6
Sigmarekin zihoanak ez zuen trenaren huts egiteko paradarik. Garaiz baino garaizago iristen zen, nahiago baitzuen denbora aiduru higatu, karriketan presaka ibili ondoan izerdi patsetan iritsi ordez. Bidaia baten bezperan, ohean zirurikaz gaizki lo egiten zuen, ametsetarik oihuka, garraiogailuaren gibeletik lasterka akitzen zelako. Lamdak ulertzen ez zuena. Horregatik menturaz, harrotasun puntu batekin trenik ez zuela nehoiz galdu zerrakeen, tren erreal bezain metaforikoak noski. Posa Ngakaren urrats era berdinean sartu zen Baionako geltoki berrituan, berrituan baina zorigaitzez lekuan lekuko indigenentzat ez euskaldunduan.
Zortziak eta laurden.
Eguzkia iraitz zekusaten Santizpiritu zubitik. Ekialdeko Aturri ezpondetako lantegien ke diafanoak argitasunean uhargi bermatzen ziren, uraren, zubien eta hegien marrak azpimarratuz. Itsas aldera aldiz, arrantzale ontzi txikien zirkulu zurbilak ibaiaren azalean, saldoan zetozen kalatxori karrankariak eta ohiko lau ubarroi jostariak errekaren erdian zazpi borobilez azpildutako zulotxoak egiten miresten zituzten. Lanerakoan kasik goizero agertzen ziren hegazti beltzak tenore horretan, eta Sigmak zeru goibelean ttakatxoak bilatzen eta aurkitzen zituenean, bizitza normaltasunez isurtzen zitzaiola berrets zezakeen. Sosegatzen zen, azkorri honetan Posa Ngaka pigmeoarekin bezala, paper-maper buru-hausteak behingoz itzuriz.
Posa puska gutxirekin zebilen. Pistola sukaldeko mahaian utzia zuen, kontrolik balitz, seguritateko piztien hirarik ez sustatzeko. Sigmak berak bizpahiru egunentzat Londresen gauza askorik ez zeraman. Abestietan eta filmetan agertuaren ildotik milaka beautiful laundrette bazegoen Londresen. Ahots sintetikoak ozenduz zihoazen itxoin gela zoharrean, jende herabetiaren korrok disgustatuak halaber eta herrestarien algarak ate kantoietan, pozik azkenean diru multzoa eskuratu zutelako Europako ardo merke heste bihurtzaile botila baten erosteko.
Bi gizon talde ziren barrandaz, altzairuz astun, hiritarrak ikertzen zituztela, bakoitza balizko gaizkilea bailitzan. Nazional-liberalismoak boterea irabazten eta atxikitzen zuen horrela, kalapitak mutuaraziz: errudunak ziren, hobenik ez baldin bazen ere, batek bazekien eta ontsa zertaz. Inhumanitatea gehiengoaren bizkar zetzan eta humaninatearen ereduak elitekoen kontu eta bi sosen trukean hersten zituzten eztabaidak. Zaindari baten soa gurutzatu zuen Sigmak eta, ironia maltzurra perpausari josiz, mea culpa marmaratu zuen.
— Zortziak eta hogeita hamalau. Goazen bigarren kaira. Zein da dagokigun bagoiaren zenbakia?
— Hamasei. Jargiak, berrogeita hiru eta lau.
— Agian Pariserako bidaia jarririk dagikegu. Erreserbatzen duzun arren, bada beti norbait zuk baino gorago orroatzeko eta arrazoi ez duzula sinetsarazteko. Martxoan Bordelera nindoan sindikatuaren eskualde bilkurara. Bagoi onean nintzen, baina nire tokian bi burgeskume iltzatu eta ez ziren handik kantitzen, nolabait larderia apurrekoa nintzela susmatzen zutelako, ez ederra, ez aberatsa, ez kementsua; badakizu zeinen garrantzitsuak diren ezaugarriok gure egunetan. Neskatila oldartu zitzaidan, ttottogian bermaturik, beste bidaiariak jakiletuz:
— Bikote bat gara, bakarrik zabiltza zu, ez da ene mutila trenaren haraindiko puntan egoten ahal... Zer egingo zenuke ezkondua bazina? Begira maitea, ni hemen nago, non zaude? Normala zaizu hori?
— Erreserbatua dut.
— Zoaz pikutara! Bada leku libre anitz. Hauxe argamasa!
Hargatik Posari esku-ukaldia ematen hasiz geroztik argasmaskeriarik ez zeukan Sigmak kolkoan golde: hate speech zelakoen mamia zitzikatzean zetzan hatsaren irauneraz gozatzeko askatasunerako harmaila bizitorea. Trenera hupatzean Trenz begimendu zuen, Barcelona futbol taldearen atorra horia soinean. Keinuka agurtu ziren, barrezka. Harro zebilen Trenz kamerundarra, herritar batek markatu zuelako Manchesterren aurkako tantoetarik bat. Raperoen moduan kulunkatuz eta behatzak bizkarrera zuzenduz Samuel Eto'o-ren izena erakusten zion. Egia erran, Sigmak Posari salatzen zionez, gol ederra izan zen, Afrika behingoz bozkariatzekoa. Drogba bolikostarraz ere ari zen, baina Posak ez zuen batere kirola segitzen. Mugak onik pasatzea eta Londresera iristea zen pigmeoak ezagutzen zuen kirol mota bakarra. Ehiztarien gauaren hondotik zetorkion zintzur karrankaz ausartu zen Posa:
— 2005eko irailaren 29an Ceutan eta urriaren 6an Melillan ehunka gazte Europa gerizatzen zuen harresiaren alanbre zutuna gainditzen zutela, gasatu, matrakatu eta tirokatu zituzten espainiar eta marokoar mugalariek, asfaltozko loiroetan metatu itzal eratorlariak ziren eta bamanankeraz tunkaranke deituriko migranteentzat Nadorreko hariztoia xedera engainakorra izan zen...
Sigmak ez zuen Posaren logorea arrunt ulertu. Eztiki ari zitzaion alta trenean kolokatzeaz axolatzen ziren bitartean: egunkariak, ura, liburuak, musika, orrazia ikaratia. Bost orduko bidaia zeukaten Paris-Montparnasseraino. Eurostarrarekiko juntaldia Gare du Nord hartan zegoen, arratsaldeko laurak eta hamahiruan. Astia bazuten beraz aspertzeko, gogoetatzeko, zurrungatzeko, irakurtzeko, memoriaren harilkatzeko, Posarena urratzen zihoalako itxuraz: ez zuen deus kontatu ordura arte eta bat-batean Ceuta eta Melilla mailukatzeaz beste lelorik ez zeukan.
Hainbat urtez bertan lanean egonagatik ez zen Sigma aspaldian Parisera itzuli. Herriratu zenean, hasieran hiri handi hura gabe ez ziraukeela zirudion, baina gero eta gutizia gutxiago zuen Pariseratzeko, Frantziako hiriburua baino nahiago baitzituen Erroma, Bartzelona, Atenas, Viena, Firenze, Berlin, Dublin, Venezia, Bilbo edo Madril. Euskaldun puntako poetei uzten zien Paris, erreferentzia papun eta kultu moduan balia eta erabil zezaten. Posa Ngakak, alabaina, bere zalantzen menpetik jauztera akuilatu zuen Sigma, indiferentziaren loeriatik esnatzera, Alfajarineko aparkaleku idorretik Londreseraino joatea ezinbestekotzat jotzeraino.
Landetako eremu orlegiak trabeskatu zituzten, tenpestaren ondorioz hautsi arbolak zenbatuz: Posak etengabe aipatzen zuen jungle zelakoaren nostalgia sumatzen zukeen bi egun zaharreko Berria hostoka eta horoskopoa irenstean. Hiriak bihikatzen zihoazkien. Exilioaren orrialdeko oharrak bailiran. Oraindik ere walkmanean zein kanta aditzen zuen oroitzen zen: U2-ren With or without you, Peter Gabrielen Biko, Sinead O'Connorren This is to mother you eta Tracy Chapmanen For my lover (bis). Ez zen ordea ibilaldia beti alegera, haurrak Parisen preso zeuzkaten guraso euskaldunak noiztenka gurutzatzen zituelarik bereziki. Posak solasaren haria auhenkatu zuen:
— Leinukideak ere kartzelan sakatzen dituzte, Brazzavilleko sasi-hegietako egoitza ahulen aterpean mozkortzen, drogatzen edo gorputzak saltzen atxilotzen dituztenean.
Ez zuen inork ezer barkatzen.
Ceuta eta Melilla zerraikan:
— Daoud elerran nuen, Malagako Gurutze Gorriaren aizolbean sukartsu geundela. Erraten zidan lagun batekin hastapenean bospasei aldiz iragan zirela Melillako alanbreetarik, baina behin ere «agiririk» lortu ez zutenez, kanporatu eta autobusez eramanik Sahara desertuaren erdian abandonatu zituzten, ur eta janaririk gabe.
Azkenean erdietsi zuen Daoudek, baina Ceutatik abiatuz.
Bordele. Angulema. Poitiers. Saint Pierre des Corps.
Posak musika orrazia atera zuen sakelatik. Mugikorren txirrin nazkagarriek belarrien agorra uhertzen zutela, ume negarrek, maitaleen balentriek, pigmeoaren soinu tresnaren eresi samurra zen, zerbait ezberdinen etorrera otoizten bailuen.
Kontrolatzaileek txartelak zulatu zituzten. Mary J Blige-ren No more pain no more trouble behatzen zuen beltz pottoloarekin pataskatu ziren, txartel elektronikoa geltokian ez omen zuelako balioztatu. Akomodatzera iritsi arren aburu publikoaren harramantza hantzen zihoan.
— Arazoak egundaino horiekin gertatzen dira. Edo beilegiekin. Ez dute deus errespetatzen. Alta, dauden zepoan, umilagoak izaten ikasi beharko lukete. Ez al duzu uste?
— Bai. Bat nago zurekin. Espero dut lehendakariak, kuraia duelako, ttakak i-en puntetan zehatz jarriko dituela. Familien biltzerako DNA azterketa legeari ongi deritzot, ez baitu alaina Frantziak munduko miseriaren saskia bilakatzerik. Alemanian eta Italian berdin dagite.
— Hemen arrotz sobera bada. Europak bere ekonomia maila mantenduko du migrazio uhinak garrazki kudeatzen baldin baditu, eta ez bestela. Kanporatze charter delakoen alde naiz, erabat.
Posa, ez egin negar: maliarrak gara denak.
Vous êtes arrivés à Paris Montparnasse. Assurez-vous de n'avoir rien oublié dans le train. Nous vous souhaitons une agréable journée. Attention à la fermeture automatique des portières. Eloignez-vous de la bordure du quai s'il vous plaît:
— Daoudek zioen zuhurritz zahar baten arabera, tunkaranke bat helburua erdiesteko laido, tu, erdeinu, gaitzeste sailak pairatzen zituena zela, gorputzen berotasun lizuna ukatzen eta bihotza harria bezain gogor zizelkatzen zuena zitekeela finean. Oinez ahitzen zitzaizkien hilabeteak Ceuta eta Melillako alanbreen maldan aterpetzeko. Hirietarik urrun gordetzen ziren pasaia ordaindu, antolatu eta obratu bitartean. Nadorren eta Aaiungo presondegian biharra ez zen neholaz ere hobea, sordeia baizik.
Posa, ez egin negar: salbatuko gara gu.
Geltokiko zementu grisean oinak itsatsi zituenerako megapolisetako urduritasuna zainetan ziklona bihurtu zitzaion Sigmari. Posa nekez eta malestrukaki jarraitzen zitzaiolakoaz ez zen ohartu. Itzulikatu zenean anonimoen multzotik larru gorrailekoa zehaztu zueneraino arranguratu zen. Igurikatzea erabaki zuen. Hurbil ibiliko ziren, biak haragi bakar bailiren. Tiketak erosteko metatu herronka dorpean urtu ziren. Geltoki aldaketaren egitea sinplea eta zaila zen aldi berean, baina Sigma Parisen gida ona zatekeen, azoteaz heziriko aberea hots, behialako erreflexu urbanoak berraurkitzen zituelako.
— Hau erokeria, ezta?
— Bost urtez Parisen zokoratu nintzela pentsatzen dudanean, ez dut ulertzen jada nola ihardokitzen nuen. Lanaren premia, dudarik ezin edo ezer gabe etxeratzearen ahalkea. Eta jada langabezian nago eta berdin zait.
— Hara, guri da.
Metroko hormetan pantaila alimaleak txilintxautzen ziren, erreportaiez, iragarkiz eta aholkuz mukuru. Orotan ezartzen zituzten tresna horiek, adimena gatibatuz, itxura handiosek populu opio zalea kalmatzen zutela oharturik. Posta bulegoetan halaber. Eta erresuminez zartatzear zeuden lerroaldi artegak pazifikatzen ziren, gogoa desbideraraziz, langile eskasiarekiko amnesia ereinez eta zerbitzu publikoengana botereek beraietan txertatu herra hilkorra arinduz. HD eta 16/19 kutsuko filmek hipnotizatzen gintuzten. Olde-bultzada baten karietara, egiaz nahikoa fida ez zen Ngakari erran apokaliptikoa oparitu zion:
— Hitzaz haragitu zen alfa eta irudiaz ezereztatu omega.
Edo horrelako zerbait.
Ez zuten perpausaren sakontzeko astirik ukan, Montparnasse Bienvenue-ko hodi elkorretan zebiltzalako, ahurrak heze eta gangarrak idor. Lasterka ari ziren jende batzuk, gehienak tapiz mekanikoen abiaduran tentel: nora zuten horrelako presa? Posa Ngakaren burumuinean hozitu zen galdera. Begikera kezkatuak trukatu zituzten. Porte de Clignancourt zekarren seinale ubela zekusan Sigmak. Masa akritikoaren zati mardula bertara murgildu zen, urratsen zarata uherra baino ez zela ozen.
Ceuta eta Melilla. Posaren elasturia:
— Maroko eta Espainiako lur muturraren auzoko oihanetan ez nuen orrazia erabiltzen, ez nintzen paseatzen. Herrikideak baziren urte andanetan hor, gordeak, zaurituak, gaua aprobetxatzen zutela herrira jateko bila joateko. Isilik. Ez zen hitz egiten, edo doi-doia, baizik eta irauten, egiazki bizi artean.
Posa, ez egin negar: mugarik ez dugu.
Bozgorailuak kasu egiteko mezuak airarazten zituen: kontuz pick-pocketekin, maleta ez edonon abandona, produktu ilegalik ez erosi... Gomendio lizunak oihar, akordeoilari trastuak melodia kolpekatua eskaintzen zuen hauspoa mailukatuz, lau kiwi bi euro garrasitzen zuten maingukari asiarrek, mokanes zikin baten pare zimurturiko izakiak eskua luza zezakeen bi haur ditut gose naiz eta ez dut etxerik izkiriaturik zeraman kartoi puskaren saihetsean, urrunago belaun gangrenatu odoltsua agerian zetxikan ezindua protesiaren eskuinaldean zetzan, predikari islamistak bizarra ferekatuz munduaren azkena totelkatzen zuen, bikoteak musukatzen ziren izkinetan, adineko bi gizon eskutik zebiltzan anonimotasunean eta... korrespondentziarako kaira heltzean, polizia saldo bat ari zen nortasun agiriak ikertzen.
Sigmak geldiunea markatu zuen. Ihes suertedunik ez zen engoitik. Behiala aipatu destinoarekin bekoz beko zeuden, argiki, lepoak trenka zitzakeen unearen ezpataren meneko. Bihotzak kaioletarik jalgitzear zituztela etorri zen metroa:
— Vos papiers.
Hortzetaraino armatuak ziren. Ez zen arraileriarik. Lehena, zaluki, Posa Ngakak erakusten zion paper faltsuari so geratu zen. Aliasen obra alde orotara aztertzen zuen, baina ez zion zakar susmorik aurkitu.
— Milesker.
— Eta zureak?
— Hara.
Barnetik zebilkion izua gordetzen saiatu zen Sigma.
Barre egin zuen, umilki, bigarren metroaldi bat lerratu zitzaiela. Polizia Sigmaren nortasun agiriarekin tematzen zen. Mingurikatzen zuen akatsez betea zela, horren frogatzeaz segur bailitzan.
— Zure kartak ez du balio.
— Nola ez duela balio?
— So egiozu zeronek... epea aspaldian gainditua du. 2007ko maiatzaren 5az geroztik hain zuzen. Komisaldegira eramango zintuzket. Baina, elkarrekin bidaiatzen baituzue eta zure lagunak paperak ozkan dituela, berehala desagertu zaitezen erregutzen dizut. Datorren astelehenean zoaz udaletxera, nortasun biometrikoaren eskatzera.
— Bai, bai, bai.
— Egun on bat desiratzen dizuet.
Ikara zen Sigma. Ez zuen behar. Hurrengo metroan urtu eta bisean bis jarri ziren. Ez zuten salbamenezko putz handirik askatu, eritasunak zurgatu txistularia sartu zitzaielako, sudurkatzen zuela:
— Presondegitik atera naiz atzo, sei ume dauzkat sasi-hiriko txabola batean, emaztea minbiziarekin, ama parkinsonarekin, edozer hartzen dut: ogi puskak, janaria, dirua bistan dena, eta plazer duenak eman diezadake kreditu txartela, premier den ber —erantsi zuen kokin.
Nehor ez zen mugitu. Metroak urratzen zituen haize hego usaineko ilunpeetan galdua zen Posa, mirakulutsu baten antzera, Sigma gogoetaz zamartzen zihoala: fribolitate nazkagarriaz paperak maiz ahanzten zituen. Kasketadunen parean baizik ez zen damutzen. Behin baino gehiagotan kinka larrian malgortu zela aitor zezakeen, asteburu oso batez klandestinoen egunerokotasuna dastatzen, astiro hatsartzen, berezitasun eta espantu barik, normala bailitzan, ez zena izaten entseatzen. Noizbait zinez atxilotuko zuten eta espulsatua izateko herria aukeratzeko tenorean bazekien maliarra! deiadartuko ziela migrazio uholdeen kateztatzeaz beste zereginik ez zuketen funtzionario mozkoteei.
Posaren segurtasuna zozokeria hutsez zalantzan jarri zuelakoaz bere buruarekin haserre zegoen. Eskerrak Aliasen lanak begi zorrotzeko indar-zaintzailea mistifikatu zuela, airez aire.
Puntu ona bederen.
Chatelet Les Hallesetan ziren. Zanpa-zanpa. Eskailerak. Tapizak. Ateak. Marmarrak. Desagertu behar zuten. Ez mugitu. Kontrolak baziren denetan, haboroxienetan arrotzak eta arrotz trakakoak zituztela geldiarazten, larru koloreztatuak, jantzi lakarregikoak edo ardo urrin zakarregikoak. Ez zituzten miatzen enpresariak, krisia barkatzen zitzaien bankeroak eta UV leinuruz beilegitu blonda patinatuak. Baina beltzaranak bai, derrigorrez, beltzaranak, bizardunak, ilediak zapiz estaliriko neskatxak (poliziek begirada trufakorrez goratik hartzen zituzten) eta Bobignytik zetozen potiko zoratuak, hauek baiki...
Tu l'aimes ou tu la quittes.
RER-eko biziraule biluziak.
Sigmak besoetan tinkatu zuen pigmeoa, betidaniko maitalea bailuen. Ohartu zen daldaraz zela, bera bezainbeste. Ez zuten ihardokiko, herri hau kitatzekoa zen agudo: gorroto soziala, konpetentzia, xenofobia, totalitarismo zuria, Barne Ministerioaren esku-hartze hastirela, zinismo politikoa zilegia.
Beldur ziren ez ote zieten Cahier d'un retour forcé au pays natal balizko tituluarekiko Aimé Césaire-ren olerki bilduma berridatzaraziko laster, herri hau lehen baino lehen desertatzen ez baldin bazuten.
Quitter la France.
Ezpaina irriaz bortxatu zen.
Ceuta eta Melilla: aditza jada lurbeltza zen.
— Abiatu ginen familiek dirua bildu eta jainko zekenek haiaturik. Helmugak lortzera kondenatu gintuzten, hiltzera beharbada, zorrik ez zuen herioa urmaelen sabel hantuetan sekretuki zirtziltzen zelako.
Sasihirietarako tren urdinean, borta kantoian kokatu zen Sigma, Posaren men. Lau neskatila ari ziren airoski elkarri desafioz:
— Ez diet mutikoei ezer zailtzen nik. Nahi dute edo ez dute nahi. Bat galtzean, hamar baditut egoitza zolako igogailuko xeilan aiduru.
— Ez da hain erraza. Badakizu, nik fidelitatean sinesten dut. Bricekin nabil eta imajinatzen dut ene semearen aita datekeela urtea barne.
— Zer diozu MC Solaren abestiaz? Bonba bat da...
— NRJ irratian maiz pasatzen dute, baina bai, Madonnaren lau minutuak Justin Timberlakerekin... Uhau, super gustatzen zait.
Hori zen, fantasiaz eta ihes minez imajina zitekeen etorkizunaren anitza. Madonna. Rihanna. Beyonce eta Eminem. Rokia Traore eta Oumou Sangare. EH Sukarra eta Anari. Maddi Oihenart eta Niko Etxart. Buffy Sainte-Marie eta Guadalupe. Egileok konpilatuz molda zitekeen diskoa merkaturatzearen ideiak eroan zuen Sigma. Egun bereko alargunaren kanta megabass sarkorrez apaindu sexy remix moduan asmatu eta Gare du Nord-en ziren.
Sigmak Posaren ukaraia behatz epelaz balakatzen zuen, samurtasunerako unea zetorkien, bazekiten horrela ekinez incognito pasatuko zirela. Hatsartzeko leku murritza aski zuten, RERaren kaitik Eurostarraren maldaratzeko xendra txikia eta Londreserako trenaren itxoiteko ttottogi zilarra. Ikusezinak bilakatzekoak ziren, arratsaldeko laurak eta hamahiru minutuak erabat ahitzeraino.
— Gure tribuetan arbolaren baten larrua urratuz erdiesten da ikusezintasunaren ahala multiplikatzen duen esne zuri malgua. Akwa zenak ur hura edaten zuen eta ehizara zihoan. Abereek ez zuten ikusten. Edari hartarik bagenu gaur?
— Begira, bost urte eman ditut Parisen neronen ikusezintasuna deitoratzen eta hara, zurekin, epaitzen eta azaleratzen gaituzten ingurukoen begiak ezkeltzen zaizkigu. Gaizki nago.
— Enegatik da.
— Ez da zuregatik. Niregatik da. Noizbait, zin sakon baten eraginez ikusgai egin nintzen. Zoaz zu zergatik den jakitera...
Ordubete oraindik.
Ceuta eta Melilla. Posaren lelori tragikoa:
— Daoudek piroga jabearekin hiru saiakera finkatzen zituen, hitzarmena izenpetu zuen azken ekonomiak xahutuz. Hirurak antzu. Gurutze Gorrikoek salbatu zuten Daoud zeraman ontzia, lau egunez Mediterraneoko galerna latzetan eratorrian higatu ondoren.
Sigmak ez zuen gehiago pentsatzen. Antsiaren zirimola sentitzen zuen erraietan gora, betezpalak bustitzeraino. Urratsak nekearen zigilua zekarren. Batzuetan okerrean zebiltzan, eta besteetan ustekabeetarik sano eta salbu.
Salbatuko gara gu Posa...