Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

BESTE BELARRIA

 

Heiner Müller,

zatoz nirekin hondartzara;

hemen topatuko duzu populua

une batez hilik

Berlinen bezala

titiz gora.

So egiozu langileriari

eguzkipean berdindurik,

ahotsaren ertzak arrotz bildurik,

lumaroa estekatuz,

Van Goghen belarria odoletan jaten

Arestiren mingainaren truke.

 

Poesia hilik baldin badago

teatroak berpiztu du oinazetan.

 

Artaud da kasu erabakigarria.

Poliziari ebatsi zion literatura,

medikuntzari teatroa.

Planeta honetako kontinente guztiak

argitzen dituen torturaren eguzkipean

bere testuak loratzen dira.

 

Heiner Müller,

zatoz nirekin hondartzara;

belarri motzen buru desitxuratuarekin batera

piztuko zaizu haragi errearen lorategia,

bularreko ileak goratuz

astinduko dituzu adjektiboak:

ederrak garelako gara ederrak

eta ez dugu beste akuilurik behar,

anormaltasunean datza

ahotsaren ertzeko arrazoia.

 

Heiner Müller,

hauxe duzu hitz gordeen azken mirakulua:

lur honetan etzan gara putak, blogariak,

bakezaleak, hirigintza zinegotziak,

pailazoak, arrain saltzaileak, besamotzak,

idazle handinahiak, ekintzaileak,

mozkorrak, hiltzaile ofizialak,

itzalak ito nahian denak.

 

Heiner Müller,

zatoz nirekin hondartzara;

badoaz hemendik lehen etorritakoak,

harrizko harean datza

zazpiehungarren titularra,

inperioa ostikoka eraikitzen den honetan

karratua da nire baloia.

 

«Crema de zanahoria, protección alta,

Mikel, etorri hona!,

a dónde te crees que vas?».

 

Pertsona baten bizitza ez da

historia ulertzeko aski.

 

«Cuarenta grados, se esperan

tormentas al final de la tarde,

alerta naranja», bandera gorria.

 

Munduaren parasitoak gara,

artea aldiz gaixotasuna,

normaltasunak itoko du poesia.

 

«Mejor nos ponemos detrás,

que estoy sin depilar».

 

Heiner Müller,

zatoz nirekin hondartzara;

gaixotu gaitezen,

moztu dezagun

Van Goghen beste belarria.