Fikzioaren izterrak
Fikzioaren izterrak
2010, narrazioak
200 orrialde
978-84-92468-22-5
azala: Gorka Lasa
Ur Apalategi
1972, Paris
 
 

 

Epaimahaia

 

 

Demagun aipatu ditudan idazle horiek guztiak izan direla, dimentsio edo unibertso honetan ez bada, agian ondoko dimentsio paralelo batean.

IBAN ZALDUA

 

 

Andia kaleko 13a. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren egoitza. Goizeko hamaikak. Urri hasierako egun epelegia, haizetsua, narritagarria akaso inorentzat. Euskadi Sariko bost epaimahaikideak, Kultura Sailaren ordezkaria eta bilerako idazkaria mahai obalo baten inguruan jarrita daude. Hirugarren solairuko leihorik gabeko bulegoko paretak koadrorik gabe. Bost finalisten lanak banan-banan bakoitzak iruzkintzea da bileraren lehen zatiko zeregina. Bigarren zatian, aurreko bi bileretan hartu ohiturari jarraiki, instituzionalizatzeko bidean den kafetxoaren bueltan alegia, bozketa egingo da. Orduan jakingo da nork irabazi duen saria.

        Kepa Jauregi apaiz frantziskotar jubilatua izan da hitz egiten lehena. Azken berrogeita hamar urteetan zintzoki eta sakrifikatuki euskaraz argitaratzen den oro irakurri duen arren, ez da berea ahots erabakigarria. Ez du epaimahaiko beste inorengan eraginik izateko behar den itzalik eta horren jakitun da bera. Horregatik, modu nahiko inpertsonalean eta bere oharrak autoreek erabili duten hizkerara mugatuz aletzen ditu finalisten lanak. Ezinezkoa da berak esandako hitzetatik bozka nori emango dion asmatzea. Eta litekeena da berak ere oraindik ez jakitea, garbi baitago epaimahaiaren haizea nora, hara joango dela bere aukera.

        Imanol Ansotegi da hitza hartzen bigarrena. Berrogeita bi urteko nafar idazle honi behialako esperantza ihartuek goibeltzen diote begitartea. Apika idazle baino kritikari hobea izan da betidanik eta irizpide argi eta ziurraz ebakitzen ditu bere epaiak. Mahai obaloa adi dauka, bere iritziarekin hasiko baita erabakitzen saria. Finalistak bost badira ere —poeta bat sartu beharra zegoen eta ohiko Iparraldeko idazlearen ordez saiakeragile bat sartu zuten aurreko bileran hautagaien artean, finalisten zerrenda politikoki zuzena gera zedin— biren gauza da bere aburuz benetako lehia. Libe Aginagaren eleberria interesgarria izan arren ez da erabat borobila eta, hortaz, Joxerra Sarragoiti kontsakratuaren Kanoiek pott egin zitean eta Markel Aoizen Tropel tristea-ri deritze irabazle izateko moduko bakarrak. Ez bide du inork zalantzan jartzen berak iritzitakoa. Bitxiena, Ansotegiren ibilbidea ezagutzen duenarentzat, Tropel tristea ipuin bilduma defenditzeko erabili duen erretolika hotza izan da. Markel Aoiz eta bera, adinkide izateaz gain, adiskidetzat dauzka jende gehienak. Berak inoiz lortu ez duena lortzekotan den belaunkideari saria ukatzeko tentazioa ote hoztasun horren zioa?

        Hurrena Borja Martinez mintzatu da, epaimahaikideetan gazteena. EHUn Filologia tesi bat prestatzen ari da 90eko hamarkadako olerkigintzaz. Ansotegirekin bat egin du Sarragoiti eta Aoizen lanen kalitatea azpimarratuz. Haatik, Libe Aginagaren eleberria hirugarren lehiakide zinezkotzat daukala zehaztu nahi izan du. Bero eta luze aritu da Joxerra Sarragoitiren azken eleberriaz. Laburxeago Aginagarenaz nahiz Aoizen ipuinez, baina bere azken aukeraz pista argirik eman gabe.

        Ondoren Irantzu Aranguren aztoragarriaren txanda izan da. Zilegitasun gutxien duen epaimahaikidea da Irantzu, ez baita ez idazle ez irakurle profesionala, Bizkaiko ikastetxe batean euskara eskolak ematen diharduen irakasle xumea baizik. Baina epaimahaiko lau gizonei bost axola zaie berak literaturaz asko edo gutxi jakitea, bera bezalako andereñoa izatekotan eskolara itzultzeko prest leudekeelako. Labur eta herabeturik hartu du hitza egiazko bi finalisten aukera horretan aurrekoei arrazoi emateko.

        Azkenik Karlos Iturriotzek hartu du hitza. Ansotegiren antzera bigarren planoan geratutako idazlea da. Joxerra Sarragoiti handiaren aspaldiko lagun izateak errebotezko aura antzeko bat eman izan dio betidanik eta sasi ospe horretatik bizi da. Sarragoitiren talde literario eta manifestu guztietan agertzen da bere izena, eta lantzean behin Sarragoitik hitzaurre bat egiten dio bere liburuetako bati, betidaniko leialtasuna saritzeko edo. Zaila da, hortaz, beste norbaiten alde joka lezakeela irudikatzea ere. Epaimahaiburu gisa, alta, behin baino gehiagotan esan die beste epaimahaikideei, bilerak hasi dituztenetik, inolako aurreiritzirik gabeko eztabaida bermatzeko asmoa duela. Hasteko, Aoizen lana iruzkindu du, luzaz. Laudorioz estali ditu Tropel tristea-ko testuak. Halere, zera esanez bukatu du:

        — Berriro argi eta garbi utzi nahi dut, eta uste dut orain arteko prozesua ezin gardenagoa eta libreagoa izan dela, edozeinek irabaz dezakeela saria. Hots, ez dagoela aldez aurreko faboritorik. Hemen esango direnak ez dira hemendik irtengo eta lasai erabaki dezakezue kontzientzia literarioak esaten dizuenaren arabera. Niri dagokidanez, lagun batek orain dela egun batzuk komentatu zidan esaldi bat datorkit gogora une honetan.

        Irribarre ezdeus bat loratu zaio ezpainetan Iturriotzi, baina nahigabean loratu balitzaio bezala uxatu du segituan.

        — Euskaratu berri den Victor Hugoren Idi orgaren karrankak liburuko esaldi bat da: «Berde honekin lurra egin zuen, urdin honekin, zerua». Horrekin zera esan nahi dut, sari honekin idazle bati zerua ematea dela gure lana. Lurra irakurleak emango edo ematen dio. Ez dut uste Markel Aoizen lanari kalitatea falta zaionik. Berdea da dagokion kolorea, ordea. Ez dut esan nahi oraindik berde dagoenik, ez nazala inork gaizki ulertu. Ez da adin kontua. Itxaropenaren eta etorkizunaren kolorea da berdea. Nik uste Tropel tristea baino obra are hobeak emango dizkigula hurrengo urteetan, hau da, onenak eman gabe dagoela oraindik.

        Bere hitzen eragina neurtzeko, edo baieztatzeko, geldialditxo bat egin du, berriro ekin aurretik.

        — Sarragoitiren lanaz, berriz, ez dut ezer esango. Beste behin ere iruzkinetatik haratago dagoelako. Nire uste apalean, ez naiz nor maila honetako lanak nire lerdeaz, miresmenezkoa izanik ere, orbantzeko. Orain kafetxoaren ordua dugu, lagunok.

 

 

Zuresiek bereizten dituzten bulego txikiz betetako areto nagusiaren sarreran dago edari makina. Solairuko funtzionario gehienak ez dira ohartu ere egin bost epaimahaikideen presentziaz, eta ohartu direnek sorgortasunez begiratu diete, hartzear dauden erabakiaren garrantzia susmatu gabe. Kafezaleak ez direnek ere kafea hartu dute, sabelaldea korapilatzen dien urduritasunari zio erretrospektibo bat eman nahiz, ausaz. Borja Martinez doktoregaia komunetarantz abiatu da. Irantzu Aranguren irakasleari pixalarri dela gogoratu zaio orduan.

        — Borja! Psst! Etorri...

        Pixa egitetik gizonezkoenetik irten berri den Borjari deika ari zaio Irantzu, emakumezkoen komunen ate zirrikitutik. «Niri ari zara deika?» esan nahi duen aurpegia jarri zaio Borjari, loterian sari lodia irabazi duela iragarri baliote bezala. Eskuaz keinu egin dio Irantzuk, sartzeko. Bere atzean atea itxi du gero.

        Biak bakarrik daudela ohartu da orain Irantzu, emakumezkoen komunetan. Eta berak gonbidatu duela hara Borja. Komunetako airea berritzen duen bentilagailuaren marmarra baino ez da entzuten. Hodi fluoreszenteen argia gordina da eta aurpegietako xehetasunak gupidagabe salatzen ditu. Oreztaz betetako Irantzuren aurpegi gorrituak marrubiaren itxura hartu du. Jateko moduko marrubia dela otu zaio Borjari. Bere izaera herabea bortxatzen ari da Irantzu, begi bistan dago, baina gaizkiulertua lehenbailehen desegin nahiko luke eta hitz guztiak batera esan nahi balitu legez atera zaizkio:

        — Barkatu Borja, zorotzat joko nauzu baina hau da dudan modu bakarra. Eta azken aukera. Dena normaltasunez igarotzen ari zela sinetsita nengoen. Nik ez dut uste Sarragoitiren eta Aoizen lanak bata besteari gailentzen zaizkionik. Ez zentzu batean, ez bestean. Horregatik, berdin zait, benetan, batari nahiz besteari ematea saria. Baina gauza arraro bat gertatu berri da...

        Ausardia barkatu diola baieztatu nahiko bailuen begiratu dio Irantzuk Borjari, berriro bere azalpen luze eta zailari ekin aurretik. Borjari, aldiz, kostatzen ari zaio atsekabea gordetzea. Irantzu ohartu da Borjaren atsekabeaz, eta, ezustean, gustatu egin zaio emozio hori Borjaren aurpegian inprimaturik ikustea. Adorea eman dio jarraitzeko:

        — Banuen susmorik egia esateko, baina, noski, frogarik ezean... Ez al zaizu bitxia iruditu Iturriotzen hasieratiko neutraltasun autoaldarrikatua? Behin eta berriro esan digu presiorik gabe erabaki behar genuela, edozein idazlek irabaz zezakeela, idazleen sexuak, ibilbideak edota prestigioak ez zuela zeresanik izan behar erabakitzeko orduan. Bada, lehen-lehenik, Sarragoitiren betidaniko adiskide batengandik zail samarra egiten da hori irenstea. Baina tira, zergatik ez?, pertsona zintzorik egon badagoela sinesteko prest nago. Gurago nuke hala izan dadin. Eta horretan nengoen ni orain dela bost minutu arte... harik eta Victor Hugoren aipamena egin duen arte.

        Borjaren begietan harridura eta jakin-mina nahasten bide dira. Irantzuk aurrera jarraitu du:

        — Entzun duzu esaldi hori, zeru urdinarena eta lur berdearena. Eta gero etorri den komentarioa, ez omen dela idazle berdeegia baina berdearen itxaropena dagokiola Aoizi, eta abar. Bada, sinetsidazu nahi baduzu, Borja, baina esaldi hauek, hitzez hitz, Victor Hugoren aipamen eta guzti, entzun nituen orain dela aste bi Parisko Pompidou museoan nengoela.

        Borja isilik dago.

        — Oporretan nengoen Parisen eta, badakizu, kontestuz kanpo euskara entzutea beti egiten zaizu deigarria. Mugikorra belarrian, museoko azken solairuko tabernako beirazko leihoan bermaturik, Parisko teilatuei begira zegoen gizon bati entzun nizkion hitz haiek. Ba al dakizu nor zen?

        Borjaren begirada maltzurtu da, aldez aurretik egin behar dioten errebelazioaren konplize bihurtu nahi bailuen.

        — Joxerra Sarragoiti himself.

        — Ostia... —murmuratu du Borjak, badaezpadako ahots apalaz—. Zer uste duzu, Iturriotzekin ari zela hizketan?

        Borjak bere logikari jarraitu diola ikusirik, ez du erantzuteko nekerik hartu Irantzuk. Bekainak altxatuz «beste zerbait bururatzen zaizu?» esan nahi duen keinua eskaini dio.

        — Joan egin beharko gara, ezta? Bestela zerbait susmatzen hasiko dira hauek —atera du Irantzuk Borja bere gogoetatik.

        — Goazen, bai, onartu du Borjak —komunetako elkarrizketa intimoa bukatu delako penaz.

 

 

Kultura Sailaren ordezkariak azken kontsignak eman eta epaimahaiaren argazkia bozketa hasi aurretik edo ondoren egitea nahiago ote zuten galdetu zien. Karlos Iturriotzek beharbada hobe zela aurretik ateratzea esan zuen, txantxa doinuan, «badaezpada, haserreturik bukatuko bagenu edo». Denek egin zuten barre, baina urduritasunak eragindako erreflexuz, hots, batera eta lasterregi. Bi argazki atera zituen idazkariak, lehena Kultura Sailaren ordezkariarekin eta bestea epaimahaikideekin bakarrik. Ondoren, bozketara igaro ziren.

        Iturriotzek berak hasi nahi izan zuen, apika ondoan zuen Kepa Jauregi frantziskotarraren balizko azken dudak uxatzeko asmoz. Jakina, Kanoiek pott egin zitean, Sarragoitiren eleberriari eman zion bozka. Ondoren frantziskotarra mintzatu zen eta ez zion Iturriotzi —ala Sarragoitiri?— hutsik egin. Ansotegirena izan zen sorpresarik handiena. Kafe pausa aurretiko diskurtsoak iradokitzen zuenaren aurka, Markel Aoizen Tropel tristea ipuin bildumaren alde egin zuen. Hori bai, betebeharrari dagokion ahots entusiasmorik gabeaz, lagunarekiko zorra kitatzen ari bailitzan. Irantzu Aranguren Aoizen alde jarri zen, bere herabetasuna azkenean gainditurik eta Iturriotzi erronka begirada boteaz. Hortaz, bina zeuden bi lehiakide nagusiak, inork ez baitzion Aginagari bozkatu. Eta, ondorioz, Iturriotz mahaiburuaren kalitatezko botoa —hots, berdintasun erabatekoa suertatuz gero gailentzen zen bozka— indarrik gabea bihurtuko zatekeen, nik, Borja Martinez deitzen naizen honek, bi idazle hauetako baten alde egin izan banu.

        Azkenean, Libe Aginagaren alde egitea erabaki nuen. Bizpahiru arrazoirengatik. Alde batetik, esan berri dudanez, banekielako horrek ez zuela ezer aldatuko. Alegia, jada Sarragoitik ez zuela nire bozkaren beharrik saria irabazteko, epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren araua zela medio. Beste aldetik, Markel Aoizi herra diodalako, baina hau ez da horren zergatia ematen hasteko tokia. Azkenik, Irantzu neska txit erakargarria —eta agian eskuragarria— iruditzen zitzaidalako eta bera atsekabetzea penagarri zitzaidakeelako une hartan. Izan ere, nola aitortu berari Joxerra Sarragoitik Parisko Pompidou zentrotik niri egindako dei hartaz ondo asko gogoratzen nintzela eta, bidenabar, neronek komentatu niola Iturriotzi, ondoko egunetan egindako bazkari batean, elkarrizketa telefoniko hura bere xehetasun guztiekin? Berdeegi sentitzen nuen gure artekoa halako arriskua hartzeko, eta zeruaren urdina jo nahi nuen Irantzurekin. Gaur bertan aitortuko nioke, beharbada, nire emaztea ez balitz.