Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

8

 

Begiak lainotuta atera ziren Gasparretik. Etxerako bidean Eguberrietako bonbillei txanponak botatzen aritu ziren Olentzerori burua itzaltzeko xedez, gutxi falta ziren-eta apurtzeko. Apaingarriaren alde banatan jarrita, Oliveirak txanpona bota eta Oskarrek bestaldean jaso, eta segi harrika berriro. Gehienetan bonbillen artetik pasatzen ziren txanponak, baina baten batek asmatzen bazuen: pof!, kea.

        — Nire aita putaren batekin ibiliko da une honetan, eta ni, hementxe, Olentzero izorratzen. Ederrak Eguberriak! —esan zuen Oskarrek.

        Eguberriak madarikatzen zituen, baina gero etxean besteen gisara ospatzen zituen opariz eta konfetiz. Hutsala zen zakur abandonatuaren planta hura. Beharbada Oliveira okerrago ez sentitzearren egiten zuen, baina aurkako bihotzondokoa sortzen zion: inbidia, bakardadea inoiz baino astunagoa egiten baitzitzaion egunotan. Oskarrek amarekin eta anai-arrebekin igarotzen zituen Eguberriak. Nahiko zukeen berak.

        Musean jarduten zuten Oskarren etxera joaten zenetan. Oliveira konturatuta zegoen, muserako laugarrena falta zutelako onartzen zutela etxe hartan; eta hala ere estimatua sentitzen zen. Auzoan denek zekiten Isaias zurruteroaren semea zela, sorbalda gainetik begiratzen zioten, semeak aitaren galbidea barnean zeramala jakingo balute bezala. Oskarren sendian alderantziz portatzen ziren: epaileak juzgatzen zituzten, epaileak ere norbaitek juzgatu behar zituelako konbentzimendu naturalarekin.

        Oskarren anaia, Alberto, pintorea zen: brotxagordakoa. Tolesdurarik gabea, ondratua eta jatorra. Futbolari planta zeukan, korrikalari kankailuarena, zehatzago esateko. Urre koloreko metalezko betaurrekoak zituen, norbaitek utziak ziruditenak eta beti oker zeramatzanak. Txandalean ibiltzen zen gela batetik bestera, eskua ipurdian sartuta. Ipurdi alde horretan zeren bila ote zebilen, berak bakarrik zekien. Trebezia falta zuen musean: kartarik gabe lokartu egiten zen, eta kartak zituenean tapetea jan beharrean jartzen zen; inortxok ere ez zion apusturik onartzen. Harekin bikote zenetan ahapeka esaten zion Oliveirak: «Utzidak niri jotzen». Albertok begia kliskatzen zion, mezua ondo ulertu izan balu bezala, baina gero nahi zuen moduan jokatzen zuen.

        Arreba, Alizia, neska azkarra zen: militante politikoa. Auzoan kartelak ipintzen ibiltzen zen, zerbait larria gertatzen zenean bereziki. Poliziaren eskuetatik pasatakoa zen, nahiz eta berehala uzten zuten aske. Auzoan oso aintzakotzat hartzen zuten, bera izan baitzen santomas jaia antolatzen lehena. Zentroan egiten zutenez, auzoan ere egin behar. «Txistorra doan jatearren nahi dute festa» salatzen zion Oliveirari. Umoreko beti.

        Oskarrek kontatu zion behin, Aliziak gauak eta gauak ematen zituela irakurtzen. Eta Aliziak, aldiz, beti esaten zuen liburuak ez zituela gustuko. Beretzat munduko gauzez jabetzea ez zen irakurtzea, antza; irakurtzeari buruzko iritzi bitxia. Liburu haietako batean izan zuen Nikaraguako gerrillarien berri. Handik zetorren Oliveirari gehien gustatzen zitzaion istorioa. «Gerrillari talde txikia zen hasieran», kontatu zion Aliziak, «apenas zuten jatekorik. Pentsatu zuten tximuak jatea zela aterabide bakarra. Joan ziren ehizara eta segituan aurkitu zuten tximu talde bat, hainbat zuhaitzetan sakabanatuta. Hartu zuen gerrillari batek fusila, destatu zuen eta, tarte baten ondoren, fusila jaitsi zuen. Begiratu egin dit! esan zuen. Eta ezin zuela tirorik egin. Hartu zuen beste batek fusila, eta berdin. Ezin zuten jasan tximuek zeukaten gizaki begirada. Esku hutsik itzuli ziren, hortzak izerditan». Omar Cabezasek idatzi zuen La montaña es más que una inmensa estepa verde liburuan.

        Baziren Alizia baino itsusiagoak.

        Egongelan Aliziaren eta Oskarren txikitako argazkia zeukaten apaingarri: eskutik helduta, praka motzetan biak, udako egun batez. Bularraldea biluzik zuen Oskarrek, eta ilea bustita; inguruan igerilekua izango zen edo iturriren bat. Dotoreago zegoen Alizia, jantziago behintzat, urpekari betaurrekoekin. Haiei beha, bizitza tantaka iristen zela pentsatzen zuen Oliveirak; argazkiek tanta bakoitza jasotzeko ahalmen liluragarria zeukatela, eta horixe zela argazki hura: tanta eder bat.

        Oskarrek Olentzerori txanpona botatzean aitari eta putetxeari buruzko aipamena egin zuenean, argazki hartaz gomutatu zen Oliveira: Oskarrek ahaztu egiten zuen irudi hark sentiarazten zuen sosegua. Erraz ahazten dira eskura dauden gauza ederrak.

        Ehun pezetako pieza lurretik jaso zuen Oliveirak. Bat, bi, hiru pauso eman zituen aurrera eta bortxa gabe bota zuen. Pof! apurtu zen Olentzeroren sudurra. Kea atera zen, argizko egiturak dardara egin zuen eta oso-osorik itzali zen.

        — Aibadios!

        Txanpona parean erori orduko zapaldu zuen Oskarrek.

        Etxera kontu handiz sartu arren, mihiseen igurtzia entzun zuen Oliveirak. Begi bat irekita lo egiten zuen Maitek. «Mutil hau...» entzun zuen ohetik zetorren ahotsa, «ume lotsagabe hau...». Oliveira harria baino geldiago geratu zen. Hasperen bat aditu zuen. Hanka puntetan abiatu zen sukaldera.

        Mahai gainean arropa batzuk, eta haria eta jostorratzak eta guraizeak. Zerbait josten ibili zen ama. Irratia piztuta zegoen artean, oso apal. Asteak ematen zituen piztuta, inori axola ez zitzaion kalakan; esatariak ere ez zuen Maiteren etxean inorentzako hitz egiteko eragozpenik. Pixka bat ozenago jarri zuen Oliveirak, benetan zerbait esaten ari ote ziren jakiteko irrikaz. Eguberrietan ez gizentzeko aholkuak ematen ari ziren. «Ogi gutxi jatea komeni da, eta bazkalostean pentsatu gabe jaten diren gozoak saihestea» esan zuen emakumezko batek aditu doinuz. «Ahoa ixtea, horra gakoa!» erantzun zuen beste batek, biak algara txikitan tenteldu aurretik. REM taldearen Losing my religion kanta jarri zuten ondoren, «Mikelek Laurari eskainia».

        Lapikoa zabaldu zuen: arrautzak tomatetan. Arrautzak odoletan, esango zukeen aita zenak. Ogi gogor zati bat busti zuen tomatean; ona iruditu zitzaion, hotza egonagatik ere. Arrautzak mikrouhinean berotu bitartean atun poto bat zabaldu zuen gosea baretzeko. Fluoreszenteak berdez margotzen zuen sukaldea, betiko zarata mehe horrekin; tutu haien barruan ere molekula mordoa zebilen saltoka, mikrouhinean bezala. Afari molekularra, benetan. Labeko platera tomate zipriztinez bete eta narraskeriak higuin egiten zionez, beste batera aldatu zuen. Beste zeremoniarik gabe eseri zen afaltzera.

        Maiteren gomazko botak zeuden ate atzean, ezkatez beteak. Gaueko jantzi bateko oinetakoak balira, lentejuelak lirateke ezkatok. Eta ongi pentsatuta, gaueko oinetakoak ziren, goizeko bostetan janztekoak. Hirurak eta hogeita bost ziren hormako erlojuan. Laster jaikiko zen begi bat irekita lo egiten zuen emakumea. Tomatez zipriztindutako mikrouhin labean sartuko zuen kafesnea, zutik edateko. Komunerakoan, Oliveiraren ate aurrean geldituko zen une batez; ez zuen burua sartuko, baina Oliveirak entzungo zuen bere arnasa. Komunean bost minutu eserita pasatu ondoren, bizi-bizi orraztuko zituen buruko sasiak, eta konketan utziko zuen orrazi iletsua, baso baten barruan.

        Sukalde hartan hirurak elkarrekin egonak ziren noizbait, ez horren aspaldi. Isaiasek txorizoa erretzen zuen batzuetan, patata frijituekin zerbitzatzeko. Ziztu batean zuritzen zituen patatak, azal kiribildu bakarrez erantzita. «Milaka zuritutakoa nauk ontzian». Bost duroko txanpon bat uzten zuen mahai gainean: «Azala puskatzen bada», apustu egiten zion Oliveirari, «hiretzat!». Tutean irabazita zoriontsu etortzen zenean izaten zen hori. Olio zipriztin gorriz betetzen zen sutondoa, trapu zahar batekin garbitzen zuen eta gero semeari aurpegia igurzteko keinua egiten zion. Jatean olioa kokotsetik behera etortzen zitzaion aitari, eta Maitek «Zoaz ohera lehenbailehen» agintzen zion.

        Maiteren jogurt bat hartu zuen hozkailutik, debekua hautsiz. Maitek beretzat erosten baitzituen jogurtak eta urdaiazpikoa. Ondo zaintzen zuen Oliveirak ezer ez ukitzea, baina aldian behin aleren bat lapurtzen zuen, ama ohartuko zela jakin arren. «Jogurtak nahi badituzu, has zaitez etxera dirua ekartzen!» ekingo zion iskanbilari. «Nik ez dut bakar batere jan, gaizki zenbatuko zenituen». Irabia markakoak ziren, zaporez sobera arruntak: esnea eta kolorantea. Poto hutsa zakarretara bota eta koilara harraskan utzi zuen Oliveirak; iturria ireki orduko koilaran jo zuen zurrustak eta ura harraskatik kanpora ateratzen hasi zen, harik eta eskukada batez handik kendu zuen arte.

        Leihoa zabaldu zuen, sukaldeko gantz usaina haizatzeko esperantzaz. Ilargia irensten ari zen hodei ilun bat.