Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

David

 

 

Berriro ihesi. Oraingoan gutxi behar izan du dagoeneko ia bi hamarkada irauten duen bidaiaren terminusera iristeko. Oraingoan ere —noiz arte horrela?— lagunartean harro goraipatzen duen bere seigarren zentzumenak larrialdi-deia garaiz helarazi dio. Ez zegoen oker, ez. Bere zoritxarrerako ordea. Gero eta tresneria sofistikatuagoa ari dira erabiltzen bera ehizatzeko, eta luza gabe sarean harrapatuko dutela gaztigatu dio seigarren zentzumen horrek berak.

        Ez du dudarik egiten, zerbitzu sekretuetako morroiak ziren oraingoan. Atxilotuta zegokeen bestela. Eta ez zuten bera hiltzeko agindurik. Ez diote tiro egin; ez dute kamioi baten bidera edo metroaren errailetara bultzatu; edo pozoitu, xiringa batekin, teari gehitutako edaberen batekin, errusiarrek beren espia ohi bat kalitzeko Londonen egin berri duten bezala.

        Hori du ihesaldi berri honetako lasaigarri bakarra. Oraindik ez dute bere aurkako atzeraezinezko erabakirik hartu estatuko estolderia kudeatzen duten mandatariek.

        Izaera baikorrekoa izan da betidanik David. Ezaugarri horregatik gaitzitzen zaizkio kide batzuk, bere baikortasunari gehiegizko iritzita. Davidentzat ordea, bizirauteko ura eta airea bezain beharrezkoa da etorkizuna ikuspegi alaiez ikusteko aitzakia emango dion argudioren bat aurkitzea eta epelean gordetzea.

        Horrek ez du baina bere burua engainatzera eramaten. Bere gorputzak aurrera egiteko behar duen ezantza da ataka bakoitzaren aurrean bere gertaerak bere alde izango dituela sinestea.

        Orain ordea, apartamentua azken aldiz ikuskatzen ari denean, bere hustasunean nahi baino arrasto gehiago utziko dizkiola etsaiari jakinaren gainean, badaki ozeano gaizto baten ur azalean mantentzen den naufrago-baltsa hondoratzen hasia dela honezkero: bizirik dago bizirik nahi dutelako.

        Zergatik eta zertarako ordea?

        Atzerriko herrialde batean «Polizia espainiarrak emandako informazioari esker» atxilotuz gero, ez dute bera torturatzeko aukerarik izango. Ehizaki gisa erakutsi nahi al dute? Estatuaren botere ahalguztidunaren erakusgarri, propaganda merkearen bidez bere bizitzari buruzko gezurrak haizatuz indar iraultzaileen borroka-grina inarrosteko?

        Ez ote ditu ehiztari barrandariak harrapatu bera bahitzeko argi berdea jaso aurretik?

        Ez du hipotesi horri eta ondoren letorkiokeenari buruz hausnarrean segundo bakar bat ere eman nahi. Ez dio utziko izu-laborriari bere gogoan arrakala txikiena ere egiten. Zentzumen guztiak erne behar ditu, eman behar dituen urratsetan kontzentratu behar du. Giharrak tenk eta inguruan gertatzen denaren gaineko arreta oso-osoa beretu. Borrokan engaiatu zenetik beti atezuan bizi izan bada, bere bizitzaren mugarri izan daitezkeen une larriotan are gardenago behar du burua.

        Berrogeietan aurrera doa David, gizon zaildua da, nahiz eta gazteago ematen duen. Gazte zenean maite ez bazuen ere, urteak aurrera, atseginez hartzen ditu bere benetako adina jakiten dutenen harridurazko iruzkinak, berak laudoriozkotzat hartzen dituenak. Orain gainera, urdintzen hasiak zaizkion ileak tindatuta, bospasei urte gazteago ematen du, paper faltsu berrietako gizonaren adinarekin bat eginez bidenabar. Banku bateko enplegatuen janzki dotoreak jantzita dabil, zapata beltz distiratsuekin, hiriko masan oharkabean ibiltzeko mozorro aproposena delakoan. Graduaziorik gabeko betaurrekoak ere badarabiltza, bere eitea gehiago aldatzearren. Arratseko orduotan, bulegoan berandutu den enplegatu presatua dela pentsa lezake berarekin topo egingo lukeen oinezkoak, edo garçonnierean maitalearekin larrua jo ostean etxera bidean emazteari esango dion gezurra asmatzen doan bulegari kezkatua. Kalearen itzalez itzal dabil, azken euri jasak utzitako putzuei jaramon egin gabe, bere mozorroak ezinbesteko duen larru imitaziozko maletatxo merkea besterik ez darama aldean.

        Beragana nola iritsi diren argitu beharreko kontua du. Poliziak argazkiak atera ahal izan zizkion azken alditik denbora asko pasatu dela esaten dio bere buruari. Ezinezkotzat dauka inork bera halabeharrez kalean identifikatu izana. Orduan gazte argal zena orain gizon sendo bihurtu da, sabelaldea pixka bat hanpatua du eta masailak beteak. Hobe du beste nonbait bilatu zakurrak beraganaino ekarri dituen isurbidearen iturria. Juanmigel mesfidati horrek baietz aurkitu haria!, bururatu zaio.

        Aurrerago izango dute dena aztertzeko parada, baldin eta segadari ihes egiten badio. Hori da orain garrantzia duen bakarra. «Metodikoa izan hadi, David» aholkatzen zion behin eta berriro Juanmigelek, «unea iristen denean ez duk hausnarketa askotarako beta izango, aurrez ikasi eta erabakitakoak egin beharko dituk. Ondo aurreikusi baduk guztia, onik aterako haiz; aurre-hausnarketan alferra edo utzia izan bahaiz, lau hormaren artean egingo duk autokritika».

        Erretako babeslekutik kale-kantoian aparkatutako autoko zaindarien oharkabean irtetea lortu du. Gauza gehien-gehienak apartamentuan uztearen ordainetan.

        Hutsetik berregin beharko du bere bizitza. Ezinbestekoak baizik ez daramatza alboan, 32 gigako USB giltza ahoan, hortzekin txikitu eta irensteko prest, garai bateko iraultzaileek eta Sri Lankako tigreek zeramaten zianuro flaskotxoa bailitzan. Paper faltsu jokoak, dirua eta pistola, 9 mm-tako Browning bat.

        Ordularia begiratu du. Kalean aurrera doa, inguruan litekeen bigarren zirkuluko zelatatze-talderen baten zantzuei adi.

        Ordu pare baten buruan azidoak erabat janda egongo dira eramaterik izan ez dituen gauza konprometituak. Hatz-markarik ere ez dute aurkituko. DNAri dagokionez ordea zalantza gehiago du. Izara eta arropetan berea baino aurkituko ez dutela ziurta badezake ere, buruz ari da kalkulatzen duela zenbat denbora izan zen azken kidea berean ostatu hartuta. Urduritasuna uxatzeko, hark alde egin eta gero apartamentua nola garbitu zuen berrikusten hasi da, uki zezakeen altzari edo zokoren bat ahantzi ote zuen buruz ikuskatzen.

        Ordurako kokatuta izango ote zuten? Hala bada, kide horren argazkiak ere izango dituzte eta ustezko organigraman hutsune bat gutxiago.

        Hiritik irteteko planari jarraituko zaio, inprobisatu gabe. Autobus geltokia ez da oraino zainduta egongo, baina alde egin duela ohartu bezain pronto xehe-xehe aztertuko dituzte hiritik irteteko modu guztiak.

        Ez du zalantzarik zaintze-kamerei esker kokatuko dutela eta horrela jakingo dutela zein hiritarako autobusa hartu duen. Zelatariek alarma eman aitzin jaitsi beharko du autobusetik. Erosiko duen txartela amarrua besterik ez da izango. Bere arrastoari jarraitzeko modurik izango ez duten geltokian jaitsiko da larrialdi planean aurreikusi bezala. Atzean dabilzkion bizkarroiek hori eta hainbeste badakite. Gain-gainean dituen zakur errabiatuak berriro ere kale-zulo batera eramango dituela ziurtatu behar du, zalantza txikienik gabe «garbi» atera behar du.

        Hala esango dio segurtasun hitzorduko kideari, «Nik behintzat ez ditinat atzetik ekarri». Emakumezkoa izango dela pentsatzeko ohitura ekidin ezin hori, Juanmigelek txarretsiko liokeena, ez du ulertzen zergatik. Berak bederen ez du ezkutatzen neskak maite dituela. Eta Michellerekin hautsi zuenetik nabari duen gabezia ez da txantxetakoa.

        Autobus gidariak, bidaiariek eta jaisten ikus lezaketen balizko begiluze eta collaboen argibide guztiak alferrikakoak izango zaizkiela espero du. Zalantza-elementu bakarra du, ihes plana prestatu zuenetik igaro den denbora: ez ahal zituzten aldatuko autobus ordutegiak eta ibilbideak!

        Lakioa ixten ari da bere inguruan. Badaki.

        Bere jatorria salatzen ez duen frantses dotorean A.rako txartela eskatu dionean leihatilako enplegatuari, ezin izan du baztertu irudipen goibela, ez ote den hau segada ekiditea lortu duen azken aldia.

        Segurtasun deia gelditzen zaio aurrera ateratzeko. Gainean inor ez duela ziurtatu bezain pronto telefono kabina bat aurkitu behar du Bernardekin kontaktua hartzeko. Beraganaino iristeko haria non harrapatu duten hausnartu behar du. Juanmigelen metodoa erabiliko du, aukera guztiak xehe-xehe egonarri handiz aztertuz, etsi gabe, temati.