INTRO
hau al da egin behar dudana?
poemak idatzi
alde batera utziz
asteko bileraren prestaketarako
datuak biltzea:
azken errepide-istripuaren
jipoitu berri duten kidearen
gose-greban dauden kideen
izadi hil honi begira
ez dakit
hartzen ote nauen etsiak
edo zuenganako gorrotoak
nahasten zaizkit
larruak koloreak ideiak sentimenduak
izenik ez dutenak
ispilurik gabeko basamortu honetan
badakit
isildu behar nuke
mihia larrua bezain gris
ontasunaren bila abiatzeko
nekatuegi zafratuegi
badakit
ez nituzke halakoak
pentsatu esan idatzi behar
milesker esan behar nieke
nire zaurietako zornean ozpina botatzen diharduten
munduko zaindarien mirabeei
milesker esan behar nizueke
zeuen eguneroko hitsaren izerdi eta malkoekin
gure kondenaren kate uherrei distira ateratzeagatik
milesker esan eta barkatu kristauki
baina ez da hori
on izan nahi dut
larru gris hau erantzi
pentsamendu gordin krudel hauek
beratzen ipini gure erreketako ur gardenetan
baldin eta ez badituzue denak zikindu
badakit bai
maite zaituztet eta barkatu eta milesker
milesker esan behar nuke
maitatzen ikasi berri dudan
izadiaren hiltzaileak zareten arren
barkatu esan behar nuke
bitan erdibitu nauen aiztoaren ahoak
ezkutukoenean kolpatzean
belarriak mindu dizkizuen garrasia egiteagatik
maite zaituztet esan behar nuke
txistu jo diguzuen arren
baina zuek ez dakizue
etxekalte
ez dela taberna baten izena
ez eraikuntza enpresa batena
atera egidak beste whiski bat
eta jo nazak berriro Tomax
hau al da egin behar dudana?
poemak idatzi
alde batera utziz
atzoko jipoia salatzeko
hizki tipiko inork irakurriko ez duen
gutunaren idazketa nekeza?
likits hatzetan erretxin
betazalak makar itsatsi
mihia bi halako lodi
ahoa hareaz bete zait
eta ezin
naiz
nire buruari ezarri diodan
kondena honetatik aska
ezin zaituztet benetan maita
ezin zaituztet benetan barka
ezin zaituztet benetan esker
irri makur bat dagite nire ezpainek
amesgaiztoa nahi nuke
gaur goizean ere
zaindariak esan dit bonjour
arratsaldean berriro bonjour
eta iluntzean bonsoir
baina nik
zure ahotik
entzun nahi nuke
egunon!
arratsaldeon!
gabon!
eta gero sarraila itxi du
eta ondoren itxi ditu olioztatutako morroiloak
eta azkenik leihora begira jarri naiz
burdinazko barrak sarea txarrantxa
sarea sarea sarea sarea
zerua ebatsi digute
gure ametsak arrantzatzeko
burdinazko barrak sarea txarrantxa
sarea sarea sarea sarea
ohe ertzera nire oinetara
doi-doi iristen den printza
ez da jada eguzkiarena
ni
gizaki
ez naizen bezala
(haragi gordina usteltzeko
asmatu duzuen
porlanezko kutxa honen
barruan 10 urtez)
ez eguzkiarena da printza margul hori
ez ilargiarena ez izarrena
zaindariak ekarritako gutun bahitu
berantetsiaren barrutik ateratzen den
lurrina
zurea
ez den bezala
urka-bilurra prestatzen diharduten
eskuok
nireak
ez diren bezala
hatsik eta malkorik gabe
burdinazko barretatik
zintzilik dagoen haragi puska
desarmatua eta desarimatua
ni
ez naizen bezala
hau al da egin behar dudana?
poemak idatzi
alde batera utziz
ikustaldi ostean
biluzarazteagatik
ikustaldia laburtu izanagatik
protesta-ekimenaren prestaketa?
euria ari du hor kanpoan
ur azpian gizakiak bezala arrainak lurrean
itotzen naiz blup blup blup
nire gorputza ferekatzen dut zure eskuekin
nire burua musukatzen dut ahal dudaneraino
eta ez da aski
esofagoa zitroin estutzen dut ezin kraskatuz
hiru metroko kablea neureganatu dut isilean
kanpaiarena egiteko
euria ari du leihoetatik
euria ari du atera ezin ditugun eskuetatik
urrun
pourquoi il y a des barreaux aux fenêtres?
galdetzen didazu
behialako haurrek pourquoi il pleut?
galdetzen zuten xalotasun beraz
poetak hormak euriz bustiak ikusita
pourquoi pleurent les murs?
galdetuko lukeen asmamen xalo beraz
eta nik
eskegita
panpina mutu
nahiago dut ez erantzun
edo azken hatsean
poetaren kaskezurraren hobe beharrez
fenomeno konplexuegia dela erantzun
adio
hau al da egin behar dudana?
poemak idatzi
alde batera utziz
azken borrokaldiaren balorazio txostena?
huts egingo duen hurrengo ihesaldi
planerako prestaketa lanak?
gaueko zaintza foku argitan
neure buruaren jiran
Emily Dickinsonen armiarma naiz
hutsetik hutsera
barrote osteko sarean
Perlazko Hariarekin ehundutako sarean
dantza leunean ibili naiz bakardadearekin
egunsentiak zerrenda ubel laranjez
bete zeruertzaren liluraz
sei barroteen atzeko sare karratuan
egindako korapilotik dilindan
amaraun hutsa begietan
izar hotsa belarrietan
ahotsik ez da
ahotsik ez da
bakarrik ageri da nire burua
umezurtz leihoko islan
umezurtz leihoko islan
hau ote zen egin behar nuena?