GERANIOAREN MINIPOETIKA
Jarraitzen dut sukaldean idazten
makarroiak edo hitzak egosi bitartean.
Beste etxe batean. Geranio bat leihoan.
Zurtoinak esku bat dirudi, zerbaiten eske.
Gertaerak paper-mozkin bihurtu zaizkit.
Tentuz sailkatzen ditut, urrun galdurik begirada.
Baina zer esango dizut minaz? Zuk zer diozu?
Minaren amuak tenk egiten dit samatik.
Trantze horretan aitortzen dizut dena:
magalmina eta argidura eta bitsaren loreak.
Mezuei gantza kentzen dihardut labanaz,
alfer-kinkallatik libratu nahiz ahotsa.
Badut erritmoaren sena, xehetasunekiko joera,
irudietarako gustua, emozioaz gogoetatzeko xedea.
Zer diostazu, oro har, emaitzaz? Esadazu
benetako bizitza aski den benetako poesia egiteko.