Gutun bi posteritateari
(Literatura eta Historia)
Neu naiz Alfa eta Omega,
dena, zena eta etortzekoa,
ahalguztiduna.
Apokalipsia
Euskal Herrian literatura egitea ez da gauza erraza. Manu Eztandonak ondo zekien hori. Esperientziaz. Diktadurapean bizi ziren herrietan ere ez zen erraza, onartzen zuen, baina egonkortasuna lagun, idazleak etorkizunari begira jokatu eta, pazientzia apur batekin, obra sendo bat eraikitzea zeukan. Sendoa bere kalitateagatik, baina batez ere sendoa anakronikoa suertatzeko arriskurik ez zuelako. Obrak deskribatuko zuen errealitatea luzerako hor baitzegoen, irmo, higiezin, setati. Zer maisulan egingo zukeen Soljenitsin batek Stalinen laguntzarik gabe? galdetu ohi zuen bere artean. Egoskortuko al zen horrela literaturarekin? Mendebaldeko demokrazia batean bizi izan balitz, obra bat idazten bukatzerako sortzen ikusi zuen kontestua zeharo aldatuta zegokeen eta, ondorioz, obra bera baliogabeturik, zaharkiturik, modaz pasata. Eta gauza berbera gertatuko zitzaiokeen bere hurrengo idazlan bakoitzarekin, artean idazteari utzi ez bazion.
Manu konbentzituta zegoen: gulaga benetako oparia izan zen idazle errusiarrarentzat, oztopoak egiten zuelako handi idazlea. Genio literarioa une eta gune egokietan jaiotzean zetzan. Mende erdiko diktadura amaiezina pairatu beharra aski ez, eta gainera gulagera bidali zuten Soljenitsin. Batzuen zorteak ez zeukan mugarik. Zentsuraren ohoreak ia automatikoki eskainiak, Altzairuzko Teloiaren beste aldean harrera ezin hobea segurtaturik... Eta hoberena, inspirazio arazoei adio! Beste zerbait zen, bai, idazleari Historiaren bertsio deskafeinatu bat trufaka ari zitzaionean ganorazko obra idaztea. Halako egoeran ez zegoen bete-betean asmatuko zuen idazlerik, deitoratzen zuen Manuk beste askorena ere nahi zukeen ezinarekin kontsolatuz bere burua.
Iluna hiriaren jabe da oraindik. Manuk ez dauka pertsiana ireki beharrik hori jakiteko, ezta gau-mahaitxoko iratzargailuari begiratu beharrik ere. Ohetik bertatik sentitzen du gauaren gorputz grisa pertsianaren zirrituetatik limurtu eta logela betetzen. Gaur ere ohearen beste aldean esnatu da, hainbeste urtez Maitanerena izan den aldean. Gauero egiten du migrazio sonanbuliko berbera banandu direnetik. Bostak direla egingo luke. Bostak eta laurden, zehazki, motoa arrankatu eta oraintxe alde egin baitu auzokoak lanera, egunero lez.
Francoren heriotzarekin hasi ziren gauzak okertzen. Ordura arte euskal idazlea ere Soljenitsin txiki bat izatera josta zitekeen, denen onesmenarekin. Ez zeukan zaila komisaldegian egonalditxo bat lortzea, edo, anbiziotsuagoentzat, presondegia dastatzea. Gaizki idatzi arren, idazle zentsuratua bihur zitekeen, erraz. Halere, etekinik handienak erbesteak ematen zituen. Urteetarako prestigioa pila zezakeen Parisko edozein unibertsitatetan apuntatze hutsarekin. Hortik aurrerako bere betebehar bakarra tarteka euskal prentsan iritzi testu batzuk argitaratzea zen, euskal nazio zapalduaren askapenaren aldekoak, nola ez, edota petizioren bat izenpetzea. A la rigueur, manifa batean pankarta nagusiaren atzean joatea edota mitin batean azaltzea. Baina etxeko lan horiek eginez gero, lasai idatz zezakeen, batere kezkatu gabe «literaturtasunaz», «kontaketaren abenturaz», «mintzaira poetikoaren iraultzaz», «errealismo magikoaz», «postmodernitateaz», «autofikzioaz» eta gisa bereko kontsiderazio bizantinoez. Izan ere, euskal idazleak ez ziren benetan irakurriak garai zoriontsu haietan, apenas baitzegoen alfabetatutako irakurlerik. Inporta zuena euskaraz idaztearen sinbolika zen. Franco hil ostean, ordea, pikutara joan zen dena.
Ohetik atera, esku zalantzatiaz telefonoa laztandu, arnasa sakon hartu, eta sukaldera jo du Manu Eztandonak, gosaltzera deliberaturik. Ez da gose, ordea. Ohartzen da ez dela gose. Hozkailuaren aurrean beste duda une bat izan du, baina bere lehen asmoari eutsi eta gosaria prestatzeari ekin dio. Lehen ogi xafla irentsi eta bigarrenari mauka egitean itzuli zaio gose pixka bat.
Saiatu da ordularia ez begiratzen. Ahalegindu da irratiko berriak entzuten. Gaur bai. Beste edozein egunetan ezinezkoa irudituko litzaiokeena gaur eskura ikusten du. Gutun-azala pisatzeko luzatuko dionean postariari, eskuek ez diote dardara egingo. Denbora gehiegi darama itzalita. Denbora gehiegi itzalean. Bada garaia behialako konfiantza berreskuratzeko. Bizitzak zapuztu dion konfiantza, porrot literario errepikatuek zapuztu diotena, luzaz andregai izandako Maitanek zapuztu diona.
Telebista piztu eta gutun-azala betetzeari ekin dio, artoski, kontzentrazio iheskor bati nola edo hala eutsiz, azantz katodikoak neurri batean bareturik. Urte askotan erresistitu ondoren, ordenagailua darabil gaur egun idazteko. Fetitxismo literarioak ezertarako balio ez duela onartu du azkenean, etsita, eta onartu behar du, halaber, zuzenketa eta orrazketa orotarako askozaz ere praktikoagoa dela testu prozesadorea. Hala eta guztiz ere, zerbaitek galarazten dio, oraindik, bere testua editoreei Word formatuan e-mailez bidaltzea. Halako desakralizazioa bortitzegia zaio. Apostatek ere jarraitu egiten dute «Jainko maitea», «Jainkoak daki» eta halakoak esaten, desenkusatzen du bere burua. Horregatik, ordenagailutik paperezko bertsioa atera eta liburuki gisa osarazi ohi du auzoko fotokopia dendan, bidali beharreko argitaletxeak beste aletan. Estrategia honek ez dio orain arte emaitza positiborik erakarri, baina idazle dela sentitzen jarraitzeko ezinbestekoa zaio. Paperaren materialtasuna, liburu bihur litekeenaren pisua besapean, postarantz daramanean...
Gaztea zen, Franco hil zenean. Doi-doi hasia zen bere zokoan testutxo batzuk atontzen. Maitanek bultzatu zuen horretara. Euskal klasikoak irakurtzeari ekin zion, hala gomendatzen zutelako garai hartako idazle berritzaileenek, baina izugarri kostatzen zitzaion. Irentsezinak iruditzen zitzaizkion; den-denak, Axularrengandik hasita. Elizkoikeria pairaezina autore guzti haiena. Haatik, ez zion inori sekulan halakorik aitortu. Maitaneri izan ezik, zeina euskal klasikoen irakurketaren iniziazio erritu aszetikoan bere kabuz murgilduta baitzebilen ordu hartan. Biek ala biek elkar ezagutu aurretik zeramaten militantzia linguistikoak zeresan handia izan zuen beraien arteko hurbiltzean. Manuk Arestiren testuak eta Miranderenak zituen gogoko. Arestirenak iruditzen zitzaiolako berak ere egin zitzakeela, hain ziruditen sinpleak poeta sozialaren purrustadek. Eta Miranderenak, berriz, ba denei antzera, morboarengatik zitzaizkion erakargarri, nahiz ez zituen beti osorik ulertzen. Euskal Idazleen Elkartea sortu zenean, laurogeiko hamarkadaren hasieran, erabaki zuen bere ordua iritsi zela. Olerki bilduma bat osatu eta argitaratzea lortu zuen. Gauza ez oso harritzekoa, garai hartako euforian edozein testuk amaitzen baitzuen inprimategian, euskaraz idatzia zegoen ber. Inor gutxik irakurri zion, ordea. Prentsa idatzian egin zitzaion kritika bakarrean anakronikotzat jo zuten bere testuen kutsu arestiarra. Konprometituegia omen zen. Ez zuen ondo ulertu harrera hura, edo harrerarik eza. Sarrionandia laudatu berria zuten, bada, aho batez, kritikari horrek berak eta beste guztiek. Eta iurretarra baino idazle konprometituagorik? Presondegian sartua zuten morroia, etakide izateagatik.
Zerbaitek ihes egiten zion garai hartan. Txillardegi gora, Txillardegi behera, Sarrionandia ume mukizu hura zegoeneko Parnasoaren gailurrera iritsita... eta gero bere testu konprometituei kasurik ere ez?... Gauzak apur bat argitu zitzaizkion Atxagaren eta Txillardegiren arteko debate famatu hura gertatu zenean, laurogeiko hamarkadaren erditsutan. Konprenitu zuen bi bando zeudela euskal mundutxo literarioan. Laburbiltzeko: ETAren aldekoak eta ETAren kontrakoak. Eta konprenitu zuen, baita ere, ETAren kontrakoak nagusitzen ari zirela mundutxo literarioan, nahiz eta oraindik itzal handia izan ETAren aldekoek, eta batez ere babes sozial askoz ere handiagoa. Babes sozial hori hain zuzen euskarazko literatura irakurtzen ez zutenek eskaintzen zuten nagusiki, konprobatu ahal izan zuenez. Nola idatzi egoera horretan? Gauzak ez zeuzkan oso argi eta zuhurtziak obserbatzaile soil gisa jarraitzea agindu zion urte batzuez, deus ere idazteke, eta logikoa denez, ezer argitaratzeke. Maitanek ez zion kontuari garrantzirik eman nahi izan. Bazirudien olerki liburuaren porrotak ez zuela egiazko elkarrizketa bat ere merezi harentzat. «Badakit haietako gehienak bezain ongi idazteko gai zarela» esatera mugatu zen, telebista kanala aldatzeko butakatik altxatu aurretik.
Espainiako Narratiba Sari Nazionala 1989an Atxagak eskuratu zuenean, Manuk erabaki zuen berriro iritsi zela bere ordua. ETAren aldeko euskal idazleenak egin zuen eta garbi zegoen zein bandotik idaztea komeni zen. Ipuinak zeudenez modan, bada ipuingintzari lotu zitzaion liburu berri bat osatzeko asmoz. Zoritxarrez kale egin zuen berriro ere, eta gainera modu bikoitzean. Ohartzerako, nobelara pasatuak ziren euskal idazle nagusi guztiak eta apenas eskaini zioten arretarik bere lanari, kritika abegikor bezain motel batzuk argitaratu ziren arren, han eta hemen, bere testuak irakurterrazak zirela azpimarratuz. Despistatuta ibiliagatik bazekien irakurterraztasunarena modu diplomatiko bat zela kritikariarentzat adierazteko mintzaira literario txiroa zeukala idazleak eta liburuaren edukiak ez zeukala interes zipitzik. Bestalde, ezker abertzalekoa zuen familiaren zati handi bat haserretu egin zitzaion, zeharo, ipuinen kutsu atxagatarrarengatik, alegia, espainolistarengatik. Saltsa askotan sartua bide zegoen lehengusu bat etxeraino hurbildu zitzaion eta gutxigatik ez zuen egurtu. «Ez al dakik ze familiatakoa haizen, lerdo hori! Ahantzi al zaik hire aitona-amonek pairaturikoa euskaldun izateagatik?» leporatu zion lehengusuak. Euskaldun izateagatik baino abertzale izateagatik jasan zituztela jasandakoak ñabartu nahiko ziokeen, baina ez zen unerik aproposena ñabarduretarako. Gainera lehengusua metro eta laurogeita hamar ingurukoa zen. Begietara begiratu ezinik, begirada lehengusuaren lepoan finkatu zuen, zeinetan zaina edo arteria zatekeena (ez zuen inoiz ikasi biak bereizten) lehertzeraino hanpatua ikusten baitzuen, urdin-more.
Zer den bizitza, zenbat jirabira ematen dituen. Ia euskal politikagintzak beste. Banandu denetik idazteko denbora gehiago dauka, noski, baina baita beste gauza askotarako ere. Esaterako, azken aldion berriro adiskidetzea lortu du lehengusuarekin. Orain astero elkar ikusten dute. Futbito talde batean ari dira biak eta mendira ere sarritan joaten dira elkarrekin. Bien mutilzahartasunak lagundu bide dio Manuri lehengusuarekiko zubia berreraikitzen, aurretik inoiz zubirik izan bazen. Hasieran mesfidati hartu bazuen ere lehengusuak Manuren hurbiltze saioa, pixkanaka bere konfiantza irabazten jakin du. Besteak beste, behialako idazle plantak eta kalakak baztertuz. Lehengusuak ez daki idazten jarraitzen duela.
Gutun-azala prest dauka, egongelako mahaian pausaturik. Oraindik hiru ordu laurden geratzen dira posta bulegoa irekitzeko. Nobela pisutsua atera zaio; aurrekoa baino are pisuagoa. Horrelakoak behar omen ditu gaurko irakurleak eta horrelakorik idatzi ez duena ez omen da idazle.
Bainugelan sartu eta bibote postizoa jarri du. Benetakoa dirudi, ez da inauterietako bibotetzar horietakoa. Aitaren aspaldiko pastadun betaurrekoak jarri ditu ondoren. Azkenik, ilea gominaz atzerantz bota du. Emaitza harrigarria da, ispiluan konproba dezakeenez.
Maitanek 1997ko Eguberri egunean, bere gurasoen etxe azpiko aparkalekura iristean, agertu zion haurrak izateko gogoa. Ahal bezala defenditu zen Manu. Eskaerak —zeren bistan zegoen eskaera bat zena eta ez gogo oraindik lauso baten azaleratze espontaneoa— ezustean harrapatu zuen, bat-batekoegia zen. Gainera, sentitzen zuen ez zegoela erabat prest, nahiz ez zuen baztertzen etorkizunean halako aitatasun xederik izatea. Haatik, eta hori zen Maitaneri aurkeztu ahal izan zion taxuzko argudio bakarra, ez zen oraindik burutzera iritsi aita bihurtu aurretik buruturik eduki nahi zukeen guztia. «Ulertzen duzu» esan zion ahal bezain leun, «nire semea egin dudanaz harro egon dadin nahi dut». «Asko egin duzu dagoeneko» esan zion Maitanek, oraindik bere asmoa aurrera eraman zezakeela sinetsita. «Mendian galdutako herrixka batetik zatozela kontuan hartzen badugu, eta ikusirik zure familia...». Beranduegi ohartu zen familiarena aipatzean egindako hankasartzeaz, baina isilune labur baten ondoren, argudiatuz jarraitu zuen Maitanek, baikor, elkar ulermenerako borondatea agerian utziz: «Ohartzen zara? Funtzionarioa zara Gasteizen, eta nahiko duinki ordaindua gainera. Zer egingo genuke zure soldataren bermerik gabe? Oraingoz biok bakarrik osatzen dugun familia honi eusten diozu. Eta ni ere, banaukazu, ezta?». «Badakit, Maitane. Baina... konbentzituta nago benetako idazlea izan naitekeela». Aldi berean galdu zituen ziurtasuna eta irribarrea Maitanek. Hala eta guztiz ere, azkeneko saioa egin zuen. «Idazten jarraitu ahal izango duzu, aita izanik ere, Manu...». Bere izenaren bigarren silaba nota agudoagoan ahoskatu zuen, goxoki bat gehiago nahi lukeen umeak aitatxo bukatuko lukeen moduan. «Idazle gisa hobetu baino ez zaitu egingo aitatasunaren esperientziak». «Maitane, bihotza, nik ez dut idazten jarraitu nahi. Idazten hasi nahi dut. Egiazki. Sentitzen dut hau dela unea. Sentitzen dut egin dezakedala. Orain» erantzun zuen Manuk. «Zer dela eta orain?!» arraildu zitzaion ahotsa Maitaneri. «Nire lehen eleberria idazten hasi naiz» iragarri zion orduan, erronka doinua saihesteko lanik hartu gabe. Maitaneren gurasoenean Eguberriko bazkaria egitera igo ziren arren, bukaeraren hasiera izan zen.
Bere lehen nobelaz oroitzen denean amorrua da sentitzen duen lehen gauza, eta beharbada bakarra, ez baitago harro idatzitakoaren kalitateaz. Oraingo hau borobilagoa da, askoz. Esku ziurragoz idatzia. Azkenean gauzak argi dituen norbaiten emaitza da. Lehen eleberri zapuztu hura euskal egoera politikoa usteltze fase aurreratuan sartua zelarik idazten hasi zen, Gizona bere bakardadean eta Hamaika pauso irakurri ostean. Bi eleberri hauetan ETArekiko deslilura bizi zuten pertsonaiak ziren protagonista, ulertu zuenez, eta antzeko nobela eratzen saiatu zen, presaka, anakronizitatearen mamuari behingoz izkin egiteko asmoz. Laster taxutu zuen intrigatxo interesgarri samarra. Baina, azken kapitulua idazten ari zela, Lizarra-Garaziko adierazpena izenpetu zuten alderdi abertzale guztiek, baita Ezker Batuak ere. Hortik bost egunera ETAk su-eten orokor eta muga jakinik gabekoa iragarri zuen. Manuren eleberri desliluratuak ezin zezakeen ezein argitaldari liluratu kontestu berri hartan. Garai baikorrak ziren haiek eta abertzaletasuna berriro ere loratuz zihoan kaleko jendearen elastikoetan, Euskal Telebistako tertulietan eta, bistan da, literaturan bertan ere.
Ezin izan zuen inoiz amaitu azken kapitulua. Nazkaz begiratzen zion bere bulegoko mahaian badaezpada irekita zatxikan koadernoari. Baina ozenagoa zen Lizarra-Garaziko akordioaren azantz mediatikoa bere Musaren marmar erlastua baino.
Esperientzia mingots horrek eman zion zer pentsatua Manu Eztandonari. «Distantzia hartu nahi zuela» edota «gogoeta fase batean» zegoela ihardesten zuen baldin eta liburu berririk labean ote zeukan galdetzen bazioten, idazleei politeziaz galdetu ohi zaienez. Eta egia da, izan ere, hurrengo urteetako euskal politikaren gorabehera dramatikoak hoztasunez hartu zituela. Maitanek alde egin zuenetik askotxo murriztu zitzaion lagun eta ezagunen sarea. Hain zuzen, sare horretan geratu ziren apurrekin ez moztearren baino ez zen hurbildu terrorismoaren biktimen kontzentrazio batzuetara, Gasteizen lanean zegoenetan, nahiz presoen Euskal Herriratzearen aldekoetara, herrian harrapatzen zutenean halako ekitaldiek. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean izan zen Donostiako Bulebarrean amaitu zen manifestaldian —lehengusuarekin batera—, eta Fernando Buesa sozialista ETAk hil zuenean ere parte hartu zuen, Gasteizko lankide funtzionarioekin batera, isiltasun minutuan. Gutxienekoak bete zituen, besterik gabe. Betekizun sozialak.
Azken urteetan jarraitu du euskal produkzioa irakurtzen, ariketa masokista samarra bihurtu bazaio ere. Gazteenen testuak ditu gogokoen. Ez diotelako bere belaunkideekiko lehia galdua oroitarazten, eta ez diruditelako euskal arazoaz obsesionatuak. Ez behintzat bera eta bere adinekoak egon daitezkeen moduan edo heinean. Atsedengarriak zaizkio, bai, idazle gazteak. Aldiz, gero eta mingarriagoak egiten zaizkio bere belaunkide kontsakratuen agerpen mediatikoak. Jasangaitza zaio Lehendakariarengandik saria jasotzen ikustea horietako bat, ETBko kanal euskaldunean. Azkeneko aldian telebista itzali eta guzti egin zuen irabazlea diskurtsoa botatzen hasi orduko.
Egunsentiak zerua gorriz lardaskatu du. Hiriko antena eta parabola oihanari kea dario. Gosariko ontziak garbigailuan sartu eta botoiari sakatu dio Manuk martxan ezartzeko. Egongelako mahaian dagoen gutun-azal lodi bakarrean euskal argitaletxe ahaltsuenaren helbidea idatzi du. Oraingoan kopia bakarra bidaliko du. Ez da besterik beharko.
Joateko ordua da. Gabardina jantzi, bufandaz lepoa inguratu eta kanpora irten da, eskailerak binaka jaitsiz, bibotea mugitzen ez zaiola ziurtatzearren. Haize hozkirri bat dabil boladaka. Karrikan ez du alboetara behin ere begiratu. Hobe ez inor gurutzatzea, badaezpada. Posta bulegotik itzultzean bai, orduan altxatuko du burua, bizitza berri baten jabe. Baina orain kontzentratu beharra dauka. Garrantzitsuena lasaitasuna mantentzea da, edo, bederen, lasaitasuna ahal bezain ongi antzeztea.
Posta bulegoaren aurrera iritsi da. Ondoko tabernara jo du. Barrako aulki garai batean eseri eta bitter bat eskatu du. Orduan azaldu da lehengusua, zurbil samar, gutun-azal lodi bat besapean. Barran pausatu du. «Bizi al gara?» galdetu dio Manuk. «Hi, futbitoa gaur zortzietan duk, bale? Aurreratu egin ditek ordua» adierazi dio lehengusuak, mekanikoki, bazterrak begiez miatuz. Zuritoa hartu du hark. Topa egin dute. Programatu moduan. «Soljenitsini!» esan du Manuk. «Zer?». «Ezer ez, txiste txar bat». «Deitzekotan egon nauk, orain dela ordubete» aitortu dio Manuk ondoren. «Zer ba?». «Badakik, urduritasuna. Ez neukaan motiborik». «Beno, gero arte» moztu du lehengusuak, narritatu antzean. Kanpoan da jada. Lehengusuari pankarta bat bezain agerian daraman estresa eramaten lagunduko ziolakoan egin du Manuk bere urduritasun propioaren aitortza. Laguntzearren. Astakirten halakoa. Bitterra bukatu arte egon da Manu, egunkariari errepasoa ematen. Lehengusuak utzitako gutun-azala barratik hartu, bi edariak ordaindu eta ireki berria den posta bulegoaren aurrean da Manu. Barruan hiru ilara ikusi ditu. Erdialdekoan jarri da, lasterrago doalakoan. Bularrak nabarmentzen dizkion artilezko jertse estua darama postariak. Besapetik eskuetara jaitsarazi du gutun-azala. Orduan jabetu da eskuak izerditzen hasi zaizkiola. Lehengusuaren sindromea. Bibotea hatzez leuntzekotan zegoen, ematen dion hazkuragatik, baina bertan behera utzi du keinua. Gogoratu zaio behiala UEUko antzerki mintegi batean ikasitakoa, alegia pailazoak ez duela inoiz bere sudur gorria ukitu behar ez badu ikuslearen sinesmena zapuztu nahi. Lerroan aurrera doa. Niki mahuka luzedunak bero ematen dio. Aukera txarra. Eguraldiaren iragarpenari kasurik ez egiteagatik. Ezin da dena kontrolpean eduki. Ezinezkoa da. Lasaitu egin behar du. Lehena da lerroan. Laster bere txanda.
Postariak ez bide du oraindik Manu ikusi. Izan ere, begirada ez du inoiz aurrean daukan bezerotik at altxatzen. Orain bai, aurreko bezeroa joan eta ikusi egin du. «Kaixo» irten zaio. «Hola» besteak. Bezero bat gehiago da. Ez dago urduritzeko arrazoirik. Neskak kleenex bat atera eta zintzatzeari ekin dio, gutuna pisatzen duen bitartean. «Urgente» zehaztu dio Manuk bat-batean, ahazteko zorian egon dela ohartzeak hotzikaraturik. Gutun-azalaren gainean eransteko helbide-papera luzatu dio postariak. «Indique la dirección aquí» agindu dio zakar samar, «y póngase al lado, así puedo atender al cliente siguiente». Manu baztertu egin da, neskak agindu moduan. Arabako Alderdi Sozialistaren egoitzaren helbidea, lehengusuak makinaz idatzia, tapatu egin du postariak emandako eranskinaz eta, haren ordez, bertan Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuaren izena eta helbidea markatu ditu. Sailburuaren etxeko helbidea jarri du, ez bulegokoa, ezta EAJko Araba Buru Batzarrekoa ere. Maitaneren eskola garaiko lagun baten aita da sailburua, Gasteizko familia abertzale historiko batekoa, eta horri esker daki non bizi den. Postariari utzi dio gutun-azal pisua eta eskudirutan ordaindu du, aztarnarik ez uztearren. Agur edo adios esan, duda egin du. «Gracias. Hasta luego» esan dio. Hark ez du erantzun, hurrengoan jarria du, jada, bezeroentzat daukan arreta erreserba urria.
Etxera itzulita, bainugelan sartu eta mozorroaren osagaiak kentzen hasi da. Zakarrontzira bota du bibotea. Ez du berriro erabili beharko. Buruko gomina geruzak aire interesgarria ematen dio, baina patologikoki nartzisista izan behar da halako deserosotasuna egun osoan jasateko. Dutxa beroan libratu du adatsa. Gero bizarra mozteari ekin dio. Une batez bere ile zuriak zenbatzen jardun du. Belarrietatik irteten zaizkion ile moltsoak ikusi ditu lehen aldiz. Marroi argiak dira, burukoa beltza duelarik. Zahar itxura ote dauka? Lehen zerbait piztu ohi zuen gurutzatzen zituen emakume askorengan. Agian ileak lehen aldiz tindatuko ditu, aspaldi, artean Maitanerekin zegoenean, egindako promesaren aurka. Kolorearena ez da gominarena bezalakoa, argudiatu du, bere buruaren abokatu bihurtuz. Bizitza berri bati ekitekotan, hobe karta guztiak alde edukitzea. Gauzak lortzeko borrokatu beharra dagoela badaki eta, bai, ileak tindatuko ditu. Definitiboki. Banandurik egoteak promesa zaharra baliogabetzen duela iruditzen zaio.
Telefonoaren txirrina deika ari da egongelatik. Hiru txirrin. Bizarra egiten segitu du. Hortik bi minutura bi txirrin. Eta isiltasuna. Oraindik aparra bisaian duela telefonora hurbildu eta lehengusuaren zenbakia markatu du. Hiru tonalitate. Eskegi du. Zain dago, lehortuz doan aparrak masailetako azala tiratzen diola sentitzen duen bitartean. Berriro zenbakia markatu eta bi tonalitate. Eskegi eta bizarrarena bukatzera joan da bainugelara.
Herrirantz abiatuko da gauean, bezperatik egongelako mahai gainean pausaturik jarraitzen duen gutun-azal lodi eta pisutsua harturik. Eta ez da, jakina, futbito partida jokatzera azalduko. Gurasoekin afalduko du. Badauka gogoa hitz-aspertu bat izateko. Azken aldion nahiko utzita eduki ditu. Biharamunean, bere haurtzaroko ohe bigunegian, estalki eta maindire meta baten azpian egongo da eguzkia zeruan nahiko gora igo arte, aspaldiko partez. Gero mendira txango bat egitera irtengo da eta bazkalordurako itzuliko da baserrira. Ordu bietako albistegiaren aurrean bazkalduko dute. Jaurlaritzako Barne sailburua hil duen bonba-gutunaren berria entzun ostean kafea hartuko du egongelan. Aitak zera murmurikatuko du, ziurrenik, Manuk entzuteko gisan baina amarentzat apalegia nahi lukeen ahotsarekin: «Garbi zegoan. Halako batean gertatu behar zuan. Espainolekin ia oheraino sartu dituk hauek eta... Merezi». Ama ez da isilik egongo: «Ixo! Entzun dizut. Zoroak dira. Zoroak! Familia buru bati erasotzea ere, bertakoa gainera... Dena hondatzen ari dira. Ez dago barkamenik halakoentzat. Ez hemen, ez zeruan. Entzuten?!». Gurasoak agurtuko ditu orduan, azkenengoz, presarik gabe, ongi zehaztuz lehengusuak beragatik galdezka deitzen badu ez ezer esateko, bere berririk ez dutela baizik. Lehengusua eta bere arteko liskar baten aitzakia emango dio amari, ez dadin kezkatu. Ama ez da inozoa eta aspalditik dauka lehengusuaren aktibitateen susmoa baino gehixeago. Horregatik, poztu eta guzti egingo du lehengusuarekin haserreturik dabilelako berriak. Gero autoan sartu eta herriko plazako postontzian bere eleberria daraman gutun-azala sartuko du. Herriari azken begiratua eskainiko dio.
Badaki oraingoan ez diola ezein idazlek, ez bere belaunaldikoek, ez beste inork, aurrea hartuko. Badaki azkenean Historiak eta literaturak bat egingo dutela bere eleberrian. Badaki sinkronizitate perfektua lortuko duela.