Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

RENO - NEVADA (abendua)

Berrogei urte

 

Duela berrogei urte etorri zen Ameriketara, eta berrogei urte honetan sorterriko euskaran sartu diren hitz berriak berak ingelesetik hartu dituenak dira.

        Yardara txori piloa etorri dok, diost, eta horrezkero badakit 'yarda' horko kanpoko lekuren bat dela; etxe-atzea edo, etxaurrea edo.

        Beste batzuetan Txori piloa jagok fencean, diost, eta horrezkero badakit 'fence' horko kanpoko zerbaiten izena izan behar duena. Ingelesez. Kontuak atera eta 'fence' hesia dela erabakitzen dut. Batez ere txori pilo hori oholezko hesian ikusi ahal dudalako.

        — Kuilak dozak —diost—. Han ez jagok halakorik; antzekoak bai, baina hau berau? Keba.

        Hegaztiei hobeto begiratzen diet. Ez naiz aditua baino bekoki goian duten gandor horrek ezagun-aire bat ematen die.

        — Galeperraren antzekoak dozak, baina ez dozak galeperrak.

        Orain berrogei urte izan zen gazte baserritarraren hitzak dira-eta, errespetatu egiten ditut. Izan behar dute txoriok nik antzematen ez diedan ezaugarriren bat, gure galeperren aldean ezberdin egiten dituena.

        Aspaldi batean gaztea eta berdea izan zenari ez zaio etxe inguruan ehizean ibiltzen zenekoa ahaztu. Hegazti horiek 'kuilak' dira. Kito. Gainera, hor inguruan Nevadako mortua dago eta, nondik nora horko hegaztiak garietan ibiltzen diren eperren pareko? Ezin da.

        Berrogei urte dira etorri zena, eta denbora tarte honetan Josek —izena Joe aldatu diote hemen— ingelesa nahastu dio euskarari, eta gazteleraz hitz egiten duenetan zuzen-zuzenean euskaratik itzultzen du. Duela berrogei urte herrian denek egiten zuten moduan. Denek, txapelokerrek, abadeak eta juezak izan ezik.

        Etorri ere, horiexengatik etorri zen Jose Ameriketara. Juezak konturen bat eskatu ziolako. Eta aitak igande arratsalde batzuetan ere lanean izanarazten ziolako.

        — Domekak behintzat libre euki baneuzan, domeka arratsaldeak behintzat, ni ez nintzan hona etorriko —diost, Reno hiriaz bestaldeko mendietan arratsaldea sutan urtzen den artean.

        Egon ere, askotan hango zerura begira egoten gara. Sierra Nevadako mendi bakoitzak, banaka-banaka hartuta, Bizkaiko beste mendi baten taxua du. Bada bat niri Oiz mendia gogora ekartzen didana. Kaliforniarako bidea erakusten duena da, hegazkinak sartzen direneko beste aldean.

        — Mendi horreek danak ezagututen joadaz nik —diost, abuztuko iluntzeko aroan barbakoa prestatzen duen bitartean; gero yardaren behean dituen tomateetako batzuen bila joaten da.

        — Egundoko tomateak —diotsot nik, fruitu gorri txikiei laztan eginez.

        — Ebagi eta egin olioa —erantzuten dit.

        Zerura begiratzen dut. Hemen eguzkiaren ibilbidea fisikoki nabaritzen da. Nire ezkerretara gaua den aldi berean eskuinaldean oraindino argi dago eta, horra miraria. Eta tartean hegazkinen bat haraneko lautadan sartzen bada, miraria biderkatu egiten da. Eguzkiak hegoan haginka egiten dielarik sartzen dira aireportuan.

        Joek nire begien bidea igartzen du, eta sarritan esaten dit berdin: Han agertzen direnetik aireportuan gelditzen diren arte, hamar minutu!

        Neurtuta du Joek hegazkinen ibilbidearen denbora hori. Eta hirian mugitzen ia dena ere neurtuta du. Lehenengo momentutik ikasi behar izan baitzuen Amerika zer den.

        Kontinentea lehenengoz zapaldu zuenean Gabon eguna zen. Etxetik alde egiteko sasoi ederra.

        New Yorkera iritsi ziren bera eta herriko bestea, orain izena gogora ekarri nahi ez duena.

        — Ez zuan ondo portatu, baina parkatu jeutsat —diost, herriko horrekin eduki zuen auzia diruagatik izan zela igartzen zaiolarik.

        Eta izan ere halaxe izan zen. Diruagatik, badakit nik hori. Baina hori ezin dut hemen kontatu. Joek berak barkatu egin badio, hobe beste haren izena isildu eta kontua bere horretan uztea.

        Gabon egunean ailegatu zirela diot, duela berrogei urte, eta ailegatu baino ez eta hau —Amerika— beste herri bat eta beste ekandu batzuk zirela, hori, behingoan ikasi zuen. Hori zelan izan zen konta dezan, aldarte onean harrapatu behar da Joe. Lotsa apur bat ere eragiten dio eta. Haatik, abuztuko giroan barbakoa egin, tomateak prestatu, ogia ebagi eta ardoa zerbitzatu ostean —honezkero berak ez du edaten— litekeena da pasadizo hura berriro kontatzea.

        En el aeropuerto fue, dio Joek, gaur bai animaturik, euskaraz ez dakien basko bat etorri delako pozik. Esanda nago. Espainolez egitean euskaraz egiten du. Niri berriz euskaraz kontatu izan dit beti pasadizoa.

        Imajinatu egin behar da gero New York aireportua 1964ko Gabon egunean. Mundu guztia pozik, edo pozaren itxurak egiten behinik behin. Dena musu, ondo etorri eta besarkada. Dena zoriona. Edo bestela dena presa. Eta hegaldi batetik bestera mundu bat korrika. Ameriketan duten zorion ofizialeko irribarre hori galdu barik. Eta hizkuntza berria. Joeren bizitzako hirugarrena.

        Haatik, Joek pasadizoa kontatzen duenean aireportua hutsik zegoela ematen du. Egon ere, bere arima zegoen hutsik legez. Haatik, aireportuak leporaino beterik egon behar zuen. Eta itxura batean Gabon egun hartan aireportuan ez zegoen euskaraz hitz egin zezakeen inor. Hitz egin beharrik, horrelakorik izango ez zutelakoan, konektatu behar zuten hurrengo hegaldiaren datuak zekartzaten. Idatzita. Horixe zen dena. Horrexekin zeharkatu beharko zuten kontinentea ekialdetik mendebaldera.

        Hegaldien artean estomagoa hutsik ez ziren joango. Zeozer hartzea erabaki zuten. Zer? Aireportuko kafetegian dena zegoen zehatz idatzita. Dena dela eurei ezagun zitzaien berba bakarra, ostera, 'coffee' berba zen. Prezioaren kontuak egin zituzten, ozta-ozta txanpon solte batzuk baitzekartzaten.

        — Nahikoa daukagu, ala? —galde egin zion Joek besteari, bien diruak begiratuz.

        — Baietz uste joat —esan zuen besteak, txanponak zenbatu ostean.

        Kafe, eskatu zuten. Izan ere ez dena, inondik ere, ingelesezko 'coffee' horren berdin-berdina, baina ulergarria behintzat badena.

        Atera zien ba kafea zerbitzariak, eta astiro ekin zioten, erlojuaren orratzei orduak elkarri josten utziz, ea ba hurrengo hegaldira joateko momentua iristen zen. Haatik, eta kafea astiro edan arren, halako batean kafea edaten amaitu zuten. Eta orduan zerbitzariak ontziak berriro bete zizkien. Ezer esan barik. Edo zerbait esanda. Baina Joek eta lagunak ez zuten ingelesez piperrik ere ulertzen.

        — Hau dok hau! Eskatu barik ekarri jeuskuek. Badaukagu dirurik hau pageteko? —esan zuten, arduraturik.

        Joeren lagunak diruen kontuak egin zituen.

        — Bai —esan zuen.

        Beraz, lasai hartzea erabaki zuten. Baina ahal zenik eta lasaien hartuta ere amaitu egin zituzten halako batean kafeak. Eta zerbitzaria berriro etorri zen. Eta hantxe ikusi behar izan zuten zelan betetzen zizkien ontziak. Eta ezin ingelesez ezer esan. Ez dugu nahi edo, eskerrik asko edo. Zeozer behintzat.

        Elkarri begiratu, kafea dzanga-dzanga hartu eta alde joan ziren. Euren ustez hirugarrena zen kafe hura pagatzeko dirurik ez zeukatelako.

        Bere bizi osoan inoiz lehenago inon zorrik utzi ez eta gero ere inoiz utziko ez zuen gizona —Jose, Joe— pagatu barik alde egiten zuelakoan bizi izan zen denbora batez. Ameriketan kafea behin ordaindu eta gero nahi adina bider zerbitzatzen dutela ikasi artean. Ordurako mendietan artzain zebilen. Tartean, errudun kontzientzia zorrotz batek zigorturik bizi izan zen, orain pasadizoa kontatzen duenetan barre egiten duen arren.

        Pasadizo hark Joseren garunetan kode berri bat instalatu zuen. Hura Amerika zen, eta Amerikan amerikarren legez, amerikarren legera, halaxe jokatu behar zen. Kodea ikasi behar zen, ostera.

        Lege onean onartu zuen erronka berria. Mendian denbora bat egin zuen, eta han hiru hartz hil zituen. Otsoak, diost berak, Bizkaiko herrietako tradizioan horixe baita hartzari ematen zion izena. Otsoa.

        Menditik herrira etorri zen Jose, ordurako Joe bihurtuta, eta hiri hau kasino ziztrin batzuen lekua izatetik kasino dotoreen hiri bihurrarazten lagundu zuen. Zereginean osasuna galduz. Tartean ezkondu egin zen. Eta horrek errotik lotu zuen hona. Gaur Ameriketako Estatu Batuen bandera ofiziala dauka ate ondoan.

        Bandera hori ate ondoan! Kafea pagatu barik uzten zutela uste izan zuen Joseren lehenengo egun hartatik hona igaro diren berrogei urteotan egungo Joek egin duen bidea markatzen du bandera hori hor izateak. Joek hiri hau eraikitzeko lanetan utzi du osasunaren parte handi bat. Basko amerikanoa da orain.

        Eta fencean txori piloa jagok esaten didanean, txori horiek ez direla galeperrak, kuilak baino, horixe datorkit burura. Gero, autoa hartu eta Joeren etxetik joatean, katolikoen kanposantua hortxe behean duela ikusten dut. Eta Joe igandero mezatara joaten dela gogoratzen zait.