Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

EZ DIRA ETORRIKO

 

 

Scape room bat da nire logela

ateratzeko modu bakarra dago:

bat eta bakarra.

 

Atea. Ispilu borobil

eta maratila distiratsu.

Leihoa. Errezelen osteko

paradisua. Fotosintesia.

 

Izan zitezkeen bi hauek irteerak,

larrialdi irteerak. Baina ez.

Ateratzeko modu bakarra dago:

bat eta bakarra.

 

Txori bakarraren txioak entzuten dira

hemendik barrutik.

Kaiolan jaiotako kanarioarena

baino oihu etsiagoa.

Twitter,

zirinaren gaineko zirina baino ez.

 

Scape room bat da nire logela.

Kate, giltza eta kandadurik gabea.

Borondatezko morrontza?

 

Larrialdi irteera bakarra, beraz.

(Zilegi bekit txiste txarra)

Skype room bat da nire logela.

 

Batek daki zenbat hizki

irakurriko zituen

nire begiradak.

Noizbait irakurtzeko pilatuta neukan

liburu dorrea

eraitsi du hildako denborak.

 

Ezertarako denborarik ez genuenok

denbora zertarako izatera

igaro garen egunotan,

idazki txarrak baino ez dizkiogu

oparituko elkarri.

Kanpoan dauden usoei so

egongo gara bestela.

Etorriko al dira usoak gure leihoetara

ogi apurrak botatzera?

 

Beharko lukete.