Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Pow Wow

 

Idaho estatua Ameriketako Estatu Batuetako hamahirugarrena da azaleraz, kasik 300.000 kilometro karro baitu. Hain leku zabalean, miloi eta erdi biztanle dira, gehienak zuriak. Eta halaxe esan behar da, zuriak!, estatubatuar mugetan bete behar izaten diren paperetan hitz horixe erabiltzen baitute. Era berean, paperotan «bertoko jatorria» duena legez itzul daitekeena erabiltzen dute. Hirurehun mila kilometro karro horietan bertokoek lau erreserba-gune dituzte. Beste dena zuriena da. Beraz, kolorea versus jatorria jokoan, kolorea nagusi. Arraza, alegia.

        Arraza! Inork guri gure burua zuri arrazakotzat dugunentz galdetuz gero, erantzuna ezetz. Ziur. Haatik, hemen erabiltzen diren kontzeptuak ez dira europarronak. Beraz, onar dezagun 'zuri' hitza, hitz egin dezagun argi. Autobusean, Nez Perce erreserbaren mugetatik irten orduko bozketa egin dugu, gure hurrengo destinora jo orduko nora joan goiza pasatzera. Aho batez erabaki dugu Justin Gould lagunak erakutsi zigun Salmon River-eko bazter hartara joatea. Oraingoan bera gurekin ez badator ere. Hiru egunean indiartu egin gara. Estatu hau zuriena da, ostera. Honen froga, gure hurrengo geralekuan. Coeur d'Alene deritzon eskualde eta hirigune zabalean.

 

 

Salmon River horretatik itzuli eta berriro busean sartuta lau ordu egin ondoren, iluntzean Coeur d'Alene herrira iritsi gara. Dantza taldekoek, eta baita nik neuk ere, euren etxeetan hartuko gaituzten familiak ditugu zain. Zuriak dira denak, eta erlijioz gehienak mormoiak edo bestela baptistak dira, egunak igaro ahala jakingo dugunez. Familiek hona ekarri gaituen Nazioarteko Dantza Jaialdia izango den lekuan hartu gaituzte, hots, Jolas Parkean. Silverwood du izena parkeak. Zilarraren basoa!

        Izena berarekin batera ezin esanguratsuagoa da Jolas Parkearen taxua. Zuriak mendebalderako bidean eraiki zituzten zurezko herrixka haietako edozeinen imitazioz egina delarik, «bertoko jatorriko» ezer ez dago irudikaturik parkean. Ezta ere Idaho estatuaren ordezkari jardungo duen dantza taldearen errepertorioan. Non dira hemengo indiarrak? Erreserbetan, noski. Coeur d'Aleneko Erreserban. Zorionez, asteburu batez indiar multzo zabala biltzekotan da inguruotan. Pow Wow delako baten kariaz, hain zuzen. Dantzatu beharrik ez dugunok horra joatea erabaki dugu. Coeur d'Alene honetara iritsi osteko hirugarren egunean.

        Harrigarria bada ere, ez dirudi Pow Wow izena jatorrizkoa denik. Hona iritsi eta bertokoak euron dantzetan eta errituetan ikusi zituzten lehenengo europarrek aditu uste izan zuten izenetik, 'pau wau', eratorria da Pow Wow. Ingelesa ikasi ahala bertokoak onartuz joan diren izena da, beraz, hori.

        Izena gora-behera, izatez dantzatzea baino konplexuagoak ziren aspaldiko Pow Wow —onar dezagun hitza— haiek. Batzar askoz konplexuagoak ziren, beren mundu ikuskerari lotua. Hori horrela izanik ere, egungo Pow Wow deritzenak indiarren elkarteratzeak izaten segitzen badute ere, irudi du ardatza dantzak eta musikak direla. Halaxe ikusi dugu Greyhound Park delakora iritsi bezain laster. Guk turistok. Azaletik.

        Norbaiti hemengoa zertan den irudi baten bidez azaldu beharko banio —azaldu aditza azal hitzetik eratorria dela gogoan—, hasteko eta behin Aste Nagusia aipatuko nioke. Nahiz eta Greyhound Park izeneko hau kirol-gunea izan. Gurean ohikoak diren holakoen aldean bereizgarri bat behintzat baduen kirol-gunea; ikusleentzako harmailak eraikin estali eta ondo itxi batean daude. Eraikinak, noski, kanpoko joko-zelaira begira du alde nagusia, horrexetarako da-eta goitik behera. Kanpokoa ondo ikusteko, baina epeletan egonda. Bada, kanpo horretan atondurik dutenari hartzen zaio Aste Nagusiko txosnetan izaten den giroaren kutsua.

        Lehen inpresio horren eraginez kanpora egin dugu, gure lehenengo inpresio arina baino harago joan nahi. Halaxe ikusi ditugu joko-zelaian dantzariak, eta musikariak zelaiko aldeetako batean; ikusleak ostera inguruko harmailetan, eta harmailon atzealdean muino biribil antzekoa; muinoa eta harmailen artean jatekoen eta bestelakoen saltokiak, eta muinoan bertan luze-zabal barreiaturik tipiak eta karabanak, ene! Kanpin-leku itzela dute atondurik. Mendebaldeko Pow Wow handienaren neurrikoa.

        Honelakoetan lehen sekula egon gabekooi dantzarien jantziak zaizkigu deigarri. Dirdiratsuak, gehienak ez dira jatorrizko gaiez eginak, plastikoez eta halakoez baino. Koloreak eurak ez dira zuriak kontinentearen alderdi hau zapaldu aurretik zirenak. Menderatua eta bere historiaz gabetua izan den beste orok bezala, hauek ere iragan eta iraganekoak berrasmatu beharra ukan dutela nabaritzen da. Jatorrena, agian, danborrak dira.

        Dantzariei doinua horiexek ematen diete. Taldeka jotzen diren pandero taxuko danbor itzelek. Larruzkoak direnak, jakina. Larrua astintzen dutenek kantatu ere egiten dute-eta, western filmen kulturan hazi garenok duda izpirik gabe indiar irizten diogun doinuak betetzen du giroa. Bada, etikaren arloko heziketaren atal nagusietako bat film horietan izan dut-eta, mokadua lagunekin belartzan jesarrita egin ondoren, urdaila pozik baina bihotza kuzkurturik, tipiek bere goialdea erakusten diguteneko aldera goaz Ina —taldeko kideetako bat— eta biok. Berak argazkiak atera, nik hara eta hona egin, elkarri mutu begiratzen diogun arren, argi dugu batak eta besteak pentsatzen duguna: indio herrion sufrimendua, ene bada!

        Tarteka argazkiak ateratzen goaz, inori argazkiak atera baino lehen baimena eskatuz. Hitz ere egiten dut batarekin edo bestearekin. Oin Beltzen nazioko kide Sooney Little Plane berrogeita hamar urteko gizonak diosdanez, honelako Pow Wow jaialdiak «gero eta hobeak dira, musikari gero eta hobeekin ari direlako».

        Guk, bihotzean antropologo bana daroagun euskaldunok, ezin horrekin konformatu. Dantza eta musika ez dira ikuskizun bakarra. Esan bezala, saltoki ugari dago. Batean nahiz bestean, ia denean sarrien ikusten direnak indiarren gaineko irudi estereotipatuez sorturiko gauzatxoak dira, hala nola, belarrikoak eta idunak, orotariko bitxi merkeak, oihal margotuak eta zapi koloretsuak, indioen egunsenti erromantikotartuak, gezien imitazioak, luma benetakoak eta sasikoak, aiztoak, ezertarako ez diren armak, zerrenda hutsal bezain infinituan. Eta infinituan argi izpi bi.

        Lehena, saltoki bat, saltzen dituen gauzak ingelesa ez den hizkuntzan idatzirik dituena. Indiar hizkuntzetako batean, jakina. Baina, zenbat dira hizkuntzok? Ez da galdera erantzuten erraza. Zorionez, bigarren argi izpiak horren erantzuna dakar. Izan ere, bigarren argi izpia George Russell eta Saginaw Chippewa jaun-andreen saltokia topatzea izan da. Bikoteak sinaturiko liburua erosi dut —American Indian Facts of Life, edo «Amerikar indiarren bizimoduaz»—, non nire galderentzako erantzun zehatz eta argiak baitira. Adibidez, hortxe dio 1942an, Ipar, Hego eta Ertain Amerika harturik, 500 zirela hemengo hizkuntzak; 150 dira bizirik egun, horietariko 20 Estatu Batuetan.

        Liburua erosi diot Russell jaunari, eta baita poster taxuko mapa handia, zeinetan indiarren datuak ageri diren. Gero elkar besarkatu dugu, luzaz, pozez begiak elkarren begietan tinko. Pow Wow hau zein besteak, oraingo merkatu eta folklore hutsa barik, egunen batean beste zerbait izan daitezen badu zereginik Russell jaunak. Jakina, eraldatu beharreko folk merkatuaren horretan gu bezalakook, turistek oro har, badugu zerikusia. Indioen kitxa erosten dugun heinean. Haatik, indioak eurak dira kitx horren erosle nagusiak, denean ikusten den moduan. Euskaldunok gure Gernikako Arbola edo Picassoren koadroa kitx bihurtu dugun sindrome berberak jota ote dauden nago.

        Baina zer esan, ostera, busaren bila kanpora irtenda ikusi dugunaren aurrean. Indiar poliziaren auto bat etorri, gelditu, poliziaz jantzitako gizonezko batek autotik irten eta, hara!, geure aurrean ekin dio indiar tradizionalaren ohiko lumak eta halakoak janzteari. Hitzordua bide du barruko Pow Wow luzean, haraxe egin baitu.

 

 

Pow Wow delakoaren lekutik irtenda busak daude. Ordurik ordu, doan. Hortxe igo gara etorri den lehenengoan Coeur d'Alene hirira doalakoan, erraturik. Ohartu garenerako tribuaren kasinorako bidean goaz. Berrogei bat kilometro dira, baso eta mendi bakartu isiletan barna. Alde ederra Zurien Coeur d'Alene inguruarekin. Kasinoa bera ere ez da Nevadakoak bezain handia, ezta hurrik eman ere. Hala eta guztiz ere, halakoren batean inoiz egon gabe daudenak aho zabalik geratu dira. Gaitz zaigu hemen zenbat makina txanpon irensle ote dagoen jotzea. Ehunka, milaka beharbada.

        Kasinoetan egin daitekeen osasuntsuena egin dugu; afaldu. Damurik gabe. Gero Idahon dagoenik-eta zerarik atseginenaz gozatu dugu; langile jende arrunten jarrera abegikor eta zabalaz, alegia. Buseko gidariak lo-lekuraino eroan gaitu, bere ohiko bidetik irtenda. Gure berri jakin nahi duelarik, europarrok kontatu ahal izan dizkigunekin ordaindutzat ematen du bere burua, pozik. Gu berriz, are pozago, bestela taxia bilatu beharko baikenuke.