Andaluziari ene bilduma
Andaluziari ene bilduma
1984, poesia
96 orrialde
84-398-2290-1
azala: Magritte
Jon Iñaki Lasa
1963, Gernika
 
 

 

Hitzaurrea

 

Eskuartean duzun liburu hau Jon Iñaki Lasak plazaratzen duen bigarrena da. Ez dago esan beharrik «Alizia eta biok» liburua atera zenetik hona gure poetaren hainbat eta hainbat kontzepzio aldatu direla. Hau da hain zuzen ere Jon Iñakiren kezka handienetarikoa: irakurlegoak poetaren garapenaren ondorioa dastatu beharrean, lehenengo liburuaren estiloaren jarraipena bila dezan alegia.

        Liburua Andaluziari eskeinia dagoela dio Jon Iñakik izenburuan, eta horrela da egiturari begiratuz gero. Lau zati nagusitan banatzen da liburua: Irudimena, Oihartzunaren agindua, Maitasun eta gorrotoen apunte nahasiak eta Heriotz isila. Jon Iñakik era eta teknika ezberdinez azaldu nahi izan digu Andaluzia: Becquer, heriotza, maitasuna eta Lauaxeta; poesia, antzerkia eta narratiba. Elementu guzti hauek osatzen duten laukia litzateke Andaluzia, euskaldun baten Andaluzia, Jon Iñakirena alegia.

        Elementu ezberdinak erabiltzen dituela esan dugu: olerkia, antzerkia eta ipuina; hirurak bat egiten dira liburuan; gai eta forma diferenteak tratatu ditu Jon Iñakik, baina beti Andaluziaren inguruan, Andaluzia dutela helburu nagusitzat.

 

                Petenera andere,

                ai kantuen herri hori.

                Larroxa eta azeituna

                aien sorleku hori

                zeruen isladaratu

                gau oro.

 

        Horrela, lehenengo zatian Becquer da inspirazioa; bigarrenean García Lorcaren oihartzunak aurkitzen dira: «Hil zeinuak» / «Voces de muerte...», eta granadatarraren antzerkigintzaren zenbait elementu: patua, «La casa de Bernarda Alba»ren heriotz-gelditasuna...; hirugarrenean Andaluziako herri-koplen sinpletasun goxoa aurkitzen dugu; laugarrenean, azkenik, García Lorca eta Esteban Urkiaga «Lauaxeta»ren arteko adiskidetasunean oinarriturik azken honen heriotza kondatzen digu.

        «Ez dakit zergatik idazten dudan / ezta zertarako ere» diosku Jon Iñakik; eta arrazoia eman behar diogu hori idaztean, izan ere liburu honen historia dakien edonork behin baino gehiagotan eginiko galdera izango da hau. Liburu hau duela bi urte idatzi zen eta argitaletxe batera eraman. Han, jakituriaren zuloan sarturik nonbait, gorde zuten ez dakigu noiz arte; azkenik, itxoiteaz asperturik eta inolako erantzunik jasotzeko esperantza galdurik «Susa»koei pasatzea erabaki genuen.

        Baina bere liburua irakurri eta gero aski ondo dakigu zergatik idazten duen Jon Iñakik: heriotza eta maitasunaren akabatzearen garratik libratzeko, beldur dena harrokeriaz maskaratzen den bezala; maskaratzen da erregez poeta: «heure irudi eta eitera / sortu dudan ororen jaun».

        «Ez dut gehiago idatziren» esaten digu; baina horren alboan honelakoak ere ikus daitezke:

 

                poemaren orraztea

                sentitu dut

                baso gauetan.

                Eta poemaren orrazten,

                eta minez geratu naiz.

                Beldurrez.

                Poemak,

                beldurra ematen dit.

 

edo-ta:

 

                Ilargia ere haserretzen da nirekin.

                Bai. Bart agertua dit.

                Puxketa bat lapurtu diodala zuretzat

                eta ez nauela maite.

 

        Dialektika honek autoafirmazio beharra isladatzen du:

 

                Nihoiz baino Lasago naizenean...

 

        Autoafirmazioz idazten duelako du, agian, bere poesiak sakontasun hori. Ihes egin eta utzi nahi izango zukeen bizitza honen zauria sakonegia zaiolako, imajina bat egiten duenean beste inola ere elkartzen ez diren bi mundu elkartzen ditu. P. Reverddy-k esaten zuen bezela, imajinak ez daude naturan, poetak sortu behar ditu naturan sakondu eta gailentzeko.

 

                Ametsen enbatak sortu nau eta...

 

        Poetak, trajedia klasikoetako pertsonaien heroe eta antiheroe izatearen min hura berarekin du, eta urratua sakonegia da hitz jarioari leku egiteko. Bere garratzaren sakona gutxitan jaurtikitzen du, ez du sendatzea ere pentsatzen, nahikoa libratzea lortuko balu; eta horrexegatik ez da sintagma paralelo eta inkonzienteen pilatzera murgiltzen, minaren garrasia ito arte. Bere mina oso konzientea da, oso barrukoa eta arrunt ausnartua, eta horretaz pentsatzeak dakarkio gauzak ahalik eta hitz gutxienetan esatea, paralelismoak delikadeziaz hautsiz zehaztea, konkretatze eta mugatze beharra. «Beatrizen aita hil da» dio «Castaren Malura»ren lehenengo lerroan, eta «Beatrizen aita hil zait» bederatzigarrenean. Horrek dakarkio hitz jokuz baliatzea:

 

                zirri-zorro egoiteko / zer egin

 

                Maitemortuetan barrena / bapateko bidaiaria naiz

 

        Baina ezin du ezer oratu, errealitatea bera ere hestukaitz gertatzen da eta azkenean galderak dira erantzun bakoitzaren ondoren pilatzen zaizkionak, admirazio eta hasperenak.

        Sakontasuna eta zailtasuna kideko ez direla ere badaki, eta horrexegatik poema asko eta askotan herri esaera eta tajueren atzean kausitzen ditugu «haziz ubeldu» maitasunaz ari denez, «cante jondo»an hainbeste «ai»ezkaren azpian ondu den bizitzaren giharra bezala. Askotan imajina estuen ondoan konparazio sinple antzeko horien bidez:

 

                Aitortzen dizut (...)

                Eta ez diodala nik,

                nihoiz,

                poema baino

                laban zorrotzagorik

                bihotzari eskaini.

                Edo bai.

                Zu.

 

        Beste askotan espero ez dugun forma sinple baten zertzeladak, sinpletasun hori zein tranpa handia den erreparatu arte:

 

                Ahantzi eginen zaitut.

                Zure oroitzea

                aukera dezadan

                bertze goiz batez.

 

        Guk ere, ahantzi eginen dugu poema bakoitza, gero gosaltzean madalenaren zaporeak gogora erazi diezagun nola maitemindu gaitezkeen poema baten oihartzun batetaz.

 

Kandela