Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Egiazko bizitzak

 

 

FONETIKA ESPERIMENTALAREN EKARPENA GEOPOLITIKARI 1

 

Daniela Contrerasen semeen arrasto bila etorri naiz Patagoniaraino. Begi aurrean dauzkat azkenean Puerto Edeneko etxeetako teilatu kolore anitzak. Badia honetako zerua sabai gris hutsa da, arrakala urdinik gabea. Euria ari du goian-behean, etorri aurretik ohartarazi ninduten. Euri hotza da, zurrustaka labaintzen zait aurpegian behera. Tamalez, oraindik ezin gara lehorreratu. Kapitainaren aginduaren zain, kubierta abandonatu dut.

        Bistadizoa bota diot Newsweek astekariari. William Marullo soziologoaren artikulua dakar. Argitaratu berri duen ikerketaren arabera —Sounds of Power: Theoretical, Empirical and Methodological Discussions, in Sociological Research aldizkaria, Georgetown Unibertsitatea 2010—, Osama izenak eragina izan zuen amerikar mordoarengan azken bozetan. Lanak ez du ulertarazi nahi boto-emaileek Osamaren eta Obamaren arteko hurbiltasun fonetikoagatik egin zutenik hautagai demokrataren alde, baina uste baino garrantzi handiagoa izan ei zuen munduko gizon boteretsuena aukeratzerakoan.

        Marullok linguisten, logopeden eta bozaren terapeuten laguntza jaso du. Espektografo, nasometro, glotografo, palatografo eta inoiz entzun ez ditudan hamaika tramankulu erabili dituzte adituek. Hala ere, psikologo sozialen ekarpenak hobetsi ditu Marullok lotura ezartzeko. Lotura, neurgarria dela dio. Ez dakit zer pentsatu.

        Aldizkari honetan bertan oraindik orain agertutako beste artikulu bat etorri zait gogora. Obamari buruz idatzitako biografien gainekoa zen. Iaz, presidente hautatu berri, hamaika biografia kaleratu zituzten hartaz. Osama Bin Ladenez ere batzuk argitaratu dira. Neure artean galdetzen dut zeintzuk diren sinesgarriagoak, ezkutuan bizi den gizonarenak edo munduko pertsona agerikoarenarenak.

        Obamari buruz kaleratutako guztiak irakurriko bagenitu, hamaika puskatan hautsiko litzaiguke ispilua. Autoreak oihuka aritzen dira merkatu txiki bateko saltzaileak balira bezala: Erosi nire biografia, berton benetako presidentea topatuko duzu-eta! Zein baino zein egia aldarri. Film hartako eszena gogoangarrian bezala: Neu naiz Espartako! Neu naiz Espartako! Ondo akorduan dut. Erromatarrek matxinoak menderatu dituzte. Espartako buruzagia nor den jakin nahi dute. Baina inork ez du salatzen eta garrasi latz horretan lehertzen dira kideak, banan-banan zutuntzen: Neu naiz Espartako!

        Utikan Espartako eta Obama! Euria ez du atertuko Puerto Edenen, ez da gertagarria. Domingo Montero artistak ekarri nau hona, Daniela Contrerasen bigarren semeak. Ez naizena naiz leloaren asmatzailea. Eta Andy Warholen laguna.

 

 

DOMINGO MONTEROREN BIZITZA EGIAZKOA 2

 

Domingo Montero New Yorken sortu zen Txilen jendea desagertzen den modu berean. Ezkutatu ere hala ezkutatu zen, 1977ko urriaren 23an, Marc Bolan glam rock mugimenduaren aitzindaria hil eta aste batzuetara. Ez da debaldeko detailea. Harrigarria iruditzen zait orain arte inork denbora hurbiltasun hori nabarmendu ez izana. Domingo Monterok eta Marc Bolanek elkar ezagutu behar zuten ezinbestez. Eta aipu honekin ez dut glamekiko harreman hertsirik ezarri nahi. Monterok panterazko eta lehoinabarrezko prakak janzten zituen; lumazko beroki luzeak zeramatzan; ileorde kolore anitzak, bisoizko lepalarruak, makillaje eta purpurina tonak, baina ez zegoen sensu stricto lotuta glam mugimenduari. Lehenik eta behin, ez dakit noiz eduki zuen mugimenduaren berri, edo sekula bere buruari galdetu zion haren parte ote zen. Wikipedian, behinik behin, ez dugu haren izena ikusiko glamen barruan.

        Domingo Montero 1968ko abuztuan jaio zen Manhattango pisu batean. Sei hilabete lehenago heldua zen Santiagotik. Festa batean zebilen Union Squareko 33an. Gehienak bera bezalako artistak ziren. Andy Warhol izan ezik, ez zuen inor ezagutzen. Jendea berriketan ari zen taldeka. Warholek, lagun txiletar berriari begira, aitatu zuen artista batek ezin zuela bere benetako izena agertu —harena Andrew Warhola zen, eta haren aitarena Andrej Varchola—. Txiletar gaztea, ordea, ez zegoen prest bere aitaren izena eraldatzeko, koadro figuratiboa abstraktu bihurtzen den prozesu artistikoa balitz bezala. Ez zen arrazoi bakarra. Aitari gorroto itzela zion. Izen-deiturak aldatu behar bazituen, hari keinurik egin gabe izango zen. Zeharo aldatuko zuen. Bestalde, umiliagarri zeritzon bere izena ingeleseratzeari.

        Warholek galdetu zionean "zein da zure izen artistikoa?", "Domingo Montero" erantzun zuen begirik kliskatu gabe. "Domingo, gaur domingo delako eta Montero, boxeolari famatuaren omenez". Denek txalotu zuten erabakia. Alkoholez blaitu zuten jaioberria Domingo izena lardaskatzen zuten bitartean. Bost minuturen buruan Monty deitzen ari zitzaizkion guztiak —ez da harritzekoa han-hemen topatzea, Domingo Monterorekin batera, Monty edo Monty Montero—. Eta hortik aurrera inork gutxik jakin zuen zeintzuk ziren haren aurreko izen-abizenak.

        Domingo Monteroren biografiarik ez da inon argitaratu. Sarean eta liburuetan, berriz, informazio ugari dago. Pertsona ezaguna da. Baita zeharo ezezaguna ere aldi berean. Nahiz eta artista bikaina izan ez, I am What I am Not —euskaraz ez dut ordainik ezagutzen— mugimendua sortu zuen. IWI mugimendua. Hirian topatutako materialak erabiltzen zituen bere artelanak eraikitzeko. Eragin handia izan zuen Green Guerrillas taldean.

        Abuztu hartako egun batez Brooklyngo zubi ondoan paratu zen lauzaz osaturiko artelan bat sortzeko. Domingo Monterok —artean ez zen Domingo Montero— praka bakero maiztuak eta mahukarik gabeko tixerta berde kirofanoa zeramatzan soinean. Tixertan I am What I am Not irakur zitekeen. Bata bestearen atzean jarri zituen lauzak —"ibaia zeharkatzen duen bizitzaren ibaia"—.

        Kasualitate bategatik Warhol handik igaro zen adiskide batekin —adiskidea Lou Reed zen baina Monterok ez zuen ezagutu—. "Etorri nahi duk festa batera?", galdetu zion Warholek. Une hartan, segundo baten hamarrekoan, baiezkoa eman baino lehen, pentsamendu bi etorri zitzaizkion burura Monterori: batetik, ezagutzen zuela bi hilabete lehenago Warholi tiro egin zion emakumea —Valerie Solanas, hura ere kasualitatez ezagutu zuen Txiletik heldu eta gutxira—; bestetik, New Yorkera bidaiatu zuela Campbell zopa eta Coca-Cola latak margotzen zituen artistaren arrastoaren atzetik. Pentsamenduok, baina, ez ziren zehatzak. Warholen erasotzailea erakusketa batean ezagutu arren, ez zuen harekin hitz egiteko aukerarik izan —Warholi sei tiro desarratu izan ez balizkio ez zatekeen inoiz gogoratuko—. Besteko, zerbaiten bila barik, zerbaiti ihesi ailegatu zen New Yorkera.

        Gauean Montero Faktorian zegoen aita pontekoaren alboan. Ez zuen luze jo haren performanceak oso ezagunak bilakatu arte. IWI mugimendu txipia sortu zuen, beti ere Faktoriaren itzalean. Eta haren esanahiaz hitzik esan ez bazuen ere, hamaika orri idatzi dira.

        1977ko urriaren 23an, bederatzi urte geroago, Txilen jendea desagertzen den moduan desagertu zen Domingo Montero. Ezagutzen zutenak egun batzuk geroago konturatu ziren. Inork ez zuen gogoratzen ezer berezirik aipatu zuenik edo gertatu zitzaionik. Ondoriozta zitekeen, beraz, Domingo Monterok ez zuela ezkutatzea erabaki.

        Lagunek hilketa eta bahiketa hobetsi zituzten. Poliziak, aldiz, hipotesi guztiak hartu zituen aintzat —arreta gutxi eskaini bide zion kasuari—, eta iradoki zuen Santiagotik etorri bezala alde egin zuela New Yorketik. Polizia-tesi nagusiaren kontra detaile nabarmen bik jokatzen zuten, ordea: batetik, Monterok azken hilabeteetan ez zuen ezohiko joan-etorririk egin bere bankura. Hura desagertu aurretik zegoen tokian segitzen zuen diruak. Bestetik, haren artelan batzuk saldu gabe zeuden. Prentsako arte-adituek, azkenik, I am What I am Not ideia-multzoa seinalatu zuten. Hilabete batzuetan artista kasik mito bihurtu zen. Urteek, baina, zegokion lekura itzularazi zuten. Aski Wikipedian toki propioa izateko gaur-gaurkoz bederatzi hizkuntzatan eta Warholenean esteka agertzeko.

 

 

ERRUSIAR MENDIA 3

 

Domingo Montero izateari utzi baino lehen, artistak era grafiko batean irudikatu zuen bere burua. Zero baten moduan zekusan —baliteke, Osama eta Obama legez, Monteroren eta zeroren antzekotasun fonetikoak eragina izatea, ez baitzen alferrik gazteleraduna—. Ezkerrean, zenbaki negatiboak lez, sortzetiko izen-deiturak zeuden. Eskuinean, berriz, hartu behar zituenak, positiboak. Positibotasuna laudatzetik harago, zenbaki guztien benetakotasuna nabarmendu zuen.

        Une hartan Monterok ez zuen aurkikuntza hura gozatzerik izan. Urduri zebilen, izen-deitura berriek zer ekarriko. Hautsi beharrean zegoen. Gainera, hutsik egin gabe haustera derrigortuta zegoen dena ondo aterako bazitzaion. Beraz, une hartan arreta gutxi eskaini ahal zien zenbaki negatiboei. Geroago —askoz ere geroago— hasi zen nabaritzen haien presentzia, bai eta konprobatu zeroaren inguruan batzuek eta besteek osatzen zuten simetria ederra. Haren urterik zoriontsuenak izan ziren.

        Nik neuk zalantzak izan ditut norantza aukeratzeko orduan. Zerotik abiatuta batera zein bestera jo nezakeen. Alde negatibora joanez gero, Monteroren umezarora eta nerabezarora bueltatuko nintzatekeen. Alde positibora bihurtuz gero, Montero ezkutatu osteko urteetara. Zirt edo zart egitera kondenaturik, aurrera segitzea erabaki dut. Domingo Montero artista newyorktar ezaguna Juan Vidal herritar txiletar ezezaguna bihurtzen den momentura, hain zuzen ere.

        Izen artistikoa erabiltzeari utzi aurretik, Monterok aste batzuk eman zituen hiru izen-abizen diferenterekin: batetik, pasaportean M.B. ageri zen —Txilen 1946an sortu zeneko izen-deituren laburdurak—; bestetik, Domingo Montero segitzen zuen izaten jende guztiarentzat; eta, azkenik, Juan Vidal ere bazen. Baina azkena hark eta pasaporte faltsua egin zion pertsonak soilik zekiten.

        1977ko egun haietan Monterok buruhauste franko ibili zituen. Zelan bihurtu Juan Vidal.

        9 urte lehenago kasualitatez eta mozkorturik sartu zen Domingo Monteroren azalean. Bataiatu egin zuten, eta inork baldin bazekizkien aurreko izen-abizenak, berehala ahaztu zituen.

        Juan Vidal bilakatzea, ordea, ez zen hain sinplea. Pasaporte faltsua eskuratzea izan zen errazena. Baina dokumentu hark ez zuen frogatzen Domingo Montero ez zenik. Arte-aditu baten eskuetara iritsi izan balitz, artelan gisa hartuko zukeen eta Vidalen bizitza zeharo zapuzturik geratuko zatekeen betiko. Nolanahi den ere, pasaporte bi eta nortasun bakarra zituen. Bestalde, M.B. txiletarrarekin ere apurtu behar zuen. Hori ezin zuen Juan Vidalek egin. Monterok berak kargutu behar zuen. Eta azkenik: nora joan eta nola.

        Urriaren 23an, ilea rapa-rapa eginda moztu, traje zahar bat jantzi eta, autobus geltokian, Mexikorako bide luzea hartu zuen. Hilabete batzuk geroago, DFn atsedena hartu ostean, Espainiarako bidaia egin zuen hegazkinez. Diru gutxi zeroan aldean.

        Juan Vidalen bizitzak etapa bi ditu. Lehendabizikoa Madrilen 1987ra arte, orduko movidatik zeharo aldendurik. Montero gomuta hutsa bilakatu da. Aldian behin Warholen gaineko komentarioren bat irakurriko du egunkari bateko artikuluan edo zerbait ikusi telebistako dokumental batean. Hori da dena. Madrilen Domingo Montero artista ez da existitzen. Ez da gauza bera gertatzen New Yorken. Han ez da Monteroren bizitza amatatu. Beste batzuek manipulatzen dute lema orain. Lehengo lagunek, ezagunek, arte-adituek artezten dute harena New Yorken, fideikomisarioak lez, herentzia bat —I am What I am Not— kudeatzen. Beraz, bizitza bi ditu: Domingo Monterorena eta Juan Vidalena. Zein da benetakoagoa, ordea? Biak. Eta bada besterik: Domingo Monteroren bizitza fikzio batean eraikita zegoen —benetako izena M.B. baitzen—; Juan Vidalena, berriz, gezur batetik abiatu da.

        Elementu bik dakarte Juan Vidalen bigarren etapa: lehenik eta behin, leku-aldatze fisikoa. 1987an Madril abandonatu eta Nafarroako herri txiki batera joan da Vidal. Guztira sei urte ematen ditu Oderitzen, gure aita hiltzen den unera arte hain juxtu. Bigarrenik, geroago, Internet. Sarearen etorrerak Domingo Montero itzuliko dio.

        Oderitzera kasualitatez ailegatu da. Gure arrebaren adiskidea da Vidal. Arrebak lagunartean komentatu duenean gure zaharrak egun osoko laguntza profesionala behar duela, Vidali argi bat piztu zaio buruan. Zer daki gure herriaz? Alde menditsu batean dagoela, inguruan baso oparoak daudela, berrogeita hamar biztanle baino gutxiago dituela eta zinez ederra dela —argazki batean egiaztatu du—. Benetan eder deritzo. Beste guztia irudimenari utzi dio. Ez bat ez bi arrebari esan dio halako herri batean denboraldi batez bizitzea gustatuko litzaiokeela. Handik egun batzuetara Vidal gure baserrian da, egun osoz aitari laguntzeko. Ni neu Bilbora ezkonduta nago eta sarri joaten banaiz ere —Vidal dagoenetik sarriago—, ezin dut zaharra artatu.

        Hasiera batean Vidal uste baino Vidalago sentitzen da. Atzean utzi du Montero eta are atzerago M.B., hots, Mauricio Briones, Bastian Brionesen eta Daniela Contrerasen seme txiletarra, Puerto Edenen jaioa. Lipar batez otu zaio hura berreskuratzea, baina baita ere berehala ohartu haren arriskuaz. Inork jakingo balu Mauricio Brionesen atzean Domingo Montero dagoela, Montero bihurtuko litzateke berriro eta haren bizitzaren lema astuna mugiarazi beharko luke. Gainera, zertarako atera jaioterriko lur bigunetik Mauricio Briones? Hobe da inork ezagutzen ez duen Juan Vidal, txiletarra hura ere, etorkina hura ere, etorkinen legeekin etorria.

        Juan Vidalek, bada, atzean utzi zituen Domingo Montero eta Mauricio Briones. Hala izan zen hasieran behinik behin. Bigarren urtean, baina, Juan Vidalek beste nortasun bat garatu zuen Oderitzen: Ariel Contreras. Eta Ariel Contrerasi poliki Mauricio Briones agertzen hasi zitzaion. Contrerasek —amaren abizena, bistan da— ulertu zuen Oderitz zela modurik egokiena Montero behin betiko hondoratzeko —Interneten etorrerarekin ikusiko zuen erraturik zebilela— eta Mauricio Brionesengana bueltatzeko. Aldeak alde, Puerto Edeneko ezaugarri ugari aurkitu zituen Oderitzen. Baso lokaztuetan barreneko ibilaldiek, neguko elurrak eta iluntzeko hotzak umezarora eramaten zuten.

        Hau guztiau —baita Monterorena eta Vidalena— ez dakit gure aitak kontatuta, hark ez baitzidakeen deus esango inoiz. Zaharra lurperatu osteko arratsaldean, ahulezia une barkaezin batean alkoholaren eta penaren eraginez, bere identitate guztiak aletu zizkidan Vidalek —edo Contrerasek, ez dakit zelan deitu—. Bata bestearen atzetik, karabana bateko esklaboak bezala, hala azaldu zitzaizkidan hurrenez hurren Mauricio Briones, Domingo Montero, Juan Vidal eta Ariel Contreras. Hurrengo egunean, deus iragarri gabe, jendea Txilen desagertzen den moduan desagertu zen betiko nire bizitzatik.

 

 

PUERTO EDENEKO FARO BUSTIA 4

 

Mauricio Brionesen bizitzako egun bat ekarri zuen akordura Ariel Contrerasek. Arratsean gurasoekin, soldaduekin eta berauen familiekin bildu zen Puerto Edeneko barrakoi handi batera. Sarri egiten zuten, ordu mortuak pasatzearren. Herria Txileko Armadak sortu zuen 1937an, Puerto Montt eta Punta Arenas lotu behar zituen ur-hegazkinetako airebide esperimental bateko geraleku gisa. Lurralde Antartikoan, munduko toki euritsuena zen. Itsasoz eta airez bakarrik hel zitekeen hara.

        Ez zegoen giro barrakoian. Munduko ipurtzuloan beste bina urte jarraitzeko agindua jaso berri zuten soldaduek. Halako batean Ariel Pizarro pilotu zibilaz hasi ziren kalakan, erdeinuz. Begitan hartua zuten aspalditik. Bastian Brionesek gorroto zion. Soldaduetako batek Bastiani kontatu zion semea ikusi zuela goizean Pizarrorekin tantai ustelak eta zuhaitz-adarrak pilatzen faro ondoko harrietan. "Kaguenlaestepa!", oihu egin zuen Bastianek, "Mauricio, etorri hona!". Eta besterik erantsi gabe, zaplaztekoa jo zion semeari. Bastian mozkorturik zegoen, beste guztiak bezala. "Semea eta biak", jarraitu zuen soldaduak, "harri banatan eseri dituk, eta luze eman ditek horrela, orduak, egurrei beha". Gau horretan bertan pilotuarenera joateko aukeraz berba egiten hasi zen Bastian.

        Mauriciok oso bestela oroitzen zuen hondartzakoa. Egunsentian, teilatu iragazgaitz zulatuaren kontra lehertzean euri-tantoek ateratako hots konpasatuek itzarri zuten. Bota ahalean ari zuen. Leihotik begiratu zuen. Eguna hits zetorren. Urrunean, lurrin trinko bat zabaltzen zen basotik itsasorantz. Eguerdira arte ez zen irten. Euria eskasten hasia zen ordurako. Pizarro pilotuaren etxerainoko berrehun metro heze eta lokaztuak egin zituen, haizearen laztan umelak bekokia blaitzen ziola. Atea jo zuen. Inork ez zuen erantzun. Etxeko atzealdera joan zen leiho txiki batetik barrura begiratzeko. Pizarro ez omen zen etxean. Edonon izan zitekeen. Bere bidaietako batean ez zebilenean, hara eta hona ibiltzen zen, herritik kanpo beti ere. Basora sartzen zen edozein material erabilgarriren bila, erreketako ur-lasterrei eta harriei erreparatzen zien edo kostaldeko harritza amaigabean barrena promenatzen zen.

        Mauricio mela-mela eginda zegoen Pizarro faro ondoan ikusi zuenean. Harrieta hutsa zen hondartza. Arrazoi bat edo beste, enbor eta adar ugari ere biltzen ziren hara, itsasaldiak eroanda. Beharrean aurkitu zuen pilotua. Baltsa moduko bat osatzen ari zen. Marearako zela kontatu zion Pizarrok.

        "Marearako?", harritu zen Mauricio, "itsasgorak desegin egingo du. Egurrak elkarri lotzeko sokarik ere ez duzu ipini".

        "Hik uste baino gehiago eutsiko ziotek enborrek", erantzun zion gizonak. "Propio jarri ditiat. Itsasoaren mugimendu leunak eta geldiezinak ez ditik aise elkarrengandik urrunaraziko. Egurrek kontra egingo ziotek".

        Pizarrok azaldu zion uraren eta egurren arteko dantzaldiaren ostean bakarrik utziko ziola baltsak baltsa izateari. Soldaduak barrakoian adierazi bezala, Mauricio eta biak luzaro egon ziren hondartzan harkaitz banatan jesarrita, baltsara hurbiltzen ziren olatu txikietatik begirik kendu gabe. Euri sarria ari zuen, azala pitzatzen duen horietakoa.

        Gure zaharrari lur eman ondoren, Ariel Contrerasek akordura ekarri zituen soldaduaren beste hitz batzuk: "Gogotik ari zian. Lelo haiek, berriz, eguzkitan baleude bezala. Orduan, zer arraiotan dabilen galdetu zioat Pizarrori. Eta hark mugimendua miresten daudela ez zidak, ba, esan! Ukabilkazo parea jo ez diodanean!".

        Mauriciok aitortu zion Pizarrori bera ere izango zela pilotua, eta munduko denda guztiak ikustera eramango zuela ama, Puerto Monttekoak eta Punta Arenaskoak, eta Buenos Aireskoak ere bai.

        Pizarrok New York gurago zuen. Hiriko argazki bat erakutsi zion. "Buenos Aireskoak hamar halako dituk hango eraikinik altuenak. Goitik begiratuta, etxe guztiek berdinak ematen ditek. Baina behetik, ordea, zeharo ezberdinak dituk. Nola begiratzen diegun, halakoxeak dituk gauza guztiak". Orduan Pizarro mugimenduaz hitz egiten hasi zen. Egurren mugimenduaz lehenik eta harrienaz gero.

        Itsasoak baltsa xurgatu ostean, basora abiatu ziren harriak biltzen. Mauricio izugarri laketzen zen harri-bilketan. Pizarro eta biek egunak eman ahal zituzten euri-jasaren pean tamaina eta pisu guztietako harriak biltzen. Figurak sortzen zituzten eurekin basoan, errekan eta hondartzan. Ondoren, hurrengo hilabeteetan, harrizko figuren jarraipena egiten zuten. Pilotuaren etxe-zuloan aztertzen zituzten hark astero arkatzez doi egindako marrazkiak.

        Goiz batean txori bat hilik aurkitu zuten basoan. Pizarrok aipatu zuen txori hila ere bazela mugimendua.

        "Energia duk eta gugan zagok", esan zuen.

        Contreras ez zegoen guztiz seguru.

        Edozelan, hura zen azken gomuta lausoa. Hurrengo egunean Pizarro desagertu egin zen —Txilen jendea desagertzen den moduan desagertu ere—. Puerto Monttetik zetorren ontzia goiz hartantxe helduagatik, inork ez zuen gogoratzen bertara eraman izana. Beharbada ito egingo zen badian. Huraxe komentatu zuten Bastian Brionesek eta soldaduek. Huraxe bera baieztatu Daniela Contrerasek.

 

 

ISPILU DESATSEGINA 5

 

Mauricio Briones aparkatzea Domingo Montero bihurtzeko eta Domingo Montero lurperatzea Juan Vidalen bizimodu lasaiagoa eraman ahal izateko gauza bat zen. Juan Vidal eta Ariel Contreras elkarren ondoan bizitzea, beste bat, oso besterik.

        Contreras zehazki noiz azaldu zen ez zekien Vidalek. Litekeena da bigarren urtearen amaieran. Oderitzen zaindu egiten zuen aita Vidalek. Paseoak ematen zituzten herritik urrundu gabe. Elkarren solasekin gozatzen zuten. Vidalek kasik ez zuen harremanik beste herritarrekin. Aitarekin ibiltzen ez zenetan, pagadietara eta hariztietara barneratzen zen. Hango mendiak, errekak eta bazterrak deskubritu. Poliki-poliki jolasean hasi zen naturako elementuekin. Egun batean adaxka berriak gehituko zizkion pago bati forma bereziak sortuz. Hurrengoan harrizko eskulturak sortuko zituen belardi batean. Oharkabean Puerto Edenera bueltatzen ari zen. Baita artista ezagutu zuen New Yorkera ere. Noizbait Ariel Contreras azaldu zen. Baina ez zen itzulera haien ondorioz gertatu.

        Herriko zein kanpoko jendearentzat, edo niretzat kasu, Vidal izaten jarraitzen zuen. Baina ez aitarentzat. Harentzat bi bihurtu zen. Vidal eta Contreras. Juan eta Ariel. Baina zaharra ez zen hasieratik bertatik jakitun izan. Gau batean, une hartara arte ez ezaguturiko kitzikapen batek eramanda, Vidal Iruñean erositako emakume-arropaz jantzi zen baserriko bere gela barruan. Ispiluaren aurrean bere buruari behatu eta atoan erantzi zuen.

        Vidal ezin gusturago sentitzen zen horrela jantzita. Izu pixka bat ere bazeukan. Gure aitak —zer esanik ez herritarrek— eraldatzearen berri bazuen, alde egiteko eskatuko zion. Izuak izu, gelatik irteten hasi zen. Lehen aldia, sukaldera joateko. Aita lozorroan zegoen ohean. Ezinezkoa zen itzartzea. Lehenari beste batzuek jarraitu zioten. Zaharra lo seko zegoen guztietan irteten zen. Ordurako Ariel Contreras zen gela barruan eta etxean barreneko sartu-irten haietan. Halako batean, baina, aitak harrapatu du. Egoera komiko xamarra da. Biak abiatu dira ordu txikietan sukaldera. Contreras bota luzeak, gona estanpatua eta ileordea soinean. Aita pijama urdin arraiadunaz. Begira geratu zaio ezer esan barik. Contreras zeharo aztoraturik dago. Orduantxe esan dio biharamunean gauzak jaso eta alde egingo duela. Zaharrak, ordea, lasaitu egin du: "Norberak nahi duen moduan ibili behar dik". Gauez begiak bildu ezinik izan da Contreras —edo Vidal—, goizean aitak zer pentsatuko eta haurtzaroko irudiak lokamuts bilakaturik. Biharamunean, sukaldera agertu denean, aitak Vidalen lepotik barre egin du: "Neure artean galdetu diat emakumez ala gizonez jantzita agertuko hintzen!". Orduan, Mauricio Briones, Daniela Contreras, Bastian Briones, Domingo Montero eta beste jende askori buruz hasi zaio zaharrari Juan Vidal. Baita bere etxezuloan emakume tankeran ibiltzen zen Ariel Pizarro pilotuari buruz ere bai, Txilen jendea desagertzen den moduan desagerrarazia.

        Aita bizi izan zen artean izen berriak gaina hartu zion zaharrari, arrazoi bat edo beste —herritar batek baino gehiagok aipatua— gero eta gutxiagotan kanporatzen baitziren.

        Sinetsi nahi dut Puerto Edenera bueltatu dela. Badia honetako zerua sabai gris hutsa da, arrakala urdinik gabea. Euria ari du goian-behean, etorri aurretik ohartarazi ninduten. Euri hotza da, zurrustaka labaintzen zait aurpegian behera. Tamalez, oraindik ezin gara lehorreratu. Kapitainaren aginduaren zain, kubierta abandonatu dut...

 

 

1 Fonetika esperimentalaren ekarpena geopolitikari. Domingo Montero, 1972. Txileko Arte Garaikideko Museoa (MAC). Akrilikoa mihise gainean. 150 x 130 cm. Warholen eraginpean sortua. Hiru gitarra elektriko bata bestearen ondoan.

 

2 Domingo Monteroren bizitza egiazkoa. Domingo Montero, 1970. MoMA. Teknika mistoa mihise gainean. 120 x 95 cm. Autoerretratua.

3 Errusiar mendia. Domingo Montero, 1973. Txileko Arte Garaikideko Museoa (MAC). Olioa mihise gainean 100 x 80 cm. Autoerretratua. Koadroa Gauss kanpai pop bat da. Erdian, goialdean, zeroa legoke, ezezagunera amiltzeko prest, positibora.

 

4 Puerto Edeneko faro bustia. Domingo Montero, 1972. Chicagoko Arte Garaikideko Museoa. Teknika mistoa mihise gainean. 200 x 200 cm.

 

5 Ispilu desatsegina. Domingo Montero, 1972. Olioa mihise gainean, 150 x 130 cm.