Kanpoko kresala ikutu nahi
Egongela ketua.
Argi motela,
berba eskas.
Asko gara elkarren ondoan.
Inor ez,
ostera,
elkarren baitan.
Hitz-jokoak,
irriño zabalak,
negar isilak.
Kanpoko kresala ikutu nahi
barne-hotz honetako solasaldi bakartian.
Egun ororen denborapasa,
gomutaren eredu koloregabekoak,
irrati amets-zalea.
Apainketa urreztua non eta
nire burutazioen irudi estuetan.
Honenbeste berriketa azpian
nola loratu ote
beste era batera moldatu behar dugulako ideia?