Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

ATZERRIAN (IRUŅEA, 1992)

 

 

Hemengo sukaldean, hangoa etorri burutara

halabeharrez suertaturiko deserrian ezin laketu

 

Gurdi muturluzean etorri hintzen

etxejabetu haiz, bankuzorpetu

familiatu berri, idorrean aingura

 

Malenkoniaren antzeztokian

gorputz gazteak ageri zaizkik

eta gau guzietako bidaiak ardoerrietako trenean

eta paraje haietako usaina jautsi ahala

 

Askako urean, aparra ez duk zerbezarena

 

Hire baitako ahotsarekin ari haiz

anaia bixkiarekin, adiskide eroarekin

Badakik atzerri hau ez dela bertze geografia bat

Zer dira hiruretan hogeita hamabortz kilometro

malda koxkorra tartean?

 

Patio ilunetik gauenarak

zilipurdika irrika ari zaizkik

Pareko fatxadan bizitza

gehiagoren leihoetan ere argi

Nor ote hor hain hurbil hain urrun?

Hire gisara, afariko platerak garbitu bidenabar

galduriko herriaz pentsatzen ari norbait?

 

Ordea, hire desterrua bertze denbora bat duk

tik-tak, tik-tak, tik-tak

ezin haiz hartara bueltatu asteburuetan

ez zagok horretarako autobusik

ez eskatu elorriari sagar umorik

Alferrik dituk Belateko tunel guziak!