6
Alerik saldu gabe joan zitzaizkion lehen bi egunak. 21 urtetan baino gehiago ibili zen bi egunetan. Beraunen igogailurik gabeko dozenaka etxe daudela ikasi zuen. Txirrina jotzen zuen bakoitzean urduritu egiten zen, sentimendu gaizto batek harrapatuta. Ez zuen inork irekitzerik nahi. Norbaitek irekitzen zuenean, hitz egin beharrean aurkitzen zen ezinbestean. Eta ez zekien nondik hasi. Lekutan geratzen zen Tinoren hitzaldia. «Hitz egin ezazu kartsu, mutila!». Esaldia behin eta berriz gogoratzen zitzaion alfer-alferrik.
Hirugarren egunean, aurreneko txirrina jotakoan, atso zahar batek ireki zion, betaurrekoak sudur puntan. Jakin-mina agertu zuen, batere ikararik gabea. Egun on esan ondoren isilik geratu ziren biak. Bekainak goratu zituen atsoak: «Zerbait nahiko duzu, seme».
— Etxeko nagusia zara?
— Nagusiena bai behintzat.
— Universal Fundaziotik nator. Gure fundazioa, zera, jakintzaren kontuarekin kezkatuta dago, eta...
— Liburuak saltzera zatoz.
— Halako zerbait —aitortu zuen Oliveirak, eta segituan ohartu zen egindako akatsaz.
— Ez dakit irakurtzen, gazte —atea itxi zuen.
Parekoa jo zuen gero. Zarata sotil bat entzun zuen, ia ohartezina. Norbait zebilen behazuloaren atzean zelatan. Ez zekien zein aurpegi jarri, lasai agertu beharko zuen behintzat; psikopata bat izango balitz behazulora begira legoke; beraz, alboetara begiratu zuen, ate aurrean zain atsegin handiz balego bezala, harmonian. «Bai, egun ederra dago, hementxe nago, zuri opari bat egiteko irrikaz». Itzala desagertu egin zen behazulotik. Txirrinari sakatu zion berriz, suabe. Hontz disekatu baten begia ematen zuen behazuloak. Ez zuen inork erantzun: ez zuten oparirik nahi.
Gustura itzuliko zatekeen etxera, ohean sartu eta Nastassia zerbitzariarekin amestera. Baina bigarren solairura abiatu zen, bizirauteko senak aginduta. Bigarren solairuko 'A' atean jo zuen. Emakume bat agertu zitzaion, ileak zuri, zimurrez josia. Eskuak goratuta zituen sama aldean, zerbait heltzen ariko balitz bezala; ez zeukan ezer, ordea. Arropak hezurren gainean jantzita zituela zirudien: txabusina arrosa eta kolore bereko txapinak. Begi biak elkarrengandik oso gertu, behinola urdinak izandakoek gris ederra erakusten zuten. Txakur txiki bat atera zen andrearen hanka artetik eta, Oliveirari itzuli bat egin ondoren, etxean sartu zen erdi oinez erdi brinkoka. Zaunka egin zuen etxe barrutik.
— Bada norbait hemen nire patrikari zimurrak kentzeko gogoz —esan zuen zakarkeriarik gabe.
— Bista zorrotza duzu!
— Ez da zorrotza izan behar goizeko hamaiketan txirrina jotzen duen gaztea, atez okertu ez bada behintzat, neure lepotik bizimodua ateratzera datorrela asmatzeko.
Emakumearen metafora irudikatu zuen Oliveirak: bere burua ikusi zuen atsoaren lepo zimeletik zintzilik. Ohartu orduko denbora gehiegi eman zuen ezer erantzun gabe, denbora gehiegi. Esaten zuen guztia gezurrezkoa izango zen aurrerantzean. Solairu berean zeuden beste bi ateei erreparatu zien iheskor. Emakumeak atearen ertzean bermatuta zeukan eskua, gogor eusten zion, zainak agerian. Azkazal gorriak. Burdel bat ote zen?
— Zer da saltzen duzuna?
— Jakintzaren bidez bizitza hobe bat proposatzen du geure fundazioak, andrea.
— Bizitza hobea! —egin zuen oihu emakumeak—. Duela 50 urte etorri izan bazina...
— Inoiz ez da berandu.
— Ez ala?
Berriz atera zen txakurra eta hezur bat utzi zuen Oliveiraren oinetan. Makurtu zen andrea, hartu zuen ñañarroa eskuaz, magalean jarri eta laztan egin zion. Hankak zintzilik, isatsa ateratzen zitzaion atzealdetik pozaren erakusgarri. Jator agertzearren Oliveirak sudurra ukitu zion animaliari, haren hezetasunak erakarrita. Muturra harrotu zuen txakurrak, letaginak agerian. Hortzetako karmina erakutsiz egin zuen barre emakumeak. Ez zuen atea ixteko asmorik, antza.
— Tira, zer ikas nezake, adibidez?
Oliveirari ez zioten halako argibiderik eman: zer ikas dezake 70 urteko andre batek? Lehen minutu eta erdia pasatu zen andreak aterik itxi gabe. Aieru ona izan zitekeen, edo txarra. Zerbait erosteko prest zegoen ala adarra jotzeko gogoz?
— Ikas nezake erizaintza?
— Jakina.
— Bai? —txalo egin zuen emakumeak, alai; isatsa mugitu zuen txakurrak ere.
— Baietz uste dut —xuxurlatu zuen Oliveirak apur bat zalantzati, ez baitzekien erizaintzaz zer arraio zekarten liburu haiek.
— Oso ongi. Zatoz, nire datuak emango dizkizut.
Koadroz estalita zeuden korridoreko paretak. Onak iruditu zitzaizkion lehen begiratuan. Margolaritzaz apenas zekien ezer Oliveirak, baina segituan antzeman zien indar espezial bat.
— Pintura interesatzen al zaizu?
— Pixka bat —orduantxe konturatu zen ez zuela gezur gehiago esateko premiarik.
Ez zuen inoiz interes berezirik agertu, baina sarritan gelditzen zen koadroen aurrean geldirik, arreta xalo batez. Lucian Freud, Edward Hopper eta Francis Bacon ezagutzen zituen, ohiko izenak. Hirurak zituen gogoko, aldizkarietan ikustetik. Aurrez aurre goren graduko koadrorik sekula ikusi gabea zen. San Telmo museoan izan zen aspaldi; nahiko zukeen besteren batera joan, noizbait aukerarik sortuko balitz. Oskarri aitatuz gero, beharbada...
— Jose Zaraterenak dira. Ezagutzen al duzu?
— Ezaguna egiten zait.
— Ez duzu ezagutzen beraz.
— Bueno, seguruenik ez.
— Esan ezazu ba ezetz, ez dago kuidadorik.
Olio askorekin pintatzen zuen Zaratek. Gertutik pintzelkadak ondo ikusten ziren. Puntan amaitzen ziren batzuetan, olatuak bezala, eta hain ziren zorrotzak ukitzeko gogoa ematen baitzuten.
— Nahiko al zenuke egilea ezagutu?
— Ez dakit —estualdian sartzeko beldurrez.
— Hementxe dago —korridore amaierako atea seinalatu zuen.
Emakumeak aurrera segitu zuela baliatu zuen Oliveirak oihaletako bat haztatzeko. Kremazko ehundura izan arren gogortuta zeuden pintzelkadak. Horietako baten punta zorrotzari sakatu zion, olio lehorra haragian ziztatuz.
Koadroz estalita zeuden korridore amaierako gelako hormak ere. Altzari zaharrak, hautsa eta, egoitzaren erdian, ospitaleko ohe bat. Ohean gizona: aurpegi larua, arnasa hartzeko makina bati lotua. Peter Cushing aktorearen antza zeukan Zaratek. Zilindro handi bat zen arnasa hartzeko makina, barruan eskusoinu modukoa zuena gora eta behera, oxigenoa biriketara bidaltzen.
Miradore handi bat zeukan gelak. Ia kalea baino argitsuagoa zen etxe barnea. Haizeak jotzean leihoek dardara beldurgarria egingo zutela bururatu zitzaion Oliveirari; gauez han egon nahiko luke, euriak kristalean utzitako arrastoei beha.
— Aupa! —esan zuen Oliveirak, eskuaz keinu ergel bat eginez.
Begiak mugitu zituen Zaratek, eta azkartu egin zen makinaren hauspoa.
— Ez dizu erantzungo.
Zakurra gaixoaren ohe gainera igo eta eskua milikatu zion. Dardara ahul bat egin zuten agurearen atzamarrek, kilimak egin zizkiolako edo zakurrari eskerrak eman nahian.
Artista handi baten aurrean ote zegoen jakin nahi zuen Oliveirak, ez baitzekien errukia edo miresmena sentitu behar zuen. Gaixo baten etxean zegoela baino, pintore handi baten mundu buhamean barneratu zela sentitu nahi zuen.
— Ospetsua al da?
— Osperik izan zuen, bai. Are gehiago izango du hildakoan. Hildako artistak miresten dituen gizartean bizi gara. Nekrofiloak gara.
Imintzio maitagarria egin zuen emakumeak, nekrofiloa esan beharrean ekologista edo solidarioa edo tankerakoren bat esan izan balu bezala. Oliveirak hotzikara izpi bat nabaritu zuen: oheko gizonarekin sexu jostetan irudikatu zuen emakumea.
— Bere lanik badago museoetan?
— Askotan.
Oliveirak errukia desagertzen sentitu zuen, eta asko poztu zen. Oskarri esango zion Jose Zarate handiaren etxean izan zela, bere emaztearekin eta bere zakurrarekin. Oskarrek ezagutuko ote zuen Jose Zarate? Ongi legoke ezagutzea, gertakariari tamaina egokia hartzeko.
— Eta zuk, zer egiten duzu?
— Liburuak saltzen ditut etxez etxe.
— Horrez gain ez al duzu ezer egiten?
— Idazlea izan nahiko nuke.
Emakumea barrez hasi zen:
— Idazlea!
— Barregarria al da idazle izatea?
— Izatea ez, baina izan nahi izatea bai.
— Zergatik? —galdetu zuen zapuztuta.
Universal Fundazioaren esku-orria begiratzen ari zen emakumea, arretarik gabe.
— Zergatik izan nahi duzu idazle?
— Istorioak kontatu nahi ditut —ametsetako Nastassiaz gogoratu zen, haren bular oparoen esnetasunaz.
— Zein istorio?
— Istorio onak, onenak.
— Zeintzuk dira ba istorio onenak?
Eremu arriskutsuan labaintzen ari zela pentsatu zuen.
— Truman Capoterenak, Salingerrenak...
— A, Capote! Eta zerbait idatzi al du gure Truman Capotek orain arte?
— Gutxi —aitortu zuen Oliveirak zuhur.
— Bitxia da zerbait egin nahi izatea eta ez egitea. Zerbait desiratzeko modu arraroa da hori.
— Ongi idazteko prest egon beharra dago.
— Prest egoteko entrenamendu txarra da zain egotea.
Idazteko entrenatu egin behar al da ba? Liburua, ona eta handia bada, barruan darama idazleak. Bizitzak berak zer emango, horri erreparatuz bizi zen Oliveira. Jakintza pilatzen ari zen, eta pilatutakoan jarriko zen liburukotea idazten.
— Norbait izatea ez da oso interesgarria, gazte. Galdetu egiozu gizon zahar honi. Zer balio dio izateak? Egin ahal izango balu, orduan bai zoriontsua!
Oliveirari izugarria iruditu zitzaion adibidearen indar sinplea. Bere iritzia ontzi txiki baten modura hondoratu zen derrepente. Emakumeari begiratu zion, ezpain zimurtuen karmin inperfektuari. Bere eskua imajinatu zuen ispiluaren aurrean, dardarati, marra zuzen margotu ezinik. Nor ote zen?
— 20 urterekin asko pintatutakoa al zen Zarate jauna?
— Demasa! 20 urterekin famatua zen Donostian.
— 20 urteko pintoreak gaur egun ez dira ba oso famosoak.
— Eguna telebista aurrean pasatzen dutelako. Ongi dakit, adin horretako biloba daukat eta... —esplikatzen hasi zitzaion emakumea, mahai biribilean esertzen ari zen bitartean, estilografikoa eskuan—. Neuk bete behar al dut hau?
— Ez, ez, neronek egingo dut.
Gabriela Otegi zuen izena. 79 urte. Argia zuen burua hala ere, eta ez sasoi gutxi. Zaila zirudien emakume hark laster hil behar zuela pentsatzeak. Nola hilko zen ba 79 urtez bizi izan eta gero? Ez zuen behintzat beldurrez bizitzeko itxurarik. Alderantziz. Beldur guztiak uxatuta bizi zen, lotsa guztiak uxatuta batez ere. Horregatik zegoen Oliveira han, emakumeak ez zuelako zentimo batzuk galtzeko beldurrik. Jakin-minez utzi zion gazteari sartzen, gazte hark liburu mordo bat baino zerbait gehiago ekar zezakeelakoan.
— Pentsatuko dut —esan zion Oliveirak.
— Zer da pentsatu behar duzuna?
— Idazteari buruz esan didazun hori.
— Dudarik gabe... Gauzak serio hartzen dituzu. Ez serioegi hartu, baina izan beti ausarta.
Oliveirak apaltasunez onartu zuen aholkua.
— Soto honetan topatuko al dut liburuak erosiko dituen beste inor?
— Ongi engainatzeko abilidadea beharko duzu... Zaude pixka batean.
Gelatik alde egin zuen. Zarate jaunarekin bakarrik gelditu zen Oliveira. Oheari begiratu zion. Eta han eseriko balitz? «Zure koadroak oso ederrak dira, jauna» esan ziezaiokeen, «indar espeziala daukate». Hormetara hurbildu zen koadroak banaka miresteko. Bazuten Baconen eta Freuden lanen antzik: aurpegi zoroak, suminduak, haserretuak; ez patxadarik ez nobleziarik. Harrigarria zen duela 50 urte Euskal Herrian halakoak pintatzen zituenik egotea.
Beste gela batean zebilen Gabriela, zarata txikiak ailegatzen zitzaizkion handik.
— Emakume bitxia da zure jabea —esan zion Oliveirak zakurrari.
Eta gizonari erreparatu zion berehala, erreakzio baten esperoan, ezertaz konturatzen ote zen egiaztatzearren. Zirkinik ez, Peter Cushingek maisuki jokatutako Drakula bera bezain zurrun. Akaso bat-batean altxatuko zen, begiak odolduta, eta lepora egingo zion jauzi, azken tanta xurgatzeko. Ez, Peter Cushingek Van Helsingen papera jokatzen zuen; Cristopher Lee zen Drakula; Cushing laguna zen, beraz. Lasai.
Erretratuetako batean Gabriela izan zitekeena ikusi zuen, gaztetan. Ez zen horren ederra. Zorrotzegiak matrail-hezurrak, txikiegia ahoa. Etxean legea gogorki ezartzen duten emakume hotz horietakoa ematen zuen. Eta hala ere irri moduko bat zeukan ezpainetan. Pintorea lizunkeriak esaten ariko zitzaion agian. Ekintza pribatua da koadroa margotzea, baina noizbait ekintza kolektiboa ere izango da, ekintza publikoa, noizbait museo batean eskegita egongo da ustezko intimitate hura. Horregatik ote zeukan irria lotuta? Pintorea ez zen jabetuko, seguruenik, ekintza hark izango zuen proiekzioaz, baina Gabriela bai: banitatez, noski, eta konfiantza osoa zuelako senarraren lanaren balioan. Beharbada asko maiteko zuten elkar... Aspaldi hartako Gabriela artistarekin sexu jostetan irudikatu zuen berriro Oliveirak.
— Gustatu zaizu, ezta?
— Zu al zara?
— Gaztea nintzen hura da.
Nola esaten ote da Ederra zinen. Inozo samar botata... «Ederra zinen»: gezurra badirudi ere. Edo... «Ederra zara oraindik»: zure zaharrean, zure errespetagarritasunean. Ataka zaila.
— Irri txiki-txikia zenuen —atera zitzaion.
— Bi edo hiru aste eman zituen erretratua margotzen. Batzuetan koadroak argazkiak balira bezala begiratzen ditugu, baina ez dira gauza bera. Keinu hori nik inoiz egin dudan, edo gisakoren bat, baliteke. Bai, neure burua ikusten dut keinu horretan. Eta nolanahi ere badu karikaturarik zerbait, sotila izan arren. Erretratuan agertzen denak zein traza izango duen margolariak erabakitzen du. Berak oso gogoko zuen anbiguotasuna. Eta gu erabili egiten gintuen —koadroak seinalatu zituen esku meharraz: hezur, zain eta azal—, hormetan gaudenok eta ez daudenak.
Oliveiraren kaskezurrean «neure burua ikusten dut» oihartzun egiten ari zen... «badu zerbait karikaturatik» durundi moduko bat... «sotila izan arren»...
— Tori —esan zuen emakumeak.
— Niretzat? —sutan jarri zitzaizkion masailak.
— Ez lotsarik izan! —sorgin traza hartu zion Gabrielari.