Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—16—
Nora

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

10

AINGERU

 

 

Hegazkinaren astindu txiki batekin esnatu da, kotoizko hodei lautadaren gainetik, mundu guztiak gaizki lo egin duela dirudien egun horietako batean, begiak ireki ezinik, jendeari begiratu eta sonanbulu samaldak ikusten direnean, sonanbuluak autopistan, sonanbuluak aireportuan eta hegazkinean, baina Aingeru ez da horietako bat sentitzen. Iratzarri ahala, ia ez dauka ajearen arrastorik, eta, gainera, haren hondarrak Chicagoko azken parrandaren oroitzapen gozoekin korapilatuta daude. Lasai dago, munduarekin konforme. Are, ez du kezkatzen Donostiara presaka itzuli beharrak, zergatik eta gauerdiko telefono dei batean mesedez eta larritasunez eskatu diotelako. Moldatuko da, beti egin duen bezala, ez du zalantzarik. Loaren lainotik irteten ari den bitartean, eroso dago oroz gain. Ikasia du bere trebeziak miresten, edozein bazterretan lo hartzeko gaitasuna adibidez, inguruan edonor egonik ere, beharrezkoa den uneetan bere baitan ixteko, atseden hartzeko, esnatu ondoren indarberrituta bueltatzeko. Bidaia luze hau aproposa izaten ari da presarik gabeko kuluxkentzat.

        Hegazkina erortzen hasi aurreko orduetan ez du inguruan eserita dagoen inorekin ia hitzik trukatu. Korridorearen beste aldean dauden bi emakume beren seme-alaben diru kontuei buruz ari dira. Aingeruri inoiz ez zaizkio interesatu horrelako gaiak. Hegazkinaren motorrari adi dago, hots monotono sarkor horri. Leihatilatik kanpora hodei zurien izara ikus dezake. Une hau ia ametsezkoa litzateke, baldin eta Aingeruren eta leihatilaren artean gizon erraldoi bat ez balego, errazagoa dena bazterretik inguratzea baino gainetik jauzi egitea, gizona bere eserlekuan gainezka. Hain da handia ezen Aingeruk ezin baitu ikusi gizonaren eta leihatilaren arteko eserlekuan dagoen umea. Aita-semeak dirudite. Aingeruk umetan bezala, mutikoak lo hartu du aireratzerako, eta orduan aitak irribarre triste batekin ingelesez esan du «Orain hamar ordu izerditan» frantses azentu nabarmenez, Aingeruri zeharka begira.

        Leihatilaren beste aldean zerua ezkutatzean hasi dira astinaldi bortitzenak. Pilotuak ahots aspertuz jakinarazi die bidaiariei hamabost minutu barru lur hartuko dutela Charles de Gaulle aireportuan eta ez kezkatzeko aire poltsengatik. Alboko gizonak erreka baten antza du dagoeneko. Aingeru oso lasai dago, ordea, aurki surfeatuko dituen olatuetan pentsatzen, Groseko hondartzan berriro.

        Une labur bat besterik ez da izan amildegian behera. Ezustean harrapatu du. Bidaiari guztiak esnatu egin dira bat-batean, ez dago sonanbulurik, oihu ozen erdiragarriak baino ez, aldizkariak hegan. Aingeruk ezin izan du une honetarako ideia bakar bat ere berreskuratu, ez lasaigarria, ez beldurgarria, ez ezer. Hutsik gelditu da. Ondoko gizon lodiak lehenik semeari heldu dio eskutik eta berehala Aingeruri begira gelditu da. Sorbaldan jarri dio esku izerditua. Horrek hunkitu du Aingeru gehien, ezezagun bat berarekin horrela arduratzea. Istant batez izan da: korridore aldean azafata ikusi du Aingeruk, eskuineko eskua eserlekuari helduta eta hankak gerriaren gainetik hegan, baina aurpegian asperdura, ordu gehiegi lanean daramatzanarena bezalakoxea, eta orduantxe itzuli da dena bere onera. Orroak kolpez desagertu dira, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzeko, eta bidaiariek berriro ekin diote egunerokotasunaren antzezpenari. Alboko gizonak, aldiz, hasperen luzea egin du. Mutikoa esnatzen hasia da. Hodeiak bakantzen ari dira. Parisek maketa bat dirudi. Mutikoak leihatilaren kontra itsatsi du aurpegia. Aingeruk ezin du kanpoaldeko ezer ikusi. Lurrundu da lasaitasuna. Oso tarteka gertatzen zaio, bat-batean agertzen diren hutsuneak, depresio kolpeak dirudite, gehienetan ageriko arrazoirik gabe, eta Aingeruk horrelakoetan sumatzen du nola zabaltzen den arrakala bere bizitzan, porrot egin izan balu bezala, zertan jakin ez arren. Orain bi ideia dabilzkio buruan: batetik, New Yorkeko JFK aireportuan eskala egiten ari zen bitartean komunetan ispiluaren aurrean sentitu duen angustia izpi hori, ilea bakantzen ari zaiola ikuste hutsagatik, eta, bestetik, Miarritzeko aireportura bila nor etorriko zaion jakiteko irrika.

        Lur hartze lasaia izan da. Ez du asko itxaron behar izan Miarritzerako hegaldia hartzeko. Eta berehala iritsi da. Maleten zain dagoen bitartean berreskuratu du patxada. Jende askori idatzi dio noiz ailegatuko den jakinarazteko, erdi txantxetan erdi serio bertaratu daitezela iradokiz, ahal bada txaranga eta pankarta hartuta, eta San Juan bezpera denez, ospatu ere egin dezaketela. Ateen beste aldean, zain dagoen jendearen lehen lerroan, aita eta ama daude. Ederra izan da elkar besarkatzea eta bina muxu ematea.

        Ingurura begiratu eta ez du beste inor ikusi.

 

 

Logela inoiz baino handiagoa iruditu zaio. Ohea, munduko erosoena. Leihoaren beste aldean belardi txukun hesituak eta bakandutako luxuzko etxeak ageri dira. Kanpotik begiratuta, badirudi bizitoki bakoitzean egongo direla kotxe handiak, pedigreeko txakurrak eta markako arropaz jantzitako haurrak. Aingeruri lasaitasuna sentiarazten dio inguru honek. Ez du jet lag arrastorik.

        Aspaldi jantzi gabeko pijama soinean daramala irten da logelatik, gurasoak sukaldean edo egongelan topatuko dituelakoan, garai bateko larunbat goizeko errutinak errepikatuz, baina pasilloan erabateko isiltasuna dago. Gurasoak oraindik ohean egotea arraroa iruditu zaion arren, atzerrian bi urte eman dituela gogorarazi dio bere buruari eta ez dela harritzekoa gauzak aldatzea. Laranja zukuaren bila sukaldera abiatzear dela, hots ito bat entzun du gurasoen logelan, negarra agian, amarena. Gorputzari tira eginez iritsi da gurasoen logelako ate parera eta orduantxe isildu da hotsa. Sartzeko baimena eskatu du Aingeruk eta inork erantzun ez dionez, ireki egin du atea. Ohearen ertzean eserita topatu du ama.

        — Ondo al zaude?

        — Bai, lasai.

        Benetan itxura ona ikusi dio amari, baina galdetzera behartuta sentitu da:

        — Zer gertatzen da?

        — Zuen aitaren eta bion arteko kontuak.

        Aingeru zain gelditu da, nahiz eta ez duen gogorik gehiago entzuteko, eta amak ezer esaten ez duela baliatuz, joan egin da, modako aldizkari batetik ateratakoa dirudien sukaldera. Amak ez du denbora asko behar izan bertan agertzeko. Badator zaparrada, pentsatu du Aingeruk.

        — Zuen aitari galdetu behar zenioke non dagoen. Ez dut esango langilea izan ez denik, baina urteak dira larunbat goizean ez dela bulegora joaten.

        — Lagunen batekin egongo da kirola egiten.

        — Horixe uste dut nik ere. Zer lagun eta zer kirol esan behar. Ez dizut esango ondo iruditzen zaidanik, baina gaizki ere ez litzaidake irudituko, beti ere nik neure laguntxoarekin kirola egin nahi dudanean, eta disimuluz egiteko gai banaiz, berak sekulako liskarra sortuko ez balit, zeren, noski, zuk bai eta nik ez... hori ez da justua. Ni gustura ibiltzen naiz zuen aitarekin publikoki senar-emazte plantak egiten, eta zuen aitak ere ondo pasatzen du, benetan, ez da itxurakeria, gure erara maite dugu elkar, eta ni prest nago hala jarraitzeko, baina kafea denontzat, baita niretzat ere.

        — Ez dakit zer esan. Ez nekien ezer.

        Denbora nahikoa pasatu dela iruditu zaionean, laranja zukua eskuan duela irten da Aingeru logelara eta segituan hartu du sakelako telefonoa aitari deitzeko.

 

 

Hutsik dago etxea aspaldi, baina Aingeruk hainbat urtez erabili du bertako logela bat, tarteka gauren bat edo beste igarotzeko, konpainia onean maiz, eta gehienetan surferako materialaren biltokitzat. Aitak arazorik gabe utzi zion giltza. Gaur poliuretanozko taula luzeak azkenekoz utzi zuen bezalaxe jarraitzen du, paretaren aurka zutik, alde bateko azalera osoa parafinaz estalita. Leihoaren bestaldean Zurriolako hondartza eta itsasoa ikusten dira zeru lainotuaren azpian.

        Neoprenozko jantzian sartzen hasi da Aingeru, kostata, handitu zaion gerribueltak traba egiten baitio. Ispiluaren aurrera joan da korrika. Gorputz zurbil horrek tristura ematen dio; hanka iharrak, sorbalda estuak, haragia nondik eroriko den nabarmenegi Aingerurentzat, eta etorkizunaren abangoardian gerrialdeko txitxia. Neoprenoa goraino itxi du kolpez. Harritu egin da bere pentsamenduekin: zooan gehiegi jaten duen pinguino alferra dirudi ispiluko horrek. Txankletak jantzita abiatu da hondartzara. Kalea zapaldu orduko trafikoaren zaratak lagundu dio pinguinoaren ideia uxatzen.

        Itsaso barruranzko urratsak astiro egin ditu, nahiz eta ura jadanik ez dagoen hain hotza. Udan ohikoa ez den arren, olatu ederrak daude, hego haizeak itxuratzen ditu. Olatu-gunea alderik alde neopreno beltzez zipriztinduta dago. Aingeruk berehala hartu du lehenengoa, bere eskuinean zeuden beste bi surflariri lapurtuz. Berdin zaizkio aurpegi txarrak, eguna zoragarria da. Ordubete eman du uretan, zentrifugagailu erraldoi batean sartuta balego bezala, kezkak eta angustiak astintzen. Biziki maite du sentsazioa. Aldarterik makurrena ere garbitzen dio, beti irteten da biziberrituta. Eta azkenean, hondartza pareko etxera bueltan, amaitzen ez den dutxa beroa.

        Orain prest dago aitaren bulegora joateko.

 

 

Eguerdiko hamabiak jota iritsi da. Burua paper artetik altxa gabe agurtu du aitak.

        — Zertan ari zara gaur hemen? Larunbata da.

        — Zerbaitegatik eskatu nizun mesedez Donostiara itzultzeko. Aldaketa handiak datoz eta zure laguntza beharko dut horiei aurre egiteko. Nire osasuna ez da lehengoa. Badirudi oraingo honetan ez dela txantxa.

        Aingeruk patxadaz aditu du aitak xehe-xehe kontatu dion guztia. Beste garairen batean aitak horrelako zerbaitegatik Donostiara etorrarazi izan balu, liskar handia izango zuketen elkarren artean, baina Aingeruk gaur ez dauka horretarako asmorik. Gustatu ere egin zaio aita berriro kementsu ikustea.

        — Eskertzen dizut nitaz arduratzea, benetan. Seme nagusia nahi zenuen lekuan dago eta orain txikia kokatu nahi duzu. Ondo iruditzen zait zure aldetik, baina hori zure ametsa da, ez nirea.

        — Ez dut horregatik bakarrik egiten. Une kritikoan gaude eta lan hau inork ezingo luke egin zuk bezain ondo.

        — Nire esperientzia txikia da beste batzuenaren aldean.

        Aitak bekozko jaso ditu mahai gainean dauzkan paperak. Sermoiaren unea ailegatu dela jabetu da Aingeru.

        — Zuk zer uste duzu, enpresa hau bera bakarrik eraiki dela?

        Aingeruk badaki alferrik dela erantzutea. Eserlekuan eroso jartzen saiatu da. Aitak mahai gainean daukan bonboi kaxa bere aldera ekarri du eta bat bukatzerako hurrengoa hartzen ari da, harik eta kaxa hustu duen arte, artean aitaren erretolikak amaigabea dirudiela.

 

 

Presaka sartu da uretara, itsasgora baino lehenagoko olatuak hartzera. Ez da surferako egunik onena: jende gehiegi, olatu eskasak. Itxurosoa den zerbait datorren bakoitzean, putreak haragira bezala mugitzen dira likradun kamisetak eta neoprenozko jantzi beltzak ur-azalean. Estreinako ahaleginean, Aingeruk apar, taula, beso eta hanka zirimola batean bukatu du.

        — Nor zarela uste duzu? —galdetu dio surflari batek orroka —. Beste olatu bat lapurtzen badidazu, taula puta hori buruaren kontra txikituko dizut.

        Aingeruk ezentzunarena egin du. Gaur sentitzen duen desosegua baretzera etorri denez, olatuen gorabeherak besterik ez zaizkio interesatzen. Beste guztia, zarata.

 

 

Gorputz horren kontra goxo lo egin zuen makina bat bider eta orain ia arrotza iruditzen zaio. Mirador de Ulia jatetxea eszenatoki aproposa da Aingeruren asmoak gauzatzeko: giro lasaia, afari sofistikatua, goialdetik ikusten da hiria gaueko argiekin. Ane, ordea, ez da jokatzen ari Aingeruk espero zuen papera. Lagunak besterik ez balira bezala hitz egiten dio, baina Aingeru ez dago amore emateko prest.

        — Berriro saiatu behar genuke.

        — Zuk benetan uste duzu bi hitz politekin konpon dezakezula?

        Gogotik saiatu da Ane konbentzitzen. Iragan partekatuari buruz mintzatu da, elkarrekin gustura egoteko ezaugarri egokiak dauzkatela, akatsak zuzentzeko borondatea duela.

        — Zeri buruz ari zara? Zilborrari begira bizi izan zara beti. Noiz altxa behar duzu burua ingurura begiratzeko?

        Afalostea luzatzen ahalegindu da Aingeru, ekaitzaren ondoren barealdia etor zitekeelakoan, baina ez du zirrikiturik aurkitu eta inguruan afaltzen ari direnak baino lehenago altxatu dira mahaitik. Hain konpultsiboki jan du Aingeruk, ezen janariak gainezka egingo diola sentitzen duen. Kotxean sartu direnean, hondartza alboko pisura gonbidatu du Ane eta honek amorratuta begiratu dio, ia txistua aurpegira bota behar diola dirudi. Ane bere gurasoen etxeko portalean utzi ondoren abiatu da Gros aldera. Hondartza alboko pisuan lo egingo du. Bihar esango die gurasoei bertara joango dela bizitzera.

        Etxera sartu aurretik, itsasoa nola dagoen ikustera jaitsi da hondartzara. Ez dabil inor. Mina eta noraeza sentitzen ditu. Pentsa dezake azken enkontruagatik dela, Donostiara itzultzearen nostalgiagatik, gurasoekin sintonian ez dagoelako, lagunekin hitzordu bakar bat adostea zaila izaten ari delako edo, fisiologikoago jarrita, gehiegi jan duelako; baina funtsean ez du hori pentsatzen, uste baitu benetako arrazoia ez duela ezagutzen, inoiz ez duela jakingo, inork ez duela jakin nahi izaten. Itsasoaren ertzean arnasberritzeko giro aproposa dagoen arren, betekadak ondoeza eragin dio eta, ustekabean, botaka hasi da. Hobeto sentitzen da orain, arinago, garbiago. Sakelako telefonoa hartu du. Ez da berandu Chicagora deitzeko.

 

 

Norak ez dio telefonoa hartzen, ez du mezu bakar bat ere erantzun. Gaur, ordea, berriro saiatu da Aingeru. Inoiz ez da ezerekin egoskortu, baina Donostiara itzuli denetik sekula bizi izan ez duen egoeran dago: lanik ez, ikasketarik ez, eta eguna luze egiten zaio, gero eta ezinegon handiagoa sentitzen du, eta sosegu falta hori uxatzearren ekin dio azken egunetan telefonoz deitzeari, ahal duen jende guztiari, pixka batean berriketan aritzeko edo, aukera izanez gero, hitzordua adosteko, baina gaur egunetik begiratuta, historiaurrea dirudite lagunak elkarrekin alde batetik bestera ibiltzen ziren garaiak, eta urrun gelditu dira, baita ere, orain dela ez hainbeste urte adosten zituzten tartekako plan txiki haiek. Lana, umeak eta bestelako zereginak nagusitu dira eta, gainera, Aingeru berehala konturatu da bere egoera okerragoa dela, azkenaldian lagunei ez dielako garai bateko arreta eskaini, bestelako interesak zeuzkalako edo azken bi urteetan atzerrian ibili delako denbora gehienean. Horregatik ari da jo eta txiki telefonoz deitzen, sofan etzanda txokolatea eta galletak jaten, poltsako patata frijituak eta olibak, urdaiazpikoa eta gazta ogitartekoa. Azkenean lortu du zenbait lagunekin afaritxoa antolatzea gauerako, eta hurrengo asterako hitzordua Norarekin.

        Sekula baino estuago sartu da neoprenozko jantzian. Tripako mina itsasora sartu bezain azkar ahaztuko zaiola espero du. Eguraldi grisa ez da oztopo. Olatuak besterik ez ditu behar. Taula besapean kalera irten eta, berehala taberna baten beiraterian ikusi ahal izan duenez, haize zakarrak bafada pare batean nahastu dio ilea. Orrazkeraren ordena galdurik, oso nabarmenak dira soilguneak. Angustia moduko bat sentitu du eta atsekabetuta sartu da uretara. Itsu-itsuan hartu ditu aurreneko olatuak, egin dizkioten oihuei entzungor. Itsasoa da bere terapia. Ez du beste ezertan pentsatu nahi. Eta Aingeruk ez du denbora asko behar izan itsasoaren dantzan baretzen hasteko. Gero eta lasaiago hartzen ari da olatuak, ingurukoez arduratzeke, harik eta bizkarraldetik hurbildu zaion norbaitek lepotik heldu dion arte, zakar, ito nahian bezala, eta Aingeruk itsasoaren gorabeherak baliatuz kolpeka egin dio ihes.

        — Esan nizun ez berriro lapurtzeko niri olaturik.

        Aingeruk larri hartu du aparretan hautsita datorren olatua. Orroka jarraitzen duen beste surflaria hurrengo olatuan doa. Aingeru hondartzara iritsi denean, korrika hasi da, taula besapean hartuta. Besteak itsaso ertzean utzi du taula eta atzetik doakio lasterka, baina jazarpenak ez du askoz gehiago iraun, Aingeru hondartzatik irteteko eskaileretan irristatu eta erori egin delako. Orkatila dantzan, izarrak ikusi ditu.

        — Ez zenuen besterik merezi —esan dio surflariak.