilini: oroimena non arraio galdu ote zuen pentsatzen saiatzen ari zela. Baina ez zen akordatzen, ez non galdu zuen bere oroimen preziatua, ezta nola pentsatzen zen ere. Beraz, nola pentsatu pentsatzen zihoan, pentsatzen ikastean oroimena non galdu ote zuen pentsatzeko aukera izango zuelakoan, eta orduan ez ginelako ibiliko kasualitateak agintzen zion xendra guztietatik noraezean.

        Marilinek kasu gehiegi egiten ez zidanez, eta eguzkia orain benetan fuerte zebilenez, eguzkitarako betaurreko beltzak jantzi nituen, azala bezteko parada egoki hura aprobetxatzearren.

        —Deituko dit zerbait behar duenean —pentsatu nuen nirekiko—, oroimena galtzeak gauza benetan izugarria izan behar du.

        Ordulaurden bat inguru ibili ginen, Marilin noraezean eta ni bere gainean. Ordulaurden batean elefante txiki batek zenbat kilometro egin dezakeen ez du ajolik. Baina handik ordulaurdenera gertatu zitzaigunak bai.

        Marilin etsita zebilen ordurako, elefanteek pazientzia haundia dutela ahantzia bait zuen oroimena galdu zuenetik, eta bapatean seko gelditu zen, ni, eguzkitarako betaurreko eta guzti berriro ere lurrerako bidean ipiniz.

        —Zer gabiltza, Marilin! boltsikotik parakaidas hau garaiz atera dudalako izan ez balitz hezurrak hautsiko nizkinan!!.

        Bere horretan jarraituz, Marilinek ez zidan jaramonik egin. Aurrean zeukan puntu beltz bati tinko begira zegoen. Marilinek, noski, ez zekien zer zen, baina zuek ederki asko asmatuko zenukete. Horrelako zomorro beltz nimiño korrikalari bat zen: txingurri bat!

        —Ai, ai, ai, eta baita ui, ui, ui ere. Oi, oi, oi erantsiko nuke halakoa bait da buruan sentitzen dudan mina. Ai, ai, ai!!! —kexuka eta marruka, itzulipurdika zebilen txingurria, Marilinen oinkoteen pean bizia galtzeko zorian egon zelaz jabetzeke.

        Marilinek berak nahiko lan bazuen zomorro hori zer ote zen asmatzen eta neronek galdegin nion:

        —Txingurri! zer gertatzen zaizu?

        —Burukomina, ai, burukomina dudala.

        —Burukomina? —galdegin nuen ziurtatu nahiz.

        —Bai, eta nolakoa gainera, ai!, ui!, eta oi!.

        Ia mundu guztia korritua nuen, txingurri asko ere ikusia nuen nire bidaietan, baina sekula, inoiz, ez nuen burukomina zeukan txingurririk topatu. Eta une horretan Marilinen ezjakintasuna eta nire harridura parekatu ziren.

        Marilinek burukomina zer zen ez zekielako eta ni txingurri batek burukomina izan zezakeelaz harriturik, batera hitzegin genuen:

        —Burukomina? —galdegin nuen bigarren aldiz.

        —Burukomina? —galdegin zuen Marilinek.

        —Bai, bai —erantzun zigun bioi txingurriak.

        Marilinek hitzari esanahia bilatu nahiean zeukan orain lan ederra, eta berriro ere ni bakarrik geratu nintzen misterio hori argitzeko:

        —Eta nolatan izan dezake txingurri batek burukomina, e, txingurri?

        —Esango dizut nik, ederki esplikatuko dizut lan asko egin dudalako izan dela pentsatzen hasi baino lehen. Egia da hori, hala ere; lan eta lan ibili naiz egun osoz, lan eta lan, eta derrepentean, hainbeste lan eta lan, jan eta jan bihurtu dira; hau da, gose nintzela, txingurriek, gutxi bada ere, zeozer jaten dugulako noiztik behin. Eta orduan ba al dakizu zer egin dudan?

        —Ez! —erantzun nion istorioaren bukaera inondik ere ezin asmatuz.

        —Ba, beti egiten dudana, janari bila abiatu naiz. Asko ibiliagatik ere ez dut ezer gustokorik aurkitu denbora luzean, eta derrepentean, kutxa polit bat aurkitu dut. Hain zen polita kutxa hori, kasik gose nintzela ere ahaztu egin zaidala...

        —Gosea, Gus, gosea, Gus, gosea, gustora jango nuke zerbait —moztu zuen Marilinek txingurriaren kontakizuna. Baina txanda honetan neroni izan nintzen Marilini jaramonik egin ez ziona, kutxa polit horren istorioak gosearena ahantziarazi bait zidan.

        Txingurria kutxa polit hura deskribatzen jarraitu zen; hain zen polita kutxa hura, eta hain ederki mintzatzen zen txingurria Marilin berari ere ahaztu zitzaiola sentitzen zuen gose izugarria. Txingurriak deskribapena bukatzerako Marilin eta biok kutxa polit horren bila partitzeko prest geunden. Kontakizunaren zati batean txingurriak kutxa zegoeneko lekua seinalatu zigun eta harantz abiatu ginen zistu bizian. Hala ere, txingurria segika hasi zitzaigun:

        —Baina, baina, ai eta ui, ez dizuet istorio guztia kontatu, ui eta ai, ez dizuet esan garrantzitsuena, oi, oi, oi, inportanteena dena!!!!

        Orain biok batera ginen txingurriari jaramon egiten ez genionak. Eta txingurriak, istorioaren amaiera bidean kontatuko zigula erabaki zuen. Horrela nire bizkarrera igo zen, sagutxo batek ematen duen urrats bakoitzeko txingurri batek ehun eta zazpi eman behar dituelako. Eta ni, txingurria bizkarrean neramalarik, Marilinen bizkarrera igo nintzen, esan dizuedanez, elefante baten urrats bakoitzeko sagutxo batek beste ehun eta zazpi eman behar dituelako. Era horretan, ni Marilinen bizkarrean, eta txingurria nire bizkarrean, bideratu ginen kutxa liluragarria egon behur zuen lekurantz.

        Beti atsegin izan dut nire bizkar bainean doazenen izena ezagutzea, eta horregatik istorioaren bukaera eskatu baino lehen, bere izena galdetzea erabaki nuen:

        —Aizu, txingurri, nola da zure izena?

        —Txingurriek ez dugu izenik —erantzun zidan txingurriak, baina ni ez naiz hain erraz konformatzen diren horietako sagua, eta behin txingurri bat hain hurbiletik ezagutzeko aukera izanik, ez zuen izenik gabe erraz ihes egingo:

        —Nola ezetz? Ba zuri bat ipiniko dizugu... Ea ba, hemendik aurreraaa... zure izenaaa... Mingurri! izango da, e? zer iruditzen?

        —Bo! niri bost axola —erantzun zidan txingurriak.

        —Ba niri asko gustatzen zait, oso izen egokia da, bai, Mingurri, oso egoera mingarrian ezagututako txingurria zarelako! —Marilini ea zer iruditzen zitzaion galdetzekotan egon nintzen, baina beretzat buruhauste haundiegia izango zelakoan nire asmakizun berria ulertzea, bakarrik gozatuko nuela erabaki nuen.

        —Bo, nahi duzuna, baina orain nahi al duzue istorioa bukatzea? Bai? Ba entzun... Kutxa hain polita zenez gero, barrura sartu naiz barrukoa are politagoa izango zelakoan...

        —Eta...?

        —Ba... ez dakidala, hauxe da dakidan gauza bakarra, kutxan sartu bezain pronto burukomin izugarria sentitu dudala, eta gogoratzearekin bakarrik orain ere sentitzen dudala, aiaiai, oioioi, uiuiui!.

        Marilin ez zen gehiegi larritu, aditu ere ez zuelako egin. Eta niri dagokidanez, txingurri bati min eman ziezaiokeen gauza batek sagu bati ez ziezaiokeela ezer egin uste nuen. Gainera, iritsiak ginen kutxa polit hori zegoen lekura.

        Benetan ederra zela eguzkipean dirdirka ageri zen kutxa! Bai horixe! pentsatu nuen. Marilin lasterka eta presaka abiatu zen haruntz. Txingurria jeitsi egin zen gu bion gainetik, baina atzekaldetik, eta iristear geundela, nik, Marilinen sudurretik behera irristatuz, kutxa barrura salto egin nuen, lehena iritsiz:

        —Ai!, ai!, ail, nola da posible?!, ze mina!, ze burukomina!

        —Abisatu dizut —esan zidan txingurriak, hauetako bati min egin diezaion gauza batek sagu bat ere mindu dezakeela konturatzen nintzen bitartean.

        Marilinek nire kexuak eta txingurriaren abisuak aditu gabe sudurra sartu zuen kutxa liluragarriaren barrura eta:

        —Aaaaaa! —suspiriatu zuen Marilinek—, ze marabila!, ze marabilosua, ze liluragarria, pozgarria, ederra, txundigarria, estonagarria... —ez zuen ezerk mozten Marilinen hizjarioa, une batetik bestera hitz piloa gogoratu zitzaion egoera hori deskribatzeko, ze, noski...:

        —Aurkitu dut, hemen zegoen nire oroimena!

        Marilinen poza ez zen inon kabitzen, ez noski kutxa batean. Guztiaz oroitzen hasi zen Marilin, nola galdu zuen bere oroimena, nor zen, zer zen, zer ziren inguruan zituen gauzak, sagutxo bat zer zen ere... Baina ez, ez zen izutu, ez bait zen debalde pasa aurreko guztia, eta jadanik galdua bait zigun sagutxooi beldurra; beraz, gauza batzu kendu behar izan zituen bere oroimenetik, eta horretan zebilen gauza garrantzitsuenaz konturatu zenean:

        —Gosea! Arraioa, gose mauk Gus! Gosez akabatzekotan matxiok! —Marilin hurbileko gauzetaz oroitzen hasi zen, txinatar errestaurante baten bila abiatu ginela gogoratu zitzaion. Baina ez zuen oroimenean gehiegi bilatu behar izan txinatar jatetxea aurkitzeko. Aurrean geneukan, sudurraren puntaren puntan, txinatar jatetxea.

        Kutxa liluragarria txinatar jatetxearen aurrean zegoen, han egon zen azken aldian bertan ahantzi bait zuen oroimena Marilinek, eta handik atera zen zerbitzari aratz batek adierazi zigun leku gehiegi kentzen zielako sartu zutela kutxa polit horretan.

        Sartu ginen bada, Marilin, Mingurri eta hirurok eta sekulako bazkaria enkargatu genuen. Handik nola atera ginen, zer egin genuen, jandakoa goxua al zegoen eta kontua zenbatekoa izan zen beste baterako utzi beharreko kontuak dira, ipuin hau ongi bukatzea ezinbestekoa bait da, bestela Marilin haserretuko zaigu, eta bere oinkotea ez da txantxetakoa, benetan».

        Gus zeritzon saguaren hitzak isildu zirenerako isiltasun paketsu bat nagusitu zen zoruaren azpian, eta Gusen ilobatxoak goxo goxo lo irudikatzen nituela neroni ere ahal bezala igo nintzen ohera eta bertan seko gelditu nintzen sagu, elefante txiki eta txingurriekin amets eginez.