LOCUS AMOENUS
Bakardadea bera ere bada ekintza. Zergatik ekin?
Vladimir Holan
Maskor-kixkirriak, urtero lez,
oldean heldu dira hondartzara.
Posible dirudi bizitza sintesian ikustea
lubakia hazi bitartean.
Txakur bat olatuei zaunkaka.
Saski batetik laranja bat pirritan.
Posible dirudi oihalak goratzea
publikoari itxaron barik.
Urriaren hogeita bosta, zapatua.
Semea bere kabuz hirian.
Posible dirudi gauzen ordena
esku bakarrarekin atontzea.
Hustasun hau ez da besterik bakoa, ez da kasuala.
Ai, lagunok! Ardo-kopa altxatzen dut
baratzeko hormei begira
eta kardu-belarra bezain arina naiz sentitzen.
Erreturak errautsak utzi ditu lurrean,
haizeak bekokira dakarkidan polen arrea.
Bitsa, ez dut besterik eskuetan.
Sagarrondoaren adarrak krak egiten duenean
aingeru hautsien barrearen soinuaz,
sinesten dut posible dela oraindik ere
zentimetroren bat haztea,
panpinekin berbetan segitzea
eta ahaztea.