Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

11 ASTE ETA 2 EGUN

 

 

I see a shadow not a fantasy

It's gaining ground, it's coming back.

Jennifer Rush

 

 

Astea gaizki hasi zen.

Poeta baten atxiloketa

beti da zantzu txar bat.

 

Bazkalostean jakin genuen Louise Glück

saritu zutela Nobelekoek.

Eta minutu gutxira etorri zinen

komuneko paperean odolbilduarekin.

Esan zenuen:

— Ez dakit, bitxia da.

Jantzi ginen hirurok, hartu genituen

bi Dino pakete, Azken gutuna ipuina,

margotzeko koadernoa eta plastidecorrak.

 

Beti aurkitzen dugu toki bat Audi A4arentzat

ospitalearen atzealdean, zebrabidearen aurretik.

Alabari eta bioi ez ziguten Esploratzeak 2

gelara sartzen utzi. Elkartu ginenean zotinka zeunden

eta ez genuen azalpenik behar izan.

Baina ginekologoak eman egin zigun:

ez zuela taupadarik.

 

Gero ginekologoak eta erizainak

esan zituzten gauza asko,

tartean, “natura jakintsua da”;

ziurrenik ospitale batean

esan daitekeen gauzarik larriena.

Ez dakit ze jakituria dagoen

erditzean zilbor-hesteak ito eta

bizitza osorako elbarritzean.

 

Ez dakit ze jakituria dagoen

zazpi hilabeteko haurdunaldian

esofagorik ez duen neskatilarengan.

Ez dakit ze jakituria dagoen

berrogei urterekin, azalpen medikorik gabe,

itsu geratzen den gizonaren kasuan.

 

Irtetean jolas parkera joan ginen.

Alabari esan nion:

— Hemen jaio zinen zu eta hemen jaio nintzen ni.

Galdetu zigun:

— Eta ama ere bai?

— Ez, ama han parean jaio zen.

 

Gu jaio ginen solairuan

jakin genuen bere ahizpa hilik zegoela.

 

Etxeratzean Balooren abestia

eskatu zigun alabak:

Si buscas lo más esencial

Sin nada más ambicionar

Mamá naturaleza te lo da.

 

Alaba eta bikotekidea lokartu ziren.

Louise Michelen olerkiak irakurri nituen eta

Didi-Hubermanen emozioei buruzkoa berriz ere.

Sakelakoa atera nuen eta ikusi txio batzuk,

gure hirian, egun berean baina 23 urte lehenago,

nola atxilotu zituzten 16 urteko hiru anaia

eta Chinchilla karrikan torturatzean esan zieten

beren amaren minbizia oso larria zela.

Nerabe haiek ez zekiten amaren amaiera zenik.

 

Benetakoa zen guztia egin zitzaidan gertukoa.

Eta oroitu nintzen Louise Michelen amonak

olerki bat idazten zuela

ezer nabarmena gertatzen zitzaionero.

Horrela hasi zela bere biloba ere olerkiak idazten.

 

Urriaren 8a zen, Teoren urtebetetzea.

Gure amatxi Pilarrenerako

lau egun faltako ziren.

 

Zu ere han zaude orain, Dorleta guztiekin.