Zakur kale
Zakur kale
2007, narrazioak
144 orrialde
978-84-95511-92-8
azala: Caty Bartholomew
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2012, nobela
 

 

Etorriberria eta bere lagunak

 

 

Neska etorriberria bazterretara begiratu gabe irten da bulegotik. Etxera iritsi eta mutil-laguna ikusi bezain azkar lehertu da:

        — Zer egingo dut orain?

        Abegi SAn hasi zenetik estu eta zikin hartu izan du Edurnek, bere saileko buruak. Lehenengo, saileko guztientzat kafea ekartzeko eta fotokopiak egiteko eskatzen zion. Gero, saileko lanaren zama handiena neska etorriberriaren gain uzten hasi zen, artean Edurne inoiz ez bezainbestetan bulegotik kanpo joanda. Eta hala ere, etengabe gutxiesten ditu etorriberriak egindako lanak.

        Egoera koska bat gehiago estutu zen. Etorriberriari ordenadoretik dokumentuak desagertzen hasi zitzaizkion. Inoiz frogatu ezingo duten arren, saileko guztiek ezagutzen dute erruduna.

        — Ez dakizu zer egin didan orain! —esan dio mutil-lagunari.

        Duela bi hilabete txosten potolo bat agindu zion Edurnek. Asteetan buru-belarri jardun du horretan.

        — Gaur jakin dut, nire ordenadoretik txostena hartu, bere izenez sinatu eta zuzendaritzari eman diola. Ulertzen? Ez dit soilik asteetako lana lapurtu, aurki iritsiko baita nire kontratuaren amaiera, eta argi dago Edurnek ez duela nire alde hitz egingo; bera da gure taldearen arduraduna eta, beraz, taldeko kontratuak berritzeko erreferentzia nagusia. Zuzendaritzakoek azken asteotan zertan ibili naizen galdetzen badidate, ezingo diet ganorazko ezer erantzun. Eta oraindik okerragoa izango litzateke Edurneren aurka hastea.

        Mutila ez da neska baretzen saiatu. Edurneren gisako makina bat ezagutzen du berak ere, eta halakoei buruz direnak eta ez direnak botatzen hasi da.

        Neskak berdin egin du.

        Eta betikoan katramilatu dira: bizi direneko lau pareta hauek ordaindu artean, lau pareta hauetatik kanpo jarrera otzana hobetsiko dute, eta lau pareta hauen barruan, aldiz, husteko lizentzia emango diete beren buruei. Babesten dituen etxeak harrapatuta dauzka. Bankuaren arnas-hotsa senti dezakete garondoan. Eskua zabal-zabalik luzatzen die hilero, gaixotasun kroniko baten sintoma balitz bezala.

        Denei lepoa moztuko dietela orroka agindu ondoren, isilik geratu dira. Barealdi antzuan.

        — Horrela ezin dugu segitu —esan du neskak.

        Mutila muxu ematera hurbildu zaio. Neskak beste aldera jiratu du aurpegia. Sarritan errepikatua dute eszena hau azken aldian, eta ez bakarrik Edurne izeneko horren erruz.

        — Zer pentsatzen ari zara? —galdetu dio mutilak.

        Komunera joan da erantzun gabe.

 

 

Biharamunean, etorriberria Abegi SAko bulegoetara sartu den unean bertan hasi da ahal bezainbeste lankiderekin hitz egiten, Edurnek lapurtu zion txosten hari buruz. Lankideek ez dakite zer esan. Gutxi batzuek beste lankide batzuekin hitz egin dezan aholkatu diote, baina haiekin mintzatu ondoren, beste batzuengana bidali dute. Eta azkenean, bekainak altxatuko dizkion norbait egongo da bide guztien amaieran, zer esan ez dakiela adieraziko dion norbait, asko jota eskua sorbaldan pausatu eta «animo» esango diona, «animo, neska, gauzak gaizki daude-eta».

        Berarekiko konfiantza eza, hasiberriaren gaitza dela pentsatu du neskak.

        Bakar bat sastrakarik gabe mintzatu zaio, ordea. Beste sail bateko neska gazte bat da:

        — Edurneren aurka oraintxe ez duzu zer eginik. Iñaki Tolosa zuzendariordearen maitalea da. Bere emazteak izan ezik, hemen Abegi SAn mundu guztiak daki hori.

        Etorriberriak bulegoan dagoen jendeari begiratu dio. Denak begiak ordenadoreko pantailari itsatsita lanean ari direla dirudi.

        — Ni Leire naiz. Eta zu?

        — Ni... neska etorriberria. Lanean daramatzadan hamar urte hauetan hainbeste enpresetan aritu naiz hasiberri gisa, nire izena ahaztu ere egin zaidala.

        Irribarre egin dute biek.

        — Horrelako baldintzetan zaila da lanean lagunak egitea, ezta? —esan dio Leirek.

        — Ba, bai. Harritu nau zu nitaz arduratzeak. Normalean ikusezina naiz besteentzat.

        — Orain arte inork ezer kontatu ez dizulako ez duzu pentsatu behar hemen denok zakur hutsak garenik. Kontua da jendea izututa bizi dela. Inoiz ez dakizu nondik joko duen albokoak. Eta gutxiago hasiberria bada. Uste dut denok daukagula Edurne gogoan. Garai berean hasi ginen enpresa honetan, lanpostu bertsuan. Neska jatorra zirudien. Begira orain. Merituak egiten ari da. Horrexegatik da talde bateko burua. Behin-betiko kontratua dauka eta diru asko irabazten du. Ni, aldiz, meriturik egin gabe, hasieran bezalaxe nago. Tira, egia esan, hobe horrela. Asko aldatu beharko nintzateke Edurneren bidea jarraitzeko, eta ni ez naiz halakoa.

        — Oihaneko legea, beraz.

        — Batzuk ez gara horretan erortzen. Badakit beste enpresa askotan baino gehiago kostatzen dela lan baldintzak guztiontzat hobetzea. Eta badakit, gainera, sindikatuek sekulako istiluak dituztela beren artean. Baina tarteka lortu izan dira gauza txiki batzuk. Egia esan, lorpen horiek nori egiten dieten mesede ikusita, esan dezakegu denok berdinak garela baina, tira, batzuk besteak baino berdinagoak. Eta, hala ere, batzuk ez gara...

        — Oihaneko legea.

        — Tematia zara gero. Hemen zuria eta beltza baino askoz gehiago dago. Hobe duzu beste kolore batzuk nabaritzen hastea, bestela oso bakarrik sentituko zara.

 

 

Zuzendaritzatik presazko lan bat agindu diote Edurneri. Honek, norabait joan beharra duelako aitzakiaz, neska etorriberriari agindu dio.

        — Nora zoaz, ba, hain goiz? —ausartu da neska.

        — Zu ez zara nor niri hori galdetzeko. Ez al zara oraindik konturatu?

        Bakarrik gelditu denean, etorriberria Edurneren ordenadore aurrean eseri eta dokumentu batzuk ezabatu dizkio.

        Hurrengo egunean Edurnek harriduraz ikusi du, etorriberriak ez duela agindutako txostenean esaldi pare bat besterik idatzi. Goiz horretatik aurrera, agintzen dioten lana bukatu gabe uzten hasi da etorriberria. Interneteko zokoak bisitatzeko beta pixka bat badu orain.

        Taldeko gainerakoek lehen baino estuago egin behar izan dute lan, gehienbat Edurnek, presazko lanei erantzuteko ezinbestekoa izan baita etorriberriak egiten ez duen lana bere kabuz orekatzea.

        Denbora pasa ahala Edurnek aldatu egin du etorriberriarekiko estrategia. Haren lanaz baliatzea nekezagoa bihurtzen ari dela ohartuta, Edurnek gero eta lan gutxiago agintzen dio eta, azkenerako, etorriberriak egun osoak emango ditu bulegoan zer egin ezin asmaturik. Lankideei laguntza eskainiko die, baina gehienetan ez diote lanik utziko. Inoiz bururatuko ez litzaiokeen egoera itogarria bihurtuko da hau: mahai gainean txosten zaharkituak eta ordenadorean ezertarako balio ez duten dokumentuak besterik ez ditu edukiko. Uste baino bizkorrago, ez du jakingo bulegoko orduetan zer egin. Aurki bukatuko zaion kontratua amaitu arte horrela egotera zigortu du Edurnek.

 

 

Pasaiako portuko enpresa batean lana eskaini diote neskari.

        — Orain putetxe hori utzi ahal izango duzu —esan dio mutil-lagunak.

        — Ez, oraindik ez.

 

 

Kafearen orduan, Leire inoiz baino lehenago etorri zaio etorriberriari. Paperik gabeko bere mahai aurrean eserita aurkitu du.

        — Entzun al duzu zurrumurrua? Edurneri Martuteneko enpresa horren egitasmo-txosten osoa hartu eta zuzendaritzari zure izenean aurkeztu diozula esaten ari dira.

        — Gaizki irudituko litzaizuke?

        — Erotu egin zara ala zer?

        — Ni ez. Eta zu? Ez zaitut inoiz ikusi Edurneri honelako ezer esaten.

        — Ezberdina da.

        — Hori badakit, Leire. Gakoa da ea zertan den ezberdina.

        — Ezin dut sinetsi! Zuk ikusiko duzu zertan ari zaren.

        — Lasai, ez duzu nitaz berriro arduratu beharrik izango.

        — Zuk nahi duzun bezala. Baina ezin dut sinetsi. Zeu izan zinen galdetu zenidana zergatik den jendea hain mesfidatia.

 

 

— Noiz arte? —galdetu dio mutil-lagunak.

        — Atzo uztea pentsatua nuen, baina uste baino luzeago joko du.

        — Zergatik?

        — Dagoeneko ez daukat zer galdu.

        — Ondo pentsatu.

 

 

Bulegoko lanak goizero ezer berezirik gertatuko ez balitz bezala abiatzen dira. Etorriberriak bere bazterretik begiratzen die lankideei. Behatu eta hausnartu besterik ezin dezake egin. Egunero bulegora iritsi eta ezerezari begira egoten da. Lanik ez egitera kondenatua sentitzen da bulego baten erdian. Badaki saileko kideek mespretxuz begiratzen diotela, orain egonean dagoelako beti.

        Edurnek ez dio sekula berriro lanik aginduko, eta etorriberria ez da beretzat bulegoko lanak asmatzeko gauza. Beste zerbaitekin denbora pasatzeko gogorik ere ez dauka.

        Baina, eguerdi batean, bulegoa jendez hustutakoan, Iñaki Tolosa zuzendariordearen bulegora joan da etorriberria. Atea jo aurretik irribarrea tinkatu du aurpegian.

        — Zer nahi duzu? —harrituta galdetu dio zuzendariordeak.

        — Hona etortzeko esan didate.

        — Nik ez dizut deitu.

        — Banoa orduan. Nolanahi dela, lagundu diezazuket zerbaitetan?

 

 

Etorriberria zuzendaritzarentzat lan txiki batzuk egiten hasi da.

        Leirerekin ez du ia hitzik egiten. Ezta ordura arte inguruan izan dituen gainerakoekin ere.

        Inoiz hitz egin ez dion lankideren bat edo beste hurbiltzen hasi zaio, Abegi SAn sartu zenean atsegina iruditu ez zitzaion jendea.

        Etxean, mutil-lagunarekin eztabaidak besterik ez dauzka.

        — Ez dut ulertzen zergatik jarraitzen duzun hor.

        — Ezin duzu gertatzen ari zaidan ezer ulertu.

        Gero eta asteburu gehiagotan egoten dira elkarrengandik aparte. Atzeratutako lana daukala esaten dio neskak. Etxetik hurbil Iñaki Tolosa izaten du zain. Zuzendariordeak Zarautzen daukan etxe batera joaten dira bakarrik egotera. Hango paretak zuri-zuriak dira, apalak eta mahaiak batere apaingarririk gabe, armairuen barrualdeak hutsik.

        — Inbertsio bezala erosi nuen —azaldu dio Iñaki Tolosak—. Hemen ez da inor bizi. Horregatik dago hain triste.

        — Aukera izanez gero, funtsezkoa da ondo inbertitzea —ihardetsi dio neskak—. Oraingoz berdin du bertan inor ez bizitzea.

        Getarian lanbroa ari duela dirudi.

        — Getarian euria ari du —esan dio neskak.

        — Kalefakzioa piztuko dut.

        — Ekarri Coca-Cola bat bide batez.

 

 

Astelehen goiza. Etorriberria bulegoetako komuneko ispiluaren aurrean dago, begizuloak nola disimulatu asmatu ezinik. Edurne zaldi pausoz sartu da eta parez pare jarri zaio.

        — Utziozu nire aurrean etorriberri inozoaren papera egiteari. Nirekin behintzat goia jo duzu.

        — Utziko didazu irteten? Lan asko daukat.

        — Zer lan mota? —oihu egin dio Edurnek—. Niri buruzko zurrumurruak zabaltzea? Nondik atera duzu Iñakiren maitalea naizela?

        — Orain iritsi al zaizu esamesa? Esango nuke jende guztiak zekiela, zuk eta Tolosa jaunaren emazteak salbu. Uste dut esamesa zaharkitu denerako ailegatu zaizula.

        — Zuk, hasiberri xalo horrek, sinetsi egin zenuen, ezta?

        — Dagoeneko ez dakit zertan sinesten dudan.

        — Enpresa honetan emakume batek beste baliabiderik ez duela uste duzu, ezta?

        — Ez, lasai, Edurne. Nire saileko buru zaitudanez, konturatu naiz dohain handiak dauzkazula. Niri dagokidanez behintzat, zuk ere goia jo duzu. Inoiz ez zidaten nire lana hainbeste oztopatu, eta lapurtu.

        — Ba zuk gainditu nauzu.

        — Hori esanda lasaiago geratu zara?

        — Eta zu?

        — Nik dagoeneko ez dakit zertan sinetsi, eta egoera honetan lasai gelditzea... hori pentsaezina da.

 

 

Etorriberriak behin-betiko kontratua sinatu du. Ahal izan duen bezain laster joan da etxera. Gautu du eta mutila ohean dago. Albistea jakinarazi dio eta, aspaldiko partez, sexua itzuli da. Ez dute maitaleek bezala egin, kirolariek bezala baizik.

        Bakoitza ohearen bere aldean sabaiari begira geratu denean, mutilari hurbildu zaio:

        — Emaidazu muxu bat.

        Mutila ohetik altxa eta dutxan sartu da.

        Gero telebista piztu du egongelan. Bera jaio baino lehenagoko futbol partida bat ematen ari dira, Mundu Kopako final bat. Roberto Boninsegnak berdinketaren gola sartu orduko loak hartu du sofan.

 

 

Iñaki Tolosa zuzendariordeak etorriberriari deitu dio.

        — Non sartu zara azken egunotan?

        — Entzun, Iñaki. Uste dut orain hobe dela gauzak bere horretan uztea. Daukagunarekin gustura egon gaitezkeela iruditzen zait.

        Algara bat irten da Tolosa jaunaren ahozulotik, eta kopeta belztu zaio segituan.

        — Ez al zara jabetu? Kontua ez da zer egiten duzun, baizik eta zein posiziotik egiten duzun. Ni zuri laguntzeko prest nago, baina zuk ere jarri behar duzu zerbait zeure aldetik. Ulertzen? Afaltzeko geldituko gara eta lasaitasunez argituko dugu kontua. Fagollaga jatetxean egin dut erreserba. Konforme?

        Neskak ezezkoa egin du buruaz. Aulkitik altxa eta aterantz abiatu da.

        — Nora zoaz? Burua galdu al duzu?

        Ezezko keinua egin du berriro.

        Zuzendariordea jainkoaz akordatu da, ondoren neskaren amaz, eta gero aitaz.

        — Bulegotik horrela irteten bazara, gaizki bukatuko dugu.

        Neskak bizkarra eman dio, berriro aterantz abiatzeko.

        — Zureak egin du. Hartu zure gauzak eta alde enpresa honetatik.

        Neska lurrera begira gelditu da.

        — Zure emazteari eta Edurneri —esan du burumakur— ez zaie gure harremanaren berri izatea komeni. Eta guri ere ez. Esango nuke, denoi komeni zaigula diskrezio pixka bat eta gauzek bere horretan jarraitzea.

 

 

Iñaki Tolosa zuzendariordeak ez du etorriberriaren aurka egin. Tolosa jaunaren maitale postuan etorriberriak Edurne ordezkatu duela zabaldu denez, neskak immunitatea lortu du lankideen aurrean, Edurneren kaltetan.

        Baina etorriberriari gero eta lan gutxiago iristen zaio zuzendaritzatik. Eta halako batean, eten egin dira lan guztiak. Etorriberriak egun osoak ematen ditu zereginik gabe aulkian eserita, sudoku moduko zirriborroak egiten.

        Tolosa jaunaren maitale izateari utzi diola esaten hasi direnean, enpresa osoan hedatu dira bere lepotik egindako txantxak. Zurrumurruen harira, etorriberria enpresatik kaleratzeko abagunea ikusi du Tolosa jaunak. Bere ekimenez egina dela agerian utzi gabe iradoki dio zuzendariari, Edurneren saileko arazoa lehenbailehen konpondu beharra dagoela.

        Eta azkenean, zuzendariaren aginduz, giza baliabideen saileko bat arduratu da etorriberriari presioa egiteaz.

        — Ez al duzu ikusten muga guztiak gainditu dituzula? Abegi SA paradisu bat ez dela badakigun arren, inor ez da iritsi beste norbaiti txosten bat ezabatzera, eta gero, gainera, beste txosten bat lapurtzera. Zuk esaten duzu zuri ere egin dizutela, baina, zer nahi duzu esatea, kosta egiten zaigu zure bertsioa sinestea.

        — Amaitu duzu?

        — Bai.

        Neskak berehala utzi du enpresa. Badaki epaitegietara joz gero, egoera oraindik gehiago oker daitekeela. Baina Abegi SAtik joan aurretik, bulegoan eman dituen ordu horiek guztiak gutun bat eta txosten bat idazteko baliatu ditu.

        Gutunean, Edurneri, Iñaki Tolosari eta honen emazteari zehatz-mehatz kontatu die Edurneren ibilbideari buruz dakien guztia, esamesak barne; eta horrekin batera, Iñaki Tolosarekin izan duen harremanaren xehetasunen kronika ere egin die.

        Txostenean, Abegi SAn egon den hilabeteetan enplegatuei buruz entzun dituen zurrumurruak bildu ditu, eta lankide guztiei bidali.

 

 

Pasaiako portuko enpresa batek egina zion lan eskaintza onartu du.

        Lehen egunean Josu Igara izeneko gizon atsegin batek egin dio ongietorria. Azalpen arin batzuen ondoren, bere mahaia izango dena erakutsi dio.

        — Ikasiko duzu poliki-poliki.

        Azken hamaika urteetan egin duen lanaren oso antzekoa dela iruditu zaio etorriberriari, baina ez du ezer esan.

        Igara jaunak arreta eskatu die bulegariei, etorriberriari agurra egin diezaioten. Hala ere, langile batzuek begiak ordenadore pantailatik altxa gabe jarraitu dute.

        — Hasiberria aurkeztuko dizuet. Zer izen duzula esan didazu?