Andaluziari ene bilduma
Andaluziari ene bilduma
1984, poesia
96 orrialde
84-398-2290-1
azala: Magritte
Jon Iñaki Lasa
1963, Gernika
 
 

 

Heriotz isila

(Egiazkoa)

 

 

                                        «Ona emen nago: Goizean so dagit

                                                  sarkalde argira;

                                        arratsean, barriz, sorkaldera nago,

                                                  izarren begira.

                                        An geure bizitza, atseden, eziña,

                                                  jadetsi eziña!

                                        Ezin batu doguz elburu batean

                                                  amets ta egiña».

                                                                                (Urkiaga).

 

 

istorioaren balizko eramaleari

 

Ene izate urriak erazten nau, erlastar bailitza

ezten zorrotzez. Bertzerik botatzeko

«guraz» naiz bada:

Aspalditxo iada errainen nuke, deus egin ez

zuenik jazarri nuen. Gogoan zait

barneratzen. Eta, egunarte, zergaitik ez ugari

ukan dudalarik enekiko, zatikatu eginen

dizut hemen. Gaiarekin bat doalako. Nahi

dudalako. Ulerturen duzulakoan,

eta ZERGAITIK EZ.

 

            I

Behiala ikusi nuen, eta horma hotzean deus

errain baga. Baina aparteko era bereizian

oroitzen dut; nihoiz deus bezala, edo haurrak

lehen jostailuaren antzera. Ez dakit.

Harez gero, maiz aritu izan natzaio gertaerari,

nahiz eta nekezak darraikidan zorikaitzez.

Bai. Gupida bako zigorrak.

 

            II

            —Zer gertaketan yaku uri onetan?

            Zergaitik usuek negarretan blai?

            —Gizona fusilatu dute. Bizkaitar gazte bat.

            Izarrak soilik omen dira lekuko

            gorpuaren behilari.

 

Ez du bertze deusik galdatu Soraiak.

Udaberrietako enaren anuo, «beriala

etorriko da aitxatxo» adierazi die haurrei.

Emazteari ere. Eta laztandu ondoren,

bihurtuko zenentz jakiteke lagatu ditu

jostatzen.

 

            III

Urrunean, so eginez pausatu zaie. Baina

handik, gauza haundi oro huts bilakatzen

diren urrunetik, ez da ez, maitearen malko

gazietaz nausitu.

 

            IV

Gauaren itzala heldu zaie izarrei.

Belztasunetan murgildu da Soraia. Kirua

errauts bezala.

Ikaragaitz, jarraiki egin du pozarren. Baina

aitor niezazuke, ez dakit zerebelu eraginez ote

zenentz, ez bait dut azalez baino haren arima

ukitu ahal izan.

 

            V

Azkenik, iritsi naizenean, izpiño apur batzu

azaldu zaizkio «elikagai» aldatuz.

Izadiaren begi ikusberak, eta Soraia.

Zeruetan gaindi eta lur azalean gorpuaren

beilari bakarrak.

Oro etsiturik, loak hartzen du (Lokamutsen

beltza dela) egia dela. Zurraren taupada

hotsak balentzuzki, alde batetik bertzera

dabilela.

Etzaranik, ez dela goizeaz jabetu lanbroak

busti nauen arte.

 

            VI

Eskuineko begia zabaltzerakoan, ezkerrerat

irauli du burua lokamutsen bila. Begirada

egurastu du inguruan; eta hertsitakoa

zabalduz, gorpuari so geratu. Gero, istilean

datzan bere gorputzari begieman dio ardura

ezaz.

Eskuak dardaran, arnasestuka, gibela eman

dio iadanik zohardi den goiari. Eta nigarrez.

Geroztik ez omen du nihork ikusi.