Mugiezinik geratzearen arriskua
Giltza sarrailan sartu dudanerako, erabakia hartua daukat: hau izango da bere azken aukera. Etxeko atea ireki eta tabakoaren kea usaindu dut, egongelan sortua, korridore osoan zehar hedatuz doana. Telebista ozen entzuten da. Erosketen poltsak sukaldean utzi eta egongelara joan naiz. Pedro sofan eserita dago telebistari adi begira. Kosta egin zaio ni sartu naizela jabetzea, baina ikusi nauenean harridura aurpegia jarri du, nahiz eta beti iristen naizen ordu honetan. Sofatik jaiki eta muxu eman dit maitekiro. Hatsean ardo eta tabako usaina nabari zaizkio. Berehala eseri da berriro bere betiko lekuan. Albo batean ardo merkez betetako edalontzia dauka. Buruko bezala erabili duen kuxina salbu, sofako kuxin guztiak lurrean botata daude, eta haien ordez manta handi zimurtu bat dago sofan zabalduta. Pedrok arratsalderoko siesta luzea egin du gaur ere. Gauetan ez duela lorik egiten esaten dit, baina ni etxetik irteten naizen bakoitzean, goizean nahiz bazkalostean, zurrunga batean uzten dut, azken bi urteetan egunero berdin. Uste dut, bazkalostean ordu bat edo bi ematen dituela lo, eta gero esnatu eta telebista ikusten egoten dela ni iristen naizen arte.
Zer moduz? galdetu diot.
Ziur aski ez du entzun. Gero eta gorrago dago. Bere baitan ixteko falta zitzaion azken osagaia da.
Hamar urte daramatzagu elkarrekin, eta denboraren poderioz pertsona ezezagun bihurtu da niretzat. Duela bost urtera arte zinemaren munduan ibili zen lanean. Elektrizista zen, bere aita bezala, baina beste zerbait nahi zuen beretzat, definitu gabeko zerbait, beti ere bestelakoa baldin bazen. Eta lanik gabe zegoelarik, pelikula batean postu bat eskaini zioten, zalantzarik gabe onartu zuena. Segidan etorri ziren hurrengo aukerak. Orduan ezagutu nuen nik. Gizon alaia zen, pittin bat fundamentu gabea eta lagunarteko giroaren zalea. Pozik aldarrikatzen zuen bere lana: nire laguntzarik gabe pelikula horiek ez dute argirik, esaten zuen, eta argirik gabe ezin dute gure bizitzari buruz hitz egin, ezin dute islatu zer moduz gauden. Gure inguruko inork ez zuen Pedroren euforiaren arrastorik ere. Nik, adibidez, ez nuen inoiz zinemara joateko ohiturarik izan; areto ilun horretan denak isilik pantailari begira egotea pixka bat denbora galtzea iruditzen zitzaidan eta, bestela ere, Pedroren pelikula haietako kontuak, pare batenak salbu, urruti gelditzen zitzaizkidan. Beste mundu batean bizi nintzelako izango zen agian.
Lagun batek liburuak ekartzen zizkion, han ere bizitza bazela erakusteko, baina Pedrori ez zitzaion irakurtzea sekula gustatu. Liburuak ondo daude, esaten zuen, baina ia inork ez ditu irakurtzen; pelikuletan eta telebistan agertzen ez bazara, ez zara existitzen, eta hori bizitzeko modu tristea da. Arraroa egiten zitzaidan Pedrori horrelakoak entzutea, ordura arte ez baitzitzaion zinema gehiegi gustatu, nik nekienaren arabera behintzat, baina pozik ikusten nuenez, gogo onez hartzen nuen bere aldartea.
Laster utzi behar izan zion halakoak esateari. Pelikuletakoa ez zen inoiz etengabeko lana izan; batzuetan gau eta egun ibiltzen zen, pelikulen aurrekontua murritza zelako, eta tarteka bi hilabete egiten zituen lanik gabe baina patxada ederrean, bazekielako aurki deituko ziotela. Baina pelikulen arteko denbora tartea handitzen joan zen, harik eta berriro deitu ez zioten arte. Dirua jartzen duten horiek beti kanpora begira daude, esaten zuen, etxeko kontuez arduratu gabe, eta ustez pelikulak baino garrantzitsuagoak diren hamaika txatxukerietarako erabiltzen dute dirua, gure herri hau erakusleiho bat bihurtzeko; eta bitartean ez dakigu nolakoak garen, ez dakigu ezta zer moduz gauden ere.
Pedroren hitz haiek gogoratzean beharbada barre egin beharko nuke, bizitza oso ironikoa delako, eta hala ere, ez dut batere gogorik. Gaurkoa ez delako egun bat gehiago. Eta Pedro ez da konturatu. Telebista, ardoa eta zigarroa besterik ez zaizkiola axola dirudi. Nik, aldiz, bularreko koxkorra dut gogoan. Gaur medikuarenera joan behar izan dudala ere ez du oroitzen Pedrok. Oso triste nago. Haserretzeko kemenik ere ez daukat. Beti izan al da horrelakoa? Akaso ez naiz orain arte konturatu. Beharbada bularreko koxkorra behar nuen horretaz jabetzeko. Zeinen xaloa izan naizen.
Furgonetan banatzaile lanetan hasi zenean dena ondobidean jartzen ari zela pentsatu nuen. Orain erraza da ikustea esperantza horrek ez zuela zentzurik. Pelikuletako lanak bukatu zitzaizkionean, zenbait lan kaskar lortu nizkion eta, azken hau, furgonetan opil industrialak banatzen ibiltzea, guztietan arriskutsuena zen bera bezalako batentzat, betidanik edan duelako behar baino gehiago. Istripua goiz-berandu gertatu behar zen. Eskerrak behintzat kalte fisikorik izan ez duen. Dena den, aurreikusi behar nuen gidabaimena kenduko ziotela. Harrigarriena beste kotxekoaren jarrera izan zen niretzat. Urteetan xaloegia izan naizelako agian. Beste kotxekoa auzoko ezagun bat zen, Pedrorekin tarteka tabernaz taberna ibiltzen den horietako bat, lagun itxurako bat. Pedrok moldatuko zirela esan zion, baina besteak aspaldi utzi zion aste tartean edateari, eta bi aldiz pentsatu gabe deitu zion Poliziari. Orduan, jakina, Pedrok behar baino alkohol gehiago zeraman odolean, askoz gehiago, eta gidabaimena kendu zioten. Orduan hasi zen ohiko garagardoarekin eta ardoarekin batera vodka eta whiskia edaten, eta egunero berrogei zigarrotik gora erretzen, eta telebistaren aurrean orduak eta orduak ematen.
Duela hiru hilabete langabetuentzako laguntzak bukatu zirenetik, Abegi SAren bulegoak garbitzetik irabazten dudan soldata bakarrik sartzen da etxera. Gure aurrezki eskasak ere bukatzen ari zaizkigu.
Zer moduz? galdetu diot berriro, bost minutu muturen ondoren.
Pedroren gorreria uste baino handiagoa da.
Zer moduz? galdetu behar izan diot berriro.
Ikusten duzu, Mertxe, telebistako jende honi begira. Beste mundu batekoak dira.
Egun osoa pasatzen duzu, ba, telebista ikusten.
Besterik ez dagoelako.
Non, telebistan ala bizitzan?
Ez dakit zer esan nahi duzun ardoz betetako edalontzia aho parera eraman du. Baina ikusiko duzu nire laburmetraia egiten dudanean. Nolakoak garen islatuko dut, zerk kezkatzen gaituen, zerk pozten. Gu bezalako jendea agertuko da, auzoko jendea, pertsona arruntak.
Ba al da horrelakorik?
Zer gauza bitxiak esaten dituzun, Mertxe. Nik ez dakit teknikoki gauza asko egiten, baina horretarako daude zinemako lagunak. Deitu eta pozik etorriko dira. Lagun onak dira... Ikusi esan dit telebistaren pantailari begira, zeinen zaldi polita! Halako bat jarriko dut nire laburmetraian, bukaeran, auzoko kaleetan aske korrika. Sinbolo indartsu bat izango da.
Zaldiarena entzuteaz aspaldi aspertu nintzen. Ia hilero kontatzen dit, ideia berria balitz bezala. Lau urte baino gehiago daramatzat laburmetraiarena entzuten. Ez dio inori dei bakar bat ere egin, ez du lerro bakar bat ere idatzi, ez du ezer gauzatzeko gaitasunik. Lehen behintzat bere Super-8 kamera txiki horrekin ibiltzen zen frogak egiten. Orain hori ere ez. Eta hala ere, egingo duela sinesten du. Hori da bere plazeboa.
Bestela ondo? galdetu diot.
Zaharrak berri.
Aspaldian ez dit galdetu zer moduz nagoen. Niri buruz dakien guztia nire ekimenez kontatu diot, ez berak ezer galdetu didalako. Ez dakit ardura faltagatik den edo ausardia eskasak eraginda; bere burua eramaten nahiko lan badu-eta, beharbada, ez da nire kezka txikiena jasateko gauza. Orain arte kostata eraman dut jarrera hori, baina dena aldatu da: bi aste lehenago dutxan nengoela bularrean koxkor bat sumatu nuen eta, hamalau egun luzez zain egon ondoren, gaur eguerdian joan naiz medikuarenera. Pedrok ez du gogoratzen edo ez du oroitu nahi. Ez dakit zer den okerragoa. Bi aste hauetan ez diot ia ezer kontatu, kezka arinen bat besterik ez, eutsi egin diet nire hitzei, eta aipatu diodan larritasun bakoitzeko Pedrok itxaroteko erantzun dit beti, emaitzak jakin arte ez duela hitz egitea merezi; eta orain, emaitzak iritsi direnean, ez du oroitzen.
Ez dut gogorik sofan bere alboan eserita denbora gehiago egoteko, Pedroren azken urteetako tronuan. Egongelatik sukaldera joan naiz zuzenean, etxeko arropak jantzi gabe, afaria prestatzeko asmoz. Pedro harritu egin da, beti galdetzen diodalako zer nahi duen, nahiz eta badakidan ez duela gurekin afalduko. Ez du ia jaten. Alkoholak eta tabakoak betetzen diote sabela. Eta gaur ere, egun bat gehiago balitz bezala, zer moduz nagoen galdetu gabe, ni iritsi eta berehala jaitsi da tabernara. Tabako bila noa, esan du. Han izango ditu zain tabernako kideak; ustez, haiek dira bere lagunak, baina tabernarako bakarrik, eta ez beti, gainera.
Harraskan aurkitu ditut bazkariko plater, ontzi eta gainerakoak, garbitu gabe. Duela hilabete batzuk arte mehatxu egiten nion: harrikoa egiten ez baduzu, ez dizkizut arropak lisatuko. Ez dio batere axola, eta azkenean nik sufritzen dut gehien, jantzi zimurtu horiekin kalera irteten ikusita.
Eneko ailegatu da, ilea bustita, xanpu usainez.
Zer moduz? Zazpi urte izateko oso berandu bukatzen dituzue entrenamendu horiek.
Enekok ez du ezer erantzun. Arropa zikinak garbigailuan utzi, bere logelara joan eta pijama jantzita eseri da sukaldeko mahai aurrean.
Gosetuta etorriko zinen, ezta?
Bai, oso.
Pedro tabernara joan denez, gutxienez aitak eta semeak ez dute elkarrekin afalduko. Eskertzekoa da, beti tekelan ibiltzen dira-eta. Pedrok bereziki estu hartzen du Eneko, gehienbat tabernatik bueltan eztabaida txoroetarako gogoz itzultzen denean. Ez al duzue ezer ikasten eskola horretan, esaten dio Pedrok ahal duenero. Norbaiten gainetik gelditzeko gogoa dauka, orain inoiz baino gehiago, eta semea egokia iruditzen zaio horretarako. Edozein aitzakia erabiltzen du. Behin batez, esate baterako, Enekok urdaiazpiko egosia bukatu zuelako, sekulako errieta egin zion: badakizu ia hori bakarrik jaten dudala, esan zion Pedrok, eta hala ere, zuk bukatu behar. Etxean daukagun giroarekin ez da harritzekoa Eneko eskolan gaizki moldatzea.
Gaur behintzat ez dute elkarrekin topo egingo. Afaria bukatu bezain laster joan da ohera. Nekatua dirudiela esan diot, eta berak zaldiei buruzko ipuin bat eskatu dit, ezagutzen ez dudan bat, eta ni ere oso nekatua nagoela erantzun diot, bihar kontatuko diodala.
Sofan eseri naiz, telebistaren aurrean. Eremu arrotza bihurtu da hau niretzat. Pedrok ardoz betetako edalontzia utzi du alboko mahaitxoan. Hautsontzia ere zigarrokinez gainezka. Hemen egon naiz noiz etorriko zain, telebistan agertzen diren kontuei arretaz begiratu ezinik. Hamaikak jota etxeratu da. Ondoan eseri eta muxu eman dit. Tabakoaren eta alkoholaren kiratsa lehen baino handiagoa da, baina horrek ez nau harritu. Aspaldi ohitu nintzen alkoholikoei darien usainera.
Zer moduz?
Eztabaida txiki bat izan dut tabernan. Nire laburmetraiari buruz hitz egiten hasi naiz eta adarra jotzen hasi zaizkit. Pentsatzeko denbora gehiegi dudala esan didate.
Bestela ondo?
Ez da beste ezer askorik gertatu.
Egun gehienak hala izaten dira, bai.
Isilik geratu naizela probestuta, telebista aldera jiratu du burua. Begirada pantailan iltzatuta duelarik, ordu txikietako saio bati buruzko txatxukeriak esateari ekin dio etengabe, horiek ez direla gure mundukoak eta abar. Hitz egiteko gogoa dauka, antza. Telebistako kontuei buruzko bakarrizketarako gogoa. Ohera joan naiz, beraz. Esperoan segitu dut bertan. Beti bezala, ordu biak paseak direnean sartu da ohera. Biluztu eta nire gorputzari itsatsita etzan da, beso batez nire sabelaldea inguratuz. Medikuari buruzko zerbait aipatzear egon naizen arren, aldi berean oroitu dut hilabete lehenago izan genuen elkarrizketa: erosketak egin ez zituelako demandan hasi nintzaionean, berak laburmetraian lanean ari zela erantzun zidan, eta nik gordin bota nion hasi zenetik lau urte joan zirela eta oraindik ez nuela ikusi pauso txiki bat ere egiten, eta bera hasieran dena buruan ondo gordeta zeukala esanez defendatu zen, baina gero negar batean lehertu zen, dena gaizki ateratzen zitzaiola esanez. Urteak daramatza ezer egin gabe, ezertan saiatzeko ausardiarik gabe, eta badakit ez dela erraza eguneroko kontuekin burutzea, niretzat ez behintzat, baina dena gaizki ateratzen zaiola esan ahal izateko gutxienez zerbait egiten saiatu beharra dauka, sofan eserita ezer ez delako gaizki ateratzen. Gau hartan negarrez hasi zenean, ez nintzen ezer erantzuteko gai izan ordea. Badakit oker egindakoak kritikatzen ez badizkiot bere horretan jarraituko duela, eta badakit kritika egiten badiot erasotua sentituko dela eta bakardade horretan sakonago murgilduko dela. Eta gaur ere zalantzak izan ditut, medikuarena esan edo ez. Pentsamendu horiek bueltaka ditudala hartu nau loak. Tarteka esnatu naiz, azken bi asteetan bezala, medikuak zer esango zidan beldurrez esnatu izan bainaiz, baina orain nekeak jota nago, eta horregatik loak gaina hartu dio kezkari.
Goizean iratzargailuko albisteek esnatu naute. Iraken hildako gehiago. Pedro lo seko daukat alboan, irratiko hotsik batere entzun gabe. Kostata altxa naiz. Korrika eta presaka bete ditut zereginak. Normalean baino ordu laurden lehenago gaude Eneko eta biok etxetik irteteko prest. Logelan itxaroteko eskatu diot. Gure logelan sartu eta Pedro esnarazten saiatu naiz alferrik. Aspaldi ez naiz Pedro esnatzen saiatu, gutxienez Enekorena gertatu zenetik: arratsalde batez normalean baino goizago bueltatu zen eskolatik, eskaileretan behera erori eta gorputz osoa kolpez beteta zuelako; eta aita sofan etzanda topatu zuenean, hitzez esnatzen saiatu zen, arropa eranzten lagundu ziezaion, baina Pedrok ez zuen erantzun, eta Eneko berriro saiatu zen, ia oihuka, eta Pedrok mugitu gabe jarraitu zuen, eta Eneko benetan larritu zen, alde batetik bestera mugitu zuen aita, oihuka, azkenerako negarrez; eta bizilagunei deitu zien, baina ez zegoen inor, eta niri deitu zidan baina telefonoa koberturaz kanpo neukan, eta orduan korrika joan zen eskaileretan behera, etxeko atea irekita utziz. Portalean zain aurkitu nuen. Gertatutakoa kontatu zidanean, lotsaren lotsaz ez nintzen ausartu argitzera bere aita mozkortuta zegoela eta horregatik ez zela esnatzeko gai izan.
Oroitzapen hori gogoan, lehen baino askoz sutsuago astindu dut Pedro. Begiak erdizka ireki ditu. Burua mugitu eta muxu eman dit eskuan.
Ideia berri bat izan dut xuxurlatu dit. Zaldia taberna batetik irtengo da eta gero etxez etxe joango da, eskaileretan gora eta behera, eta ondoren kaleetan trostan ibiliko da, askatasunaren sinbolo bezala.
Zer zaldi? Zer askatasun?
Laburmetraiako zaldia. Zein bestela?
Laburmetraia aipatzen duen bakoitzean, Pedroren azken akzioaz akordatzen naiz: behingoz auzotik irteteko autobusa hartzera ausartu zen duela hilabete batzuk, eta gidariaren parera iritsi zenean, gorri bat eskatu zion, ardo gorri bat!; txoferrak ez zion ezer ulertu, eta orduan Pedrok bere kolkorako barre eginez eskatu zion tiketa. Orain auzo osoak daki.
Zer kalamidadea zaren esan diot amorruz. Beti nabil zuri tiraka eta zu beti zure zilborrari begira.
Zertaz ari zara?
Ez al duzu gogoratzen atzo medikua nuela.
Atzo? Ez zenidan ezer esan. Nik ez nekien.
Mesedez, Pedro. Nire bularreko koxkorra ahaztu duzu ala?
Nahikoa da, Mertxe. Errietan ari zara beti. Ni saiatzen naiz zurekin goxoa izaten, eta zuk dena gaizki egingo banu bezala hitz egiten didazu. Ez al duzu ikusten nire bizitza ez dela batere erraza. Ez al duzu ikusten zeinen lur jota nagoen. Zuk dena zailtzen didazu.
Ohetik salto batean altxa naiz eta bi edo hiru pauso atzerantz egin ditut. Pedrorengandik urrundu beharra sentitu dut.
Ez dakit konturatu zaren aspaldi ez didazula zer moduz nagoen galdetu. Ez zaizu interesatzen?
Ez esan hori behintzat.
Zer nahi duzu, isilik egotea? Ez al zara konturatzen?
Pedro agondu egin da.
Ez al duzu jakin nahi medikuak zer esan didan?
Noski jakin nahi dudala. Atzo bilera bat izan nuen eta badakizu...
Zer bilera? esan diot, gezurra eteteko asmoz.
Dena kontrolatu nahian ari zara berriro.
Orduan zer, ez duzu jakin nahi medikuak zer esan didan?
Zain nago. Ez dakit zergatik ez didazun esan nahi. Beti berdin zabiltza, Mertxe. Gauza guztien errua nirea dela ematen du.
Nola esan dezakezu hori? Ni zure alde saiatzen naizen guztia ahaztu zaizu ala?
Ez, ez. Laster Erroman santu egingo zaituzte.
Orduan ez duzu jakin nahi medikuak zer esan didan?
Ez badidazu esan nahi, ez esan.
Nola esan dezakezu hori? Horrelako kontu batean ere ez dituzu zure harrokeria eta utzikeria irentsiko, ezta?
Egin ezazu nahi duzuna, Mertxe, beti bezala.
Nik nahi dudana?
Bai, sudurraren puntan jartzen zaizuna.
Buelta erdia egin eta Enekoren logelara joan naiz. Ohe gainean eserita dago, zain, gomazko pilota bat bihurritzen. Atea itxi dut. Enekori beldurra nabari zaio.
Elkarrekin joango gara eskolara. Goazen.
Eskutik heldu eta atzera begiratu gabe joan gara eskaileretan behera. Pedro ez da gure atzetik etorri. Enekok estu oratu dit eskua. Kalera iritsi garenean, begira-begira gelditu zait.
Gaixo al zaude, ama?
Batzuetan uste dut Eneko oso txikia dela eta ez dagoela egoeraz jabetzeko adinean, baina umea izanagatik ez da inozoa, eta, gainera, etxe txiki horretan paretak paperezkoak direla ematen du.
Ez, lasai. Gaixo nengoela uste nuen eta horregatik joan nintzen atzo medikuarenera. Oso ondo nengoela esan zidan, ez kezkatzeko. Bene-benetan, Eneko, lasai.
Berehala iritsi gara oinez eskolara. Eneko begira daukat oraindik.
Ez dizut gezurrik esan. Triste nago, baina ez da horregatik. Aita eta biok elkarrekin haserre samar gaude, eta pentsatu dut hobe izango dela lo egitera aitonaren etxera joatea. Nik eramanago dizkizut arropak eta eskolako gauzak.
Eta aita?
Ikusiko dugu ea larunbatean elkartu gaitezkeen.
Muxu eman diot eta eskola barrura abiatu da.
Lanera joan beharra daukat, Abegi SA ditxosozko hori garbitzera. Ea hurrengo egunetan nola moldatzen garen aitaren etxean. Eskolatik urruti samar dago, baina asmatuko dugu zerbait. Bestela ere izango dugu arazo mordo bat. Aitari ez diot bularreko koxkorrarena aipatuko. Ez da ezer, hilekoak eragindako gantz pixka bat besterik ez. Amaren heriotzaren ondoren, askoz gutxiagorekin ere larrituko litzateke.
Gaur behintzat oskarbi dago. Ez da gutxi. Eta laster oporrak.
Enekok eta biok elkarrekin egoteko denbora gehiago izango dugu.