Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

22

 

Beraundik zentrorako bidea arineketan egin zuen. Ez zegoen denbora galtzerik. Institutuko kafetegitik hots egin zion Enekori, etxean ote zegoen jakiteko.

        — Kasete bat grabatu nahi diat. Libre al hago?

        — Argentinako neskarentzat?

        — Bai.

        Enekok eztul egin zuen:

        — Orduan hirurok oheratuko gara?

        — Prestatu diskorik onenak, Eneko, eta saiatuko gaituk.

        — Baina hirurok oheratuko gara edo ez?

        Zaila zen jakiten txantxetan ari ote zen.

        — Oheratzeko bi lagun nahi badituk, nire ama eta bere nobioa utziko ditiat.

        Beste eztul bat entzun zen beste aldetik.

        — Oliveira, hire amarekin ez —esan zuen Enekok—, hire lagunarekin nahi diat nik...

        Moztu egin zen deia.

        Sukaldean zegoen Eneko. Dena zegoen diskoz beteta: mahaia, hozkailuaren goiko aldea, harraskaren ingurumariak. Diskoak banaka garbitzen ari zen. Tabernako nikotinak koipetu egiten omen zituen, eta soinua kaskartu. Karpetatik atera eta urez eta xaboiz garbitzen zituen, platerak bezala. Gero lehortzen utzi eta berriz karpetara. Metodikoa zen.

        — Bi zinta grabatuko ditiagu, bat kañeroa eta bestea lasaia.

        Artilezko jertsea zeraman, galtza zabalak eta etxeko txapinak, zulatutako haiek. Peta bat ezpainetan, ilea solte, belarrien atzean heldua. Mahaiaren aldamenean katuarentzako kaxa: harriz eta txizaz. Halako usaina zegoen sukaldean ere. The Smiths-en disko baten gainean etzanda katua, Enekok eskukada batez kendu zuena.

        — Ospa Mitx!

        Gorputza mihiaz garbitu eta alde egin zuen, atsedenerako toki aproposago baten bila.

        — Black Crows, Pearl Jam, The Cult, Guns N' Roses, Vincent Rocco, Pink Floyd... Hauek ez bazaizkio gustatzen, ez dik merezi kasu putarik egitea —esan zuen Enekok.

        — Gustatuko zaizkiok.

        — Neskek paso egiten ditek musikaz, egidak kasu.

        — Paulak ez.

        — Paulak ez, ados.

        The Culten poster erraldoi batek apaintzen zuen Enekoren gela: larruzko botak eta cowboy kapelak. Posterra ikusita segituan antzeman zuen Oliveirak nondik zetorren Enekoren estetika. Ohe desegin bat, ehunka disko apalategietan, Oliveiraren ametsetako gela zen, zikinkeria aldarri, jasotzeko agindurik ez, gurasokeriarik gabeko gela baten askatasun zarpaildua, glamurrez zipriztindua. Ohearen gainean Blue Velvet filmaren afixa, Isabella Rosselliniren lepoa. Neskak seduzitzeko diseinatuta zegoen gela hura.

        — Ederra benetan.

        — Barka nahastea.

        — Ez, ez, primerakoa duk, benetan.

        — Desastrea. Usaindu... Ez al duk usaintzen? Katu nazkagarri hori!

        — Ez zagok usain txarrik —gezurra esan zion Oliveirak.

        — Pixa usaina zagok beti.

        — Ez diat sumatzen.

        — Nola ezetz.

        — Beno, pixka bat igual.

        — Katu putaseme horrek egiten dik. Ar guztiek egiten ditek pixa eremua markatzeko. Kristo, eremua eta ostiak. Etxea berea balitz bezala.

        Enekok hautsontzi bete bat hartu zuen disko jogailuaren aldamenetik. Moduluka banatutako hi-fia zeukan, potentzia handikoa. Hura piztu zuen, plastikoa kendu zion kasete bati, Temple of the Dog-en diskoa jarri zuen platerean eta Oliveirari begiratu zion:

        — Paula horrek orain jakingo dik zer den benetan flipatzea.

        Oliveirak zigarro bat piztu zuen ohean eserita. Ondoan jarri zen Mitx, eta hantxe geratu ziren biak Enekori begira. Musika hasi zenean, musika bakarrik entzuten zen gelan, etxe osoan, baita aldameneko etxebizitzan ere seguruenik. Oliveirak esku ahurrean bota zituen zigarroaren hautsak, Temple of the Dogek Paularengan zein eragin izango ote zuen asmatzen saiatzen zen bitartean.

        Oskar ailegatu zen handik gutxira, xake eramangarria besapean. Hotza zekarren kaletik: sudurra gorrituta, bufanda lepoan korapilatuta. Zertan ari ziren azaldu zioten, eta Oskarrek zeharka begiratu zion Oliveirari.

        — Hik grabatu duala esan behar al diok?

        — Bai ba, noski.

        — Fartsante halakoa.

        Enekok zigarreta ezpainetan egin zion arrapostua, kea ez sartzeko ezkerreko begia itxita zeukala:

        — Fartsantea izan beharra zagok, bestela ez zagok irabazterik.

        — Ezin esan saiatzen ez zaretenik.

        Ohean eseri zen Oskar ere, Oliveiraren eta katuaren ondoan. Atzamarrak garbitzen hasi zen katua, kras-kras. Estimatzekoa katuaren garbizaletasuna, etxean zabaldutako usaina ezagututa.

        — Ba al dakik nor ikusi dudan klubetik hona etortzean? —Oskarrek Oliveirari belarrira.

        — Ideiarik ez.

        — Txarli, zipaioen autoan sartzen.

        — Atxilotuta?

        — Gora igo ditek —hatz lodia zerura jarri zuen Oskarrek—, berriz ere arrastoan sarraraztera. Ama leihoan zegoan. Kristo, ez zeukaan keinu alaia, ez.

        — Hark deituko ziean besteei... —buruaz ezetz egin zuen Oliveirak.

        — Aitatasunez ari zitzaizkioan, zera: «Lasai, Carlos, aurrera, poliki, ezkerrera, poliki, makurtu, poliki...». Ezin diat Poliziaren aire horrekin, badakik, samur jartzen direnean. Gaixotu egiten naik.

        — Eta Txarlik ezer esan al du?

        — Bi ertzain zitian aldamenean, ukondotik eta eskumuturretik helduta —ohean eserita keinuka hasi zen Oskar—, badakik, indarrik gabe baina irmo zeukatean helduta. Bere baitara bilduta zihoaan Txarli, goiko harrera imajinatzen igual.

        — Eta ez diok ezer esan?

        — Zer esan behar nion ba?

        — Ez zakiat, hi, zer edo zer. Agur egin diok?

        — Joder, Oliveira, ez!, jende hura guztia han bilduta, Txarli bi arlote haiek helduta... Ez zaidak ezer etorri —zutituz erantzun zuen Oskarrek.

        Oliveirak bazekien zeren bila zebilen: bere xake eramangarriaren bila. Beti egiten zuen gauza bera.

        Lur jota sentitu zen Oliveira, eta Chris Isaaken Wicked Game kantak, huraxe grabatzen ari baitzen Eneko, ez zion alaiago sentitzen lagundu.

        — Elurra ari du —esan zuen Oskarrek.

        Leihora hurbildu zen Oliveira. Etxe barruan aditzen zen musikarekin dantzan zebiltzan elur malutak. Txarli ohe batera lotuta imajinatu zuen. Beharbada ez zuten lotuko, baina irudi hura etorri zitzaion Oliveirari.

        — Ez du zurituko —esan zuen.

        — Inoiz ez du zuritzen —erantzun zion Oskarrek, pieza beltzak taulan ipintzen ari zela.

        Leihoko gandua kendu zuen eskuaz Oliveirak.

        — Agur egin behar hion behintzat, kaguenlaputa.