HUTSAREN BEGIA
Begia itxiko duzu ez ikustearren, kristaletik,
gaueko itzalak imintzioka,
munstro mukerrak,
deabru beltz eta otso beltzen aldra.
Arthur Rimbaud
Ohitzen ari naiz keari ostatu ematen begietan,
etxeko gauzen durundia neure kabuz neurtzen.
Betazal hanpatuak, goiztiria.
Beharbada, bilduko banu behar adina arnasa
eri ez nagoela sinistu arte, beharbada
malko batek beste nonbait esnatuko banindu, beharbada
azken aldi bat zure besoetan.
Ohitzen ari naiz hutsaren begia lepoan igartzen,
eguzkia mamurtzen inongo hesiei galdetu gabe.
Begi-niniak ase, goizkorri.
Beharbada, airean bizi diren orratzak lurreraino
baletoz mara-mara, beharbada
bezatuko banu zaunkaka dabilkidan egia, beharbada
makulu banitu egunero jaiotako gezur panpalak.
Ohitzen ari naiz esaten
ez nauzula maite, ez zaitudala maite.
Moi je ne suis plus ton amour, toi tu n´es plus mon amour.
Horixe ikusten, horixe onartzen, benetan ulertzen.