Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

17

AINGERU

 

 

Lore sorta txikia erosi du, bizitzan lehenengo aldiz galdetu behar izan baitu salneurria produktua erosi aurretik. Lasai egoteko errepikatzen dio egunero bere buruari, beti asmatu izan duela nola edo hala moldatzen. Ospitaleko atean, ordea, makuluekin dabilen agure bat ia aurretik eraman du (orkatilako lesioarekin erabili dituen makuluen markakoak iruditu zaizkio Aingeruri). Aurrera jarraitu aurretik, ezkaratzaren erdian gelditu da, harik eta burua ideiez hustu zaion arte. Arnasa sakon, oso sakon hartu du, eta eskaileretan gora abiatu da. Korridorearen amaieran aurkitu du Iñaki, erdi-erdian zutik, inguruko guztiaren jabe balitz bezala. Anaia du Iñaki, baina Aingeru Chicagotik itzuli denetik ez dute elkar ikusi. Beraz, hilabeteak daramatza harekin egon gabe, telefonoz hitz egin gabe, mezurik bidali gabe.

        — Zer moduz dago aita?

        — Hobetzen ari dela esan digu medikuak.

        Hasperen luzea atera zaio Aingeruri, baina berehala konturatu da Iñaki begira duela, betiko talaiatik, eta gorroto du hori. Isiltasuna hautsi nahian hasi da Iñakiri galdezka, medikuak eman dizkien xehetasunei buruz lehenik eta amari buruz gero. Aingeruk aitaren gelara egin duenean, Iñakik kafetegira joatea proposatu dio, nahiago lukeela biak aitarekin hitz egitera sartu aurretik Aingerurekin zenbait kontu argitzea. Eskaileretan behera doazela, Aingeruk nabari du bi koska atzerago anaia bere pauso oraindik erdi-herrena behatzen, gorputzean pilatu zaizkion kiloen kopurua asmatzen. Kafetegian, Aingeruk ebakia eta anaiak hutsa eskatu dute. Iñakik itzulingururik gabe ekin dio:

        — Aitaren zeregin gehienak nire gain hartzen hasi naiz.

        — Anaitasuna S.A.n?

        — Beste guztiaz arduratzeko ez dut astirik izan.

        — Denbora gehiago beharko duzu. Eta zer gertatuko da Pasaiako... nola zen enpresaren izena?

        — Izendatu dut nire ordezkoa.

        — Dena martxan dago beraz.

        — Zer iruditzen zaizu egoera horrela bideratzea?

        — Ez dakit zer erantzun.

        Iñakik baietz egin du buruaz. Harritu egin da Aingeru. Elkar ikusi gabe hainbeste denbora pasa ondoren, hain urrun eta ezezagun sentitzen duen anaiarengandik jarrera erasokorra espero zuen, are gehiago aitak hondartza ondoko pisutik joateko eskatu zionetik, aitak anaiari egoeraren berri eman ziola ziurtzat jotzen baitzuen Aingeruk. Aitzitik, bare dago Iñakiren aldartea. Garai batean izan zuen anaia dirudi. Akaso amak azalduko zion egoera.

        — Donostian geldituko zara? —galdetu dio Iñakik.

        — Oraindik ez dut ezer erabaki.

        — Aita ondo jartzen den arte, ez arduratu horretaz.

        — Sendatuko da?

        — Ez dakit.

        Jaiki egin dira. Kafetegitik irtetear daudela, Iñakik anaiaren sorbaldara eraman du eskua, eta estutu egin dio.

        — Aingeru Tolosa jauna, pozten naiz zu berriro ikusteaz.

        — Iñaki Tolosa jauna, gizakia baino hartza dirudizu.

        — Halakoxea da nire indarra, bai —esan dio Iñakik.

        — Ilearengatik esaten nizun.

 

 

Arrunta zirudien eguna oroitzeko modukoa bihurtu da Aingerurentzat. Orkatilarako errehabilitazio terapiara joan da lehenik. Medikuak esan dio, agindutakoa betetzen badu, ondo sendatuko zaiola. Azken asteetan hori egin ahal izateko kemena baino ez du izan. Gainontzean, sofan etzanda egon da, telebistaren argitxoek hipnotizatuta, txokolatea jaten. Ideia sinpleak eta ezabaezinak dabilzkio buruan, funtsean bi: batetik, inork ez du ezer oparitzen eta, bestetik, bakarrik nago munduan; eta honen eratorria: inork ez dit lagunduko. Eszenatoki aproposa dauka langintza honetarako: Amarako pisu desolatu batean ematen du eguna, hutsik dagoen sala handi batean, sofan botata, begiak telebistan. Eta, hala ere, errehabilitazio saiora joateko indarra bildu du gaur.

        Klinikatik irten denean, Nora du zain. Agurrik ez, galderak soilik.

        — Zer egiten du Josuk zure hondartza alboko pisuan?

        — Nire pisuan? Nor da Josu hori?

        Norak bultzaka bota du Aingeru paretaren kontra eta lepotik heldu dio.

        — Ez dakizu zer nazka ematen didazun.

        Aingeruk bultzada batekin urrundu du Nora.

        — Erotu egin al gara?

        Nora buelta erdia hartu eta klinikako aparkalekura abiatu da. Aingeru dudatan gelditu da hasieran, baina jakin-minak gaina hartu dio. Pauso herrenarekin, kostata harrapatu du Nora, kotxera sartzear dagoela.

        — Kontaidazu nor den Josu hori.

        — Sinetsarazi nahi didazu ez dakizula nor bizi den orain pisu horretan?

        — Arrastorik ere ez. Ni Amaran bizi naiz, aurrekoan elkartu ginen pisu hartan. Hondartza albokoa aitarena da. Berari galdetu behar zenioke.

        — Zuen aitak ezagutuko du Josu. Bulegoetan egiten du lan. Amiantoaren erruz hil denetako baten semea da.

        Izen hori, Josu, ez zaio ezezaguna iruditu Aingeruri, nahiz eta ezin duen gogoratu noiz edo non entzun duen. Baina, halako batean, txinparta; itxuraz zerikusirik ez duten ideiak txirikordatu egin dira, eta espero ez zuen zerbaitez konturatu da. Lasaitasun uhin batek zeharkatu du Aingeruren gorputz osoa. Irribarrea irten zaio, kontrolik gabe.

        — Burla egin behar al didazu? —galdetu dio Norak sututa.

        — Kontrakoa, Nora. Azkenaldian ez naiz inorekin fidatu eta orain argi ikusten dut zeinen inozoa izan naizen. Uste baino errazagoa da dena.

        Arin sentitzen da Aingeru. Aitak egia esan zidan, pentsatu du. Bat-bateko pozak gainezka egin dio.

        — Zer esan nahi du honek, Aingeru, amiantoarekin benetan lagundu behar didazula?

        — Ezin dut, Nora.

        Etxeranzko bidea hartu du azkenean. Herrena ere desagertu zaiola dirudi.

 

 

Arraroak izan dira azken bi asteak. Aingeru bere irudimenean adiskidetu egin da aitarekin, orain ziur dakielako aitak hondartza ondoko pisutik joateko eskatu zionean, ez zuela bere borondatez egin, Josu izeneko horrek behartuta baizik; eta horrexegatik Aingeruk zalantzarik gabe erabaki du Amarako pisua uztea. Maleta pare bat kaleko atearen alboan daude, telebista kartoizko kaxa batean, sofa plastikoan bilduta. Aingeruren aitak erosi zuenetik hutsik egon den Amarako pisua, Aingeruren egonaldi laburraren ondoren, berriro paretak biluztuta geldituko da, han inor inoiz bizi izan ez balitz bezala. Aingeruri jadanik ez dio espazio huts horrek desolazio sentsaziorik eragiten, espektatibak beste norabait bideratu baititu: badaki adiskidetu bezain azkar aitak Amarako pisua baino erakargarriagoa den zerbait eskainiko liokeela. Baina, bestetik, bake egoera hori Aingeruren buruan bakarrik existitzen da, Aingeruk inori ez baitio ezer kontatu. Eta, gainera, aitak ospitalean jarraitzen du. Ez dago argi zer gertatuko zaion.

        Poza eta lotsa sentitzen ditu Aingeruk aldi berean. Aita berreskuratu duela pentsatzen du, hori Aingeruk berak bakarrik dakien arren, eta lasai dago alde horretatik, baina badaki gertatu den guztia nola ikusten duen azaldu behar diola aitari, eta horrek ondoeza eragiten dio. Ospitaleko bisitetan itxura mantentzearekin nahikoa dauka momentuz. Jabetzen da beste nolabait esan beharko diola aitari pozik dagoela berarekin, harro dagoela beraien arteko harremanaz.

        Antso Jakituna hiribideko lokutoriora joan da. Saiakera egingo du hirugarren egunez. Aitari mezu bat idatzi nahi dio helbide elektronikora, tontakeriarik esan gabe dena argitzeko, baina inoiz ez da hitzekin trebea izan. Mezua zer tonurekin hasi behar lukeen ere ezin asmaturik dabil. Ordubete pasatu denean, sakelako telefonoaren bitartez idaztea hobetsi du, mezua laburragoa izan dadin. Poltsikoak aztertu ondoren, ez daki telefonoa non utzi duen. Korrika txikian joan da Amarako pisura. Larritu egin da, etxetik kanpora igaro duen denbora honetan guztian dei garrantzitsuren bat jaso zezakeela uste duelako. Ospitaletik ere iritsi zitezkeen albisteak.

        Etxera sartu denean, pisu osoan bilatu du sakelako telefonoa. Alferrik, ordea. Han logela hutsak besterik ez daude. Maletak ireki behar izan ditu, arropa berriro nahas-mahasean utzi, eta azkenean aurkitu du telefonoa, galtza batzuen patrikan sartuta. Hamahiru dei galdu dauzka, amarenak denak. Berehala deitu dio, baina komunikatzen ari da. Anaiari deitu eta lehenengoan hartu dio: aitari alta emango diote hurrengo egunetan, osatzen ari dela berresten baitute frogen emaitzek.

 

 

Haizea dabilen leku batera joan da. Aingeruren asmo bakarra aitak aldaketa argi ikustea da. Aurretik bakarka frogatzen aritu da, lehenik etxean eta gero haizelekuetan, batik bat itsasoaren inguruan. Hainbat egunez zorro batean ezkutatuta eraman du ispilu txiki bat, inor ez dagoenean atera eta zer gertatzen den behatu ahal izateko. Aingeruk gidatu du aitaren kotxe beltz distiratsu erraldoia, aita alboan duela. Egunetik egunera suspertzen ari dela nabari zaio, nahiz eta oraindik zurbil eta pattal dirudien.

        Igeldoko jolas parke zaharrera iritsi dira. Igandea den arren, ia hutsik dago. Iraganeko eszenatoki bat dirudi. Aingeruk zuzenean eraman du aita aurrez pentsatua zeukan lekura. Balkoi itxurakoa da eta bertatik Kontxako badia ikusten da. Abenduko egun hotza da. Bortitz jotzen du haizeak. Aingeruk erantzi egin du txanoa. Aitari desafio eginez begiratu dio.

        — Arrazoia zenuen, Aingeru. Ederki utzi dizute.

        Badaki bere buruaren gainaldeak jadanik ez duela pinudi landatu berriaren antzik, haizeak astindu bakoitzarekin agerian uzten duen ile kalpar oparoa dela orain.

        Igande goizeko txangoa Aingeruk nahi duen bezala amaituko da eta pozarren egingo du bueltako bidea. Mirakruz Gaineko jatetxe batean dute bazkaltzeko hitzordua amarekin eta anaiarekin, dena ondo doakiela ospatzeko.

        Eguna perfektua izan dadin, arratsaldean familiari gero arte esan eta bakarkako plana programatu du: itsasora sartuko da berriro, olatuen dantzan ibiltzera. Biharko lasai egon behar du, lanari ekingo baitio Laguniker enpresan. Iñaki, anaia, lehengo zereginetara itzuli aurretik ondo moldatuko da bera bakarrik Anaitasuna S.A.rekikoak egiten. Aingeruk nahiago du berehala hasi egunen batean zuzenduko duen enpresa ezagutzen.

        Kotxearen maletategian darama neoprenozko jantzi berria. Atzo erosi zuen. Ezingo du sartu beti erabili izan duen tamainakoan, harik eta gerribuelta bere onera etortzen zaion arte. Sasoia azkar lortzea espero du. Hurrengo erronka handia txokolatea uztea izango da.