Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

BENIDORM 2053

 

Neure burua berrogei urte barru:

sorbaldako ile zuriak eguzki haizetan

bisera jantzita

liburu lodi bat galtzarbean

lepotik zintzilik Kdick betaurrekoak

(modakoak eta garestiak ahal dela

gazteak izorratzearren).

Isilik eta beha

norantz ez dakit auskalo

(poemak idazten oraindik)

isilik atzerantz beha edo

gero eta laburragoa den etorrirantz.

 

Maiz esan ohi da denok dugula

behinola izandako haurra barruan

baina nik

neure baitatik beha

aiton erretiratu bat dut

betaurreko beltzekin eta beltzarana

sabelaren hanpatzeari ozta-ozta gain hartu diona

kalean ibiltzea gogoko duena

bilobak hazteko zain dagoena

(oroitzapen debekatuak nori aitortu edukitzearren)

ingurura temati begiratzen duena

azken bisai ezagunen bila

azken bero isuri ukabil lepo konpartituen bila.

 

Agure hori sumatzen dut atzamarka,

neure orainak jazartzen kezkati

kalitatezko oroitzapenak

behar ditut kontatzeko ohartaraziz

aspertuko haiz bestela mehatxatuz.

 

Berrogei urte barruko agureak

hankarte elurtuari so diost:

ez dago aitzakiarik

komunean eserita pixa egiteko

kultura descoolturizatzeko eta hala ere

kulturzaleak eta coolturistak berdin maitatzeko

super heroien trajeak lapurtzeko

super galtzaileen mitoak zapuzteko

unibertsoko zulo beltz guztiak azalera datozenean

plazera emateko

plazera sabaiak mututu gabe jasotzen ikasteko

korrontekeria politikoak kontrakoa dioenean ere

gauza ebidenteak modu ebidente batean esateko

maite duzunari kabroi jokatu duela aurpegiratzeko

zorion isekak ekarriko duen mendekuaren peskizan

bizkarreko ganibetadak isilik saihesteko

autoestimu liburuak konstituzio plaza erdian erretzeko

ni han izan nintzen eta hura egin nuen esateko

politikoki kiskaltzen ninduten berbak

astindu nituen oholtza hartan aitortzeko

ezertarako ez agian

baina zeinen ongi eta eder.

 

Agure bat dut barruan kokoriko

orainari zor diodan etorkizunean

lasaigarri eta beleta.