Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

MERCED KARRIKATIK GATOZ

         (sehaska kanta)

 

 

Zabalik dagoen leihotik

dator argi zurbil eta gorrixka.

 

Merced karrikatik gatoz.

Hemezortzigarrenean egon zen

Asociación de Gitanos de Navarra, La Majarí.

 

Merced karrikatik gatoz.

Bosgarrenean,

Jesus Dorronsoro Arteta 1936-8-11

Jesus Dorronsoro Tercero 1936-8-11

Angel Martinez Larrayoz 1936-8-11

Pedro Belloso Garcia 1936-8-11.

 

Dormitaleria baino zabalagoa

eta Caldereria baino hezeagoa.

 

           Eta beti izango gara hutsik gabe fidel

           geure aberri loriatsuaren bandera gorriari!

 

Merced karrikatik gatoz.

36an hil zituzten hogeita hiru gorriengandik.

La tienda coloradan

erosten genuen urdaiazpiko egosia.

La Raspa arrandegia taberna bihurtu zen

eta Ramonek bere anaia ukabilkadaka

atera zuen Labriteraino.

Anaiak heroina saltzen zion alabari.

 

Gaseosa egiten zen Merceden.

Astoak zeuden.

Ijitoen buru zen Martin Zaharra.

Han jaio zen Maria, galtzerdiena.

 

           Besoetan hartzen nauenean

           Goxo-goxo hitz egiten dit

           Bizitza arroxa ikusten dut

 

Abizen portugesa dutela dirudien arren,

Baionako juduak Merced karrikatik datoz.

XVI. mendean egotzi zituzten.

Gu bezala Merced karrikatik datoz.

 

           Iturri amaigabe hura ezkutatuta dago.

 

Merced karrikatik gatoz.

 

           Gu gauetik gatoz.

           Han bizi gara.

           Han hilko.

           Baina bihar gehiengoarentzat

           izango da argia.

           Guztiontzat argia.

           Guztiontzat dena.

 

Zabalik dagoen leihotik

dator argi zurbil eta gorrixka.

 

Gu Merced karrikatik gatoz, L.

Nevski prospettivatik

Rosa bezala, L.

Karl bezala, L.

Vladimir bezala, L.

Iturbe bezala, L.

 

           Nahiz eta gaua den.

 

Nahiz eta gaua den.