Sua nahi, Mr. Churchill?
Sua nahi, Mr. Churchill?
2005, narrazioak
288 orrialde
84-95511-79-7
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Oroimenaren matxetea

 

Kapitain jauna, jakin behar zenuke nolakoa den Trintxerpe, beharbada entzuna izanen zara izen hori noizbait, Euskal Herriko arrantzale auzo tipikoa da, Pasaiako portuan, Gipuzkoako probintzia ederrean, Kantauriko perla esaten zaion Donostia turistikotik hurbil, minutu bat besterik ez dizut kenduko kapitain jauna, uste dut munta handikoa dela zuri adieraztea, nire moztasunak uzten didan neurrian, zer den, edo hobeki esatearren, zer zen gure herria, Trintxerpe izeneko hori, itsasoaren aho handian egunero latz saiatuta gure ogi kozkorra jator irabazten genuen arrantzale jendearen auzoa. Zu lehorrekoa zara, zuk ez dakizu, hala hobe-ta, zer den emakume gazteak beltzez ikustea hiru eta lau hankagorrirekin arrain eskean deskargan, gizonik zailduena ere mareatzen duen puta anker horrek senarra kendu diolako. Zinez esaten dizut, kapitain jauna, gerra honek baino baja gehiago egin izan dituela ipar beltzak herri hartan. Herri xumea, zintzoa, eta lan du sinesteak, baina eliza xume bat ere ez zeukan Trintxerpek, lau eta bost kilometro egin behar izaten genituen igandeetan moja batzuen kapera hotz eta txiroan meza entzuteko. Ez dizut ukatuko guk nahi baino gehiagotan sortida egin gabe gelditu behar izaten zutela ontziek. Zer tristura orduan, baforeak lotuta ikustea itsasoa bare zelarik! Baina halakoak Asturias-etik etortzen ziren bazter-nahastaileen erruagatik gertatzen ziren, Langreo-ko eta Gijon-go portuetako sindikalista gorriak, subertsioaren profesionalak, oporra jotzera bortxatzen gintuztenak. Haien desmasiek ekarri zuten Altxamendua, zuk ongi dakizun bezala, uztail baten erdian. Orduan probintzia osoko anarkistek juntadizoa egin eta hiriburuan udatiar zeuden Maldrilgo ministroak eta goi mailako jendea preso hartu zituzten Maria Cristina hotelean, hango dotoreenean, ez dakit ezagutzen duzun, ospetsua da, bai. Ba horrek egundoko galera ekarri zion hiriburuari, ze huraxe zen denda, jatetxe eta kafetegietako klientela nagusia, egunkari saltzaileak txalupariak bainuzainak tabernariak, denak geratu ziren bezerorik gabe. Oraintxe amaituko dut, kapitain jauna, esadazu, ene kapitaina, zer egin behar du oski-ziratzaile batek, zapata jaun guztiak preso hartuta espartinak jabe dauden karrika batean? Goseak hil, horixe! Horregatik azaldu zen gizajo hori Trintxerpen, kapitain jauna, portu batean beti dagoelako arrantxoko jakitik hondarren bat emanen dizunik, edo gurdia bete sardina kaxa bentatik kamioietaraino eramateagatik sos batzuk biltzeko modua, pobreen arteko elkartasuna, badakizu. Ba hantxe ezagutu nuen nik gizajo hori, hiriburuan lanik gabe geldituta arrantzale xumeongana gosea berdintzeko asmotan etorria, bere produkzio tresna bizkarrean zekarrela. Mutil alaia eta zintzoa zen, isila eta bakeosoa. Ez zuen zurrutik egiten, eta moila gainean konpontzeko egoten ziren sareen artean moldatu behar izan zuen ohatzea. Mundua ezagutu nahi omen zuen zamako batean ontziratuta, halako asmoa zerabilen berarekin hitz egin nuen azken aldian. Zoritxarrez, izurdeak hiltzeko arpoia beste armarik ezagutzen ez genuenon artean laster agertu ziren pistolak eta fusilak Gorriarandik heldutako samalda baten eskuetan, kapitain jauna, grebara behartzen gintuztenean bezala etorriak, Beorlegi koronelaren tropei aurre egiteko nahikoa adorerik ez eta atzeguardako jende beharginari erasotzen. Derrigortu egin gintuzten, kapitain jauna. Zinez esaten dizut, ene kapitaina, gizajo hori Gorteko jaunen zapatei distira eragiten Donostian uda alai bat bota nahi izan zuelako galernak harrapatu duen gazte zoro bat baino ez da. Zamorarra da eta haurtzaroan itsasoa ikusi gabea, uhinen artetik hondartzara arropa bustia larru eginda etortzen ziren neskez bete nahi zituen begietako zakuak, pentsa ezazu, hamazazpi urte, dirurik ez eta osasuna emateko, irrika natural horrek ekarri zuen mutil hori Euskal Herrira. Horrek ez dauka ezer gorritik, jauna, behartuta ibili da hori aurreko lerro hauetan, gu denok bezalaxe. Mesedez, ene kapitaina, mana iezaiozu botak garbitzeko, ikusiko duzu egia esaten dizudala. Horrek ez daki zer den plano bat, ezin izan liteke abanzada bateko zelataria. Barka ezazu, kapitain jauna, baina nik ongi dakit nola funtzionatzen duen ontzi gorriak, zelatariak bolondres eskatzen dira, eta mutil horrek ez zuen pausoa bolondres emanen, edo beharbada bai, beharbada pasatu egin nahi zuen nazionaletara eta zorabiatu egin da menditarte biluzi honetan, atzera bere lerroetan zegoela usteko zuen gizajoak, iparra galduta, halako taxu oneko mutilak.

        Horixe izan zen gure kapitainari esan niona.

        Ni gerrara bestek aginduta joan nintzen moduan zegoela bera goitik zetozen aginduak betetzeko, berak ezin zuela deus egin mutil haren alde. Nik konprenitzen zaitudan bezala konprenitu behar nauzu zuk ni, bidezkoa da, ezta? «Biba Errepublika!» oihukatu du Errepublika betirako suntsitu behar dugunon aitzinean. Gerrako arauak betetzeko zegoela, berak ez omen zuen nahi inolaz ere halakorik gertatzea, madarikatua izan dadila ume hau harrapatu dugun eguna, eta benetan ari zela iruditu zitzaidan, kutxa zartatu batetik bezala irteten zitzaizkion hitzak. Zer erantzun ez nekiela gelditu nintzen, Teruelen oso amorratuak zeuden bi aldeak, ez zen presorik egiten aspaldian. Hiru lagun aukeratzeko agindu zidan kapitainak, eta botila bat brandy eman zigun gero, laurak bere aitzinean presentatu ginenean, zoazte errukarriari adore apur bat ematera.

        Horixe izan zen gure kapitainak agindu zidana.

        Ezusteko handia hartu zuen gu han ikusita, gu noiz fusilatu behar gintuzten beste galderarik ez zeukan, hasieran. Bere ibiliak kontatzeko eskatu genion, baina «Gau honetan bertan gertatuko duk gorrien eraso nagusia» esaten zigun aldiro, pozik zegoelako plantak eginez, armada errepublikarra bera salbatzeko antolatu izan balitz bezala. Portuko gauzak kontari hasi ginen, zeinen motela zen izotza palakatzen, nola gelditzen zen ahoa zabalik atako bandara hartzen zuten ontziei beha, zenbat korapilo mota ikasi zituen. Lasaitu genuen zertxobait. Bazeuzkan mutilak umore txinparta batzuk tarteka, sarepean egiten omen zituen ametsak asmatzeari ekin zion, arrain bat zela eta guk jan egin nahi genuela, «Goseak madarikatzen!» bizi ginelako euskaldunok. Gero oihuka jardun zuen Errepublikaren alde edariak erasanda, eta hor hasi zitzaidan nolako aurpegia gelditu zitzaion Don Isidrori plazako itzulia egin genionean. Isilik egoteko agindu genion, dena entzuten ariko zirela frogaren bat nondik hartuko, komentatzen genuen hartarik aterako zituztela ondorioak eta erabakiak, inozentearena jotzea komeni zitzaigula denoi, guk gau horretan komentatzen genuenaren arabera jokatuko zutela. Eta egia esan ni segur nengoen mihiaren haria eteteko eman zigula brandy botila kapitainak, ate ostean egonen zen gure solasa entzuten, goitikako aginduek ematen ez zioten arrazoi moralen bat behar zuelako gizajo hura fusilatzeko. Negarrez hasi zen, ea gu zergatik ez gintuzten fusilatzen, nik ez nekien masaileko bat eman edo zer egin. Gero erabat umetu zitzaigun, zazpi abade kalitua zela ekin zion orroka. Lurrean jesarri eta lepoko zapia kenduta botak igurzten hasi nintzaion, eta barregura eman zion, «Egik lan, esklabo!». Itxuratu nuen halako oski-ziratzaile bat, tu egiten nuen botetara, «Ezagun duzu klasea daukazula, jauna, poza ematen du material honen gainean lan egiteak!». Uhal bat balitz bezala eragiten nion ezker-eskuin zapiari larru higatuaren gainean, «Barka, jauna, zu ez zara donostiarra, ezta?». Horretan ari ginela jo zuten atean. Besarkada bana, eta eraman egin zuten. Jiratu egin zen, sututa. «Inozentearena egin, honetarako?». Eskuan zeraman brandy botila hutsa. «Ni behintzat zazpi putaseme garbituta noak zulora!».

 

 

Nemesio Arozenak kontatu zizkidan gertatuok Trintxerpen bertan, Arrandegi karrikako Alai tabernan txuri bana edanez, bi milagarreneko apirilaren hogeita hiruan. Huraxe zelako konfiantzako taberna bakarra zitatu omen ninduen han. Eta bere gorreria puntuak ozen mintzarazten duenez, barre konplize bat egin zidan tabernariak. Bera sartzen denean telebista itzali egiten duelako omen dauka horren estimuan, esplikatu zidan gero. Nemesio arrandegiko zurgina izan zen urteetan, eta erretreta hartuz geroztik ez du inoiz huts egin eguneroko bi edo hiru tabernaren jira, baxoerdi eterno bat ondoan daukala egunkariak patxadan irakurtzeko. Laurogeita sei urteko den arren, Nemesio Arozena dugu garai gogor haietakoak zehatzen kontatzen dituena, gerraondoan ere Francoren aurkako sasiko borrokan elikatu duen memoria zintzoan. Hogeita hamazazpiko otsailean hartu zuten tropa nazionalek preso bere konpainia erdiarekin, eta ez omen zuten bertan fusilatu besoak behar zituztelako lezoiak egiteko. Posizio gerra izan baitzen Teruelgo bataila, langile batailoietan antolatu zituzten mendi zakar haietan lubakiak egiteko, horrek salbatu omen zuen. Oroimen argia edukitzeaz gainera, Nemesiok polito ateratzen du berba, aditua da entzulea liluratzen nondik sortzen dituen inork ez dakien irudi bereziekin. Hitzaldi luzetan mintzo da, eta halaxe uzten diot nik, galdeekin eten gabetanik. Isildu egiten da aldizka, eta halakoetan ni ere mutu egoten naiz, begiramenez, etorria ahitu izan balitzaio bezala, edo bere oroimenaren sakonduretaraino iritsiko ez balitz moduan, edo itsaso urrunen batetik datozen uhinek ekarri behar lizkioketen hitz berrien aiduru dagoelakoan. Bai, esan genezake hitzak uztartzen jarduten duela horrelakoetan, istorioaren gurdia gozoago ekartzeko. Tira, hori bere etorri zilarraren imitazio traketsa besterik ez duzue izan.

 

 

Nik uste dut kapitainak txilaben esku utzi gintuelako irten ahal izan ginela bizirik, ze erre behar batean genituen falangistak, ez ziguten hitzik egiten iraintzeko ere. «Gorri, egik lan!» txilabek, eta guk «Nik bai lan, txilabak ez lan!». Jende ona ziren txilaba haiek, tabakoa ematen ziguten, eta zekiten gaztelania apurra lardaskatzen zuten gurekin. «Gorria gose, posizioa utzi», eta guk «Gorria gose, posizioa utzi ez». Hondarraren gainean ohitutakoak ziren, belar ziztrinez lurrindutako ur beroa besterik ez zuten hartzen egun osoan, eta ilunabarrean aski zuten haiek ardi zahar pusketa urri batzuekin, oso gerlari onak ziren, loa ere labur egiten zuten.

        «Biba Errepublika!».

        Eta tiro batzuk gero. Gaueroko kontua zen, harri barruan zeuzkaten lezoiak batzuek eta besteek.

        «Gorri, urde gosetua!».

        Teruel hartu eta galdu askotan egin zuten bando biek. Hildako samalda bat ageri zen gero bazterretan, lupiak fueletan bezala. Pikotxa erabiltzez ederki hebainduak ginen kapitainari ausartu nintzaionerako, «Kapitain jauna, nik konprenitzen dut etsaiaren hildakoak izurriteren bat ez sortzearren lurperatzea, ez beste ezergatik. Baina norberaren hildakoek, barka ezazu kapitain jauna, bestelako tratua merezi dute, ahal dela behintzat. Eta orain ahal dezakezu». Hori, bere bulegoan. «Jarrai ezazu, zoaz harira». Eta nik «Aurreko astean konpainiak harturiko posizioan biltegi eder bat dago, tresneria eta guzti, zurgindegi bat». Orduan telefonoa eskegi zuen kapitainak. «Badakizu zerraldoak egiten?». Horretaraxe etorria nintzen, «Errespetu osoarekin, kapitain jauna, tonaka arrain etzan dira nik egindako kaxetan». Horrela bihurtu ginen batzuk behintzat benetako langile, sindikatua sortzerik eduki izan ez bagenuen ere. Hotz hartan hobe zen oholak josten egotea eta ez lurra ebakitzen, baina horrek bazeukan bere elorria ere, geuk ekarri behar genituenez zerraldoetako biztanleak. Eta hesteen azaoa ongi lotua eduki behar zuen batek usteldegi hartan soldadu lepotuak, emakume lehertuak eta ume erreak jasotzen ez zorabiatzeko. Gorpu batzuk izoztuak egoten ziren, zarpatik helduta itsatsita bezala gelditzen zitzaizkigun. Halako egunetan sulerroan ematen genuen gaua, mendian, artilleriak lan ona egiten zuen eta hiru eta lau egun behar izaten genituen puskaila guztiak biltzeko.

        «Alto, nor da!».

        Oraindik ez ote gintuzten zikiratu galdetzen zien txilabei beti, harro hark. Baina gauez eta lehen lerroan, erbi batek izutuko zuen zentinela hura, ezagutzen genuen. Eta txilabek ere mespretxatu egiten zuten.

        «Alto, nor da!».

        «Errepublika!».

        Oso hurbil entzun zen. Tirorik ez ordea.

        «Biba Errepublika!».

        Pauso batzuk lasterka, «Kamarada!».

        Eta ondoren, alaiki, «Aurrera! Aurrera!» zentinelak.

        Ohartu ginenerako berandu zen. Fusila ipini zion bularrean, eta erbiak ukabilak estutu zituen, amorruz, besoak altxatzean. Ikertze bat egitera irtena izan behar zuen, baina ez zuen jakin posizio labirinto hartan orientatzen eta nazionalen zentinelaren segadan eroria zen. Putzantu haren karkailek suminduta hurbildu nintzelako ezagutu nuen. Eta nik ere ukabilak estutu nituen. Kapitainak ez zuen zuzendu nahi izan pelotoia. Gerrak akademian harrapatutakoa zen, gerra egin behar izan gabe milizian goratu nahi zuten amatxokume haietarik bat. Esaten zuten aita, jenerala, errepublikarretan zeukala Guadarrama-n. Eguneko partean ez zitzaigun aipatu zentinelaren balentria, eta kapitainak lotinantari eman zion gure oski-ziratzailea fusilatzearen lan zikina.

        Jakin izan zuela hiltzen, entzuten diot zintan Nemesio Arozenari, bertarako mikroak ezin ekidin izan zituen beira hotsen artean eta azpiko berbaro amorragarriak erdi itoa. Gero, isilaldi luze bat egarri dela esan arte.

 

 

Txilabak beste norabait bidalita falangistek hartu zuten gu zaintzeko ardura. Haien poza! Gorroto handia ziguten, esan dizut, ezin zuten onartu gu bizirik egotea, eta hain gutxi zurgin ibiltzea. Noizbait behar eta, kapitaina etorri zitzaigun behin esanez zerraldoetan armak gordetzen genituelako salaketa heldu zitzaiola eta miaketa egin behar zuela. Gau osoan eduki gintuen kanpoan zutik, hogeiren bat gradu zeropean, hor nonbait, badakizu zer den hortzetako hotza? Nik esanen nuke falangistak baretzearren egin zuela hura, kapitainak bazekien ez zitzaigula istilurik komeni. Eta berak ere nahiago zuen onez, diziplina faltsurik gabe. Horren ondorioz edo, Zaragozara eraman gintuzten, bidean ere hotzak puskatzen bagoi itxian denak elkarren gainean gindoazen arren, han ez zegoen hanka berotzerik. Kontraginduren bat hartu zuten nonbait, eta Cella-ra ostera, Teruel ingurura. Hemen abandonatuta bezala utzi gintuzten gauaren erdian bia hil batean, «Zoazte zeuen lagunetara» esan izan baligute bezala. Nik pentsatu nuen jukutria bat zela ihes egiten harrapatuta denoi beruna emateko. Antonek zabaldu egin zuen, jauzi egin zuen. Haren atzetik irten nintzen, Anton Patiño-ren atzetik, eta harri kozkorretan urgun eginez hurbildu ginen biok moila uzteko presaz tximinia ketan duen baforea bezala konboiaren muturrean zegoen lokomotora zaharrera. Trenbidean beste inon baino hotz handiagoa egiten duela esanen nuke nik, leunik gabeko haitzak dira han harriak. Pentsa, burdina ere laburtu egiten du hango hotzak. Inguruetako adar guztiak garraiatu genituen, bazterrean zeuden trabiesa batzuk ere bai.

        «Zer egiten duzue hemen!».

        Solasera helduak ziren, bestela tirokatuko gintuzketen nasatik bertatik.

        «Etsaia akabatzen!», eta haiek «Etsaia akabatzen?».

        Fusil sarrailaren krakatekoa.

        «Hotz honek denok garbitu nahi gaitu, lagun: gorriak, zuriak eta zurien presoneroak».

        Algara egin zuten suaren inguruan. Edanak zeuden, poxpolinen batzuk ekarriak izan behar zituzten geltokira, musika entzuten zen tarteka, irri karkailak. Bat ez beste guztiak itzuli ziren. «Zikiratu gabe amaitu behar ote duzue zuek gerra? Handia da gero!». Falangistak baino koldarragoa zen, morroia. Tabakoa eskaini zidan. «Ez duzue pentsatuko zuen kamaradetara pasatzea, ezta?». Antonek erantzun zion lokomotoratik, «Ez zu hemen zauden bitartean behintzat, badakigu zeinen aditua zaren gorriak harrapatzen...». Irri zabar bat egin zuen. «Kontuz!», eta beste ikatz sutu batzuk jaurti zituen Antonek. Garrei erakutsi zizkien eskuak gure zentinelak, «Gerra laster amaituko dela komentatzen dute, horrek esan nahi du guk irabaziko...». Branka izotzetan bezala, hezurren joskuran jo izan balio bezala sartu zen pala gure zentinelaren buruan trebes. Lokomotorara jaso genuen. Burua labean zeukanean baino ez ginen ohartu, bala guztiak kendu genizkion. Ongi sartu zen, bultzada txiki batean, bere fusil eta guzti. «Putaseme halakoa, esaiok orain biba Errepublikari!» ia oihuka Antonek. «Usaina zabalduko dik ordea!». Ikatz gehiago jaurti genuen labean. Balei zorroa kendu eta hautsa hustu genien sutara baino lehen. Labea itxi genuen, eta ikatz metan sartu zuen pala behin eta berriz Antonek, Anton Patiñok, Horizonte Aundi-ko suginak.

 

 

Hauxe da nik Nemesio Arozenari kontatu behar diodana egun, jelostua baitaukat bere pasadizoak idatzian argitaratzeko asmoa daukadala esan nionez geroztik, nik bere ahotik entzundakoak entzun nahi ditu berak nire paperetik, moldiztegiko probak orrazten dituen idazlea balitz moduan. Eztul eginen du, bekaineko ileak areago kirrutzen hasiko da atzamarrekin godaletekoari jaramonik egin gabe, gogoetan, hitzen esperoan isiltzen denean bezala. Baina badakit apirilaren hogeita hiruan eginiko grabaketako isilduak entzunda idatzi dudan hau irakurtzen amaitzen dudanean baietz esanen didala, hala gertatu zela, halakoxea izan zela zentinela ankerraren azkena... Eta Anton Patiñoz oso ongi oroituko ez baldin bada ere, segur naiz ez nauela baraurik utziko, oparituko didala, esate baterako, azken apainduago bat.

        — Badakizu zer esan zidan kapitainak konpainian soldadu bat eskas zeukala ikusi zuenean?

        Agertzen ez baldin bazen bera fusilatuko zuela, antzeko zerbait erantzunen diot. Edo ez dudala asmatzen ahal eginen diot isilik, kokotsa zimurtuz.

        — «Desertoretzat emanen dugu, ezta Nemesio?», halaxe esan zidan kapitainak gure zapata garbitzailea galdu zuen zentinela azalduko ez zela etsi zuenean.

        Lepoa eginen nuke horixe oparituko didala Nemesio Arozenak, gure herriko kontalaririk onenak, maltzurkeriaren gatza ageri duela begietan.

 

 

Ezagutu behar zen orduan Trintxerpe! Sobiet Gorriaren Meka esaten zioten, hortik atera zenezake zenbateraino errekaratu den herri hau orain! Irakurri behar ziren garaiko prentsa erreakzionarioaren espantuak hemen bizi ginenon ehuneko zazpi ere ez omen zelako elizan azaltzen! Gure artean zabaltzen zen orria Avance Marino zen, eta gero, gerra hasitakoan, Euskadi Roja, eta Erria. Haiek irakurtzen genizkien analfabetoei, huraxe genuen katixima. Gogoan daukat lehen ehorzketa zibila egin genuelarik, nolako ikara mezako jendailak zerraldoa gurutzerik gabe generamalako hilerrira. Valeriano Neira-ren lurperatzea izan zen, ezusteko tiroketan hila errekisa bat egiten ari zela Hernaniko Banco Guipuzcoanon. Ergel batzuk beha gelditzen zitzaizkigun, eta guk orduan «Kentzak zapela, alper horrek!». Saregileak txoferrak zamaketariak sugileak motoristak marinelak, denak ginen sindikatu gorri-beltzekoak, komunista jator samar batzuk ere bagenituen tarteko. Nagusi ginen libertarioak, mila eta gehiago afiliatu. Auzo bat besterik ez zen Trintxerpe, arrantzale txiroen etxe multzo hezea, armadoreek berek merke jaso eta garesti saldua. Baina nolako nortasuna ordea! Herri handi askok baino titular gehiago hartzen genituen egunkarietan, bateko liskarrak, besteko oporrak... Gipuzkoa zintzo honetan, prostibulo bat zen Trintxerpe. Horregatik saiatu ziren Itsas Apostolutza sortzen, sindikatu kristauko jendea hasi zen patroiekin eta armadoreekin hizketan, hori hogeita hamaikako martxoan egin genuen greba gogorraren ondoren izan zen. Erreklutatu zuten jendea, bai, euskaltasunaren izenean, Euzko Langille hasi ziren banatzen tabernetan, baina petxuko ilea erakutsi genien eta atzera egin behar izan zuten. Mehatxu zuzena, besterik ez zuten merezi kabernikola haiek. Faxistak altxa zirenean berriz trintxerpetarrok izan ginen lehen lerroan Irungo mendietan Nafarroatik zetozen Beorlegi koronelaren tropei ongi etorria behar bezala ematen. Herria erdi hutsa gelditua zen egun haietan, eta horregatik ausartu zen Bereziartua abadea, San Pedrokoa, Don Isidro esaten zioten, moilan zer mugimendu zegoen barrandatzera etortzen. Hortxe hil zuten, gero Fagoaga tenoreak atelier elektrikoa zabaldu zuen izkina horretan bertan. Espia hutsa zen abade hura, Donostiako Maria Cristina hotelean matxinatu zirenen artean egon zen, tiroka ikusi zuten leihoan, eta egizu kontu hil zutenean mahonez jantzia zegoela... Ba, gero soka bat samatik pasa eta autoari lotuta ibili zuten hara eta hona arrastaka, eskarmentu gisa. Leku guztietan dago erraz asaldatzen den jendea, zer nahi duzu.

        — Tartean ibiliko zen zapata garbitzailea...

        — Lustrearen aitzakian burgesak kontrolatzen ibiltzen zen hura, arrain handiei pausoak hartzen, informazioa jasotzeko. «Kutxatxo hau izan da zenbait parasitoren zerraldoa!» esaten zuen bere produkzio tresna beltzari muin eginez. Eta egia esan ez zen huraxe amarru txarra zotina kentzekoa eramateko, praktikoagoa zen arrain kaxetan gordetzea baino. Faxistek aurrera egin zutenean Bermeorantz abiatu ziren bafore gehienak, eta haietakoren batean alde eginen zuen, ni azken eguna arte gelditu nintzen. Jata-Mendi ontzia ekarri genuen Zumaiatik, eta bokalean hondoratu genuen trebes, sarrera oztopatzeko. Gutako batzuek Frantziara jo genuen, Baionan kokatu gintuzten umeen eskoletan. Han probatu nuen lehenengoz zaldi okela, eta gustatu. Eskola garaia heldu zen eta orduan prefetak esan zigun libre ginela noranahi joateko. Trintxerpetar guztiak sartu ginen berriro Espainiako gerran. Batzuek Bizkaia aldean geratu ziren, eta Eusko Itsas Gudarostean jardun zuten bouetan; beste batzuk Catalunya-n bildu ginen anaia libertarioekin, hala heldu nintzen ni Terueleraino...

        — Anton Patiño bezala...

        Ez dit jaramonik egin, bere kontakizunean jarraitu du, kontu tristeak maite ditu Nemesiok.

        — Ez nuen asko uste gure zapata lustreatzailea ikusi behar genuenik berriz han! Gure kapitaina, alegia, gure etsaiaren kapitain hura pertsona ona zen, baina...

        — Ezin izan zenuten mutila salbatu, baina gero justizia egin zenuten Anton Patiñok eta biek...

        — Bai...

        Eta isildu egin zait kopeta zimurtuz, Anton Patiño akordura ekarri nahirik, menturaz. Baso zuri sarria ditu orain bekainak. Baina gure behialako herriaz eginiko laudorio luzea dragaren otarreak hondo ezezagunen batean betetzeko aitzakia besterik izan ez bailitzan, eskua ukabildu du pozak hunkituta. Dragak badakar basatzaren artean metal herdoilezin pusketa bat bristadaka, ukabilaren atxamarta askatu eta eskuturretik heltzen dit, kontalari gaitza dela agurea:

        — Matxetea hegaluzearen paparrean bezala, halaxe sartu zen gure pala zentinela makur haren buruan!

        Eta honenbestez, Nemesio Arozenaren zuzenketa onarturik, bertsio honi behin betikoa deritzola ulertu behar nuke.