Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Gutunak

 

Txabi Aretxagari

 

 

2007ko irailaren 29ko gutuna

 

Egun haietan logelako pertsianako zirrituetarik barrandatzen nuen biluz, ezer definitu gabe. Oso aldi bakanetan kaleratzen nintzen, korrespondentzia postontzitik hartzera batez ere. 29an ezustean harrapatu ninduen Beitiak bidalitako gutunak. Baziren hiru hilabete ez nuela haren berririk. Bidaiatzen ari omen zen. Hamabi urte zeroatzan inora joan ahal izan gabe.

        Hilaren 24an zigilatutako gutuna zen. Harri eta zur gelditu nintzen. Beitiak bere etxetik bertatik igorria zen. Denbora faltaz edo gogo faltaz —edo biak, edo bat ere ez—, postala kanpotik bidali beharrean, etxetik bidali nahiago. Gutun-azal zuriaren barnean, ordea, ez zegoen postalik, gutun bat baizik. Sano arraroa begitandu zitzaidan. Zer edo zer idatziz komunikatu nahi bazidan, etxeko postontzian uztea bazeukan. Ez alferrik bizi ginen elkarren parean, hamabost metrora.

        Irakurtzen hasi nintzen. Niri gutunak bidaltzeko prest zegoen —jarraitu eta berreskuratu aditzak ere erabili zituen—. Nik ez nuen ordainean erantzuteko beharrik. Ondoren gure kaleaz aritu zen. Ondo pentsatuz gero, zioen sarrera gisa, balkoietara azaltzen garenean gure bizitzek ikuspegi diferenteak hartzen dituzte. Berehala etorri zitzaidan irudia burura: Beitia eta biok, nor bere balkoian kaleari beha. Funtsean arrazoi zeukan. Nire ikuspegia ez zen osoa. Kaleko aldaketez ere jardun zuen: meskita, etorkinen ugaritzea —batez ere aljeriarrak eta marokoarrak—, Halal, Pasio-Irudien Museoa, Machu-Pichu. Irakurri ahala kalea gorpuztu egin zen.

 

 

2007ko irailaren 30eko gutuna

 

Goizean eraman nuen erantzuna postetxera. Nik ere kaleaz berba egin nion Beitiari. Hiri-manifestua prestatzen ari nintzen. Hasiera bidali nion: Hiria indibiduoen arteko solasa da, akzioa, joan-etorria, talka. Etenik gabeko mugimendua. Hiria indar-eremua da, magnetismo-gunea, pultsio-esparrua, desio-aldea. Dena zegoen Manuel Delgadorengan, baina hori ez zekien Beitiak. Azken momentuan amore eman nuen: Manuel Delgadori zor, idatzi nuen.

 

 

2007ko urriaren 7ko gutuna

 

Pertsiana atzeko barrandatzeek ustekabeko zentzua hartu zuten. Lehenago ere horrela aritua nintzen Beitiarekin. Aurrekoan lez, eskuz idatzitako gutuna jaso nuen, laburra, telegrafikoa aukeran. Harekin batera Delgadoren El animal público. Hacia una antropología de los espacios urbanos liburuaren hiru kritika zetozen.

 

 

2007ko urriaren 12ko gutuna

 

Moilara ematen duen kale aldatsu horietako bateko argazki bat eskaneatu eta inprimatu nuen. Kartulina gorri batean itsatsi nuen. Edozein oinezkoren egitekorik arruntenak poesiara hurreratzen gaitu. Hori bakarrik idatzi nion, esan gabe hartan ere bazegoela Delgado; ulertuko zuen.

 

 

1999ko abuztuaren 23ko gutuna

 

Ez nuen akorduan Beitiarekin behin ere hitz egin izana. Ekaineko edo uztaileko bidaiari ekin aurretik —zer bestela?—, 12 urte igaro zituen kartzelan. 1995ean atxilotu zuten. Lehenago, nahiz eta kale berean bizi, nahiz eta beti balkoitik balkoira elkar agurtu, arrotzak ginen bata bestearentzat. Goiz batean izotza apurtzea erabaki nuen. Soto del Realeko presondegian zuten atxilo. Gutun bat idatzi nion. Etxera bidean, hi baino gorago nagok garden ahoskatzen zuen boz karrankaria entzun nuen barruan. Ez dut gogoratzen —zinez diot— erantzun ote zidan. Nik neuk hiru urte eman nituen ezer bidali gabe. Kartzelaldiko laugarren urtean, berriz, zer edo zer gertatu zen gure kalean eta beste gutun bat idaztera animatu nintzen. Eta hantxe ekin genion noizean behin gutunak elkarri igortzeari. Berrogeita hamasei gutun zortzi urtean.

 

 

Manuel Delgadori buruzko gutunak

 

2007ko irailetik aurrera, bada, gutunak trukatzen jarraitu genuen. Bata bestearengandik mila kilometrora bizi diren aspaldiko lagunak bagina bezala bidaltzen genituen. Edo Beitiak kartzelan jarraituko balu bezala. Manolo Delgadoren inguruko materiala biltzen genuen, Wikipedian topatutako datu eskasetatik —loturak salbu— bere blogeko artikuluetara. Baita han-hemen aurkitutako elkarrizketak ere —Noticias de Navarra, Cultura Urbana, Avui, Clarín, Gara, Solidaridad Obrera, Revista Austral de Ciencias Sociales, Minerva eta Tribuna Latina—.

        Ordurako amaitua nuen manifestua eta mugimendu bat sortu gura nuen: Izurde Hiria. Izenarena adostu beharrekoa zen gainerako kideekin. Izurdea hautatu izanak arrazoi batzuk zeuzkan: izurdeak animalia sozialak dira oso, haragizaleak, larru-jotze laburrak dauzkate eta, hiriek bezala, ez dute lorik egiten —edo oso gutxi—.

 

 

2008ko apirilaren 29ko gutuna

 

Presondegi bateko erregelamendua bidali zidan Beitiak egun hartan. Ez zegoen Delgadoren arrastorik gutunean. Presoentzako arautegiarekin batera, gogorarazten zidan kartzelan zegoelarik, gutun banatan, nork bere iritzia eman zuela egungo gizartearen arau gero eta zorrotzagoei buruz. Nik ez nuen halakorik oroitzen, baina derrigorrez izan behar zuen Delgado bera —entzun diodan aldi bakarrean— Bartzelonako arautze itogarriaz mintzatu zen batean. San Joan suak izan zituen hizpide. Txikitan nonahi eta baimenik eskatu gabe pizten zituzten. Egun, berriz, sua piztea mirakulutik hurbil zegoen. Beitiak, bada, kanpoko arautze muturrekoari barrukoa gehitu nahi zion, gure balkoiek ematen zizkiguten ikuspegi diferenteekin egin bezala.

        Ziegetan presoek eduki ezin zitzaketen gauzak zerrendatzen ziren erregelamenduan. Banan-banan, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako debeku guztiak irakurri nituen. Lehen kolpean batzuk zeharo logikoak iruditu zitzaizkidan, hala nola egiazko armak, su-armak zein arma zuriak edukitzea. Arma gisa erabil zitezkeen gauzak ere —burdinagak, objektu zorrotzak eta ebakitzaileak, xiringak edo orratz hipodermikoak— sartzen ziren logika hartan. Egiazko armekin batera, gezurrezkoak ere ageri ziren. Presoek ezin zuten imitaziozko armarik gorde. Egia esatera, hori ere zeharo normala iruditu zitzaidan. Pentsa, bestela, zer nolako aurpegia geratuko zitzaion engainatutako kartzela-funtzionarioari egunsentian preso batek Star edo Astra batez destatzen bazuen. Zur eta lur gelditu nintzen, aldiz, irakurtzean presoek ezin zutela hartzitutako frutarik edo hartzitzen hasia zen frutarik ziegan izan. Zertarako nahiko ote zuten presoek horrelako frutarik eduki? Erantzuna ere halakoxea begitandu zitzaidan: arautegiaren bosgarren puntuan baldin bazegoen, esan nahi zuen lehenagoko ohitura zela.

        Beste artikulu interesgarri batzuk ere bazeuden: presoek ezin zuten 14"koa baino telebista handiagorik izan; 20x30 zentimetro baino gehiagoko irratirik; presondegiko bizitza lasaia hankaz gora jar zezaketen txanpon, billete eta gainerako balio-objekturik; tabakoa biltzeko paperik; edo Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako jantzirik eta sinbolorik —zertarako gurako ote zituzten presoek?—. Era berean, ezin zezaketen arroparik eta zapatarik garbitu patioetako dutxetan. Landareak —eta animaliak— debekaturik zeuden. Azkenik, BIC eta CLIPPER markako metxeroak ere galarazita zeuden. Balizko arrazoiez galdetu nion neure buruari. Erregelamenduan ageri baldin baziren, arrazoi on bana zegoen noski. Zein, ordea? Ziegan landare bat edukitzeari egoki neritzon presoaren bergizarteratzerako. Zalantza handiagoak nituen, berriz, BIC eta CLIPPER markako pizgailuekin. Presoek ez zuten ziegan metxerorik eduki behar. Su eman ahal zioten kartzelari, Hego Amerikako presondegi ikaragarrietan behin edo behin gertatzen den bezala. Baina zer dela-eta BIC eta CLIPPER? BICera deitzeko deliberoa hartu nuen. Debekuaren berririk ba ote zeukaten galdetu nion gizon bati. Bozaren tonuagatik, adarra jotzen ari nintzaiola pentsatu zuen. Ez dakit ezer horretaz, esan zuen hotz. Benetan hotz. Hurrena CLIPPERera hots egin nuen, Bartzelonara. Andrazko batek aitortu zidan sinesten zidala —zergatik ez zidan sinetsiko—, baina sano kontu barregarria iritzi zion.

 

 

2008ko apirilaren 6ko gutuna

 

Egun batzuetako dudak uxatu ostean, CLIPPER pizgailu bat erosi eta Beitiari bidali nion gutun-azal barrubigun horietako batean. Une batez otu zitzaidan itzuliko zidala, preso bat espetxez aldatu eta presondegitik gutuna itzultzen dizutenean bezala lekuz aldatuta!!! oharrarekin. Ez nuen nahi, inolaz ere, Beitiak pentsatzerik artean presoa izaten jarraitzen zuela. Kartzelan izandakoek sarri aipatzen duten estigma hori. Beharbada Joseba Sarrionandia nuen buruan Preso egon denaren gogoa poeman. Hark zera idatzia zuen: Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti. Kalean juje, fiskal eta abokatuekin gurutzatzen da eta poliziek, identifikatu ez arren, beste inori baino gehiago begiratzen diote, bere pausua sosegatua ez delako edo sosegatuegia ez delako. Bere bihotz barruan betirako kondenatu bat dago. Bernardo Atxagaren Zeru horiek ere etorri zitzaidan burura. Baina ezin nuen zehaztu narrazioan kartzelatik irtendakoaren gogoa ere kartzelara bueltatzen zen. Noiz irakurri nuen nik Zeru horiek?

 

 

2008ko ekainaren 17ko gutuna

 

Beitiak, eskerrak emateaz gain, Kropotkinen erretratu horiztatu bat bidali zidan. Ziegan luzez gorderik eduki nuen bera, azaldu zidan gutunean. Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiko erregelamenduaren U eta 16. artikuluak —kartzelen arabera— aipatzen zituen. Konstituzioaren aurkako anagramak, pegatinak eta posterrak debekaturik zeuden. Baita sinbolo zein lelo arrazistak zituztenak, askatasun erlijiosoaren nahiz sexualaren kontrakoak, erakunde terroristen aldekoak zirenak edo indarkeria bultzatzen zutenak ere. Beitiak luzaro —Valdemoron eta Valladoliden— eduki zuen Kropotkinen argazkia ziegan. Nadar argazkilari frantziarrak ateratako haren kopia zen. Lantzean behin presondegi-funtzionario batek galdetzen zion erretratuko gizon bizardunaz. Piotr Alekseievitx Kropotkin, noblezia errusiarreko anarkista, Beitiak erantzun. Egun batean funtzionario batek argazkia kendu zion. Kropotkinen gainean ikertzen ibilia zen. Bonbak jartzen zituen putaseme hutsa zen Kropotkin hura. Beitiak enpin erantzun zion, erratuta zegoen —ez zion erratuta zegoenik leporatu—. Eta U —kartzela hartan U— artikulua ezarri zioten. Agur anarkista unibertsalari, Deustuko Unibertsitateko Soziologia fakultatean ere ikasgai arrunta zena. Aste batzuk geroago, Beitiak Bakuninen argazki bat eskatu zion lagun bati gutun bidez. Jakina denez, haurrek errekara harriak bota lez zartatzen zituen bonbak Bakuninek. Edozeinek daki hori. Funtzionarioak, berriz, ez zion ezer aurpegiratu. Ez zen Kropotkin errukigabea. Gutunaren amaieran, Bakunin ziegako horma batean zegoen bitartean, zioen Beitiak, beste Kropotkin batek, aurrekoa baino txikerragoak —BIC edo CLIPPER bat bestekoa—, ziegako zoko-moko guztiak ezagutu zituen miaketa saihesteko. Batzuetan liburu artean edo ohatze azpian bizi izan zen; beste batzuetan, jakako poltsiko batean edo Bakuninen argazkiaren atzean.

 

 

Kropotkini buruzko gutunak

 

Ekainetik abendura. Kropotkinen kaiera hasi genuen, Delgado erabat ahaztuta. Trukaketan aurrera egin ahala, beste izen historiko batzuk ere ekarri genituen. Zeharka beti ere. Luze gabe literaturara egin genuen salto. William Goldwin batez ere. Henry D. Thoreau, Benjamin Tucker, Allen Ginsberg, Tolstoi bera. Aldous Huxley. Ibsen. Ciberpunka. Galtzen hasiak ginen.

 

 

2009ko maiatzaren 6ko gutuna

 

Postariak oharra utzi zidan buzoian. Postetxera abiatu nintzen arineketan, Santa Maria kaleko bulegora. Bonsai bat eman zidaten. Beitiak Bartzelonatik bidalia. Hemendik aurrera Aurelia Arkotxaren artikuluak paperean irakurtzea botako dut faltan, ziostan.

 

 

2009ko ekainaren 21eko gutuna

 

Izurde Hiria proiektuaz idatzi diot Beitiari. Tamalez —amorruz diot—, ezerezean geratu da. Ez zait Aurelia Arkotxaren artikuluak sartzea ahaztu. Gutuna postetxera eraman baino lehen leihotik begiratu dut pareko etxerantz. Erasmus programako ikasleak bizi dira egun, nahiko argi dago hori.