BELLUM
nahi nituzke hankak sendo
nahi nituzke trebe eskuak
nahi nuke buru argia
saminezko eremuotan
eta ez al duk ezer esan behar odolaz?
dantzudanean
adibidez
eztanda Vic-en
tantaz tanta Lliça d'Amunt-en
errauts Ibarrangelun
Perpinyàko ziegatik elurra Canigù tontorrean
eta zenbat horrelako
nork berea
nork bereak
malkorik ez ordea
ikararik ez oraindik
eta ez al duk ezer esan behar odolaz?
dena ote zen zilegi?
eta ez al dut ezer esan behar malkoez?
zer esan lur agorra busti duten isurkiez
antzutasunaz emankortasunaz
epikarik gabe saldukeriarik gabe?
begiak ixten ditudanean
goiz urrun hartako irudia datorkit
zorroa bizkarrean
eskolarako aldapan gora
hormatzarrean
metraileta naif baten irudiaren ondoan
herri harmatua
inoiz ez
zanpatua
ikusi nuenekoa
eta ikasgelan
maisuaren errieta
hatxea zela-eta
den-dena
odoletan blai
malkotan blai
irribarreak ere blai
ez ei da aski ai
ez al duk baina
ezer esan behar isuritako odolaz?
ez al dut ezer esan behar
isuri ditugun malkoez?
isurarazi ditugunez?
erroia leihoan lez
beiran mokoka
kaxka-kaxka
garunean
temati
zain
damua
barkamena ere
egia bezain iraultzaileak
izan litezkeela jakinda
zerk eragozten dik?
hori bederen azal dezakek
zor diguk diok diek didak
damu damu damu damu
esan beharrik gabe bazekiagu
(hire gaztaro alferrik galduaz
hire gaztaro alferrik salduaz)
baina entzun nahi diagu
eta ondoren barkamena
odol odol odol odol
eta munduko malko guztiengatik ere
je ne répondrais que devant la justice du peuple basque
herria askatzen saiatzeagatik
herritarrak babesten saiatzeagatik
etsaiarenganako gorrotoagatik
torturak eta hilketak mendekatzeagatik
damua eta barkamena nahi al dituzue?
Garisoaineko baserrian errauts
zain ditudan aita eta ama
salatzea eskatzen didazue
damua eta barkamena nahi al dituzue?
odol guztiarengatik
haienagatik eta geurearengatik?
geure pozengatik bezala
geure penengatik ere?
ez haiz ausartuko
ETAkoa nintzen naiz eta izango naiz
esatera gero!
nere ustetan ez gendun egin
eta odoletan bustitako hanka horiek
guk jokabide txarrikan
eta odoletan bustitako esku horiek
arma berririk ez geunkan eta
eta odoletan bustitako garun horiek
ezin iritxi zaharrikan
eta sutautsaren usaina zer?
haragi errearen kerua zer?
je ne répondrais que devant la justice du peuple basque
herria
herritarrak
maitasuna
etsaia
torturak
hilketak
gorrotoa
mendekua
kanta ezak euskalduna
ez kanta beltza
kanta ezak hire herria
berriz ez kanta
itxi ahoak jaso ezpatak
gerran ari ginela ohikoa zen
gure herriko jakintsu intelektualen
kritika jasotzea
ez zen egoki
ez zen zilegi
ez zen moralki zuzen
ez zen beharrezko
herriaren alde
bizia odola ematea
herriaren defentsan
bizia odola kentzea
gerran ari ginela
gure irudimen ameslariaren eraginez
hitz politen jaun eta jabeak
tertulia bakoitzean
mundu bat konpontzen zutenak
irudikatu genituen
herriaren zutabeak zoruak teilatuak
altzariak apaingarriak elikagaiak
indartzen atontzen edertzen
gurea baino lan eskergagoa nekezagoa zailagoa
inondik ere
harritu egiten ginen
nolatan zuten aski denbora
egunero-egunero egunkari irrati telebistetan
gure sentiberatasun minberagatik
iraintzat hartzen genituenak
gure aurka esateko
borrokatzen genuen etsaiaren
txaloen artean
gu
jende ezikasi salbaia
ments buruarina
zuek
jende prestu eta jantzia
doktore irakasle politologo
zuen lana burutu gurea laidotu eta
odola odolago
bakantzetara ere zindoaztenak
salbu etxean
ateak itxita
gelditzen zineten poetak
eta guk hala ere temati
goganbeharrik gabe
ETAkoa naiz nintzen eta izango naiz
(baina nola da posible
ez al haiz irato oraindik
bota tinta gehiago Tomax!)
eta odola? eta haragi errea?
zertarako horrenbeste
min samin herrimin eta negar?
harro hadi Kantauri
kanta izarren artetik
arantzetan hil ziren
haien izenak
nahi nituzke hanka sendoak
nahi nituzke esku erraustuak
nahi nituzke buruzagi argiak
zoru malkarretan ibiltzeko
azken gudari hilarenekin
gertatua sekula gerta ez zedin
zuek
gure herriko jende ikasi eta jakintsua
bizkarra noraino makur daitekeen
masterretan cum laude
kulparik gabeak
bota beza lehen harria
esatera ez naiz ausartzen
zuen aurrean
lehen harria botatzen bezain trebe
tartekoak eta
azkena botatzen ere
bazenekiten
zer zetorren
ez ordea hainbeste eutsiko genionik
ez al duzue ezer esan behar?
ez al duzue Pilatoren mozorroa
kentzeko ordua dagoeneko?
gertatu da baina
eta odola eta malkoak eta haragi errea
errautsak Ibarrangelun
odola Lliça d'Amunt-eko etxe hartan
tantaz tanta Catalunyan Euskal Herriaren alde
elurretan Canigù odolusten Mendizorrotz
eztanda Vic-en
eta zenbat horrelako
nork berea
nork bereak
malkorik ez ordea
ikararik ez oraindik
ETAkoa izango naiz naiz eta nintzen
eta odola?
ez al duk deus esan behar odolaz?
eta odola zer?
ez al duzue deus esan behar odolaz?
besteak ehun mila paseak
eta odoletan bustitako hanka horiek
gu ez ginaden erdikan...
eta odoletan bustitako esku horiek
arma berdinez gure herrian
eta odoletan bustitako garun horiek
ez da sartuko elbikan!
eta sutautsaren usaina zer?
haragi errearen kerua zer?
barka nazatela
nire zorionaren hildakoek esateko
zoriontsua izan behar da
barka nazatela
nire zorionaren hildakoek esateko
garaipena behar da
zoriontsuak al zarete?
garaitu al duzue?
ez dut nik hautatu herri hau
ez dut nik hautatu hizkuntza hau
altxatu naiz
herritarrak zapaltzen dituztenen kontra
garaiturik gabeko garaipena amets
tinko borrokatu naiz
duin borrokatu naiz
eutsi diot egokitu zaidan borroka-leku bakoitzari
ETAkoa nintzen izango naiz eta naiz
baina eta odola samina damua barkamena?
ez al diguk odolaz deus esan behar?
ezin!:
hitzak gatzatu
nere ustetan
esaldiak mikaztu
ez gendun egin
damua zintzurrean traba
guk jokabide txarrikan
barkamena ahaztu
bai!:
haiza nazazue errautsetan
itsasora nazazue errautsetan
bahitu mendia hustu itsasoa
atzeman nahi banauzue
mintza daitezela nire ordez
mendia itsasoa
haiek dakite
ni mutu
haiek bezala
nentorrenera noa eta ez noa
hemen nago eta hemen nintzen
naiz eta izango naiz
lasai apal irribarre gozoz
baina eta adibidez
Vic-eko eztanda hura
tantaz tanta odolustu Lliça d'Amunt-en
errautsetan hegan Ibarrangelun
tantaz tanta odolustu Mendizorrotz
eta zenbat horrelako
nork berea
nork bereak
ez kanta euskaldun
kanta ezak beltza
berriz ez kanta
kanta ezak hire herria
esan nuen:
tantaz tanta herriarena izan naiz beti
esan nuen:
errauts Ama-lurrarena naiz betirako
esan nuen:
tantaz tanta herriarentzat herriarekin
esan nuen:
errauts herritarrentzat herritarrekin
esan nuen:
herritarrekin herriarentzat ekin dut beti
alfer-alferrik
zabiltzate ihesean
erroiak temati kaxka-kaxka
mintzatuko zarete
alfer-alferrik
hedatu duzue mina
zuen burua hondoratu
baina ez al duk odol tantekin isuritako
tintaz deus esan behar?
ezin!:
eskuak burdinetan
besteak ehun mila paseak
azkazal erauziak odoletan
gu ez ginaden erdikan
oin-zolak hautsontzi
arma berdinez gure herrian
birikak putzu
ez zen sartuko elbikan!
begiak itsu
bai!:
gogoratzen
borrokatik itzulera-bidean
hostozko ohantzean
atseden hartuz
txoriak hegoalderantz
hegan ikusten genituen garaia?
hitzak fereka gure begiak erreka
burkideen heriotzaren berri
iristen zitzaigunean
hortzak estututa
bihotza apurtuta
ukabila altxatzen genuen garaia?
kanta ezak euskalduna
kanta ezak hire herria
kanta ezak Hikmeten erara
kanta ezak hire egia
aspaldi jaio nintzen izenik ez duen herrian
ez naiz geroztik sorterrira itzuli
askatasuna ala hil aldarri egin nuen
eta ez naiz hilko aske ez naizen artean
atxilotu torturatu eta espetxeratu naute
hamar mila aldiz
zenbatu nahi ez dudan
hainbat aldiz
hil naute eta hil dut
txalotu naute eta gorrotatu naute
esperantza naiz batzuentzat
larderia besteentzat
ez naiz sekula egon Moskun
ez egongo honezkero
ez ikasle eta ez Komite Zentralaren gonbidatu gisa
behartsuen defentsan aritu naiz beti
iraultza gertu ikusi nuen baina zerbait okertu bide zen
askatasunaren bidean
eup la ra ite ite misa est ez zen aski izan
oraindik kapitalistek
nazio eta bandera gabeko abertzale horiek
agintzen jarraitzen baitute gurean ere
ez naiz Washingtonen egon
ez honezkero egongo
askotan ibili naiz Baionan
gutxiago Tuteran
mundu osoko iraultzaileek
salbatu ninduten behin garrotetik
ez ordea diktaduraren lege pean bezala
lege antiterrorista demokratikoen pean
fusilatua izatetik behin eta berriz
kartzelan daramatzadan urteak ahaztu zaizkit
ez dirudi azkar batean askatuko nautenik
gosez eta egarriz hotzez eta beroz
jipoitu naute behin eta berriz
gau ilunaren beldurra zer den ikasi dut
hiriaren bakardadea ezagutu dut
ekintzaren aurreko unetan ahoa
lehortzen deneko sentipen desatsegin mina
jaio nintzenetik daramat borrokan
horretarako jaio nintzen eta
buruz dakizkit
nire herriko mendi eta ibaien izenak
ez ordea izarren eta kometenak
nire herritartasuna
aldarrikatzen eta ezkutatzen
ibilia naiz kontinente guztietan
hiltzear zegoen nire herria
indarberriturik ikusten dudanean
odolez eta malkoz ureztatutako
gure hizkuntza etortzen zait gogora
merezi ote zuen beste batzuek esango dute
ez didate Bakearen Nobel saririk emango
ez naiz ministroa izango
arrantzale laborari behargin xume izatea
beste anbiziorik ez daukat
aguretzen hasita dagoeneko
lehen egunean bezala oraindik maiteminduta nago
lehen egunean bezala dena emateko prest nago
poeta naizela diote
ameslari izan behar omen da-eta
hogeita batgarren mendean
askatasunaren alde hil arte borrokatzeko
behar nituzke hankak aske
behar nituzke libre eskuak
behar nuke kate gabe mihia
behar genuke
oroimena baso
isiltasuna mendi
zentzumenak itsaso
arrazoia egutera
bihotza ospel
gorputza epel
azaltzeko
ulertzeko
berrikotik hasteko
edo tunel bat
Réauko ziega honetatik
Rafah-raino
ETAkoa
nintzen
naiz
eta izango naiz