Etxekalte
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2007, narrazioak
Etxekalte
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-37-9
aurkibidea

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

Erosi: 16,62
Ebook: 3,12

Aurkibidea

Lehen zatia

—1—
Josu

—2—
Herrera eta Etxebe

—3—
Nora

—4—
Josu

—5—
Etxebe eta Herrera

—6—
Nora

—7—
Josu

—8—
Etxebe eta Herrera

—9—
Nora

Bigarren zatia

—10—
Aingeru

—11—
Nora

—12—
Herrera eta Etxebe

—13—
Aingeru

—14—
Josu

—15—
Aingeru

—17—
Aingeru

—18—
Etxebe eta Herrera

—19—
Nora

—20—
Josu

 

 

16

NORA

 

 

Zurrumurruen bitartez jakin du Norak. Ez da ausartu zuzenean galdetzen. Dirudienez, sindikatu marroiko Anderrek dimisioa eman du, aurrerantzean ez da izango sindikatuaren ordezkaria enpresan. Sindikatukideekin izan dituen liskarren ondoren gertatu omen da. Esamesen arabera, eztabaidaren oinarrian dago enpresak amiantoagatik eskaini dituen kalte-ordainak onartzea edo epaitegien bidea jarraitzea. Baina Norari iritsi zaion esamesak ez du argitzen zein jarreraren alde dagoen Ander, eta, egia esan, Norak ez du jakin nahi.

        Gaitz batek bestea ekarriko balu bezala, aste honetan bertan ospitalera eraman dute Manuel. Beheraldia izan du, eta frogak egin nahi dizkiote. Norak ikusi zuen azkenekoan bazirudien Manuel ito egingo zela aulkitik altxatu eta komunera arteko bidean.

        Hau miseria, pentsatu du Norak. Josurekin hitz egiteko gogoa du. Egunak dira ikusi ere ez duela egin. Norak benetan espero du Josuk aparrean segitzea, euforia aldarte horretan. Oso luzea eta iluna egin zaio Norari aste hau, lanean buru-belarri eta, hala ere, ezin Josuren aita burutik kendu. Aurrerapausoak eman ahal izateko, Norak uste du ezinbestekoa dela zenbait pertsonarekin hitz egitea, baina nahiago luke etxean sartu eta hilabetean inor ez ikusi. Etxean dagoen bakoitzean, ordea, pipiak itotzeko plastikoz estalita dauden altzariez inguratuta, mudantza baterako prestatzen ari dela besterik ez zaio bururatzen, ezin duela etxe horretan bizitzen jarraitu.

        Josuk oraindik ez die telefono deiei erantzun.

 

 

Etsipenean erortzear abiatu da harantz. Kostata lortu du hitzordua. Aspaldian Aingeruk ez dio telefonoa hartu eta, azkenean, erantzun duenean, haserre antzean azaldu dio ez duela nahi hitzordua hondartza alboko pisuan izatea. Norak, berriz, saihestu egin nahi du inork Aingerurekin kalean ikus dezan. Ados jarriko ez direla dirudienean, Aingeruk proposatu du Amara auzoko pisu batean elkartzea. Norak mesfidantzaz hartu duen arren, beste aukerarik ezean, baietz erantzun dio. Aingeruk ireki dio atea. Pisua hutsik badago ere, egongelan sofa eta telebista daude ezerezaren erdian. Aingeru eta Nora sofaren alde banatan eseri dira. Norak bertan nor bizi den galdetu nahi lioke, baina galdera garrantzitsuagoei utzi die lekua:

        — Zer moduz dago zuen aita?

        — Oraindik ez dakigu ezer.

        — Zu ondo al zaude?

        — Ez da nire bizitzako momenturik onena. Donostiara bueltatu naizenetik hondoratzen ari naizela iruditzen zait. Egoera honetatik ateratzeko zer egin erabaki behar dut. Ez dakit aitak eskaini zidan lanean hasi edo Chicagora itzuli.

        — Zer esaten ari zara? Amiantoarena konpontzen lagunduko zenidala esan zenuen.

        — Batek ez du bestea kentzen. Nire lanak egin ditut. Dirudienez, oraindik ez dute argi amiantoa erabili zuten edo ez, eta, gainera, erabili bazuten, inork ez zekien amiantoa kaltegarria zenik.

        Esaldi horren zain pasatu ditu Norak azken egunak, eta orain aukera dauka buruz ikasi dituen gertaera kronologikoak Aingeruri aurrez aurre azaltzeko, baina laburretik jo du:

        — Erromako Inperioaren garaitik dago argi, pentsa, orain dela bi mila urte.

        — Zientifikoki frogatuta dago?

        — Duela berrogeita hamar urte, Aingeru, mende erdia.

        — Orduan zergatik ez dago debekatuta?

        — Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Legebiltzarrak 1970eko hamarkadan eskatu zuten. Suedian 1982an debekatu zuten. Hemen ez. 1984an erregistro bat sortu zuten, amiantoarekin lanean zebiltzan enpresek izena eman zezaten, baina lau enpresatik gutxienez hiruk ez zuten jakinarazi. Azkenean, amiantoa erabiltzeko debekua 1999an onartu zuten hemen, baina 2002. urtera arte amiantoa lasai erabiltzeko aukera emanez; eta gainera, 2002. urtea iritsi zenean, debekua urtebetez atzeratzea erabaki zuten, ordura arte egin zituzten produktuak merkaturatu ahal izateko. Publikoki adierazi zuten arrazoia.

        — Ez nekien ezer horri buruz. Lehenbailehen argituko dut aitarekin.

        — Asteak daramatzazu hori argitu nahian.

        — Eta zer gehiago egin dezaket?

        — Gehiago? Aingeru, orain arte ez duzu ezer egin, gerotik gerora ibiltzeaz gain. Ez duzu pentsatuko bi hitz polit esatearekin dena konpontzen denik, ezta?

        Ahotsa goxatuz, argumentuak epelduz, Aingeru gogotsu saiatu da Nora lasaitzen, baina sekula baino traketsago ari dela iruditu zaio Norari, bera ere akituta balego bezala. Norari ahitu egin zaio pazientzia eta aitzakiarik asmatzeko ahaleginik egin gabe joan da pisutik.

        Atea gurutzatzerako, sakelako telefonoaren botoiak sakatzen ari da, azken egunetan etengabe baina alferrik egin duen deia errepikatzeko, behingoz erantzungo dioten itxaropenez, baina oraingoan ere ez. Segidan beste norbaiti deitzeko beharra sentitu du, eta Herreraren izena baino ez zaio bururatu. Igerilekuan elkartzea proposatuko dio, urduritasunak astintzearren, ondoren ogitartekoa jatera joateko. Ez dio inoiz ezer kontatu gertatzen ari denari buruz, laneko kontuekin zerikusia duen guztia baztertu egin duelako Herrerarekiko harremanean. Gaur azalduko dio.

 

 

Jakin-minak erretzen du Nora: Non sartu ote da Josu? Gehien behar dudanean desagertu da, pentsatu du. Telefonoa ez du hartzen eta bulegoan aspaldi ez da agertu, baina inork ez daki ezer, eta zuzendaritzakoak ere ez dira kexatu; agian Josu ez dagoenean bere saileko giroa baketsuagoa delako?

        Iluntzean Erriberako pisura joan da Nora, Josuk amiantoarena lehen aldiz azaldu zion lekura. Azaroko hotzak erabat hustu ditu kaleak. Portaleko txirrinari erantzuten ez dionez, bizilagun batekin sartu da, adiskide bati bisita egitera datorrela esanez. Josuren etxeko atea behin eta berriro jo duen arren, ez dirudi beste aldean inor dagoenik. Eskaileretan esertzea erabaki du. Umetan etxera sartzeko lepotik zintzilik zeraman giltza galtzen zuenean bezala, zain egon da ordu luzez, aurpegi ezagun hori noiz agertuko. Baina ez da inor etorri.

        Hurrengo egunean Loiola auzoko Urbasa kalera joan da, Josuren amaren etxera. Hasieran telefonoz deitzea pentsatu du, baina amak hartzen badu eta Josu bertan ez dagoela esaten badio, egia denetz ziur jakingo ez duela aurreikusi duenez, zuzenean bertaratzea erabaki du. Amak harrituta egin dio ongietorria. Albiste txarrik ez dakarrela egiaztatu duenean, irribarre batekin eraman du salara eta konturatzerako txorizoa eta urdaiazpikoa atera dizkio. Norak itzulingururik gabe aitortu dio Josuren bila dabilela eta ezin duela topatu. Amak hasperen etsiaz erantzun dio.

        — Auskalo non dabilen. Baina, lasai, oraintxe jakingo dugu: deitu egingo diot.

        Eserlekutik Norak urrun entzuten ditu telefonoaren bestaldeko seinale hotsak, eta halako batean Josuren boza. Norari nabarmena iruditu zaio Josuren ama tonu behartu batean hitz egiten ari dela. Ezin izan dio denbora askoan eutsi, elkarrizketa motza izan da.

        — Non dago?

        — Etxerako pinturak erosten ari dela esan dit, Secundino Esnaola kaleko denda horretan. Dendariarekin hitz egin behar zuelako moztu dit.

        Nora korrika atera da, agurtu gabe, eta taxiari deitu dio sakelako telefonotik. Egia auzoan barna, berehala ailegatu dira Gros auzora, Secundino Esnaola kalera. Pipien kontrako produktua erostera sartu zen denda barrura begiratu du Norak. Hantxe dago Josu. Farolen argia baino gelditzen ez den arren, eguzkitako betaurrekoak eta bixera jantzita ditu. Espaloia gurutzatu du Norak eta bertan itxaron dio. Pintura pote handi batekin irten da Josu. Kale kantoian hondartzarantz hartu du Gran Víatik. Norak urrundik jarraitu dio. Zurriola hiribidera iritsi aurretik sartu da Josu etxe batera, Aingeru bizi den portal berera. Norari bihotza danbadaka hasi zaio. Etxe-atarian gelditu da, zer egin erabaki ez dakiela. Lehenik hondartzako pasealekura joan da, itsasoko brisak aurpegia freska diezaion, baina gero eta urduriago sentitzen denez, berehala alde egin du handik, eta segituan iritsi da atezain automatikoaren parera, zain egotearen itxurak egitera. Bizilagun bat hurbildu den arte itxaron du eta berarekin sartu da. Bi aldiz pentsatu gabe igo da Aingeruren pisura. Etengabe jo du txirrina, etxea sutan balego bezala. Korridorean korrika gerturatzen ari diren pauso hotsak entzun ditu.

        Josuk ireki dio atea, pinturaz zikindutako arropa zaharrez jantzita. Mutu gelditu da Josu. Norak orroka egiteko gogoa du:

        — Ez da posible!

        Josuk barrura sartzeko gonbita egin dion arren, Nora eskaileretan behera joan da. Kalea zapaldu duenean, paretari heldu behar izan dio, zorabioa sentitu baitu. Berriro berdin, pentsatu du, berriro zuloa. Ez da posible. Jende guztiak kale egiten dit.