Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
GEZURRAK
Gaur goizean oroimena antolatzeko
premia sentitu dut lehenago inoiz ez bezala.
Egunkaria irakurtzen ari nintzela
noragabeko gomutan galdu naiz:
iritsiko da unea zeinean
momentu honetan bertan munduan
bizirik gauden guztiok hilik egongo garen,
pixkanaka, banaka, denok.
Neure buruari galdetu diot
zehatz-mehatz zein izango den segundoa zeinean
momentu honetan bertan arnasestuka
gaudenen arteko azkenak pausua luzatzeari utziko dion.
Horregatik sortu zait poesia idazteko presa berriro,
egunkariek kontatuko ez dutena jasotzeko,
laztan baten neurria inori bidaltzeko.
Bizi gabe utzi ditugun munduak
salbatzeko modua izan liteke Teatroa;
historia ofizialik gabeko pertsonen memoria, Poema bat;
oroitzapen klandestinoak trafikatzeko batzarra,
zigarro baten ertzeko solasaldia;
haurrei izenak jartzea,
liburuetan kabitzen ez dena idatzita uztea haizean.
Eta neure burua konbentzitzen saiatu naiz,
une honetan bertan bizirik gauden guztiak
hilik egongo garen garai horretan
bizirik egongo direnak engainatzeko modurik behinena
gezurrak idaztea izan litekeela, sinets dezaten
gauzak beste modu batean egin litezkeela
Literatura izan dadin biharko historia.