Lehen bilduma 82-84
Lehen bilduma 82-84
1984, ipuinak
128 orrialde
84-398-2556-0
azala: Jose Mari Zabala
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
 

 

Xabi «Metal» Agirreren istorio labur eta tristea

(edo rockero zaharrak ez dira inoiz hiltzen)

Filme labur batetarako ideia

 

 

        1982 abenduaren 26an bukatua.

        Ipuin honi ez zioten 1983an «Kirikiño» saria eman.

        1983ko ekaineko SUSA 8.ean argitaratu zen bertsio mutilatu bat.

 

 

        GONBITEA

        Xabi «Metal» folio eta aldizkari pila baten azpian gorderik daukat; beldur ematen dit berari aurre egiteak, batez ere orain. Badakit nola bukatu zuen, baina tarteko historiak interes haundiegia dauka niretzat alde batera uzteko. Bizitza frustrante bat da (nahiz eta inork ez dezakeen esan berea biziagoa izango denik). Kantari sentitzen zuen Xabik bere burua, eta biziarekin batera joanean nabaritzen zituen Xabik bere kantak anonimotasunaren ibaiean.

        Anonimotasuna dugu gaurko gaitzik nagusiena, agerira erten gabe nozitzen duguna. Behin anonimo garenean, inor ez garenean, errazena horrela jarraitzea da. Ofizinista edo bulegari. Zein da herri ez den baten borroka, herri bezala ezagutaraztea ez bada? Beste herrien laguntza eta elkartasuna lortzea ez bada? Zeren, zer egin dezake ezaguna ez den herri batek...?

        Xabiren bizitza zainetatik eta hortzetatik zihoan... baina, berak aukeratu ote zuen hori? Zeren bila edo zerk bultzaturik sartu zuen lehen aldiz orratza? Eta zer esan nahi ote du ahots birrindu horrek beste tresnekin borroka gogorrean? Maitasuna egin ezin denean sentitu ohi dena adierazten du borroka horrek. Kontzientzia hiltzailearen kontra. Eta maitasuna zilbor paretik pasiatzen denean, sumendirantz. Basorantz. Xabik taldeko baxu jolea maitatu ote zuen noizpait? Eta ze zapore zeukaten musuek. Eta afeitatzen zeneko suabetasuna atseginago izango ote zitzaion bizar erdi-haziaren hazkurea baino?

        Xabiren heriotza denbora gehiegiz atzeratzen ari naiz. Bere heriotzerako datu edo bukaera bereziren baten zain nago, agian? Xabik kitarra azken aldiz jo zuenean, besoko zain guztiak zulaturik nabari nizkion eta zulo bakoitzari musika beltza zeriola zin egin dezaket. Eta bere begiek kitarraren sei sokak tinkatzen zituztela ere.

egileak,

ipuina idazten hasi aurretik

 

 

Dagoeneko, Herri honen historia labur bezain tristeak, negargarriak hobe, eskeini digu beste zenbait istorio labur eta tristeren berri. Esan daiteke gure historia, maiuskulaz, eraikitzen ari garela; handik eta hemendik, ikerlari eta artistek jasotzen dituzten laguntza ekonomikoen bidez, dokumentu eta istorio bitxiak biltzen eta pilatzen ari dira azken sei urteotan. Herri honen izaerari dagokion, eta inork ukatuko ez dion, kategoria iristen lagunduko dioten istorioak. Gu ere ez gara gutxiago izango eta orainarte baztertua egon den materiale interesgarri bat oinarritzat hartuz, ospe eta fama hori sendotuko duen porlanean gure hondar aletxoa ipini nahi dugu.

 

 

—1—

 

Bazkalondoko ohizko kafetxoa hartu ondoren Errenderiko (barka! Oreretako) fonotekara hurbildu nintzen. Nonbaitetik, egile ezezagunen atalean maketa berririk bazegoela jakin bait nuen. Hala zen, fonotekaren azken puntan, musika klasikoaren atal alboan eta argi ahul bakarraz argitutako sekzioan «X.M.A.» inizialak zeuzkaten zazpi kassete aurkitu nituen, oraindik prezintoa kendu gabe, —beraz, ez zituen oraindik inork entzun— («zientifikoki entzun», zehaztu nuen nire barnerako).

        Zerbait deskubritzeak ematen duen afizio gehitu horrekin etxeratu nintzen; poltsan, zazpi kassete horietaz gain, egileari buruz eskeintzen den orritxoa neraman.

 

 

—2—

 

Egongelako besaulkian eseri nintzenerako hasi zen entzuten koadrafonikotikan lehen kassetako lehen kanta. Whiskyz bete nuen basoa. Betaurreko beltzak jantzi nituen egileari buruzko orritxoa irakurtzeko. Dena esan beharra dago, eta aitortu behar dut ohartxoa euskaraz eta gazteleraz bazegoen ere, euskarazkoa ez nuela tutik ulertu, ekintza horretarako U.Z.E.I.k atera dituen hogeitamabost hiztegiak erabili arren. Honela zioen gaztelerazko ohar laburrak:

 

        «Grupo: DESCONOCIDO

        Cantante: D. Jabier de Aguirre, a. "el metales"  natural de: RENTERIA/ERRENTERIA (ORERETA) edad: DIECISIETE

        Material y decripción: siete casetes/maquetas de muy baja calidad acústica, cantadas íntegramente en eusquera. Instrumentos que se aprecian, quitarra eléctrica, punteo (imposible determinar marca); batería y bajo, ruidos extraños.

        Entidad dondante: "Lagunac".»

 

        Honaino iritsiz gero zigarreta indio bat piztu nuen, pipada luze eta patxarosoak emanez. Whiskya erraz irristatzen zen. Kassetaren lehen aldea bukatzerako ba zegoen nire burua martxan.

 

 

—3—

 

Denbora hartan, zazpi kassete haiek deskubritu nituen garaian, musika moeta hori aditzea izugarria zen.

        Nork sortu zezakeen horrelako mina gero musikaz adierazteko? Batez ere, garai hartan. Leringo Blasek folk musikari eskeinitako zazpigarren bilduma amaitzear zeukanean (kontuan eduki, bataz beste, bilduma bakoitzak ehun kanta gordetzen dituela). Nola zitekeen poeta, bardo, kantari eta kantautore folk-malenkoniatsuen artean ekaitz hori sortzea?

        Gerora besterik izan da. Orain, Alemania, Ingalaterra, Iparrameriketa eta Australiako lurralde eta irrati-bideo urrutitaraino iritsi da musika moeta horren oihartzuna. Hala izanik, gaurko gaztediak ez dakiela beste musikarik apreziatzen, ez Von Karajan batek gidatutako Beethovenen 9.a, are gutxiago Japonia eta Euskal Herria bezalako lurralde enigmatikoek sortutako melodia gustagarriak.

        Hemen datza Historiaren paradoja. Ikastetxe eta ikerleku guztitan musika «lasaia» dei dezakeguna egin eta konposatzen zen bitartean, leku berean, gau hartan entzuten ari nintzen hori sortua zen. Edonoren ile puntak tente ipintzeko modukoa!

        Bazirudien kantariak, Xabik, musika-tresna guztiekin egiten zuela borroka. Hasieran, kitarra ezezagun harekin (soinuagatik «Fender» zahar bat izan zitekeela iruditu zitzaidan), gero baxuari tokatzen zitzaion txanda, eta ondoren bateriarekin erritmo hausturan jolasten zen... Abestien gorenean denek batera ekiteko, garraixi garratzean instrumentu eta ahotsa esposatu eta ezkonduz.

 

 

—4—

 

Gauerdia pasatuxea zen kasseteak amaitu eta barnean irrika bizia piztua nuenerako. Jakin nahi... nahi baino gehiago, behar nuen nor ote zen kantaria, non zegoen... Eta esan dudanez gauerdia inguru zen, ordurik egokiena Oreretako kaleetan bere arrastorik bilatu eta aurkitu nahi banuen. Horrela ba, kaleratu nintzen kitarra eta ahotsaren oihartzunak oraindik nire barne-garuna gaztigatzen.

        Kale nagusia ezkerretara utziz, kale eta pasabide estuagotan zehar abiatu nintzen. Ke-poto usain mingotsa zen nagusi oraindik, baina piskanaka-piskanaka ardo eta alkoholarekin nahasten. Morroi bat geldierazi nuen:

        —Hi, ezagutzen al duk Jabier Agirre delako mutiko bat?

        Begirada arraroa bota zidan eta errezeloz erantzun:

        —Zeee?

        —Hi, lasai, ez nauk estupa bat...

        —Jabier? Ze ostia, hik «metales» bilatzen dek! —moztu zidan konfidantzazko higiduraz urdailean sekulako ukabilkada emanez.

        Nere onera bueltatzeko denborarik ere eman gabe koadrila bat seinalatu zidan:

        —Ikusten al dittuk hoik? Zea, grupokoak dittuk, kitarra bakarrik falta zaiek zaltzeko... Bera exfumatu dek.

        Zaplasteko maitagarri bat emanez azken hitza ahotik zintzilik utzi nuen morroi hura.

        Hurbiltzen nindoan heinean hobeto begiratu nien «grupokoei». Burutik oinetaraino beltzez jantziak zihoazen... beno ez, buruan guztiek, lau ziren (hiru mutil eta neska bakarra), zinta zuria, indioen tankerako zinta bana zeramaten. Kitarraren tratua ixteko prest zeuden. «Fender» zahar eta beltz bat zen. Beraiengana iristearekin:

        —Doblea ematen dizuet.

        Nire ustez «doblea» esateak salbatu ninduen. Zer egin jakin gabe geratu ziren, eman nien sustoagatik jo ta bertan astindu ala dirua jaso lehendabizi... Beraien kaskezurrean sartuz, aukera garbia zeukatela ohartu nintzen eta denborarik eman gabe jarraiki nintzaien:

        —Lasai, lasai, musika-ikerlari bat naiz, ez zaitezte izutu...

        Neska besteen aurrean jarri eta jarrera probokagarriz hazkazal beltz batez seinalatu ninduen:

        —Ze na-e-zu, phorastero?

        Goitik behera errepasatzen ninduten plastiko beltzaren atzetik bere begiek:

        —Beno, ba Xabi Agirr... beno «Metales»en bila nabil eta...

        —Ze-ta-ko?

        —Ba, hitzegin nahi nuke... hum!... berarekin, kontratu bat —gezurretan hasi nintzen. Farrez agurtu zituzten nire hitzak. Elkarri eutsiz egon ziren ez zitezen lurrera eror. Uste dut hasieratik izan nintzaiela gogoko. Bost minuturen buruan, lasaitzean, kitarra zeraman morroi argal altu hark hitzegin zidan:

        —Begira, phoras, ikusteal dek hau —seinalatu zidan buruko zinta zuria, eta ikusten nuela konturatu zenez jarraiki zen—. Ba, lutoa dek. Xabi «Metal» hil egin dek. Gu taldekoak gaituk. Eta bere lagunek lutoa eramaten ditek, hau!

        Besteek diskurtso luze hori profitatuz kanuto bat bildu eta pizteko pasa zidaten. Gutxinaka giroa lasaituz zihoan eta bapatean Xabi «Metal» Agirre zorigaiztokoari buruz hizketan ari ginen.

 

 

—5—

 

Batak bestearen sorbalda gainetik besoa bota eta nire aurretik abiatu ziren kalean barrena. Sirimiri zirikagarri bat hasi zen. Kale erdi hustuan zinta zuriek lerro oker distiranteaz mozten zuten arratsa. Halere, farolak piztuak zeuden eta altzairuzko asfaltoa sasi-ilargiz bete zen.

        Hatz artean itzaltzen ari zitzaidan kanutoari begira geratu nintzen. Deseroso sentitu nuen nire burua lau irudi beltz horien atzetik. Ardi bakarreko artaldea osatzen nuen. Kanta baten oihartzuna iritsi zitzaidan belarrietara. Kanta ezaguna zen niretzat. Pausua azkarragotu nuen beraien ia parera iritsi arte eta kanutua pasatzeko aitzakiz kantaren hitza garden entzun nuen:

 

                «Zelako krisi

                halako bizi

                Beyrouthen ez da ia inor bizi

                100 ginen

                22

                orain bakarrik gaude 2

 

                Zelako krisi

                halako bizi

                ezin gaitezke superbizi!

                100 ginen

                22

                orain bakarrik gaude 2

                zu ta ni, zu ta ni, zu ta ni, nininininini!!

                ZELAKO KRISI!!»

 

        Aharrausi erraldoi bat bota izan balute bezala isildu ziren. Nintzen arrotzari bezala begiratu ninduten eta aurpegia estaltzen zioten ileak bananduz neskak hitzegin zuen:

        —Aghata naiz; hau —altuena seinalatu zuen— Jota da, beste hau Jesus —Jesusek O.K. keinu azkarra egin zidan— eta hau Ge —Gek ez zuen aditzen, kazadora beltzeko poltsikotan zebilen.

        —Ni Julio naiz... adizue, hori Xabiren kanta bat zen, ez da?

        —Bai —esan zion Gek euriari—. Kazadora mahukaz aurpegi bustia xukatu zuen. Ez nizkion begiak ikusi betaurrekoen atzean.

        Unetxo bat besterik ez zen izan, bainan taldeko hutsunea betetzen ari nintzela sentiarazi zidan ene harrokeriak. Aghatak Ge heldu zuen eta gure aurretik abiatu ziren neoizko argiez seinalatutako pub batetarantz. Jesus eta Jota aldamenean neramatzan. Jota hasi zen:

        —Bere aita txatxu horrek dik erru guztia. Xabiren zaharrak laostia hituen. Inoiz hiltzen ez diren rockero agure frustratu horietako bikote bat edo holako zerbait. Lehengo batean kontatu zidan «Metales»ek bere aitan rolloa. Noski! ezkondu egin huen alu ostia hori. Elvisen garaikoa huen... ezagutzen al dek Elvis... Elvis Presley edo holako zerbait. Ba, « Metales»en koban, egun guztia morroi horren musika topera. Ostiatu egiten zian aitak. Gehien izorratzen ziona Elvisen ahots lodikotea «Fever» edo holako zerbait kantatzen aitzea huen; aita joka eta gainetik morroi horren ahotsa, pentsa ezak! Etxeko horma guztiak Elvis Presleyen posterrez josiak edo holako zerbait. Eta ai! aitak beste grupo baten musika aitzen harrapatzen bazian. Aldegin arte maiz agertzen huen begi ingurua ubelduakin. Horregatik hasi huan Xa... «Meta» gafa beltzakin. Alde egin zian, joe baietz!!

        Ez banitu bizkarrak hain ongi gordeak eraman ez nintzateke sekula «pub» deitzen zioten antro ketsu hartan barneratuko. Bainan Jotak alde batetik eta Jesusek bestetik nire desioa betetzetik ez etsitzera lagundu ninduten. Gainera atzera jotzeko berandu nenbilen, Xabi «Metal» Agirre ezagutzen hasia nintzen.

 

 

—6—

 

Kedarraren artetik Aghatak keinua egin ez baligu ez nituzke hango jendaila artetik bereiziko. Mahai baten inguruan zeuden.

        Ge, zegoeneko lasaiago antza, «lanean» ari zen. Begirada okerrez begiratzen ninduten neska-mutil ile koloredunez inguraturik eseri ginen. Ni lauron aurrez aurre eta barran apoiaturik zeudenei bizkar emanez. Kanutoaren lehen pipadekin oroitzearen itxurak egin zituen Jesusek eta kontatzen hasi zen:

        —Igandetan hasi gintuan kontatzen. «Metales»en zaharrak diskoteka juteituen eskeleto herdoila muitzea. Juten ginuztean eskonbrota. Eta dinbi danba lata zaharrei eman! Animal igarotzen genian igandea, ezta baietz Ge? Ikusi behar huan Aghata agertu zan eguna, moñoña-moñoña, eta Xabik...

        —Eonai ixilik babua!

        —...kriston begirada, eta hori gaztea huela, honire gustatu hura ta...

        —¡Vete a la mierda! vale?

        —Bale tia bale, lasaitu hadi eta emaion kanutuai. Bai, zea, Xabik gogotik kantatzen zian... Hi, ez al diau ezer ean biar o ze? Enrollatu hadi Julitxo...

        —Zer nahi duzute...?

        —Zerbeza.

        —Ta nik.

        —Nik e bai...

        —Nik ez...

        —Hik ezetz Jota? Ze pasatzen zaik? Jota al hago?

        —Ez, nik garagardoa nahi diat, modelno!

        Kristona montatu zuten hantxe. Altxa nintzen eta barran bost garagardo eskatu nituen. Nik ez nuen garagardoa edateko gogo haundirik tontotu egiten bait du, baina whiskya ateraz gero zerbait hautsi nezakeela somatzen nuen. Bost milakoa ateratzea txorakeria bat izan zen. Alboko ileberdearen begiak amuak izan balira eramana zuketen biletea. Garagardoak mahaira eramatean txutxumutxuka hasi ziren nire atzean, bost milakoa aipatu zuten eta «paloa eman» aditu nion ile berdekoari.

        Musuko aparra kendu eta berriro ekin zion Jesusek:

        —Etxera ahotsik gabe iristen huen «Metales» eta horratio harrapatzen zun aitak. «Nun ibili haiz, deabru?!» eta holako ostiyak. Holakuak hasieran eta geo benetakuak...

        Bapatean isildu zen Jesus eta bizkarretik atzera neukanari tinko begira geratu zen. Sorbaldan bultzada bat nabaritu nuen eta laurak zistu bizian jeiki ziren aulkietatik. Ileberdekoa eta beste bi morroi nituen aurrean. Duro bat edo eskatu zidan horietako batek ironi apur bat dibujatuz ezpainekin. Borroka gure mahaian hasi bazen ere, segituan hedatu zen lokale guztian barrena. Txorabiatzen hasia nengoen, norbaitek garagardoa bota zidan gainera; ke atzean irteera bilatzen ari nintzenean argi-foko bat piztu zen eszenatoki antzeko plataforma baterantz.

        Piztiak musikaren eraginez lasaitzen omen dira. Ziur nago antro horretan lehoi bat askatu izan balute erotuko zatekeela. Hango astakiloek borrokari utzi zioten eta aurreko istiluarekin alderatuz bare geratu zen guztia. Kantariak mikrofonoa jaten zuen.

 

 

—7—

 

Eroetxe batetik aterata zirudien talde hari errepertorioa bukatu zitzaionean, agertu bezala desagertu ziren, garagardo botilazko euri atzean. Argi-fokoa itzali zen eta gau hartako nire lau lagunak mahaira bueltatu ziren izerdi patsetan. Indarra zeukaten gazte haiek. Erdi tontotuta nengoen, garagardorik ez neukan jadanik eta ezin nuen gaitzetsi Aghata zientifikoak ez ziren begiekin begiratzea. Irristakorra zen dantzan; arrez inguraturik, mugimendu neurtuekin prantatzen zizkien mugak sudurretan. Ge animatuago zebilen. Aghatarenetatik begiak apartatzera behartu ninduen hizketan hasi zitzaigunean, bapatean:

        —«Metales» terriblea buen, etzian beldurrik izaten. Larunbata izango huen edo, akordatzen nauk. Donostira abitu ginen helburua oso argi euki gabe. Euria egiten zian eta markesina baten azpian babestuta ia ordubete egin genian. Bapatean konturatzen nauk «Metas» eztagola gukin. Beiratu, eta hara non ikusten dudan, euritan eta fijo-fijo eskaparate bati beira. Musika katxarroen denda huen, «Edermon» edo holako zeoze. Xabik sartzeko esan, sartzen gaituk eta bapatean kitarra beltz bat harrapatzen dik Xabik... hor dagon huraxe. Atodaletxe erten ginen handik. Pasma hurbil zebilen eta bakoitzak gure aldetik jo genian. Ni Xabikin, eta Xabi kitarrarekin... Bofiak urrutitik ikusi gintuen eta zetozen bitartean, «Metales»ek kitarra hartu eta hor egon huen harramaskatzen. Berak aituko zian zerbait. Nik alde egin nian eta bera eraman ziaten...

        Berriro ere Ge lurjota zegoen. Kanuto bat pasa zion Aghatak. Denbora gehiegiz geratu nintzaion begira; Aghatak doinu monotonoz galdegin zidan:

        —Hik dirua daukak, ala? Beirazak, rollua hola dek. Ge gaizki ziok eta ni-re bai. Denak gatxaudek nahiko makal. Zeoze behar diau... —doinu sarkor horretan lotsagabekeria antzematen nion eta asuntoa uztekotan nengoen diskurtsoa puntu horretara iritsi zenez gero, baina bukatzeko Aghatak behatz luzeak masailera hurbildu zizkidan eta goitik behera erortzen uzten zituen bitartean bukatu zuen— e, Julio?

        Baiezkoa berea zuen. Hor nonbait galdurik zebilen burusoil bati dei egin zion eskuaz. Tipo nardargarri bat, mukiak atera eta jan. Jotak eskua zabaldu zidan eta bost milakoaren bueltak luzatu nizkion.

        —¿Cuántos queréis, tíos?

        —Bi izartxo —hasi zen Aghata, baina eten eta begira geratu zitzaidan, esana zuzendu zuen—, ez, emaizkiguk hiru...

        Bileteak eman zizkioten eta berak potroetatik kutxatxo bat atera eta «izartxoak» pasa zizkion Aghatari. Ge, pultso dardartiz, gilleteaz baliatu zen izartxoak ebakitzeko. Jesus garagardo batzurekin bueltatu zen eta bakoitzari tokatzen zitzaigun erdia irentsi genuen. Sobran zegoen erdia pasa zidan Aghatak:

        —Hartzak, ikusten badek emaiok Xabiri —esan zidan mikazki.

 

 

—8—

 

Kanpoko neoiak oraindik pizturik zeuden. «Last Exit» gorriz eta berdez aldizka. Oraingoan Ge, Jesus eta Jota joan ziren aurretik eta Aghata nirekin. Atertu zuen.

        —Hemendik orduerdira topera ibiliko haiz.

        Aurrekoen kanta iristen zitzaigun. Isilik jarraitu genuen kale bustian gora eta Aghataren besoa heltzera arriskatu nintzen. Espero ez bezala erreakzionatu zuen eta ez zidan keinua arbuiatu. Berera egokitu nituen nire urratsak eta durrunda modura iritsi zitzaidan Aghataren hizjarioa:

        —Etzigun deskantsurik eman azkenaldian. Jo ta ke grabatzen. Oso arraro zebilen. Kanta pilo bat asmatu zituen. Hilabetean maketa bat bukatzen genuen. Kriston martxa huen. Gero entsaioen ondoren zepela ederra. Eta Xabi gero eta ahulago zegoen. Haserretu egiten huen ia ze gertatzen zitzaion galdegin ezkero. Nekin e bai, nekin e bai...

        Zerbait esatea tokatzen zitzaidala zirudien baina kokotean puntu bat nabari nuen eta farre txoro bat egiteko gogoa ere banuen. Aghata berriz oso serio zebilen.

        —Etxera joan eta kassetak aitzen zizkian, baina guk grabatutakoak besteik ez. Eta hurrengo egunian: «Halako kanta de puta pena dago, benga!». Desmaiatu huen, zea, aktuazio erdian. Eskola nazionalian egin genian kriston aktuazioa eta bera desmaiatu egin huen bukaeran... Etxera lagundu nioan eta keba, ezkatzian agurtu nindun: «Txao, polita!» A ze ostia emango nion. Ez nian gehio ikusi...

        Batetik bestera ibili ginen. Hankak arinak eta burua arinago. Zer erre eta zer edan nuen, ondo ez dakit. Dantza egin nuen, dantza. Aghatarekin, eta beste guztiekin ere bai. Ez nuen neure burua ezagutzen. «Pub» batetik bestera gelditu gabe eta denbora guztian Xabi «Metal» Agirrek betetzen zuen nire garuna, ezin nitzakeen ahantz etxean aditu nituen kantak eta berriro aditzeko gogo izugarria neukan. Eta Aghata nire alboan dantzan, baxua jotzen zuenarena egiten, kanten erritmoan.

        Aurkitu ginen ia leku berean banandu ginen. Banindoala ahots batek deitu ninduen:

        —Hi, Julio —Aghata zen, korrika batean hurbildu zitzaidan. Kitarra zekarkidan, nik «erositako» kitarra.

        —Ez zait dirurik geratu...

        —Ez dik inporta, motel —eta nire ezpainetara igo zen musu bat ematera.

        Begira geratu ziren beste hirurak, Ge, Jesus eta Jota, agurtzeko bueltatu nintzen eta azken aldiz begiratu nion Aghatari. Kale garbitzaileei begira eta lanera abiatzen ziren gizon eta emakumeak ikusiz, musiko frustratu sentitu nuen neure burua. Kitarra hura!

 

 

—9—

 

Goizak tindatzen zuen egongelako kristalera berriro besaulkian eseri nintzenerako. Kitarra begiratu eta Xabiren kassete bat ipini nuen koadrafonikoan:

 

                «Etxeko armairuan

                eskeleto bat daukat

                Gauez etxeratzean

                mozkortzen gara elkar

 

                Larrutan egiten dugu

                drogetan eta abar

                bidaia triste baten

                abiatzen gara

 

                Camel pakete bat

                litro erdi whisky

                gaueko martxarako

                hori ez zait aski

 

                Eroki dantzatzen

                pasa dut ederki

                bainan zu etzinen

                inondik ageri».

 

        Xabi eta Aghata, eta Jesus, eta Jota eta Ge. Jo ta ke. Esku-magnetofoia hartu nuen eta kassete birjin bat bertan sartu. Xabiren musika hondo bezala, hitzegin nion magnetofoiari:

 

        «Hemen kontatu nahi dut Xabi "Metal", Xabi "Metal" Agirreren istorio labur bezain tristea... Begira ezazue, hor, oheko mutil hori Xabi Agirre duzue; lagunen artean "el metales" ezizenez ezaguna.

        Gelako ilunpea baztertzeko bezala mugitu du eskua Xabi "Metal"ek ohean; apenas tindatzen du patiotik sartzen den argiak gristasunez leihoa. Zabarki kendu ditu izerak. Alboan whisky botila. Azken tantek eztarria erre diote. Ohean eserita magnetofoiaren "play" botoiari sakatzen dio. Bere ahotsak, hormak daradara ipintzen dituen boluminaz, gela gainezkatzen du. Kitarra elektrikoarekin aurrenik, gero baxuarekin, eta bukatzeko bateriarekin ere borrokatzen da ahotsa.

                "Dantzan turutu

                erreumatiko guztiak dantzan turutu

                hezetasuna ipernuan turutu

                zatozte guztiok dantzan!»

        Mesanotxean zeozer bilatzen ari da baldar, gainean zeuden zigarroak lurrera, edontzi bat ere txikitzen da, eskua ebakitzen du, "Kabenputa!". Azken pikoa gastatu du; kalera atera beste erremediorik ez dauka.

        Gela batek ezik, etxe guztiak barne patiora ematen du; gela horretatik begiratuz hamabi pisuren altuera dago kaleraino. Gela hartako leihoa gau eta egun irekita egon ohi da, eta batzutan, udara aldean, Xabik eguzkia hartzen du kornisa zabalean etzanik. Etxean freskotasuna nabari da.

        Kalera irtetzeko ate bakarra dago eta haruntz doa Xabi ez daki noren gelatik diru bilete mordo bat hartuz. Kazadora pasiloko lurretik jaso, astindu hautsa kentzeko; kateek eta inperdibleek txapen kontra metal soinua egiten dute. Ez du magnetofoia geratu eta bere ahotsa entzun daiteke.

                "...nire bizitzako datu guztiak

                prozesatuak ertzainen zentroan

                konputagailu batengatik

                ikasteari utzi nion

                erantzule automatiko batek

                esperantza hautsi zidan

                kutxazain automatiko batek

                ez zidan dirurik eman..."

        Beraiek egiten dutena, beste musikarik ez du entzuten. Mozkorturik dagoenean erreumatikoarena eginez kale hezeetatik dantzara gonbidatzen du mundu guztia. Kale zikinetan zehar zabuka... Kazadora hartu duen lekuan betaurreko beltz eta giltz sorta bat geratu dira. Ziuraski kazadorako boltsiko zulatu batetik eroriko zitzaizkion. Baina bera ez da konturatu, oraintxe arte. Atea danbatekoz ixten ari zen une berean eskuak kazadorako poltsikoetan sartu ditu eta konturatu da: atea ixten ikusi du: giltzak eta betaurreko beltzak ere: lipar batez: akabo!. "Kakazarra" garraisi egin du. Betaurreko beltzik gabe ezin kaleratu. Ateari ostikada. Motel, baina oraindik bere ahotsa adi dezake barnean, magnetofoitik kantari...

                "...ertzainengandik ihes egiten

                nago ipernuko atean

                mundu guztiko erreumatikoak

                sutan ari dira dantzan

                erantzule automatiko batek

                esan dit eztagola Satan

                tokata-makinak eztu funtzionatzen

                duro bakar baten faltan..."

        Isilik geratu da, ahapeka marmarkatuz, urduritasunak zainak jaten dizkio. Gogoratzen du etxeko leihoa, beti irekita egon ohi dena, hortik saiatu behar, horretarako auzokoekin hitzegin beharra izango badu ere. Auzokoen leihotik ez da batere zaila, ez eta arriskutsua, kornisa zabaletik berera igarotzea.

        Atetik urrutiratzen den heinean bere ahotsa moteltzen doa ateaz bestalde. Eta bapatean tinko gelditu da, auzokoenetik beste musika bat dator: Elvis Presley! Aukerarik txikiena ikusiko balu atzera joko luke. Ate aurrean arnasa sakonki hartzen ari da, behin eta bitan. Buruarekin ezetzaren keinua egin arren txilina jo du. Atea ireki denean Elvisen zapladak aurpegia gurutzatu dio. Atso bat dauka aurrean, ezpain moreztatuak, aurpegi ximurrak makilaia gehiegiaren azpian itoak, sasi-betile luzeak, gona motxen azpitik atsoari leotardo hori batzutan ezkutatuak bi hezur mehar ageri zaizkio.

        —Zer nahi dezu, mutiko?

        —Giltzik gabe nao eta etxera pasa naet zuen leihotik.

        —Joxantonio! Zatoz! Aldamenekoa da. Giltzik gabe dagola eta leihotik pasa nahi dula.

        Joxantonio sukaldeko atean agertu da. Galtza bakerotan dago agurea eta kamisa loredun bat darama. Zuriak behar luketen ile bakanak beztuak daude.

        —Bainan mutiko! hori oso peligrosua da —hasi da ahots engolatuz Joxantonio— tira, tira, sartu barrura... Zuk ikusiko dezu bainan abisatu dizut. Atsoaren perfumea koipetsua da. Atzetik doakio Xabi ezer ez entzuteko indarrak eginez. Sukaldeko leihora igo da emaro; salbazioa hurbil daukanaren espresioa marraztu zaio bere aurpegi gazte zigortuan... eta bapatean, aurpegia aldatu zaio, behera begiratu du, zangoen aldera. Izter erdi parean hazkazal arrosezko esku zahar bat pausatu zaio, atsoak irrifar gaiztoa eskeini dio eta espero ez zitekeen indarraz baina era berean maitagarriro bultzatu du Xabi hamabi pisuren hutsunera.

        Bere garraisia kanta haunditsu baten bukaera bezalakoa da, lurraren kontra hezur ahulak eztandatzen zaizkion arte.

        Sukalde erdian atsoa eta agurea besarkatuak daude. Elvisek baldosa txurien kontra errebotatzen du bere ahotsa. Joxantoniok errotuladore batekin beste zenbait marraren alboan beste bat egin du. Irrifar zabala ageri da bien aurpegian sukaldeko leihoa ixten dutenean».