INVICTUS
euts diezaiodan lemari
estal dezadan ahoa
estal belarriak
ez entzuteko
ez esateko
ez desbideratzeko
garaitu gabeon
bihotz arrakala
hain handia izanik
ezin asma dezaket
nolakoa ote
garaituen samina
noraino sartu zen haien bihotzetan
garaileen irrien atzean
ezkutatzen den aiztoaren sakaila
ez naiz inoiz jabetuko
garaituen ozpinaz
saminaren handiaz
zauriaren sakonaz
galdetzeko ezaguera izan nezan baino lehen
joan zitzaigun-eta aitona
oinordekotzan utziz
porrot osteko mikatz etsia
izu dardara isila
Gernika eraitsia
gurasoek altxatzen hasia
hemen nago
ihes ederrenean baitaratua
aurreikusi gabekoa idazten
hatz herdoilduetan elur gorri
begietan antzigar gandu
mihi izotz ezpata hauskor
arnasestu larrimin hotzikara
belarri-zulo butxatuak ezkoz
zer idatzi zalantzan
azken borroka hitzak balira hauek
berdin zitzaidan
zuek hemen eta ni hor egotea
(aukeran nahiago)
baina nork bestek kanta ditzake
ahots erlastu hitsez doinuok
(kanta beza balego)
nork ikusi eta entzun eta bizi zituen
nork sentitu eta deitoratu
nork zuen ekin eta eragin
eta nor irten da lurpetik bizirik
haritz horren antzera
arrotza nagusiturik moztua sobera
oi gure arbasoak ez otoi ez begira
zein goratik ginen gu jausiak behera
baina begira arren
zein beheretik garen igoak azalera
oker zegoen poeta
ez da bidaiarik onena hasi ez dena
ez da bidaia helburu
ez dago babes-porturik herritik lekora
ezinbesteko bidaia
denbora
gure zimurretan
gure ametsetan
gure zaurietan
izoztuta
Sorginaritzagako ataurrean
bukatuko dena da
estal dezadan ahoa
ez baduzue entzun nahi ene egia
ixo ixo ixo
ez dadin irten
nahi ez dudanik
itxi ditzadan begiak
berriro ikusteko eta
ia usaintzeko ukitzeko dastatzeko
lehen musuaren esnea
azken musuaren kresala
estal ditzadan belarriak
ez dezadan zuen gezurra ene egin
ixo ixo ixo
begien bistan
azken portua
zabal dezadan ahoa
betetzeko birikak
mendiez ibaiez jaiez
zer aurkituko dut
zarpail lohitu unatu
bihotza herri minez arrakala
begi eta ezpain zauritu
babes atseden hartzera natorren
hain aspaldi
(hogeita hamar urte jada)
utzitako sorterrian?
igerilekuaren inguruan
konbinatu bana eskuan
zumitzezko besaulkitan
jende prestu eta jantzia?
eta zutabeak erreta
teilatu eta horma gabe
txerrikorta bihurtuta bizilekuak?
zein madarikaziok jo gaitu
hain poliki hiltzeko
irria ahoan (izoztuta)
hileta doinuz dantzatutako fandango
nork bedeinkatu gaitu
mendetan bizirauteko
irria ahoan (izoztuta)
diskoteka doinuz alaitutako erasoz
hel diezaiodan lemari tinko
damu damu damu
isil itzazue kantu horiek!
amets baten bila abiatu zineten eta
zer lortu duzue?
zer ikasgai dakarzue morralean
odolez eta minez blai?
bidaiarik onena
abiatzerakoan oraindik
ez zenuten babesean bukatzen dela?
estal dezadan ahoa
ez diezazuedan galde
zertan aritu zareten
zer ikasi duzuen
zenbateko aurrezkia duen zuen kontuak
zenbateko zorra zuen biziak
zoriontsuak al zareten
mugez inguratutako biztanleak
ez dezadan larrutu nire burua
haragi bizira botako didazuen gatza
ez dadin alarau bilaka
eta ez dezadan gainera eskatu behar barka
estal ditzadan belarriak
ez ditzadan entzun zuen erostak
hau al zen benetan amesten zenutena?
hori ere endekatu al dizue
zahardadearen ajeak?
herri aske baten ordez
herri are eta menperatuagoa
herri are eta etsiagoa
herri are eta itxiagoa
ikus kaleak huts
mendiak biluz
itsasoak uger
harrizko herri harritua
harrizko herri harrigarria
harrizko herri irrigarria
harrizko herri ernegarria
harrizko herri zatitua
harrizko herri txintxarra
zuena da errua!
(baina norena?)
zuena da ardura!
(baina norena?)
zuena da hobena!
(baina norena?)
zuena da kondena!
gurea! hori bai!
hel diezaiodan lemari tinko
dantza dantza dantza
azken konpasak besterik ez dira falta!
zer esan behar nuke
hauek balira azken borroka hitzak?
ikaratuta nagoela
dena alferrik izan dela
esanarazi nahi izango digutela
badakidala
haien gezurrarekin mutu burumakur
nahi gaituztela
eta ez gure egiarekin duin tinko
eta orduan nahiago dudala
(itxi dezadan ahoa azkar!)
sasian kartzelan lurpean
zuen bizimodu aratza arteza gezurtia baino
(estal itzazue belarriak ezkoz!)
nahiago dudala
armiarmekin dilindan
sarez begi itsuak baino
(desbidera nazazue bortxaz!)
nahiago dudala
larru beltzean zartailua
minean duin tinko
boteretsuaren jopu-fereka baino
guri buruzko gezurrez
lepo gaudela eta
nahiago ditugula gordin
haien egiak
ez direnak gure berdinak
zenbatek egingo luke
uztailaren zazpian dantza?
gora ETA, aupa Mikel!
erroiak negro azabache
atera zaizkit bidera
kaxka-kaxka bihotzeko beiran
zementuzko babespean nehor
bizirik al den galdezka
isildu ditut taupadak
ez ditugu hautsi kateak
ez dira itzali ametsak
ez ditugu hautsi legeak
ez ditugu ahantzi gureak
hel diezaiodan lemari gogor
damu barka odol
urrun nadin
etorkizunik gabeko
labar gorroto herrapideetatik
kantu horiek! min hauek!
ken larru grisa larru zuria
larru beltz itzuli nahi dut
azaleko ildoetan
min eta zorion
fereka eta zartada
orreagatar iratzarri
Amaiur arima
Hiroshima ziega
bihotza giltzarrapo
ez genuen geure buruaz Houdini egin
ez ginen irlandar
garaipen egunerako
herriarentzat
hildako burkideengatik
baladak asmatzeko
askatasun gosez hiltzeko
estal dezadan ahoa
ixo ixo ixo
zer esan
hurkoa mindu gabe
hainbatetan erori garelako dakigu
zer den behin eta berriro zutitzea
arerioa sumindu gabe
hainbatetan zigortu gaituzuelako dakizue
zenbateraino den alfer zeuen larderia
burkidea etsi gabe
hainbatetan zigortu gaituztelako dakigu
zenbateraino den alfer inor zigortzea
ez kanta euskalduna
ixo ixo ixo
berriz ez kanta
ez bildu eskua ukabilean
hainbatetan zanpatu gaituzuelako dakizue
behin eta berriro jaikiko garela
makur burua
hainbatetan agindu diguzuelako dakizue
ez dugula bizi garen artean obedituko
suma ez dezaten
zimurren artean
garai-ikur irribarrerik
hainbatetan agindu diguzuelako dakigu
ez dugula bizi garen artean aginduko
badaezpada ere
invictus ez da garaile
baina berdin dio
porrot egin dugula
oker egin dugula
odola odola odola
alferrik isuri dugula
haiena (eta hienena)
eta gurea (nori axola)
hainbatetan porrot egin dugulako dakigu
zeinen eder den garaipen ametsa
askatasunerako
harri oztopo garela
eta ez
argi babes makulu
zerk ekarri gintuen bada kartzelara?
eta zerk aterako gaitu kalera?
askatasunaren errepideak
balitu bi errail
edo hiru edo lau eta ez
bidean abiatu nahi duen ororentzako
bat bakarra eta zabala
ez ginateke han egongo
eta bagaude
askatasunaren errepideak balu
ordainsaririk
nortasun agiria eskatzeko
kontrolgunerik
ez ginateke han egongo
eta bagaude
zuekin batera
eta ez bageunde
ostera ere arrotza nagusiturik
sutarako txirbil
haritz moztua sobera
antxeta beltzak karranka
harkaitzetan gure zain
amets hondarretan
kaxka-kaxka mokoez bazkatzeko
goxa dezagun
haien porrot aspaldikoa
etxerako bidean
narrasti zakur jopu
torlojuari beste koska bat
erneguaren arbuioaren traizioaren
bidea hautatu dugula guk ere
zabal belarriak
ez dugu negar zuririk isuriko
ez ditugu piltzarrak urratuko
ez dugu ondasunen inbentariorik egin beharko
ez gara bidaian abiatu ginen berdinak
utz esaten gure egia
zor diegu gure ahaleginaren hildakoei
min badagizue ere bihotz-burmuinetan
zor diezue gure ahaleginaren hildakoei
ez gaitzazue ateko bandan kondena
hurrengo ekaitza noiz iritsiko
utz portura arribatzen eta
hel luzatu txikotari
ez bota ur gehiago zapira
ez amata zigarretak gure oin-zoletan
ez eragin zirkuitulaburrak gure burmuinetan
alferrik
ez baita arantzik aterako gure ahotik
ez baita minik aterako gure eskuetatik
ez baitugu zaurietan behazunik
hara non diren mendi zelaiak
hara non diren ibaiak
xoraturikan nago Hendaian
muga gainetik Euskal Herria
Bidasoa ibai klandestino
mugaz bestaldetik Euskal Herria
zubi lotura etorkizun eta borroka
non da orduan Frantzia?
ametsen kontrabandista
non da Espainia?
ibai bahitu zauri lubaki
mugaren bi aldeetan oraindik Euskal Herria
frontière de ma jeunesse
mugaren alde batean oraindik Frantzia
espoir d'un retour sans ivresse
mugaren beste aldean oraindik Espainia
hel diezaiodan tinko lemari
etxerako sasoia da-eta
zain dago ama zain aita
ez dira danba-danba lurrera jausi kartzelak
zain daude arrebak eta anaia
ez dira-eta erori sasi-mugak
zain daude mendi eta itsaso
ez dugu egin iraultza
zain daude baina herritarrak
zain amets eta lagunak
erroiak bidean kroa
ez dugula askatu langileria
ezta ere Euskal Herria
zain amets eta lagunak
zauritu eta torturatu
hil eta zanpatu
zain amets eta lagunak
zain Garisoaingo baserrian
aitaren eta amaren errautsak