Zakur kale
Zakur kale
2007, narrazioak
144 orrialde
978-84-95511-92-8
azala: Caty Bartholomew
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2012, nobela
 

 

Lapurrak

 

 

Zakurrari begiratu zion.

        — Nire senarrari lezioak eman beharko dizkiok. Hire munduan gauzak apaingarririk gabe egiten dituk behintzat.

        Arnasa patxadaz hartzen ari zen zakur txikia. San Inazio elizatik zetozen zazpi kanpaikada entzun ziren. Emakumeak eskuaz laztandu zuen ilea galtzen ari zen zakurraren gorputza. Mahukan gelditu zitzaion lerdea igogailuaren paretak igurtziz kendu zuen. Igogailutik irten orduko uhalari tiraka hasi zen zakurra. Emakumeak askatu egin zuen eta, etxeko atea ireki bezain azkar, amorruzko zaunka batean joan zen lasterka korridorean zehar. Atzetik joan zitzaion emakumea.

        — Zatoz hona! Tobaritx, zatoz hona!

        Egongelatik zetozen zaunkak. Zakurra ezin kabiturik zebilen. Albo batean, lurrean erabat uzkurtuta, gizonezko maskal bat zegoen.

        — Ez, mesedez, ez!

        Emakumeak ea nor arraio zen galdetu behar zionean, aldameneko logelan kristal hautsien hots handi bat entzun zen. Emakumea mugiezinik geratu zen. Gizonezko bat sartu zen egongelara, pistola eskuan.

        — Baztertu zakurra! —agindu zion emakumeari.

        Zaunka urdurien artean saltoka ari zen zakurra, eta jabeak kostata urrundu zuen lurrean bola bat eginda zegoen gizonarengandik.

        Pistoladunak gizonezko argala arrastaka zutiarazi eta paretaren kontra bota zuen.

 

 

Musika geldoa. Bi gizonetako bat sofan botata, sabaiari so. Bestea, leihotik pareko etxeari begira, aulkian gero eta gehiago hondoratzen.

        — Aldazak. Bareegia duk ezer onerako.

        — Musika? Zazpiak bost gutxi dituk oraindik. Nahikoa denbora izango diagu mota guztietakoak entzuteko.

        — Bareegia duk —hasperen egin zuen—. Dena zagok bareegi. Hori ez duk ona guretzat. Lanik gabe geratuko gaituk aurki. Eta zer egingo diagu orduan? Nik ez zakiat ezer egiten. Baina hori bankukoei berdin zaiek. Ea nola ordaintzen diedan hileroko iraultza zerga hipotekarioa.

        — Ez gaituk lanik gabe geratuko. Betiko arazoa ez bada, aterako duk besteren bat.

        — Azkenean edozeinentzat lan egiten bukatuko diagu, Errusiatik Mediterraneora joan diren militar eta polizia horiek guztiek bezala.

        — Zergatik kezkatu? Lanean, definizioz, putakumeentzat egiten duk lan.

        — Serio ari ninduan.

        — Serioegi. Nik hilabete bukaeran sosak poltsikoratu eta bankuari mailegua ordaintzeko egiten diat lan. Hik beste zerbaitetan sinesten duk ala?

        Gazteenak leihotik begiratzeari utzi eta lurrera zuzendu zuen begirada.

        — Entzun ondo, gazte. Ni zakur zaharra nauk eta ez diat ipuinetan sinesten. Nire lana egiten diat eta kito. Pisu hori zaindu behar dudala. Ondo. Tipo hori babestu. Ederki. Hura egurtu. Konforme. Egun batzuk besteak baino hobeak dituk. Baina hilabete bukaeran sosak. Gainerakoa ez zaidak interesatzen. Hiri bai?

        — Zer esango diat ba! Bizimodu hau ez zagok gaizki. Soldata ona... Tira, hik esaten duan bezala, gure bezeroak putakumeak dituk, baina haien kontra egiten dutenak putakume askoz handiagoak. Ez zaik iruditzen?

        — Ez ditek guri pagatzeko gaitasunik. Hori bai dela egia.

        — Bakarrizketak egiten dituzten telebistako saio horietako batera joan beharko huke. Tipo umoretsua haiz.

        — Lanik gabe geratzen bagara, akaso hik ere joan beharko duk, gazte.

        — Ez, benetan ari nauk. Lanbide hau ez zagok gaizki. Ez diat sekula arazorik izan. Adi egotea besterik ez duk. Eta normalean ez duk ezer gertatzen. Orain, adibidez, zenbat denbora zaramaagu zinegotzi horren etxea zaintzen? —gazteak arnasa sakon hartu zuen—. Gainera, berak ez gaitik ezagutzen, guk bera ere ez... Beste edozein lanetan bi sosengatik anormal andana jasan behar duk.

        Bafleetatik abesti biziago bat irteten hasi zen.

        — Kaka zaharra!

        Pareko etxeko aldamioan gora norbait zihoala ikusi zuten. Mahai gaineko giltzak eta pistola hartu eta korrika bizian irten zen gaztea. Beste gizona, musika itzali, sakelako telefonoan zenbaki batzuk sakatu eta leihotik begira gelditu zen.

 

 

Esku iharrez heldu zion aldamioari. Gorantz begira zegoen.

        — Orain esan ahal izango diagu ez garela inoiz gure kasa hain gora igo.

        — Ni ez noak.

        — Zer esaten ari haiz?

        — Azken mohikanoa, izen horixe jarri zidak medikuak —burumakur gelditu zen.

        — Medikuak? Ez hadi arduratu handiuste horrek esaten duenaz.

        — Ez al duk ikusten? Ivan, Txino, Bea, Manu...

        — Uztak. Ez diat gehiago entzun nahi... Guk hemen segitzen diagu. Ez duk gutxi, ezta?

        — Ez, baina aurrerantzean ere hemen segitu nahi diat. Eta horretarako birziklatu egin beharko gaituk. Ez al duk ikusten? Gure garaia joan zuan. Eta hobe horrela. Ez al duk gogoratzen orain dela oso gutxi arte zertan ibili garen?

        — Aspaldi honetan txintxo ibili gaituk. Orain premia zaukaagu. Dirua lortzeko modu hoberen bat topatzean, badakik kontu hauek utzi egingo ditudala. Hi lasai!, hor goiko etxekoei mesede bat egingo zieagu: telebista eta musika katea hartuta, zabor pila batetik babestuko ditiagu.

        — Ez naik horrek kezkatzen. Kontua duk, orain dela gutxi arte gurea lortzearren edozer gauza egiteko prest geundela. Galdetu zuen amari. Edo gureari. Zenbat aldiz aldatu ditek sarraila hiri giltza berririk eman gabe?

        Elkarri begira gelditu ziren. Aldamioari helduta zegoenak garai bateko txandal fosforito berde bat zeraman. Besteak, berriz, handi gelditzen zitzaizkion bakeroak eta kamiseta zuri zahar bat. Miguel Imaz kale osoan ez zegoen estetikoki beraiek bezain ezberdina zen beste inor.

        — Ez didak gogorarazi behar gure bizitza zabor hutsa dela. Zer egingo zioagu ba?

        — Ni errehabilitazioan hasiko nauk.

        — Behin baino gehiagotan entzun diat horixe bera, eta begira, orain hemen hago nirekin aldamio honetatik igotzear.

        — Eta zer egingo diat nik hortik diru pixka bat lortzen badugu? Eros dezakedan guztiak kalte egiten zidak. Baina orain gauzak beste era batera ikusten hasi nauk. Hik ere hasi beharko huke. Pentsa, Poliziak ere ez gaitik salataritzat nahi. Orain bai garela estoldetako biztanle. Kalean harriduraz begiratzen zigutek. Dagoeneko beldurrik ere ez diagu eragiten. Agian errukia. Azken aldian ikusi duk heure burua ispiluan?

        — Egunero. Ezin zioat tentazioari eutsi. Pelikula batean nagoela zirudik.

        — Eta horrela segitu nahi duk? Gaur egun ez zagok gu bezalako jenderik. Nik ez diat berriro nire ama saltzeko prest sentitu nahi. Ezta bizilagunari etxea goitik behera lapurtzeko ere. Jonki nazkagarri bat izateari utzi nahi zioat. Egunen batean eroso antzean bizitzeko leku bat izan nahi diat.

        — Oso gaizki ikusten haut. Askoz errealistagoa iruditzen zaidak aldamio honetatik gora joatea.

        — Hik ikusi.

        — Ikusi? Ez, ez. Ni aspaldi itsutu ninduan!

        — Gutxienez itxaron ezak eguna pixka bat ilundu arte. Zazpiak bost gutxi dituk oraindik. Argi gehiegi zagok aldamioan gora joateko.

 

 

— Marisa, jarri mesedez uhala zakur zikin horri! —agindu zion senarrak.

        Emazteak mehatxuzko begirada zuzendu zion, eta herentzian jasoa zuten etxebizitzari buruzko azalpenak ematen jarraitu zuen. Jabetzan zuten etxebizitzaren alboan etxebizitza alorreko zinegotzia bizi zen, baina horrek ez zuen emakumea kezkatzen. Batetik, bota berri zuten maizterragatik ez zuen sekulan ezer esango zinegotziak, Marisaren ustez hori ez baitzen zinegotziaren kontua. Bestetik, emakumearen iritziz, ondoko etxean zinegotzi bat bizkartzain eta guzti bizitzeak dagoeneko ez zuen inor izutzen, urteak baitziren beraien aurkako erasorik egiten ez zutela, eta beraz, etxebizitzaren salneurriak ez zuen behera egingo, eta hori zen emakumearentzat garrantzitsuena.

        — Hala ere, Marisa, etxe hau Gorkari eskaini beharko genioke —esan zion senarrak—. Istiluak istilu, gure semea da... eta oraintxe oso urruti bizi zaigu.

        — Saltzeko une egokia da. Inoiz baino handiagoak dira salneurriak.

        — Ondo iruditzen zait gure erretiroa bermatzea. Hori badakizu. Baina gaur egun etxebizitzak duen prezioa kontuan hartuta, eta gainera hemen, Grosen, pisua saldu eta erdia guretzat hartuta nahikoa eta soberan izango genuke. Beste erdia Gorkari eskain diezaiokegu. Edo bera etor dadila pisu honetara bizitzera, eta guri trukean arrazoizko diru kopuru bat eman diezagula. Ez dakit, horrelako zerbait.

        — Hara! Elizaren kontra hainbeste urte eman ondoren, orain beste masaila jarri nahi duzu. Ezta pentsatu ere! Gabonetan eta udan etortzen hasi nahi badu, alokatu dezala gela bat pentsio batean... edo hobeto, ausartu dadila berriro gure etxea zapaltzera.

        — Ez dakit zure jarrera aitzakia edo gorrotoa den.

        — Esnatuko al zara noizbait? Berak bere bidea egin du, gure aurka egin ere. Guk geurea egin behar dugu orain.

        Biak zakurrari begira geratu ziren isilik. Portalera hurbiltzen ari zen emakume bati zaunka ari zitzaion.

        — Marisa, zenbat urte elkar ikusi gabe! Zuen izeba hil zenetik ia ez zaitut ikusi, eta pentsa, orduz geroztik joango zen mende laurdena behintzat.

        — Aspaldiko!, zer moduz zaude?

        — Zahartuta. Tira, denok aldatu gara.

        — Batzuk besteak baino gehiago —esan zuen Marisaren senarrak irribarrez emazteari begira—. Ezta, Tobaritx? —galdetu zuen gizonak zakurrari begira.

        Portalera hurbildu zen emakumeari sakelako telefonoa zarataka hasi zitzaion eta bikotea eskuaz agurtuz abiatu zen igogailura.

        Marisak mespretxuz begiratu zion senarrari.

        — Ni ere gora noa, zer txukundu behar den begiratzera —esan zuen Marisak—. Ea hurrengo astean jendeari erakusten hasteko moduan daukagun.

        — Ni ez noa. Hartu zakurra. Bikote ederra egiten duzue. Tira, zazpiak bost gutxi dira. Zazpi eta erdietan hondartza inguruan itxarongo dizuet.

        — Ondo da. Zu ez ezertaz arduratu. Gero, erretiroa hartzen dugunean, ez dakit zer erosi nahiko duzun, oporretan urrutira joan eta zure osasuna zaintzeko hau eta bestea egin. Nola ordainduko dituzu? Bizi osoa daramagu soldata eskas baten truke gogor lan egiten, eta orain beste zerbait merezi dugula iruditzen zait.

        — Etxebizitza zeurea da. Zeuk erabaki behar duzu. Gainerakoan, niri ez leziorik eman. Gero arte.

 

 

Telefonoa belarri parean mantenduz eseri zen aulkian.

        — Bilbo? Oraindik ez naun ia kalera irten. Gogogabeturik nabilen... Zer nahi dun esatea? Pisu txiki hau txindurritegi bat dun... Eta hik zer berri dun?

        Egongelako argazkiei begiratu zien. Bera ez zen inon ageri.

        — Jendeak edozer gauza esaten din. Marisa horrek ez din zinegotziarekin zerikusirik... Ezetz ba. Zinegotzia nire etxebizitzaren alboan bizi dun... Bai, eta Marisa nire etxebizitzaren jabea dun orain. Tira, ez nire etxebizitza... ni duela bi hilabete arte alokairuan bizi nintzen etxebizitza. Baina zer ari ditun esaten, ba?... Zinegotzia eta Marisa maitaleak direla? Bai zera... Zergatik zinegotziak ez duen ezer egiten ni bota nautelako? Berari ez zaio axola...

        Egongelako argazkietan bazen ezagutzen ez zuen jendea.

        — A zer sormena daukan jendeak! Entzun, hasieratik kontatuko dinat dena. Kontua dun, gu alokairuan sartu aurretik, etxea Marisaren izeba batena zela. Duela hogeita bost urte inguru hil zunan eta orduan sartu gintunan gu. Hori gogoratuko dun... Etxearen herentzia Marisaren gurasoentzat izan zunan eta orain dela ia lau urte hil zitunan biak... Bai, urte berean, batzuetan gertatzen dun... Kontua dun, anaia gaztetan hil zenez, etxearen herentzia osoa Marisarentzat izan zela... Badakin, duela hiru urte edo... Hori dun. Etxetik joan beharra neukala esanez etorri zitzaidanan, beren semea bizitzera zetorrela eta abar. Baina hainbeste urtez maizter egoteagatik eskubideren bat baneukala jakin ninan, eta azkenean ofizioko abokatua hartuta irabazi ninan epaiketa... Semearena ni etxetik botatzeko aitzakia hutsa zunan. Bestela, ezin omen dun maizterra hain erraz bota. Baina semea Madrilen bizi zunan eta ez zinan bueltatzeko asmorik... Ez, semeak berak esan zidanan. Gozoak jarriko zitunan bere gurasoak orduan. Pentsa... Ez zakinat. Ez zitenan aurretik hitz egina izango edo zerbaitegatik haserretuko zitunan edo auskalo. Behintzat ez zitenan oso pozik bukatuko. Eta hala ere, hiru urte geroago, duela bost hilabete alegia, berriro etorri zitzaizkidanan, berriro semearen kontu horrekin eta, gainera, berehala joateagatik dirua eskainiz... Ezin nindunan berriro bueltaka hasi. Ez neukanan indarrik. Suposatu ninan oraingo honetan semearekin ondo hitz egina izango zutela. Eta tira, gutxienez diru pixka bat lortu ninan.

        Egongelako argazkietako batean Eiffel dorrea ikusi zuen.

        — Erosteko?... Nire soldatarekin Donostian ez zitzaidanan etxe baten alokairurako ere iristen. Eta ez nindunan pisua ezezagun batzuekin partekatzen hasiko. Eta pentsatu ninan: nahiz eta Donostian ezin gelditu, gutxienez bazeukanat nora jo. Oso inozoa izan naun orain arte. Pentsa, nire adinean konturatu behar jendearen zakurkeriaz bertatik bertara... Bai. Lehen bilobek maite ninditenan, jolasean ibiltzen ginenean eta abar. Orain gero eta helduagoak ditun eta alabak bilobetako baten logelan jarri nain, eta bilobak logela bakarrean elkarrekin zauden, eta ez dakin nola begiratzen nauten... Egia esatea nahi badun, bilobak gorrotatzen hasia naun. Baita alaba ere... Horrelakorik ez esateko? Aholku erraza dun, baina ikusiko dinagu hire garaia iristen denean... Hik hiru seme-alaba dauzkan... baina... gogoratzen al dun nire bizilagun hura, zinegotziak erosi zinan etxekoa? Amona hura seme-alaben etxetik etxera astero aldatzen diten...

        Egongelako argazkietako batean bi ume agur eginez ageri ziren.

        — Bai... bai. Esan zienat, baina ez diten nahi. Pisu hori inbertsio bezala erosi zitenan: sos batzuk zeuzkatenan aurreztuak, eta pisua erosi eta berehala maizterrak hartu zitiztenan alokairuan, eta horrela alokairuaren bidez etxe horren banku mailegua ia osorik ordaintzen diten. Nik ezin zienat hainbeste ordaindu, eta oraingoz denok zulo honetan sartuta jarraitu beharko dinagu... Orain damutu egiten naun Marisa purtzil horren etxea bere garaian ez erosi izanaz, baina zer nahi dun esatea, beti iritsi izan gintunan justu hilabete bukaerara, eta Manuel hil zitzaidanetik zer esanik ez, eta eskerrak alokairu zahar merke horietakoa zela.

        Ezkerreko eskuaz begiak igurtzi zituen.

        — Gogoratzen al dun etxe horretan sei bizi gintunan garaiaz? Hura bai zirkua! Orduan sarri etortzen hintzen bisitan, e ahizpatxo?... Baina azkar joan zunan Manuel. Gure ama segidan. Eta, geroago, semeak bere bidea egin zinan eta, ondoren, alabak. Egia esan, etxea oso handia gelditu zitzaidanan... Bai... Nik ere hirekin egoteko gogo handia zaukanat. Urte gehiegi pasa ditun ia elkar ikusi gabe...

 

 

Jose Manuel Gris bere bulegoan eserita zegoen. Goizean agertu ez zenez, legegintzaldi osoan lehenengo aldiz joan zen udaletxera bazkalostean. Egunkaria mahai gainean utzi eta Interneten oporretara nora joan zitekeen begiratzeari ekin zion. Ez zen lan erraza. Aukera zabalegia zegoen.

        Atea jo gabe sartu zen trajez eta gorbataz jantzitako gizon txiki bat. Zinegotziak irribarretsu agurtu zuen. Gizon txikia aulkian eseri zenerako, bost galdera eginak zizkion zinegotziari.

        — Dena bideratuta dago. Atzo hitz egin nuen Iñaki Tolosarekin. Bere alderdian ados omen daude, eta alderdiaren babesean dauden eraikuntza sustatzaileak ere bai. Azken ahalegina falta da, baina tarta nola banatu aurki adostuko dugula ematen du. Urteak kosta arren, azkenean lortuko dugu.

        — Lehiaketa publikoan behar adina lan guri egokituko zaizkigula segurua izango da, ezta? —galdetu zuen gizon txikiak.

        — Esaten ari ez naiz, ba: egun gutxi barru zehatz-mehatz jakingo dugu, baina hala ere hitz egindakoa gutxi gorabehera bere horretan mantenduko da.

        — Sorpresarik ez dela izango espero dut.

        — Ez da izango. Haien arerioak gara agian, baina diruari dagokionez, anaiak. Elkarren beharra daukagu.

        Etxebizitza alorreko zinegotziak puru kaxa bat atera zuen kaxoitik. «Bakearen pipa» idatzia zuen norbaitek kaxa gainean. Gizon txikiari eskaini zizkion.

        — Izan al zara bertan? Oso zelai zabala da.

        — Ez naiz oraindik egon. Auzune hori pixka bat bazterrera gelditzen zait. Esango nuke nire bizitzan behin bakarrik egon naizela auzune hartan, hileta elizkizun batean, uste dut.

        Elkarri begira geratu ziren, besteak zer pentsatzen zuen asmatu nahian bezala.

        — Eta zer diozu? —galdetu zuen gizon txikiak—. Zozketan magiak lagunduko al die zuen seme-alabei etxebizitza bana lortzen?

        — Bazter galdu horretan? —erantzun zion zinegotziak harriduraz—. Doazela zuen seme-alabak mendi punta hartara bizitzera!, hara bestea! Hor eraikiko dituzuen etxeetan ohera sartu eta konbikzioak maldan behera joango zaizkizu.

        — Lasai. Mendia eta malkarra besterik ez dagoen lekuan zelaia utziko dugu, etxeak zuzen-zuzenak atera daitezen. Horrela ez zaizkio konbikzioak inori eroriko.

        Barre egin zuten biek.

        — Jose Manuel, esan didate orain Grosen bizi zarela.

        — Amarako etxea obretan daukagun bitartean. Bestela, Groseko etxea beti hutsik daukagu. Inbertsio bezala erosi genuen, agian seme-alabentzat, baina alabak Aieten erosi zuen etxea, eta semeak Ategorrietan.

        — Villa hori zegoen leku zabal horretan?

        — Ezagutzen duzu lekua, ezta?

        — Jakina. Esan zidatenaren arabera, zuek lizentzia lortu zenioten jabeari, villa bat zegoen lekuan hiru etxe eraiki zitzan eta trukean etxebizitza bakoitzak izan behar zuen salneurria ezarri zenioten, txikia noski, eta zuek erabaki zenuten etxe horietan nor sartu.

        — Zurrumurruak besterik ez. Tira, Groseko etxeaz ari ginen. Kontua da, udan senideren bat egun batzuk pasatzera badator, hondartzatik oso hurbil dagoela... Bueno, egia esan orain aukera duzu: duela gutxi arte nire alboko pisuan alargun bat bizi zen, baina orain hutsik dago, eta uste dut oso txukun utzi duela. Tira, etxe osoan gutxienez lau etxebizitzetan ez da inor bizi. Oraintxe aldamioa dago fatxadan baina, bestela, etxea ondo dago... ez da behar bezain handia agian... Tira, gu han gauden bitartean seguru biziko zinateke: bizkartzainak etxean eta pareko etxean kontrabijilantziako poliziak... maitalearekin egoteko intimitatea faltako litzaizuke baina...

        Barre egin zuten berriro.

        — Egia esan, eskerrak haiei.

        — Maitaleei edo poliziei?

        Algararen baten ondoren isilik geratu ziren. Bulegoko paretari begiratu zioten biek. Donostiako mapa handi bat zegoen. Gune berdeek etxebizitzek baino eremu zabalagoa hartzen zuten oraindik.

        — Handia da Donostia, e?

        — Zentzu guztietan handia. Bai.