Aurkibidea
Aurkibidea
Oteiza, mendekaria
Elkarri izena baino maizago izenaren laburdura edo txipigarria edo goitizena esaten genion gero eta aspaldiz ederragoko garai hartan, deitura zuen gizon honek izena. Ikara beratz batek hartzen gintuen «Oteiza» entzunik, erakarri egiten zuen deabru munizipala zen, ume geldituriko zarpabizarra. Gaizkileen buruzagiari bezala esaten zitzaion deituraz, begiramenezko detailea zen, goragoko mailakoari zor zaion tratamendua. Ez zen suelorik gabekoa, narrastu hark zeukan entzutea. Oteiza tarteko baldin bagenuen alferrik zituzten herriko kankailuek gure gutak arraunetan nahitarat trabatuta hausteko amarruak, Oteiza aditua genuen begiak txikitzen eta ezpainak handitzen. Ez zen hilabeterik joanen udaltzainek atxilotu gabe, hainbat gau emana zen txakurtegian eta horrek miresmena sortzen zigun. Inork ez zuen inoiz ikusi bera baino gazteagorik edo ahulagorik zanpatzen, bera ezin eta gu hankapean hartu nahi izaten gintuzten kukumarru haiekikoak ziren beti Oteizaren lanak, horrexegatik laketzen zen guri mehatxu egiten putzura bultzatzen erlak kentzen eskopetaz begi ematen, beldurraren jabe zelako baino lagun nahi gintuelako bere adinekoek ezarria zioten destainaren aurka.
.Laguna beti lagun! Etsaiari barkamenik ez!
Esaldiak ekarri die izena ahots eta aurpegi hondatu hauei, rap musikaren burrundarari ezin gain harturik hurbildu zaidanean. Ez, ez da «garai bateko adiskideez» ez naizela oroitzen. Ikusi hutsean nekez ezagutuko nukeen gure belaunaldikoen oilolurreko ezproiduna. Erdeinatua bezain miretsia, bakarti handi bat zen orain alkoholak zimurtua daukan Oteiza gizajo hau, ume batzuon buruzagia eta heldu guztien parte gaiztokoa: herri txipi baten laidoa. Harrika ematen zion zinemako pantailari filmeak aspertzen zuenean, onena zen malda gorakoan kamioien kajeratik zintzilikatzen, harkaitzik altuenetik egiten zuen murgil buruz, zokorik arriskutsuenetan jarduten zuen lanpernatan, atunetako amu bat ibili zuen hilabetean belarritako, guk arraunketa naturalean baino arinago eramaten zuen batela ziaka, bokalearen erdiraino egiten zuen lentan, aldizkari argazkidunak erakusten zizkigun frontoi atzean, ez zekien zatiketak egiten, motor berria zekarren astero, Ducati urdin batean uzkerka ikusi nuen igande batez hiriburu alderantz zihoala, Marie Brizard likorerako pare horretan. Ni beste espaloitik nindoan eta ez ninduen ikusi, gaztigatu egin nahi izan nuen baina, berehala hartu baitzuten erdian atzetik zetozkion trafikoko guardiazibilen Sanglas nikelatu handi haietarik bik.
«Etzakela ihes egin, okerrago duk eta!».
Baina jadaneko Oteizak motoa bidearen erdiraino jaurtia zuen, eta argi poste luze batetik lerratuz trenbidera jaitsia zen, tarte handia egin zien ustekabean. Guardiazibil batek motoa espaloira erretiratu zuen besteak pistola ateratzen zuelarik. Orduan Oteizari atxilo emateko oihukatua zion agureak kargu hartu zion txapelokerrari.
«Aizu, tiro egin behar diozu motor batengatik?».
«Isil zaitez, jarrai zure bidean!».
Baina zorroan sartu zuen burdina. Ni ere neure bideari lotu nintzen. Beherago, niregana gurutzatu zuen agureak.
«Izugarria da Oteiza hori! Tunelean ezkutatuko zen!».
Edo moilako irakinean urtuko zitzaien, ikatza kargatzeko zain zeuden bagoiren batean uzkurtu ez baldin bazen. Atzera behatu genuen. Ikusgarri polita zen, bi guardiazibil hiru motorekin. Frontoira iritsi nintzenerako han zegoen Oteiza, barrenetara ari ziren denak. Bestelako jertsea zeraman.
«Tiro egin nahi izan dik batek».
Ezer esan ez banu bezala Oteiza. Horrelakoak zeuzkan, eta horrexegatik zen miretsia, ez zuelako bere burua famatzen. Gero, biak kanporatuak geundelarik:
«Hi isilik, aitu, hi isilik!».
Taktika zirudien isiltasun hura, ordea, atertu ezineko jarduna bihurtzen zitzaion txakurtegikoak aipatu behar zituenean.
«Lehendabizi oinetakoak kentzen ditiztek, oinutsik sartu behar duk hor, eta zorua dena garbantzu gordinez betea zagok, eta haien gainean ibili behar duk, haien gainean lo egin. Eta dena ilunpetan zagok, orduan entzuten duk arratoiak ari direla garbantzuak jaten, eta soinu hori entzun duenak ezin dik lorik egin, erne egon behar dik ze bestela arratoiek zangoa jaten diate, komuneko zulotik gora azaltzen diren arratoi bustiek».
Baten batek esanen zion saguak izanen zirela, arratoiek kontserba lantegiko isurbideetan zeukatela jakia, eta behako batean suntsituko zuen Oteizak.
«Gero Xegama sartzen zaik, eta porraka ematen dik. Nik ez diat inoiz garrasirik egiten, hori duk gehien izorratzen duena».
Besteren batek esanen zion garrasi eginen balu agian utzi egin beharko ziotela jotzeari kaletik entzunen zelako, eta Oteizak bakarrik egiten zekien bezalako tu gordin bat eginik mespretxatuko gintuen denok.
«Hik egin ezak hitz inoiz txakurtegitik irteten bahaiz».
Eta kandela guztiak ebastera sartu behar genuela eliza itxian aginduko zuen, edo antxetek habiak zeuzkaten labar ikaratzaileetan jaitsi behar genuela arrautza bila, eta ez zetozenak loretxu, eta loretxuei egiten zitzaiena eginen zigula berak bat-banaka. Izuturik ez baina liluraturik ginduzkan. Beldurra ematen ziguten gauzak egitera behartzen gintuen, eta hartara sailkatze bat sortzen zen gure artean ere, zailduenen hierarkia. Ez nintzen ni gorenetakoa, egia esan.
Nik bideraino laguntzen nien, ez haratago. Inor ageri baldin bazen abisua emanen niela behintzat, eta bai, horrenbesteraino bai. Arrebari kendutako libururen bat irakurtzen gelditzen nintzen gerizpean. Kolkoak bete bular itzultzen ziren, txalaka mikatz haiei haginkada bana egin eta harrika ekiten genion elkarri gero. Jota baldin bazeuden ere, nik banekien lurrekoak zirela onenak, eta zelai bazterrekoak hartzea libre bezala zegoela, horixe zela baserritarren legea. Umekeria hutsa iruditzen zitzaidan sagarrak ebastea, eta hala zen noski.
«Beldurra nik? Debekatutako paperak zauzkaat ohe azpian!».
«Paperak? tu gordin bat. Euskadi, kakazaharra!».
Noizbait onartu behar izan nuen iritzi zentzudun hark berak, umekerietara makurtu nahi ezak berak egiten ninduela koldar. Umekeria edo ez, kuraiaren froga ematen zuten lagunek. Adarreko lehen sagarrari heldu nionean ordea jabetu nintzen kementasun haren laburraz, Kojuaren sagastiak landare mordoa zeukan, gainbeheran zegoen eta erraza zen amilduan ihes egitea. Sekula ausartzen ez zen hura inor baino barnago sartua nintzen. Ez nuen kolkoa kargatu beraiek bezala, zuhaitz bakoitzean onena bereizi eta erdijan egiten nuen bertan. Eta Ñako, Txuma, Xanti, Larra, Txurdo, Manu, Bixen, Pottoren esanari bostaxolatua geroz gorago nindoan, Kojuaren baserrira hurbilduz.
«Nahikoa diagu, goazemak!».
Nazkatuta nengoen haien ziriak jasan beharraz. Ni aurrerago, lasai, Oteiza zelatari baneuka bezala.
«Denok harrapatuko gaitiztek hiregatik!».
Kakatiaren azken katramila zen, izorratu behar nituen horraatikan, eta betirako. Tiro bat entzun zen.
«Kojua, Kojua!».
Ez dakit nondik, hauxe sortu zitzaidan:
«Gatzezko tiroak dituk, besterik ez».
Baina burua itzuli nuenerako Kojua bera neukan bekoz beko, morroko, tramankulu, ardoa hortzetan.
«Nik ez dut ezer hartu!».
Eta besoak goititu nituen, ikus zezan kolkoa hutsik neukala, eta sakelak.
«Euskalduna gainera!».
Orduan alde egiteko esanen zidala uste nuen nik, euskaldun guztiok garelako nola edo halako baserritarrak, nik osabarenean ikasia nuen sagarrei buruz nekien guztia.
«Mokoka egindako batzuk jan ditut, hiru edo lau».
Piper gaiztok erre zuen Kojua. Baina nik ez nuen ihes egin nahi. Behar nuen adina hartzeko baimena emanda utzi ninduela esan nahi nien besteei gero, boleran, sua eskatzen niela. Min ematen zidan atzaparrak besoan.
«Besteetan, hementxe utzi izan ditiat lapurretan harrapatutakoak! Berotu bat eman eta beidok berriz azaldu!».
Eta pikondo ahul bat banintz bezala eragiten zidan inarroska.
«Baina oraingoan ez! Euskalduna eta baserritarrei lapurtzen! Hau ez duk horrela geratuko! Hik nozitu beharko dituk beste guztienak!».
Negar egin izan banu, utzi eginen ninduen Kojuak. Baina nik harro behatzen nion, deusen errurik ez daukanaren gardentasunaz, neure burua ezagutzen hasia nintzen. Iluntzen ari zuen, eta umeak ez zuela negar eginen. Halako barregura bat ematen zidan Kojuaren aurpegiak, amorratua egon behar zuen. Baserritar trauskil hark Oteizaren beraren pare jarri ninduen: beheko bidegurutzeraino eraman eta han eduki ninduen udaltzainen autoa azaldu zen arte. Dei egina izan behar zien lehenago telefonoz, sagastiko mugimenduak ikusita.
«Xegamak kenduko dizkik bizkarreko hotzak!».
Baina ume hark ez zuela negar eginen.
«Hi Joseberen neba haiz, ezta?».
Aspalditik ezagutzen zuela Josebe, Joseberekin dantza egina zela, ba ote zekien Josebek nolako neba zeukan. Azkenean, bera ere aspertuta, bakean utz nintzala eskatu zion txoferrak lankideari, eta isilik egin genuen trenbidetik herrirainokoa. Txakurtegian sartzekoa oinez egin behar genuen plazaren erditik. Bai, Oteiza adina izan nintzen orduan, ostegun ilunabar hartan, karrika nagusitik barrena udaltzainek bulegoraino eraman nindutenean tolosarraren gozo-dendaren izkinatik beha neuzkan Xanti, Larra, Potto, Txuma, Ñako, Txurdo, Manu, Bixen... eta Oteizaren beraren aitzinean.
Eskuburdinez lotua eraman banindute!
Helduagoei entzunak ginen herriko gazte guztien fitxak zeuzkala Xegamak etxean. Semeari besoa porrazoka hautsia zela esaten zuten, fundizioko lehen soldata amari eman nahi izan ez ziolako. Izena galdetu zidan, eta ea ergela nintzen, emateko deiturak ere, biak. Arrebaren neba nintzen galdetu zidan honek ere. Fitxatua edukiko zuen. Ez nion erantzun, dena zekien.
«Txakurtegian eman beharko duk gaua!».
Ez zizkidaten oinetakoak kenarazi, sakelak hutsarazi besterik ez. Sartutakoan, zoruan ez zen garbantzu gordin bihirik ageri. Argia piztua zegoen sabaian, eta zoko guztiak miatu nituen zuloren baten bila. Leiho hagadun bat, goi samar heltzeko, Choko-Alay elkarte gastronomikoaren karkabara ematen zuena. Han ez zegoen komunik. Oteizak kontatzen zigun guztia gezurra zen. Ogitarteko bat eman zidaten. Aita sumatu nuen hizketan bulegoan. Fruta sartu zidaten gero. Herriko hordi publiko biek, Oteizak eta nik, beste inork ez zuen txakurtegia ezagutzen! Eta zokorik ilunenean jesarri nintzen, harrotasun berri batek egiten ninduela bizardun: nire bizitzak, handik harat, bi aro zeuzkan. Frontoian bertan esan behar nien denei txakurtegiko kontu haiek hezurkeria hutsa zirela. Manta ekarri zidan Xegamaren tropako batek. Hartan bilduta, etxetik ihes egitea asmotu nuen. Zamako aleman bateko kapitaina nintzen, aginduak ematen nituen galernaren erdian eta marinel guztiek obeditzen zuten, fedea zidaten. Biharamunean topa egin genuen Hamburgeko tabernarik likitsenean, Oteizak zabal-bildu batean erakusten zizkigun argazki haietarikoek zerbitzatu ziguten mahaira, eta guk...
«Abusatzera datoz hona zerriok!».
Nire ondoan erori zen ofizial nagusia, aurpegia odoletan, tabernariak egur puska batekin buruan jota.
«Apur itzak orain godaletak, urde zikina!».
Orro lokaztua egin zuen zoruan buelta erdia emanik, bere kapitain gazteari beha gelditu zen lehen ofiziala, ahalgeturik. Ezin zuen hitzik, otarrean hiltzen ari den urraburua ematen zuen, ezpainka.
«Hamburg?».
Baietz egin zidan buruarekin. Eskua luzatu zuen, estutu egin nion.
«Alde egin ezak hemendik!».
Eta porra jaso zuen nire gainean Xegamak.
«Hoa etxera! Aitak konponduko hau!».
Kalera lastertu nintzen, ez zebilen inor. Goizeko ordu biak ziren elizako betean. Giltzen eskasa ezkerreko patrikan. Txakurtegirantz jo nuen berriro, atzealdeko karkabako leihotxopean gelditu nintzen adi. «Esan ezak orain Gora Euzkadi, zerri horrek!» marmarikatzen zuen ahapetik, «Dei egiek gudariei, esaiok Agirreri hire bila etortzeko!». Sugegorriak belarretan ateratzen duen ziztua sortzen zuten hitz haiek Xegamaren hortzetan. Eta bere porrak behin eta berriz maspiltzen zuen, sagar handi bat balitz bezala, nire ofizialaren gorputza.
«Ez al duk ulertu?».
Porra gerritik askatua zekarren manta emana zidan udaltzainak. Luzeenetik hartu nuen haren ondotik ez pasatzearren. Ez nuen etxera joan nahi, zaborketariak azaldu arte geldituko nintzen kalean, haiek jakiten zituzten istiluetako zertzeladak, zabalik edukitzen zuten haiendako garbiketan aritzen ziren tabernariek. Odol arrastoak kale nagusian, hiruzpalau metrotara tantak. Terranova Berrira iritsi nintzen haien peskizan. Erdiraino zeukan jaitsia sarea, baina jendea zegoen barruan.
«Nik beti edukitzen diat egur puska hau mostradore azpian... Batek ezin dik jakin zer jendaila sartuko zaion tabernan!».
Gure herriko profesional bakarrak, Zazpisakek sinaturiko palakortako tresna beldurgarri hura edukiko zuen eskuan Hilariok, hala erakusten zigun guri mehatxuz, komuneko paretetan idazten genuelako. Baina odol alemanez edertua orain.
«Horrek ez dik godalet gehiago puskatuko!».
Xegama eta bere morroiak ikusi nituen plazaren buruan, whisky ordainaren bila zetozen. Lasterkari eman nion etxerantz Primo de Rivera karrikatik barrena. Ezkaratzak irekiak edukitzen ziren garai hartan herrian gauez ere, galernako portu. Hirurak jo arte egon nintzen eskaileretako tranpalean jesarrita. Aldizka ez nuen ezertan pentsatzen, gero esnatu bezala egiten ninduten Xegamaren porra ukaldiek. Pfenning berri hura sakelatik atera eta beha gelditzen nintzen, eginak nituen itsasketa gaitz guztiak gogoan. Atea isilka zabaltzen zutela nabaritu nuen, zutitu egin nintzen. Ez nekien zer esan behar nuen, berdin zitzaidan zigortzen baninduten ere. Kalerako jantzian zegoen arreba.
«Zer egiten duk hemen!».
Musu eman zidan, ongi nengoen galdetu zidan.
«Ken itzak zapatak! Agudo!».
Ez nuen Hamburgera ihes egin, baina ez ninduten Etxeberritxora eraman ahal izan Kojuari barkamena eskatzera. Arrebak atzekoz aurrera ipini zuen gurasoen ahalkea, Kojuak eskatu behar omen zukeen barkamena ni udaltzainetara ekartzeagatik. «Utzi behar da ume bat Xegama kriminal horren atzaparretan!», esan zuen. Inork ez zion aurre egin, nik barkatu egin nion gurasokeria. Amak malkoak xukatu zituen, eta orduan aitak bere testamentuko aspergarren aipua eskaini zidan, begitsuak ateratzen zitzaizkion arazoak erdiz erdi trenkatzeko egiten ohi zuen moduan:
«Habilen bideak galduko hau».
Hurrengo larunbatean azaldu nintzen boleran, lasai, Peter Stuyvesant eskainka. Dena izan zen poza eta jakin beharra. Beraien izenak eman ote nituen galdetu zidan Txurdok. Damutu zitzaidan Oteizak bezala tu egiten ez jakitea.
«Ikusi al duzue Oteiza? Gauzatxo pare bat argitu behar diat berarekin».
Kai aldera eraman ninduten obo erdi baten barruan, gure heroiarekikoa ukabilka konpondu behar banu bezala, herria txikiegia uste zuten bi pistolerorendako. Ikusi ninduen bezain laster Izetaren gasolino zaharra kalafateatzeari utzi eta neuregana etorri zen antxintxika, eskuak kotoian garbitzen zituela. Ez zidan tabakotik hartu, besarkatu egin nahi ninduela ematen zuen, beso bietarik heltzen zidan, Kojuak bezala astintzen ninduen.
«Hi lasai, hi lasai... hosto busti bana begiak. Eman dian porrazo bakoitzeko, senperrak ikusaraziko zizkioagu Xegama horri. Larrutik pagatu beharko dik! Laguna beti lagun! Erakuts itzak markak!».
«Ez... ez zaukaat markarik!».
«Toaila bustiekin eman ditek bizkarrean, arrastorik ez uzteko!».
Oteizak berak moldatzen zituen bere galdeei komeni zitzaizkien fantasiak, txakurtegian inoiz sartu gabekoa ematen zuen. Gainerakoek, izututa, torturak santifikaturiko haragi biluzi bati bezala behatzen zidaten.
«Damutuko zaiok Xegamari hi oinutsik erabilia garbantzu gordinen gainean!».
Eta bere txakurtegikoak umeon aurrean luzitzearren sortutako gezurrak zirela, dena hezur hutsa zela esateko kemenik gabe utzi ninduen alkandoraren mahuka begi ertzera eramanik «Hi lasai, hi lasai, neronek akaatuko diat Xegama!» egin zuenean zakar. Ukabila itsutu zuen gero kopetako zaina puztuta «Etsaiari barkamenik...! Neronek!» esaten zigula, eta nik alferrik estutzen nuela lehen ofizialari eroritako pfenning hura, neure itsasketa gaitzen froga, neure kartzelaldiaren saria. Ezin izan nion esan nola eztitzen zuen bere frustrazioa Xegamak marinel hordituen haragian, ezin esan izan nion bazela atxilotuaren isiltasuna baino amorratzenago zuen zerbait. Baina, egia esan, ez dakit ulertuko zidakeen halakorik Oteizak, gerra bat ukan genuelakoa gezurra zela hasi zitzaigun behin, ozta zekien irakurtzen, aitak ez zuen erdaraz egiten eta berak ez zuen euskaraz deus konprenitzen, euskaldunok jende xixarea ginela esaten zigun, Euskadi herrixka zikin bat zela.
«Bilboalde horretan, itsasertzean, kakazaharra».
Bi edo hiru hilabeteren buruan hil zuten Xegama eguerdiko eguzkitan eta etxeko atarian, tunpatapalahara handiz, bere morroiak txakurtegian gortortzen zirela. Herri osoak ikusi zituen, aurpegi has, komandokoak. Simca 1200 gorri batean alde egin zuten herribarneko semaforo bakarra ezikusiz. Xegamaren odolak bustitzen hasiak zituen kaskiloak oroigarri biltzen genituela ahots ezagun batek egin zidan xuxurla belarrira, atzetik:
«Esan nian... Laguna beti lagun! Etsaiari barkamenik ez!».
Oteizak ubera sortzen jarraitu zuen gero ere, gu, alegia nahigabe, sagarrondoetarik nesketara azalberritzen ginelarik. Boxing Club-en hartu zutela jakin genuen. Hamabi soken artean ikusiko genuela uste zuten herrian, inork ez zion ukatuko hartarako ezkertasunik. Baina kasatu egin zuten gimnasiotik, super-arinetan Espainiako txapelketarako prestatzen ari zen bat, Tony Ferreira uste dut, K.O. utzi zuelako entrenamenduan, horixe zabaldu zen behintzat. Manuk bezala Angolan mertzenario azkendu ordez edo Panamako banderapean zebiltzan zamako ugerdo haietarik batean ontziratuta itzali beharrean, herrian astero jotzen zizkiguten filmeetan ikusitakoaren eraginez noski, Oteiza boxeolari zapuztua herriko aurrena izan zen soldadutza Legión Extranjera-n egiten, han behean, Afrikan, mundu osoko hiltzaileek jakin zezaten nolako aparejuak sortzen ziren gure bazterretan, eta bigarrenez lotu zela entzun genuen, urteak egin baitzituen azaldu gabe, bizi zenik ere usteztua neukan. Nolanahi ere, Xegama hil zutenez geroztik eta herrian bizi izan zen artean beti luzatu izan zidan ahapetik, tabernan edo frontoian topatuta edo bakailaoaren deskargan genbiltzala, gure arteko mezu gakotu hura, orain begia kliskatuz garai bateko gaizkideari zor zaion bezala inoiz baino bakartiago bota didana ostera, Hilarioren semeari beste garagardo bat atera diezaiola agindu diodanean.
.Laguna beti lagun! Etsaiari barkamenik ez!
Kartera hanpatu bat zabaldu du, tolesdurek lautan ebakitako prentsako txatala erakusten dit. «Tipo gogor bat!» esan omen zuen bere artean poesia lehiaketa ezagun bateko garaile ikusi ninduelarik paperean, duela bost bat urte. Horixe esan nahi omen zidala noizbait ikusten baninduen, ez dudala idatzian «paperak zikinduz», bere hitzak Xegamaren atzaparretan eman nuen maila sekula eman ahal izanen.
.Zaila zagok, baina saiatuko nauk.
Herriko poliziaburu beldurgarriaren legeari trufa egiten genioneko lagun izan ginela esan ahal izateko, horretarako darama irakurri ezin duen egunkari orrialde puska hori, biziaren ankerrak anonimotasunean ilundutako heroi akitu honek bere iragan ederraren frogatzat narama sakelan. Besoetara behatu diot, tatuaien esangura jakin nahi izan dut. Nire bizitza kontatu behar omen diot aurrena.
.Nire bizitza... Behin sagar bat lapurtu nian.
Ezpainak bitsera hurreratu ditu jaramonik egiteke, kunplimenduzko jakin-mina izan da erantzunak petralik ez zeukan arren.
.Eta hirea?
Behako ironikoa eskaini dit zeharrez, tatuaiak non eta noiz jakin gabe geratuko naiz.
.«Euskadi, kakazaharra!» esan zuen, eta nik esku honekin, honekin, matelezurra apurtu nion. Hantxe bukatu zen Tony Ferreira, aldagelako zoruan.
Ni xarmatzeko nahasmakeria ez badu behintzat, ez zen Xegamaren heriotza deitoragarria bakarrik izan, oker nengoen, gure Oteiza bihurtu zuena mendekari. Bere balentrien albisteek hanpatzen dute, beharbada, beldur-banatzaile honen kartera. Eta oraintxe etorri zait, rapak porraka maspiltzen gaituela, gauaren erdian ni Xegamaren atzaparretarik kosta ahala kosta ateratzeko jantzia zen arrebari ez niola sekula esan miserable hark bere galde egin zidala.