Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Marc

 

 

        Leku berri bakoitzean ezezagun garen epe labur hori da atseginena. (...)

        Gainera, ohitura aldaketez gain, berriro ikasi behar nuen aurpegi berriak ingurune berri batean ezagutzen, baita hitz egiteko eta gezurrak esateko era berriak ikasi ere. Nagikeria bizitza bezain indartsua da ia. Azken batean, jokatu beharko dugun antzezpen berriaren arrunkeriaren zamak azpiratuta gaudela, ausardia baino koldarkeria gehiago behar baita bizitzari aurre egiteko orduan. Horixe da erbestea, atzerria, giza denboraren korapiloan buruargitasuna gordetzen den ordu luze eta salbuespenezko horien bitartean bizitza den bezalakoa gupidagabeki behatzea, arestian utzi den herrialdearen ohiturek alde egin eta besteek, berriek, aski sorgortzen ez gaituzten bitarte horretan.

Louis-Ferdinand Céline

Gauaren muturrerainoko bidaia

 

 

1

 

Hotelean oraindik astebetea egin ez zuenerako aurkitu zuen Marcek gordeleku berria izango zuen etxetxoa. Erretreta hartu berri zuen irakasle bikotea zen etxeko jabea. Semearentzat zeukaten gordeta ezkondu berritan beren etxe izandako hori, baina tamalez semea gazterik galdu zuten, droga gaindosi baten ondorioz. Etxea azkar alokatu nahi zutelako eta, ziur aski, bere burua urtebete sabatikoa hartutako irakasle frantses gisa aurkeztu zuen Marcek semea gogorarazten zielako, ez zioten eragozpen handirik jarri alokatzeko orduan. Ezta dirutan ordaintzeko nahia azaldu zienean ere. Txekerik edo kreditu txartelik ez izatearen zergatia azaldu zien herdoildutako ingeles baldarrean, baina Marci ez zitzaion iruditu eman zien aitzakiari garrantzi txikiena ere eman ziotenik.

        Auzo lasaian dago azpiegitura berria. Estai bakarrekoak edo bikoak dira inguruko etxe gehienak, eta mailadi bana dute sarrerako atera heltzeko. Ate eta leihoak kolore bizi eta anitzez margotuta dituzte. Leihoek ez daukate eguzkitik babesteko hegoaldeko herrialdeetakoen antzeko leiho-taparik, bai ordea erridau edo sareta modernoak, arratsetan argia piztean kalekoengandik edo auzotar begiluzeengandik babestu nahi izatekotan zabaltzeko. Atzealdean belarditxo bana dute, auzokoagandik bereizteko hesi edota landaresi zainduek bereizita. Batzuek baratze txikia ere badute bertan, baina gehienek plastikozko mahai-aulkiak dituzte aro ederra denean lagunekin bertan bazkaldu edo mahai-ostea egiteko; eta haurrak dituztenek, igerileku biribil puzgarriak.

        Auzotarrek adeitsu agurtzen dute jadanik, dagoeneko gonbidapen batzuei uko egin behar izan die. Ezin izan die uko egin ordea auzo-lagun duen amonak egin dizkion madalenei. Eta ez zaio damutu, zinez goxoak egiten baititu.

        Hirian auto gutxi badabil, auzoan ia batere ez. Hiritar gehienek bizikletaz egiten dituzte joan-etorri premiazkoenak. Marci ondo datorkio, autoa eskuratuz gero garajea alokatu beharko luke-eta, eraikitzen ari den gotorlekuaren murruetan zaindu beharreko zirrikitu berri bat izango litzatekeena. Nahiz eta ez den sekula zalea izan, bigarren eskuko bat erosi du, eta hiri honetan bizikleta gainean txangoak egiteari gustua hartzen ari zaio.

        Udazkena hasi berri da. Hosto horailez beteta daude espaloiak dagoeneko. Maite du hostoak ostikoz ibiltzea, txikitan eskolarako zumardian egiten zuen bezala.

        Hotz lehorra egiten du goizeko zazpietan etxetik irteten denean. Bufanda sudurreraino igo du, segituan, betaurrekoak lurruntzen hasterakoan ahoa libre utzi beharko badu ere. Artilezko eskularruak jantzi eta bizikleta airean duela jaitsi ditu ataritik kalera dauden bost mailak.

        Marinel jertse urdina, galtza argi batzuk, larruzko berokia, artilezko txano gorria. Goiz den arren badabil jendea batera eta bestera, hodei zuriak ezpainetan, tenperaturak hortz artean izoztutako irribarrez elkar agurtuz.

        Astelehenero legez, hiriko bazter-auzune batean aurkitu duen gustuko kafetegiraino joango da gaur ere. Zerbitzariak eta ohiko bezeroek izenez agurtzen dute jadanik.

        Erakusleihoaren ondoko mahaietako batera jesartzen da hiriko biztanleen harat-honatei beha, kafesne katilu eder bat aurrean eta izkinako okindegian erositako opilak zerbitzariak propio atera dion platertxoan eskura. Berokiaren poltsiko zabaletik bi liburu, hiztegitxo bat, kaier bat eta tinta beltzeko idazluma atera eta ondoko aulkian utzi ditu. Oraindik apenas ulertzen duen arren egunkaria aztertzen hasi da, kafesneari lehen hurrupa ematearekin batera.

        Tabernakoei idazle frantsesa dela esan die, hurrengo eleberrirako ikerketa bat egitera iritsia dela hirira. Hala ere, ingelesez gero eta bizkorrago dabil eta bertako hizkuntza ere hasi da ulertzen.

        Hasieran, ordura arteko leku guztietan bezala dendaz etengabe aldatzen bazuen ere etxerako eguneko erosketak egiteko, gutxika etxetik ez oso urrun dagoen saltegi batera joateko ohitura hartu du.

        Batzuetan, eguneroko txangoa egitera abiatzen denean uzten die erosketa-zerrenda eta itzulerakoan prest izaten du poltsa. Diru pixka baten truke etxera eramatea ere proposatu dio dendarien semeak. Segurtasun arauen mugen ertz-ertzean dabilela badaki Marcek eta, azken horri gehiegizko iritziz, ez du orain artean onartu mutiko ilegorriaren eskaintza.

        Pistolarik gabe dabil, arduradunak herrialde horretan ez duela premiarik esan baitzion. Eta horrek beratu izan balu bezala, gertatu zaio noiz edo noiz nortasun agiririk gabe ere irtetea. Eta lehengoan etxeko atea itxi gabe utzi zuen. Azken astean ez ditu diru kontuak egin. Badu denbora hurrengo hilabete amaiera arte ordea, lotura-kidearekin duen lehen hitzordura arte, kontuak ez ezik txosten xehe-xehea ere egiteko.

        Bigarren eskukoen denda batean erosi du ordenagailua. Igande batez antzinakoen merkatu batean asper ibilian zebilela idazmakina bat ere erosi zuen, merke-merke, erabiltzeko moduan dagoen Olivetti bat. Oso aspaldikoa irizten dion beste bizitza batean zeukanaren oso antzekoa. Bere mozorrorako egokia izango dela iritzita baleko gastutzat eman du. Materialaren gastuen atalean apuntatuko du kontuak egiterakoan.

        Bizarra luzatzen uzteaz gainera, zigarretak bertan behera utzi eta pipa bat erosi du. Atsegin zaio pipa-tabakoaren usaina. Haurtzaroa ekartzen dio gogora, osaba Xabier, besaulkian eserita, patxadan, whiski kopa bat eskura, ahots lodiz hizketan, ulertzen ez zituen kontuez ari.

        Tarteka lotura-hitzordurako data hurbiltzen ari dela ahanzten ez badu ere, Marcek ez du oraindik balizko iheserako ibilbiderik prestatu. Ezta eskatutako informazio bakar bat ere aurkitu, lehengoan telefono-gidan tartetxo batez begira jardun zuen arren.

        Gauero, oheratzen denean, esaten dio bere buruari biharamunean hasiko dela serio lanean, ez dagoela bertan bakantzetan. Eta goizero, etxetik irtetean oraindik baduela denbora erantzuten dio bere beste buruak.

        Astelehen goiz batez idatzi zuen lehen poema, bere tabernan, hizkuntza berriko hitz beharrezkoenak eta txostenerako behar zituen informazio eta helbideak biltzeko erositako kaiertxoan, oinezkoei begira, lehen elur malutek sorrarazitako hunkidurak bultzatuta. Aspaldiko partez aurrenekoa, garai batean, gaztetan, erruz idazten baitzituen, eta ez poemak bakarrik.

        Horregatik, etxera iritsi eta Olivettian garbian idatzi duenean, hitzekin ezerezetik mundu bat eraikitzean sentitzen zuen zirrara ahaztua nabaritu du bere barnean.

        Harrezkero gau-beilak idazten ematen ditu, taka-taka-taka Olivetti zaharrean, tarteka pipatik xurgatzen, tarteka berriro ere erretzen hasi den Camel zigarretaren bat hautsontzian ahantzita, ke zirimolek gau-argiaren inguruan dantza kitzikagarriak egiten dituzten bitartean. Izotzak urtu zaizkion whiskiari hurrupaka.

        Sukaldeko egutegi handiari zeharka begiratzen dio noizean behin. Azkenean gorriz markatu du hitzorduaren eguna bertan. Badaki ez lukeela horrelakorik egin behar, baina kezka egin zaio azken aldian daraman bizimoduarekin ez ote duen ahantziko.

        Handik gutxira ordua idatzi zuen. Eta zalantza egin ondoren, hitzordu lekuaren lehen hizkiak gehitu zituen. Txorakeria handi bat egin ezean hiri horretan polizien atzaparretan erortzeko arriskurik ez zeukala erabaki ondoren, «txano gorria, nik» eta «ogirik bai? hark gaztelaniaz» ere idatzi zuen egunaren laukitxoaren barnean inurri idazkeraz.

        Aurreko aste batean, hiriko alde zaharrean zebilela, erretzekoa eskaini zioten. Hilabete lehenago ez zitzaiokeen burutik pasatu ere egingo legez kanpoko droga erostea, baina ordukoan, aditzen duenaren buru-keinuz baietz esan zion Marcek gazte zarpailari, oso aspalditik zetorkion bulkada bati erantzungo bailion. Bere buruari zertan ari zen galdetzeko beta hartu gabe, belar-poltsatxoa gorde eta biltzeko papera eta tabakoa erostera sartu zen tabako-denda batera.

        Geroztik, idazketa-lana amaitzen duenean, lokartu aurretik txirritxo bat egiten du, «lasaitzeko», esaten dio bere buruari. Eta laino goxoen artean lokartzear dagoela, arestian idatzi dituenak aienatzen ari zaizkiola, promes egiten du biharamunean goiz jaiki eta eginbeharretan serio hasiko dela, iheserako bidea aurrena, helbideak gero eta informazioak...

 

 

2

 

Negu giroz esnatu zen goiz hartan hiritik kilometro gutxitara zegoen hondartzara joan zen.

        Bizikletaz joateko urrutiegi ez zegoen arren, garraio publikoa baliatuz bertaratzea hobetsi zuen, aroaren beldur.

        Hondartza ia hutsik zegoen, zakurra paseatzera bertaratutako batzuk, footingean zebiltzan kirolzale ausart batzuk, besterik ez.

        Azkenik ari zen, arazoren bat izatekotan, hiritik alde egiteko segurtasun ibilbidea antolatzen. Eta ondoren, eskatu zizkioten informazioak ere biltzen hasiko zen ganoraz. Bere idazketa lanean aurreratu izanak emandako pozaren uberan ekin zion zereginari, erruaren zama arintze aldera. Ezingo zion inork egotzi bere zeregina bazter utzi izana. Denbora librean idazteak nori egiten dio kalte?, esaten zion bere buruari.

        Kaiertxoan apuntatu zuen hiritik zenbat denbora behar zen hondartzaraino. Tranbiaren ordutegien esku-orria ere hartu zuen, etxean lasaiago aztertzeko.

        Hondartza luzearen beste muturretik ibilbide zirauntsua egiten zuen autobus bat abiatzen zela jakinda joan zen haraino. Geltoki batetik besterako denbora neurtu behar zuen.

        Oinetakoak kendu, galtza-tolesak bildu eta ibilaldiari ekin zionean jarri zuen martxan kronometroa.

        Gutxi gorabehera ibilaldiaren erdian ikusi zuen Elizabeth. Oraindik ez zekien horrela deitzen zenik, noski.

        Erauntsi batek txanoa kendu zionean, neguko haize hotzak bilo horiak dantzarazi zizkion. Marinel jertse marra urdin-zuriduna zeraman euritako horiaren azpian, galtza zuriak, artile kolore anitzeko poltsa sorbaldatik bularraldearen trabesean zintzilik. Oinutsik zegoen emakumea, larru argizko bota laburrak hondarrean utziak zituen, bere alboan.

        Itsasoari begira zegoen, hasi berri zen euriaren tantei arduragabe, begiak itxita, aho irekiarekin kresala arnastuz, bi besoak zabalduta, esku ahurrak olatuen aldera.

        Marc bere ondora iristear zela hasi zen emakumea biluzten. Euritakoa kendu zuen aurrena eta oinetakoen gainean paratu zuen, iruntzietara; ondoren, artilezko poltsa kendu eta euritakoaren gainean utzi zuen. Galtzak kentzean, emakumearen hanka luze zuriak eta kulero beltzak gelditu ziren agerian. Galtzak txukun tolestu eta arropekin osatutako muinoa handitu zuen.

        Pausoa laburtu zuen Marcek. Ezinezkoa zitzaion ezikusiarena egitea.

        Artilezko jertsearen azpian kuleroen osagai ziren bularretakoak zeramatzan Elizabethek. Jertsea tolestu eta arropa pilora gehitu ostean, belarritako eta eraztunak kendu zituen ezkerreko oinetakoaren sakonean gordetzeko, artilezko poltsaren antzeko kolore aniztun galtzerdi baten babesean. Bularretakoa eta kuleroak kenduta, biluzik, jantzi guztiak euritakoaren barruan babestu zituen.

        Bere parean zutik zegoen Marc ordurako.

        Emakumearen bular ederrak eta hankarteko bilo horiari baino jaramonik egiten ez zionaren begietan kateatuta zuen begirada. Zer gertatzen ari zen pentsatzeko ahaleginak eta bi egiten ari zen arren, ez zen gai erabakirik hartzeko. Aurrera jarraitu behar al zuen emakumeak egin zezakeenari jaramonik egin gabe edo buru-hiltze saio baten antza hartzen ari zitzaion hori ekiditen saiatu behar zuen? Bere baldintzetan horrelako egoera batean korapilatzea ez litzateke batere egokia, ezin zuen ez lekuko ez salbatzaile izan, baina are gutxiago, pentsatu zuen, arriskuan dagoenari laguntza ukatu izanaren errudun.

        Ezker-eskuin begiratu zuen. Ezin jakin laguntza bila, gerta zitekeenaren aurrean izango zuen jokabidearen lekukorik ote zegoen ikusteko edo emakumearen biluztasuna bera bezalako beste voyeurren baten bazka ote zen jakiteko.

        Bitartean, inguruan zuenari soraio, itsasbazterrerantz abiatu zen emakumea. Ez zirudien hotzik zuenik, haizeak euri oso freskoa zerabilen arren.

        Itsaso zakarrak olatu gaiztoak bazter-bazterrean jaio eta ber-bertan brastako gogor batez hiltzen zituen, hondar zurrunbilo artean.

        Bat-batean gelditu egin zen emakumea, Marcen presentziarekin orduantxe ohartuta-edo.

        Irribarre goxoa egin zion gizonari eta, eskuarekin keinu eginez, bertakoen hizkuntzan, «Hator!», gonbidatu zuen.

        Hor zeuden biak, ortzi berunezkoaren pean itsaso ilun farfaildunaren aurrean, bolizko emakume biluzia bilo horiak haizearen jostailu, harea arrea, portutik ontzi erraldoi bat irteten eta urrunean petrolio-ontzi nanoa, eta bera, gizon arrotza.

        Emakumearenaren ondoan egin zuen Marcek bere arropekin muinoa, erabaki irmoa hartzeak ematen duen patxadaz eta etorkizun ezezagunari aurre egiten dionaren artegatasunez, bere kautan pistola gabe ibiltzeko aholkuari jarraitzea eskertuz. Hondartza hartaraino eraman zuen zeregina erabat ahantzirik.

        Eskutik helduta, korrika txikian abiatu ziren biak bazterreraino, olatu bortitzen artean egin zuten must.

        Itsasoaren zafraldiek eskuak askatzera behartu zituen behin eta berriro, eta aldi bakoitzean irri eta oihu artean temati bilatu eta lotu zituzten.

        Noiztik ez zuen Marcek halako askatasunez barre eta garrasi egin!

        Gorputza hondarrez zikinduta atera ziren uretatik.

        Arropak utzi lekuraino iritsi zirenerako gorputzak lehortu zizkien haizeak. Bere zakil-koskabiloen tamainaz lotsatuta erantzi zituen baino azkarrago jantzi zituen galtzontziloak Marcek, emakumearen irribarreari erreparatu gabe.

        — Elizabeth naiz.

        — Marc.

        — Nongoa zara, Marc?

        — Euskalduna naiz.

        Marcen ohe aurrean eranztean astindu zituzten gorputzera itsatsitako hondar-ale lehortuak. Elkarren larruazalaren gatza miazkatu zuten eta betidanik elkar ezagutu izan balute bezala egin zuten larrutan. Marcen zakila Elizabethen aluan desegin zen une hartatik aurrera jakin zuten ezinezkoa egingo zitzaiela elkarrengandik bereiz bizitzea.

 

 

3

 

Lotura-hitzorduaren eguna iritsi bezperan Marcek ez zuen agindutako zeregin bakar bat ere burutua.

        Elizabeth eta biak elkarrekin bizi ziren. «Irakasle frantsesaren neska-laguna» zen batzuentzat, «Idazle frantsesaren neska-laguna» beste batzuentzat.

        Itsaskiak, ostrak eta izkirak, eta ardo zuri gozo bat edan zuten sarrera gisa. Arkumea erre zuten labean, saltegi handi batean aurkitutako Errioxako ardo batez lagunduta jan zutena. Txokolatezko pastela. Kafea. Xanpaina ere bai, topa egiteko.

        Dantza egin zuten Tom Waitsekin eta Wim Mertensekin.

        Txirria erre eta larrutan egin ostean, biharamunean lotura-kideari zer arraio esan behar zion pentsatzen egon zen Marc. Arau guztiak popatik hartzera bidaltzeaz gain —Elizabethi bere benetako izena eta zertara joana zen hiri hartara ere esana zizkion ordurako—, ez zuen agindutakoa bete.

        Bere kontzientzia garun-lainoetan desagertu aurretik, egia osoa aitortuko ziela deliberatu zuen. Baita ere Elizabeth eta biek erabakita zutela haurdun geratuz gero, eta gerta ez zedin inolako neurririk hartzen ez zutenez gertatzeko aukera bazegoen, haurra gordeko zutela. Ez zien esango, Elizabethi ere ez zion esan, jadanik zer izen jarriko zion hausnartzen hasia zela.

        Kopetan eta betazaletan musu eman zion bere alboan lo sakonean zegoen emakume maiteari, berak ere begiak itxi aurretik.

        Marcek gelako txoko batean zuen antolatua idazteko txokoa.

        Olivettian orri bat. Ondoan, whiskiz hustutako edalontzia, hautsontzia zigarrokinez gainezka eta orri mordo bat, txukun-txukun.

        Goizaldeko lehen orduetan danbateko batez ireki zen apartamentuko atea. Burua higitzerako mozorrodun baten arma luzeak destatzen zion kopeta. Ahuspez, sudurra zurezko zoruaren kontra buruan jarri zioten botatzarraz zanpatuta, eskuburdinak jartzen zizkioten bitartean, Elizabethen amorru oihuak entzun zituen. Zeharka begiratzeko indar eginda, poliziaburua bere idazmahaira hurbiltzen ikusi zuen.

        Kalekoz jantzita besoko laranja argi bat zeraman berrogeitaka urteko gizon segailak eskulatexak jantzi eta idazmakinan sartuta zegoen orria atera zuen. Paragrafo gutxi batzuek baino ez zuten betetzen orriaren goialdea eta ondoren letra larriz «AMAIERA» eta data: «A.n 1991ko urtarrilaren 20an». «315» zenbakia zuen orriak behe eta erdialdean kokatuta.

        Artean, Polizia zientifikokoak hasiak ziren hautsontzia eta bere edukia poltsatxo berezietan bildu eta etiketatzen, poltsa etiketadun bereizietan sartutako apartamentuko beste hainbat arropa, aldizkari, liburu eta musika-kaseterekin batera ikertzeko.

        Polizia bat sukaldeko egutegi handira hurbildu zen eta egun horri zegokion laukitxoan idazkunak zeudela ikusita, oraindik idazmakinaren alboan zegoen poliziaburuari deitu zion, urduritasun eta garaipen nahasketa ahotsean.

        Kideak erakutsi nahi ziona ikustera abiatu aurretik eskuetan hartu zuen orri-mordoa operatiboko buruak. Muturra okertuz eta mihia hortzen kontra igurtziz zailtasunez irakurri zuen hizki larriz idatzita zegoen izenburua: «ATZERRI».

 

Atzerrian, 2012ko abuztuaren 3an

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eskerrak liburu honen osaketan aldez edo moldez lagundu didatenei, bereziki:

 

Josebari,

Josuri, Enekori, Iñakiri, Xabierri, Joxemiri

Ruperri, Imanoli,

Faustini, Joxe Ramoni,

Rafa eta Maite gurasoei,

Juanrari, Bixeni, Gemari, Iñakiri, Josuri, Imanoli, Josuri, Gemari, Imanoli, Juankarri,

Anari, Elenari,

Piarresi,

Pablori,

Iñakiri, Inmari, Nikori, Joni, Luis Armandori, Maiteri, Jokini, Maitaneri,

errefuxiatuen batzordekoei,

Joxeri, Txabiri, Tenteri, Mariani, Hintxori, Aitorri,

errefuxiatuen laguntza batzordekoei,

Mireilleri, Odileri, Brunori,

Joanari,

Xanpierri, Karmelori,

Ane, Leire eta Haritz anai-arrebei,

Sylvieri,

Fermini,

Heleni, Rose-Marieri,

Saint-Sulpiceko Tabac-eko zerbitzariei,

Marie-Luceri,

Surcouf eta Kortatu katuen jabeei

Sylvieri,

Iñakitxori, Joxemariri, Virginiari, Bixenteri, Ramontxori, Lourdesi

Peterri, Ismaili, Pauli, Raymondi, Ibani, Jeani, Jokini, Louis-Ferdinandi, Koldori,

Kortaturi, Berurier Noiri, Ludwig von 88ri, Bobi, Leonardi, Willieri, Pixiesi, Igorri, Anariri, Obrint Pasi

Lyon-Corbaseko euskal preso politikoei,

Jean-Marci eta Thyderi

Urkori,

Josebari,

Cleori, Ambreri,

Micheli

atzoko eta gaurko euskal gudariei,

izenez gogoratu ez arren bihotzean ditudanei,

izenez gogoratu arren ezin aipa ditzakedan bihotzean ditudanei,

berriro Josuri eta Xabierri,

Iratiri, Mikeli, Iñigori, Gorkari,

Maixoli, Peruri

eta

isiltasunari.