Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

PLUS ULTRA

 

 

Joan zitzaizkion Jesusi bere ama eta anai-arrebak,

baina jendearen jendez ezin iritsi ziren berarenganaino.

Eta jakinarazi zioten:

— Ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zu ikusi nahian.

Jesusek, berriz, erantzun zien:

— Hauek ditut nik ama eta anai-arreba:

Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak.

Lk 8,19-21

 

 

Hil zinenean tiraderan neuzkan

zuk egindako galtzerdi pare guztiak

gordetzen ditut.

Batzuen orpoak, dagoeneko,

xahututa daude,

baten bat sitsak janda.

Guztiak gordetzen ditut, Pilar, baita

bikotekiderik gabe geratu direnak ere.

 

Emily Dickinson irakurtzen dudanean

zugan pentsatzen dut:

udazkenean zatozela jakingo banu,

uxatuko nuke uda

irribarre erdi batekin

bularrean daramadalako zure irudi bat.

 

Zarauzko argazkia da,

zuen bizitza betea

gorostiaren drupa heltzen denean bezala

belztu aurreko udan.

 

Mutxioko maldaren behean ikusten zaitut,

ikaskidez inguratuta,

guztiak daude,

baita Angelita Arano maistra ere,

seme Rafaelekin.

 

1933ko uztailaren 8a zen,

negu hartan hil zen

Xabier Lizardi poeta,

argazkia egin zenuten

tokitik gertu paseatzen zen.

 

Viteriren Eskolekin

egindako txangoa zen,

12 urte zeneuzkaten

zuen bizitza betea

gorostiaren drupa heltzen denean bezala

belztu zenean.

 

Ikasi zenuen biderketak egiten,

zatitzen eta josten,

bitartean zure lehengusu nagusiek

paskinak inprimatzen zituzten,

mitinak eta dantzaldiak antolatzen,

futbolean jokatzen zuten eta grebak egiten,

aitari hamarretakoa eramaten zenion

Union Cerrajerara,

zure osabaren

tabernaren irekiera ospatu zenuen.

 

Zuk bazenekien

burkiderik ez baduzu

galduta zaudela:

maitatu zenituen gazteak eta zaharrak,

oihukatu zenion arbitrillo

nahi zuena adierazi zuen epaileari,

ikusi zenuen Celestinok eta beretarrek

erreskatatzen zutela

andre bat guardia zibilek

jipoitzen zuten bitartean oihukatzen zuena

¡Que no soy vasca, que no soy vasca!,

ikusi zenuen Victor

jauzi egiten tranpolin altuenetik,

eta zure bizitza betea

gorostiaren drupa heltzen denean bezala

belztu zen.

 

Izan zenituen kartzelan ama eta aita,

neba frontean,

amona ohean

barruan txanponak zeuzkan

larruzko gerriko bat jantzita,

sotoan gorde zenituen

zuen argazki guztiak.

Hezetasunak suntsituko zituen.

 

Eta oraindik,

zuregandik ikusten dut mundua.

Zuk zure amonaren begietatik

ikusten zenuen bezalaxe,

barruan txanponak zeuzkan gerrikodun andrea,

gazterik Gatzagan balde bat ur

bota zuena zangoak ukitu zizkion

militarraren buru gainera.

 

Horregatik itzultzen naiz argazki honetara,

belztu aurreko

bizitza betearenera,

eta ziur banintz, bizitza hau amaitzean,

zurea eta nirea egongo direla,

bizitza hau botako nuke azal eta guzti,

dastatzeko eternitatea.