Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Zer grina izan daiteke bortitzagorik

 

Zerk bultzatu ninduen Palermora, batek jakin. Politeama antzokira, aldiz, gose minak. Harrizko sagarra taularatu behar zuen Bielorrusiako Teatro Luzea konpainiak. Urtebete lehenago estreinatua zeukan Vitsebsk-en, agerpen klandestino batean. Hurrengo hilabetean Minsken ausartu zen Aliaksandr Lukaxenkaren gobernuak ezarritako debekuari kontu egin gabe. Ordurako taldeak arrakasta bildua zuen Europako eszena alternatiboan.

        Antzokiaren kanpoaldean zoriondu nituen aktoreak, Cuadriga dell' Apollo brontzezko goi-erliebearen azpian. Teatro Luzeko kide bat, goitizenez ere Apolo geroago jakin nuenez, hizketan hasi zitzaidan gazteleraz. Metro eta erdi eskaseko gizona zen, aurpegi zurbilekoa, erkina oso. Zangoak eta besoak sano ahulak zituen. Baina batez ere begirada larriak, min ematerainoko tristeak, deitu zidan arreta. Ez genuen luze berba egin. Hitz truke laburrean, ezin definituzko harrotasun falta batez, aitona baten berri eman zidan. Sortzez sopuertarra, haurretan Ukrainara erbesteratua. Eta bertantxe, beste Apoloren zaldien maiestateaz nahasturik, eten zen gure solasa.

        Gauean ez nuen begirik bildu. Apoloren aurpegi hitsa eta begi ikaratiak agertu zitzaizkidan ilunpe sargoritsuan.

        Biharamunean, eguerdi aldera, Kaputxinoen Katakonbetara abiatu nintzen. Bisitari ugari gindoazen herioaren arte-galeria hartara miaka. Bero sapa ustela egiten zuen. Apolo bistaratu nuen ustekabean, katakonbetako sarrera ondoko banku batean eserita. Haren parera iritsi nintzenean, kopetako izerdia xukatu zuen zapi zuri batez.

        ? Barrura sartzen garenean izerditzeari utziko diot ?agurtu ninduen irri samin batez.

        Ez dut akorduan nola, heriotzari buruz hasi zitzaidan:

        ? Katakonbak hibernazio-guneak dira. Hemen bizitzak bere zentzu erabatekoa hartzen du, fisikoa zein espirituala. Infiniturainoko luzamendua da.

        Katakonbetan momifikatutako makina bat gizon-emakume eta haur azaldu zitzaizkigun lerro-lerro. Zutik zeuden asko, soka banaz hormetan estekaturik, burua makurtuta zeukatela, bisitari beldurtuari agur edo erreberentzia aieru bat egin nahi baliote bezala. Gehienek pildak zeramatzaten soinean. Hormetako gainaldean ere bazegoen mordoa, gakoetatik zintzilik batzuk eta ohatze bihurtutako zuloetan etzanda besteak. Epaileak, irakasleak, sendagileak eta militarrak zeuden ?Napoleonen garaiko jantzi eta guzti?, zein baino zein izugarriagoak, beso bakoak asko, begirik gabe denak.

        ? Min akigarria pairatu behar izan zuten bizitzan ?esan zuen Apolok.

        Korridoreetan barrena genbiltzan. Haur momifikatu baten aurrean gelditu ginen.

        ? Den-denek, neskato honek izan ezik.

        Arretaz behatu nion haurrari, Apolo zertaz ari zitzaidan ulertu nahian.

        ? Laurogeita bederatzi urteko momia honek, hilik barik, lozorroan dirudi, lo goxo batean, sufritzeko astirik izan ez zuelako seinale. Hazpegien narean da nabaria, ile nahasia eta orraztu gabea gorabehera.

        Ez nintzaion kontrakarrean hasi. Egiatan ematen zuen lokartuta zegoela umea.

        Rosalia Lombardo deitzen zen. Urte bi zituela momifikatu zuen doktore batek 1920an. Paper batean irakurri genuenaren arabera, monje kaputxinoek mende batzuk lehenago ekin zioten ordenako kideen gorpuak momifikatzeari, kasik oharkabean, lurraren idortasuna eta haize-lasterrak baliatuta, teknikak hobetuz denboraren poderioz. Hilkutxarik gabe lurperatzen zituzten gorpuak, galerietan propio prestatutako horma-hilobietan, artseniko-geruza edo kare-bainu batez, denbora luzeagoz iraunarazte aldera.

        Aitzina jarraitu genuen mia eta mia. Ikaragarria zen Apoloren eta momien arteko gertutasuna. Baten begirada urrikaria eta besteen behako galdua. Baten begi iheskorrak eta besteen zuloak. Elkar agurtzen zuten.

        ? Beroa bizitza baldin bada eta berorik eza heriotza ?jarraitu zuen nire burutazioei ezaxola?, idortasunak eta umeltasunak ere elkarri begiratzen diote existentziaren arloan. Baina maila fisikoan soilik. Barneak, kimikak leundu ezin ditzakeen beste arau batzuk dauzka. Soin hauek ?harritu ninduen soin hitza erabili izanak? ez dira betikotuko. Mina, ordea, ad eternum dugu behin heriotza ezagutu ondoren. Bizitza, hasi eta buka, sortu eta hil, ez da minak gainditzeko sasoia baino. Minaren entomologoak ditugu kaputxinoak.

        Lipar batez hesi-lasterketa baten gisa irudikatu nuen bizitza. Zaldiak jausten eta zutuntzen Grand Nationalen.

        Ez genuen berehala hanka egin Kaputxinoen Monasteriotik. Kanposantura sartu ginen, bizien eta joandakoen artean mugitzen dakienaren soseguz. Harrizko panteoi eta hilobi handien artetik paseatu ginen burumakur, hala jardutera derrigorturik bagina bezala. Bat-batean Apolok begietara behatu zidan, katakonbetan Rosalia Lombardo haurrari behatu nion begirada bertsuaz. Modu hartan begiratzen zidan aurreneko aldia zen. Nik ezer galdetu baino lehen, idazle siziliar baten gogoeta beltza ezarri zuen aire itogarrian:

        ? Zer grina izan daiteke bortitzagorik, zintzilik duzun heriotzaren sentimendua baino?

        Hausnarrean geratu nintzen hitzen esanahiari buruz, zeri eta Lampedusaren hilobiari begira.

        Berriro abiatu nintzenerako desagertua zen bielorrusiarra. Panteoien eta hilobien artean bilatu arren, ez nuen haren arrastorik aurkitu. Aurretiaz zapaldutako lur-azpiak berak irentsi balu legez. Katakonbetako sarrerara bueltatu nintzen. Ez zen han.

        Iluntzean, Kaputxinoen Monasterioan lehenago agertu eta geroago desagertu bezala, atzera azaldu zitzaidan Apolo. Gau-merkatu batean. Lepo zegoen tokia. Gaueko iluntasunean usain hordigarriek bahiturik zituzten goizeko kolore biziak. Ilargia aise barruratzen zen hiriko zirritu zaharretatik.

        ? Hark ere ikaragarri erakartzen gaitu ?komentatu zuen?. Ilargiari zor diot goitizena. 1969ko uztailaren 20an jaio nintzen, Apolo XI espazio-ontzia ilargira heldu zen egunean. Abenturaren omenez bataiatu nuen neure burua denbora luzea ez dela.

        Aurpegieran barre-zantzurik agertu beharrean, tristezia sakon bat marraztu zitzaion Apolori, min sendaezin bat, halako ezagupen dramatiko bat. Bazirudien une batetik bestera barne-izatearen amildegitik salto egingo zuela. Ulerkor begiratu nion. Ilargiak besteko erakarpena sortzen zuen nigan ezin deszifratuzko min hark.

        Luze promenatu ginen postuz postu, saltzaileek eskainitako arrain frijitu berriei kasu eman gabe. Eta halako batean, kaputxinoen kanposantuan gertatu legez, jendartean galdu zen Apolo. Gauak ?edo ilargiak? xurgatu egin zuen.

        Larriturik, neure buruari galdetu nion desagerpen eta agerpen haiek guztiak ez ote ziren indar zentripeto batek sortutako ilusioak besterik. Seguru nengoen ez nuela berriro ikusiko. Ez zen horrela gertatu. Azken egunean pare bat bider topo egin genuen elkarrekin, larritzea areagotuz.

        Bilbora bueltatzeaz bat sentipena ahuldu egin zen, egunak joan egunak etorri bielorrusiarra gogotik zeharo aldendu ez bazitzaidan ere. Ekain amaieran, Portugalera eginiko bidaia labur batean, berriro piztu zen.

        Alentejo eskualde zabalean barrena nenbilen, eta Evorara zuzendu nintzen. Bisitatu eta ezagutu beharra zegoen erromatarren garaiko hiria. Sao Francisco elizako A Capela dos Ossos izeneko kaperara sartu nintzen. Sarreran hezurrak ezin argiago mintzatu zitzaizkidan: Nós ossos que aqui estamos pelos vossos esperamos. Berba gordinek eta barruko freskurak Palermoko egunetara eraman ninduten. Hezurrek behin betiko penitentzia iradokitzen zuten. Ezker-eskuin behatu nuen, ez ote zen Apolo handik ibiliko.

 

 

Ez nuen Apolo Politeama antzokian ezagutu. Ez nintzen harekin Kaputxinoen Katakonbetara murgildu. Ez zidan Rosalia Lombardo ume momifikatua erakutsi. Ez zen Lampedusaren hilobiari begira nengoela desagertu. Ez nintzen harekin Palermoko kale-merkatuetan ibili. Ez naiz egundo Evoran izan.

        Teatro Luzea konpainia Bilbora etortzekoa zela irakurri nuen egunkari bateko elkarrizketan. Bielorrusiako zentsura zuten hizpide. Errazago zeukaten kanpoan jardutea euren herrian baino. Kideetako batek, Apolok, jatorri euskalduna zuela zioen. Argala eta begirada galdukoa. Aurrez Palermon Kaputxinoen Katakonbetan ikusiriko momiak ekarri zizkidan akordura. Pertsonaia egokia iruditu zitzaidan ipuin bat idazteko.

        Bilboko lehen saioaren egunean banekien, Interneti esker, Teatro Luzeari buruz jakin zitekeen guztia, hala taldearen web gunean behin eta berriro sartuta nola Google bilatzaileak eskaintzen zituen arrasto urriei jarraiki. Kazeta guztietan nabarmentzen zuten Tom Stoppardek, Harold Pinterrek eta Mick Jaggerrek taldea babesten zutela.

        Teatro Luzeak emanaldi bi eskaini behar zituen egun banatan. Lehen egunean, iluntzean, ordubete lehenago heldu nintzen antzoki txikira, Apolo atean, auskalo zertan, ikusiko nuelako esperantzan. Eszenatokira irten arte, ordea, ez zen halakorik gertatu. Soinean galtza maiztuak soilik zituen. The Lord of the Rings filmean hamaika bider ikusi dudan Smeagol izaki errukarriaren antza zeukan. Eta, Smeagolek lez, barne-min osaezin batek joa zirudien. Negarrak, bihurritze-keinada muturrekoak eta, batez ere, izerdi-jario geldiezinak eragin zidaten katarsia.

        Emanaldia amaitu ostean izango zen topaketa eduki nuen buruan denbora osoan: zeintzuk izango ziren gure lehen hitzak, zeri buruz solastatuko ginen, aukera izango ote genuen elkarrekin afaltzeko. Berari buruz idatzitako ipuina kontatuko ote nion.

        Antzezlana bukatu eta ordubetera abordatu nuen elizako kanpoaldean. Apolok irriño goibel bat marraztu zuen. Egunkariko argazkian baino itxura kezkagarriagoa zeukan ?beharbada nire ipuinean baino gehiago?. Abaildurik zirudien, zurbilagoa, txikerragoturik; gogogabeturik, indarge. Histura sakonago baten mendean, akaso. Antzezlanaren karga, beharbada.

        Espero ez nuen zerbait bota zuen:

        ? Emanaldiak iraun duen bitartean, sano urduri nabaritu zaitut jesarlekuan, bihurrituta saxofoi baten moduan.

        Taxi bat geldiarazi zuen Abandon. Udazkeneko gaugiro ederra zegoen, ibiltzeko egokia. Kalean, hala ere, inor gutxi.

        ? Hamar urte zituela ?kontatu zidan Santurtzirainoko bidaia laburrean? bidali zuten aitona Habana ontzian anaia gazteago birekin. 1937ko udaren atarian. Euria ari zuela entzun dut makina bat bider. Eskifaia beldur zen matxinatuen gerraontzi batek ez ote zuen hondora bidaliko. Bordelera heldu ziren. Handik Leningradera eraman zituen beste ontzi batek. Heltzeaz bat sakabanatu egin zituzten. Gure aitona Odessara joan zen hasieran, Haur Etxe batera, bere anaiekin eta beste haur batzuekin. Handik hiru urtera Saratoven zebilen, Volga ibaiaren ondoko hiri batean, arma-fabriketan beharrean. Minskera ezkondu zen. Eta ez zen sekula itzuli.

        Itsasadar ondoko kale batean utzi gintuen taxiak. Hurbileko moila baterantz abiatu ginen. Bilbon ez bezala, gurma zarratu batek lausotzen zuen dena.

        ? Atzo ere etorri nintzen. Zalantzak nituen. Orain argi daukat aitona ez dagoela moila honetan.

        Itsasoari beha gelditu zen Apolo, Abra ilunetik haraindi nik bereizi ezin nezakeen zer edo zer ikusiko balu bezala. Zer, ordea? Gurma trinkoak belztasun amaigabea irudikatzea ere eragozten zuen.

        Moila ingurura bota nuen bistadizoa. Hamar metrora ere ez zen deus ikusten. Ordu hartan ez zebilen inor portuan, baina inor ibili balitz ere, ez ginatekeen konturatuko.

        Itsasotik begiak alderatu gabe, Apolok bere berben zentzua argitu zuen:

        ? Bukaera zein hasiera adieraz lezake moila honek. Atzo, gaurko ordu berean bertaratu nintzenean, ez nuen ezer sumatu. Hemen inoiz ezer egon bazen, ez dago egun. Baina sinetsita nago hutsak nirekin duela zer ikustekoa, ez tokiarekin berarekin. Toki honek, atzo baino lehenago, ez dit sekula zirrara berezirik sortu.

        Amarraleku batean eseri nintzen. Apolo, berriz, lanbro lodira zuzendu zen. Urrutiratu ahala, ulergaitzagoak egin zitzaizkidan haren hitzak. Berehala ostendu zen gortina umelaren gibelean. Begien bistatik galdu nuen. Zain gelditu nintzen pixka batean. Desagertua zen, nire ipuinean Palermon gertatu bezala.

        Zerura jaso nituen begiak, ilargia agertuko ote zen. Hura ere irentsia zeukan gurmak.

        Ez zen luze joan bielorrusiarra bueltatu arte. Berbetan zerraien, nirekin baino areago bere buruarekin:

        ? Zer grina izan daiteke bortitzagorik, zintzilik duzun heriotzaren sentimendua baino?

        Harri eta zur gelditu nintzen. Apolo pertsonaiak kaputxinoen monasterioan, Lampedusaren hilobiari begira nenbilela, ekarritako gogoeta bera. Hitzez hitz. Duda egin nuen. Beharbada déjà vu hutsa baino ez zen. Orrietara bueltatu beharko nuen.

        ? Zuri ere barrenak bihurritu dizkizu Lampedusaren aipuak? ?galdetu nion esaldi misteriotsuarekin kezkaturik.

        Apolok zuzendu egin zidan okerra:

        ? Lampedusa? Gesualdo Bufalino. Siziliarra, hura bezala.

        Ez nengoen kontrakoari eusteko egokieran. Gainera, esanahia nuen zain.

        ? Zer dela-eta heriotzaren sentimendua?

        Une hartan galdetu izan balidate, lepoa jokatuko nukeen Apolo gerraz, erbesteratzeaz edo moilaz arituko zitzaidala. Baina bere jaioterrian gertaturiko hilketa bat aipatu zuen:

        ? 2003ko maiatzaren 16an Zinaida Kotiuga izeneko emakume bat hil zuten Minskeko kale-bazter batean. 36 urte zeuzkan. Svislatx ibaiaren ondoan bizi zen, auzo zaharrean.

        Melankolia ukitu batez ebaki zituen Apolok auzo zaharra hitzak.

        ? Bere tabernan lan-eguna bukatu ondoren etxeratu zen. Pisu ondoko aparkalekura gidatu zuen autoa. Kotiugak itzal bat sumatu zuen. Nor edo nor zelatan. Metro batzuetara zegoen telefono-kabinarantz egin zuen. Ez zen heldu. Gizon batek labanaz sastakatu zuen bizkarrean eta, lurrera jausi orduko, sabelaldean. Odoletan, garrasika hasi zen Kotiuga. Inguruko etxeetako argi ugari piztu ziren berehala. Erasotzaileak, Vasil Gurenkok, ikusi egin zituen. Leiho batetik oihu bat iritsi zitzaion: "Utzi bakean neska hori!". Oihu bakarra, besterik ez.

        ? Esan nahi duzu inork ez zuela ezer egin?

        ? Lehen labankada bien ondoren ?abante egin zuen Apolok?, Gurenko urrundu egin zen pixka bat. Kotiuga, bitartean, janari-denda batera tatarrez ailegatu eta zerraldo jausi zen. Apartamentuetako argi gehienak itzalita zeuden. Kalean isila zen nagusi. Lasaitasuna lagun, lana finitzera bueltatu zen Gurenko. Jantziak odolez blai zituela topatu zuen Kotiuga. Denborarik galdu gabe hasi zen berriro sastakatzen, eztarrian eta aluan oraingo honetan. Emakumeak oihu ito batzuk jaulki zituen. Apartamentu askotako argiak piztu ziren atzera. Gurenko aldendu egin zen ostera ere. Kotiugak bere etxebizitzako atariraino heltzea lortu zuen arrastaka. Oihu itoek aiene batzuei leku egin zieten. Gurenko, bidea libre zuela ikusirik, bigarrenez itzuli zen. Kotiugaren gona altxatu, barne-arropak urratu eta, hilik ala bizirik zegoen jakin gabe, lehendik ezagutzen ez zuen tabernariaren gainean etzan eta hazia bota zuen. Ospa egin aurretik, aldean zeroan dirua kendu zion.

        Aitona bezala, Apolo ere ez zegoen moilan. Urrun zuen gogoa une hartan. Minskera bihurtua zen, Zinaida Kotiugaren ondora.

        Ez zuen luze jo detaile berriak zehazterako. Taxi bila genbiltzan.

        ? Gurenkok 03:15etik 03:50era burutu zuen hilketa. Lekuko ugarik ikusi zuten. Garrasi lazgarriak aditu zituzten. Hiru erasoetan piztutako eta amatatutako argiak horren erakusgarri dira. Baina ez zuten ezertxo ere egin. Lehendabiziko erasoan, argiez gain, auzokide batek bakean uzteko eskatu zion Gurenkori. Ondoren argia amatatu zuen. Bigarrenean ere piztu zituzten argi asko. Hirugarrenaren ostean, beste auzokide batek Poliziari deitu zion. Kotiuga ospitalerako bidean hil zen. Hasiera batean hilketak ez zuen hautsik harrotu. Handik lasterrera, baina, Sergei Usov izeneko kazetari batek deskubritu zuen auzokide askok ikusi zutela. Ikertzen hasi zen. Usovek ondorioztatu zuen 43 lekuko izan zirela osotara, zein baino zein axolagabeagoak. Izutu egin zen. Zerk atxiki ote zituen ezer ez egitera? Telefono-dei bat egitea bazuten euren bizitzak arriskuan jarri gabe. Ez zuten halakorik egin, ordea. Inork ez zuen emakumearen bizitza salbatzeko ahalegin mendreena egin. Zergatik? Zerk eragin ote zuen axolagabekeria? Usoven haritik tira egin zuten psikologia-aditu batzuek. Kotiuga Sindromea deitu zioten. Dirudienez, argi gutxiago piztu izan balira, askoz errazago gertatuko zatekeen inplikazioa.

        Bekozkoa jarri nuen nora zihoan ulertu ezinik.

        ? Norbere etxean argia piztu zuenak, itzal bi edo pertsona bi ez ezik, beste argiak ere ikusi zituen. Are gehiago, argiak ikusi zituen batez ere. Auzokoek elkar ezagutzen zuten. Hayeva andereak bazekien Franak Vetxorka bizi zela bere parean. Leonid Martinov doktorea Aksana Stahurskayaren leihora beha zegoen argia piztu zen unean berean. Lehen auzokideak oihu egin zuenean, beste bik ere pentsatu zuten gauza bera egitea. Haren gelako argia amatatzeaz bat, eurek ere beste horrenbeste egin zuten. Ordu erdiz zain egon ziren denak, besteek zer egingo. Eta Zinaida Kotiuga gero eta lausoagoa bilakatu zitzaien.

        Bilbon ginen. Hoteleko kafetegian trago bat hartzera gomitatu nuen. Apolok ez zuen onartu. Nekatuta zegoela. Alferrik egin nuen protesta.

        Hurrengo eguneko emanaldira ere joan nintzen. Adi jarraitu nuen Teatro Luzearen antzezpena. Apolok bikain jardun zuen. Aretoko atetik irteten ikusi nuenean, nigana bihurtzeko keinua egin nion. Artega nenbilen. Hiriko bodega batera ?ardoaren katakonba, pentsatu nuen? gonbidatzeko asmoa neukan.

        Apolo desenkusatu egin zen:

        ? Antolatzaileekin afaltzeko hitza emana dugu.

        Eta besterik erantsi gabe, begietan artean makillajearen gorria zuelarik, aienatu egin zen, dagoeneko bera ere ikusezina balitz bezala, ikusgai izatera bueltatzeko aukerarik gabe.

        Neure kabutan galdetu nuen ez ote zen ausaz halakoa eta, beraz, neu ere bai.

 

 

Bartzelona gainezka dago gaur. Hiri zital honek ere badu ahalmen zentripetoa.

        Atzo lan miresgarria bilakatu zen Rambletan behera egitea. Katalunia plazatik hotelerainoko bide laburrak, turista aldrak saihestu beharrez, unatuta utzi ninduen. Gelako ohean etzan eta telebista piztu nuen. Albiste baten arabera, ETAk guardia zibil bi hil zituen Mallorcan. Ezin egonean eta espantu handian begiratu nion bonba lapa batek zartarazitako autoari. Keinu automatiko batez amatatu nuen telebista. Handik lasterrera lokartu nintzen.

        Esnatzearekin bat akordatu nintzen hilketaz. Aparatua piztu nuen atzera ere. Lehengo kanalean Belen Estebani buruz hitz egiten ari ziren. Beste bat jarri nuen. Hartan ere Belen Esteban, arratsaldeko magazinean esku hartzen. Ahalegin bat egin nuen gogoratzeko noiz pitzatu zituen Belen Estebanek gure bizitzak.

        Telebista amatatu gabe, aurreko egunetan idatzitako narrazioan jarri nituen begiak. Gehiena asmatua zen: Bilborockeko emanaldiak, gurma zarratua, Zinaida Kotiuga, Vasil Gurenko, Sergei Usov. Ez zegoen gaizki Santurtziko moilan Apolo bielorrusiarrak kontatutakoa.

        Dena ez da, ordea, ipuin hutsa.

        Teatro Luzea existitzen da. Gaur ekarriko du azken lana Bartzelonara. Badira aste batzuk iragarrita ikusi nuela taldearen web guneko agendan. Aspalditik nahi nuen Bielorrusiako talde jazarria ikusi.

        Apolo ere existitzen da. Bielorrusiako Teatro Luzearen zuzendaria da. Taldeko web gunean jasotako elkarrizketa batean onartzen du ilargiratze famatuari zor diola ezizena. Eta nire pertsonaiak bezalaxe, jatorri euskalduneko senideak dauzka.

        Azkenik, hilketaren istorioa ere benetakoa da. Baina Zinaida Kotiuga barik, Kitty Genovese da neskaren izena, eta hilketa New Yorken gertatu zen 1964ko martxoaren 13an. Sindromea, bada, Kitty Genovese sindromea da. Psikologian ikasi nuen.

        Gaurko enkontrua Boquerian gertatu da, arratsaldean. Rambletako merkatu biziak Palermokoa ekarri dit akordura. Lehenago, eguerdia jo orduko, Bielorrusiako Teatro Luzearen konpainiaren prentsaurrekora bildu naiz. Ez zait zaila izan haren berri izatea.

        Bertan ikusi dut Apolo aurreneko aldiz. Antzeztu behar duten obraz eta Bielorrusiako zentsuraz jardun du. Nire ipuinetako pertsonaiaren antza hartu diot berehala. Lehen ipuinekoarena baino gehiago bigarrenekoarena. Genoveseri eskainitako antzezlana izateak zerikusia izan du, noski. Amaitutakoan geratu ez geratu egon naiz. Ez dut egin. Hiru edo lau kazetarik elkarrizketatu nahi zuten.

        Bostak aldera Borneko kale mehar batean ikusi dut Apolo. Kasualitate hutsa izan da. Ezer esan barik, jarraitzen hasi natzaio. Apolo karrika zikinetan barrena ibili da eguzki kiskalgarriari ihesi, ustez noraezean. Behin baino gehiagotan kalezulo berera bueltatu gara. Lantzean-lantzean, jende ugari zebilenetan, Picassoren museora heltzean kasu, aurrea hartu diot. Halakoetan Apolok ezinikusia egin dit, edo egiatan ez nau ikusi, ez dakit. Boqueriara heltzerako, asperturik, geldiarazi egin dut.

        Palermoko alegiazko hartan bezala ibili gara merkatuko postuen artean. Batzuk itxita topatu ditugu. Nire ipuinetan bezain argal ikusten dudala esatekotan izan naiz, gaixo-itxura daukala. Bigarren ipuinean piura espantagarria zeukan. Auskalo. Mediterraneoko usainekin hordituz paseatu gara, nire galderen zain Apolo ?sinetsirik kazetaria naizela?, hark zer istorio kontatuko ni. Baina ez du murtik esan. Luzaro itxaron dut.

        Hotelera joan zait gogoa. Prentsaurrekoaren ostean hara bueltatu naiz, eguneko albisteak entzuteko garaiz. Atzo garbitutakoen senideak ageri dira elkar besarkaturik, negarretan eguzki-betaurrekoen atzean. Ikaragarri kupitu naiz malkorik isurtzera ailegatu barik, ohean erdi etzanda erdi eserita, aldagailua esku batean dudala.

        Telebista itzali dut. Ez da minutu bat joan, ordea, atzera ere piztu arte. Ordurako hurrengo albisteaz ari ziren. Beste kanal bat bilatu dut. Esatari batek etakideen ihesaren gaineko hipotesi bi aipatu ditu. Barne ministroak berak onartu du ez dakiela atentatugileak irlatik irten diren edo bertan jarraitzen duten. Ministerioan hipotesi biekin jokatzen dute. Bigarrenari begira, zer gerta ere, kaiola-operazioa jarri dute martxan. Telebista amatatu dut berriro. Eta piztu. Amatatze-pizte une laburrean Palmako hotel bateko langile gisa irudikatu ditut etakideak. Beharrean ari dira une honetan, ministroaren adierazpenei axolagabe. Zenbat diren ez dakit. Hiru. Hiru izaten da batez bestekoa.

        Apolok arduragabe dirudi, ez omen daki ezer atentatuaz. Den-dena kontatuko nioke, baita egun bi lehenago Guardia Zibilaren Burgosko kuartelean leherrarazitako bonba-furgonetarena ere. Ihes egiteko desioa aitatu gabe, noski.

        Den-dena ezin da esan.

        Isiltasun itogarri batek azpiratu gaitu.

        Gauean, Apolok Montaner antzokira eroango du Kitty Genoveseren oihuak. Tarteka argi motelak piztu eta itzaliko dira eszenatoki ilunean. Eklipse ttipien gisa.

        Jada ez dugu elkar ikusten.