ZORIONTASUNA, EDERTASUNA ETA GERRA HOTZA
Hori izan zen Gerra Hotza.
Hori izan zen hogeigarrena.
Gure mendea.
Aingeru bat, pertsona soil bat,
munstro bat.
Hil ala biziko gudu bat
zoriontasunaren munstroaren
eta edertasunaren munstroaren artean.
Guda pertsonal bat
arma nuklearrez, B52z eta AK47z.
Zoriontasuna: egunean sei kafesne
azukre birfinduarekin, azukre zuriarekin.
Edertasuna: kalorien kontrola,
keinuen kontzientzia obsesiboa.
Gerra Hotza:
Ameriketako Estatu Batuen eta Sobietar
Errepublika Sozialisten Batasunaren arteko
guda. Artearen eta diseinuaren bidez.
Errealismoa ala espresionismo alkoholikoa.
Rakhmaninov ala Xostakovitx.
Gorki ala Txukovskaia.
Gerra Hotza: errusiarren arteko
fratrizidio artistiko bat izan zen,
planeta gudu zelai hartuta.
Limonov ala Dovlatov.
Tsvetaieva ala Kollontai.
Trotski ala Stalin.
Empire State ala Sobieten Jauregia.
King Kong ala Lenin.
Bacardi ala Cienfuegos.
Festa hotza: paradisua Lurrean.
Eki ala Mende.
Gure mendea.
Geurea.