Aurkibidea
Aurkibidea
Ihesa
Euliak, uda hark behintzat argituko ez zituen hezetasun tatxetan euliak, euliak behiala urdina izandako pintura geruzari eginak zitzaizkion kontinente ezezagun gisako akastuetan euliak amorratuaren eskuak edo txapelak jotako lekuan utziak zituen euli zapaldu zikinetan pausatzen ziren euliak, goizero ezpainetaraino beteak ageri ziren bidoi-erdietako gernuak zoratutako euliak, «Viva» edo «Glorioso» edo «Caudillo» edo «Nacional» hitzen beltz higatu samarrean samaldaka pausatzen. Eta zer zitekeen inork itxurarik hartzen ez zion forma baten gainean zeukanez Don Arturok paratua atzamarra, eulien hegaldiak eramana zion noski haraino behakoa, nola bestela, 90 voltioko indarrak ozta suspertzen zituen ilintietan, letra txipi haiek bereizi.
Ez nazazuela izorratu, ez nazazuela izorratu!
Azken hondarrak biltzen saiatzen ziren zalien latoi hotsak erantzun, euliak ere isilik, edo leku estrategikoetan kokatuak orojabe.
Presondegira itzuli nahi baduzue, esatea daukazue.
Eta ohi ez bezala, hurbilenekoei «Tira, lanean hasteko ordua diagu!» agindu gabe jo zuen ate ondoan habe loditik dilindan zegoen karril puskan mailuarekin, kin-kin-kan-kin, goizeroko morsea. Irteera aldera nagitzen zirelarik, Don Arturoren haserrearen nondikakoa ikusi behar zutenen multzo handia sortu zen, orduan jakin, ahoz aho zabaldu zen kasernan «Gora Euzkadi» zegoela margotua, arkatzez, moldiztegiko letretan margotua ez baina idatzia, hezetasunek akastuek zapalduek utzia zuten tarte garbi samarrean.
Hor atzo ez zegoan horrelakorik...
Eguzkia goratzen hasia zen Aiako Harri ubelaren ostetik, elizako dorre bereziak hareazkoagoa zirudien orain, lixibatan garbituriko harri. Gobernadorea astero bazkaltzera etortzen zen Panier Fleuriko teilatuan ziren lehen printzak, laster ibaiertzeko zuhaitzen hostoetako ihintza xukatuko zuten, basatzazko ur hartan jo baino lehen.
Norbaitek pultsua hartu nahi ziguk.
Ni ez nagok zulora itzultzeko, askatasuna emanen zigutek aurten bertan.
Amolatu behar nauk oraintxe, Bittor. Ederra duk emanen diguten askatasuna!
Gure morrontza hau luzatzeko aitzakia bila zabiltzak.
Hik uste?
Non aurkitu behar ditek gurea baino eskulan merkeagorik?
Niri bezala pagatuko ditek hiri ere, bai.
Olibet galleta lantegiko neskek errepidea iragan zuten, egon zen algara isilik eta behakorik gizon zarpatsuengana zubiaren erdian.
Morena ihar hura gustatzen zaidak...
Atzera beha zihoan oraindik Bittor.
Hik bereizi egiten dituk...!
Osoro egunarenak ez ziren une haietan, ibaiaren hilobian fusilatzera aterako zituzketen gizajoak zeritzoten egunero goizean goiz mugitzen ziren herritarrek ezkerreko ertzean biko ilaran zetorren gizon andanari. Eta egiazki hiltzeko zigorra konmutatuak ziren gehienak inoiz, ikara horixe Olibeteko neskek, heriotzatik itzulitakoak zirela.
Don Arturo zigortuko ditek agian. Merezia, postua hartzeagatik.
Nahiago huke putakumeetakoa edukitzea ugazaba? Ba nik ez. Ni hogeita hamazazpian erori ninduan Teruelen, eta ez ninditean fusilatu. Zerraldoak egiten egon ninduan beste preso askorekin, abertzaleak, sozialistak, komunistak. Halako batean ihesa antolatu zitean gureetako hiru zorok. Jakin genian eta halakorik ez egiteko erregutu geniean, era guztietako arrazoiak eman genizkiean. Baina egoskortuak zeudean bere planean, eta azkenean guk geuk salatu eta entregatu genitian.
Ez diat sinesten.
Plazan gelditu ziren hiru soldadu, errepidea zubirantz gurutzatzera zetozen neska multzo berriak meneko zeuzkaten langile penatuen lerro artetik iragan ez zitezen.
Fusilatu egin zitiztean, baina hobe duk hiru fusilatzea hamabost baino.
Lepoan zuten eguzkia, epeltasun huraxe gosariaren onena.
Ez, hobe denek ihes egitea.
Don Arturoren agindura, hargintzan jardun behar zutenak ilara utzi eta ibaian lotua zegoen gangileko lonapera jaitsi ziren lanabesak hartzera. Bittorrek aitzina jarraitu zuen beste lau penaturekin portu aldera, isurgirantz, soldadu baten begipean. Tranbia zetorren Galtzarabordatik, eguneko lehena zen. Eskuinean garabien lurrina zerurantz, lehorreko baforeak iduri. Korrokoien jauziek burbuilak sortzen zituzten paperolako kimikak gandututako uretan, amultsua zen haien pulunparen plausta. Fuel biltegien ondoko etxekoandrea leiho guztiak zabaltzen ari zen gelak goizeko freskotasunean haizeberritzeko, beha gelditzen zitzaizkien eskolara zihoazen umeak elkarri ahapeka, pausoa arintzen zuen aldiro beata laukoteak ondotik urrunduz. Gezurra zirudien hilabete lehenago ibaiertz hura betea egona harriz adarrez gurdiz bizikleta okerrez zazpi etxetarik ekarritako altzariz zakur hanpatuz marmitaz sasiz bahez teilaz aulkiz telegrafo postez auto irauliz lokatzak estalitako gorpuz, gezurra zirudien uholdea egon izana inoiz bazter hartan, gezurra zirudien gerlak zanpatu izana mundu hura, pentsatu zuen Bittorrek.
Berdina eginen huke orain?
Zertaz ari haiz!
Salatu eginen huke ihes egin nahi duena, gu zigor ez gaitzaten?
Etxera joaten utziko zigutek denoi laster samar, ez diat ikusten zergatik ihes egin behar dugun.
Langile batailoi osoa aterpe eske Frantzian... ez huke txarra, ezta?
Lehen fusil tiroa bota zuenean, frontean, ez zuela egundo berriz eskuan armarik hartuko egin zuen zin. Izututa gelditu zen sastraka haien atzetik besoa atzerantz erortzen ikusi zuenean. Beste norbaiten tiroa izan zela erabaki zuen. Norbait hil zuen haatik, ez da posible urtebeteko gerla egitea nor edo nor hiltzetik libre, neu hiltzea lortu ez zuenen bat hila nauk, ez zuela egundo armarik hartuko berriz. Baina zortzi urteko kartzelaldiak eta azken hiru hilabeteetako lanak halako urruntasun modukoan zeukaten murgildua orain. Igandeetan, ukabilak sakelan ibaiko uraren joanari beha gelditzen zenean, ehizarako grina zetorkion ostera, udazkeneko hego haizearen eskasa, basoaren herdoila, tiraputzaren kolpea sorbaldan eta hegaberaren jaustea sasian. Ez zen oroitzen ez berak ausaz hildako gizonez, ez bere ondoan hildako adiskideez. Mendian nekatu arte ibiltzea, neska gazteen besoak ikustea belarra jiratzen, zigarroa erretzea enbor zakar baten kontra etzanda ilunabarrean, trikua jatea, lagunen bromak hartzea atelierrean, bakarrik lo egin ahal izatea: arrunt xantza handia zen gerlatik eta gaueroko fusilamenduetarik onik irtetea, bizimodu sotilaren gozoak ez dastatzeko.
Iritsiak ziren ibaiaren isurgunean zegoen burdinola handira. Soldaduak trenbidea babesten zuen adreiluzko hormaren gerizpea bilatu zuen, zaku batzuen gainean jesarri zen, tabakoa liatu behar zuen hark langileei asko erreparatu gabe. Fonderiako burdinagileek txorrukotan metatuak zizkieten urtuketa-moldeetan erabili lurra. Huraxe eramaten zuten eskorga banatan Bittorrek eta bere lagunek ibaiari egiten ari ziren euskarriko hesiaren eta errepidearen artean gelditua zen hutsartea betetzearren.
Hi, e, hi! Hator hona!
Burdinolako langile batek egiten zion dei, pieza moldatuak hozten utzi ohi zituzten zabaldegitik.
Ikusten duk?
Hankarekin lurra harrotu eta burdina pusketa zatar parea utzi zuen agerian.
Gainez egiten dik galdak zenbaitetan, moldera hustean. Ezin dituzue denak eraman, utzi bertan handienak, berriro urtzeko erabiltzen ditiagu.
Atzera behatu zuen langileak, oiartzuarra hizkeragatik, lo-kaikuak egiten zituen soldaduak. Buruan hazka Bittorrek, ile hura.
Bereiz itzazue zati txipiagoak zuentzat, pezeta egiten dik kiloak txatarrerian.
Arriskua hartzen zuela, herria salatariz betea zegoela, berrogeita hamarna zentimo ordaindu nahi izan zien gizontxo musugorri hark. Beraiek arrisku handiagoan zebiltzala, pezeta edo burdinarik ez. Hori entzun orduko «Zenbat kilo atera zenezakete?», miserablearen galdera.
Bizimodu sotilaren gozoak dastatzea, ehizan ibiltzeaz gain, Santa Klara karrikako ilemoztegian sartu eta «Ilea eta bizarra, dena!» agintzea zen, brotxaren kilima masailetan, kolonia merkeen lurrina, motzailearen jardunari sobera belarri eman gabe ispiluan islatzen zen buruari barre egitea...
Langile batailoikoa zara, ezta?
Bai...
Ez dizut bizarra egitea kobratuko, eta ez da lehen aldiz zatozelako. Anaia daukat Dueson, Arrieta, Eulogio Arrieta, ezagutzen?
Parrokoak hau eta beste esan dezake, deklama dezake, elokuentziaren edergailuek eta teologiaren argudioek ez dute liluratuko ezkerreko aulkien atzenean dagoen gizon argalen samalda, iduri luke ez dakiela gizon haiek ez liratekeela hemen azalduko derrigortuak ez baleude, sobera aldiz entzun dute Kristoren izena zanpatzen dituztenen ahotik, Elizari urrunduak zaizkio fededunak zirenak ere, eta «Ite misa est» entzun baino lehen irten dira eskaileretan behera plazarantz, karrika zaharretan barrena sakabanatzeko taldetxotan, bikotetan, senar-emazte apainetarik eta mantelinadun atsoetarik urrundu beharrez.
Ezagutzen diat etxe bat, ordu laurden uzten ditek baineran ur berotan, berrogei xentimo xaboiarekin.
Eta alabarekin?
Meza nagusiaren ondoko orduak libre zeuzkaten edonon ibiltzeko herri barruan, guti ziren kasernara joaten zirenak bazkaritara, otordu jator bat egiteko tenorea zen, astean behin bederenik. Bittorrek esaten zuen, nori ikasia oroitzen ez, patrikan bezalaxe nahi izanen zukeela ukabila sabelean sartu ahal izan, betea zeukala esate alde. Eguraldi mukua edukiagatik eguzkitan bizi zituzten orduak ziren, lurrin garratzik gabe eulirik gabe soldadurik gabe. Noizbait ohartu da bakarrik doala, bakarrik eta herriko karrika nagusitik barrena, txatarreroak ez ikusiarena egin dionean jabetu. Burdina lapurtua hartzeko bai, eta hemen ez? Samatik heltzekotan egon zen. Herritarrak ez ziren hain hipokritak, denak ez ziren txatarrero koldarra. Zapata-denda handiaren erakustegiari beha gelditu zen, bota pare berriaren premia zeukan. Garesti zaudek. Ezkerretara hartu zuen, karrika nagusia utzirik. Trenbidearen inguruan baziren maite zituen ostatu xume batzuk, ehiza kontuak entzun izan zituen aurreko asteetan. Zaharrenean sartu zen, jende gutiago zegoen, hutsik ikusi zuen aurreneko aulkian jarri zen ezer eskatu aurretik, zangoak mahai azpian ezkutatuz. Muker egin zion neskameak, etxeko alaba agidanez, tabernariaren antza bekainetan. Nolako muturra jarriko huke ilea moztu ez banu. Beste mahaiekikoa egiten aritu zen luzaz, berarengana arduratzeko astirik ez pertxentak. Edo neure bota lehertuak ikusiko bahitu. Kakahuete azalekin jolasten ari zela entzun zuen ahotsa, eztia eta haserre, txantxetakoan haserre.
Zer, nekatuta, Bittor?
Leloturik gelditu da, irudi mordoa burutik eztarrira kolpeka ahots honek begi hauek zer ekartzen dioten ezin hitz eginik: fusilaketa deskargak entzuten zituen gauetan amets egindakoa, baforearen korazta ura urratzen, inoiz oparitu zioten poema liburu txipia euskaraz, antzaren hegada linea elektrikoen gainetik, metrailak segatuta hiltzen ari zelarik oraindik betetzeko zeukan lagunak eskatu mesedea, ibaiak zekarren kimika portuan urtzen, burdinaren galda txinpartaka moldera.
Ez dakin ondo, Maitetxu.
Rosamari diat izena.
Eskuaren birigarro hila luzatu dio, eta bizirik dagoela atzeman du berearen habian. Gero, Rosamari zer hartuko duen galdetzeke sukaldera joana delarik, haren taupadak gelditu zaizkio ahurrean, hegaztiaren lumatxo odolduak.
Trikua, neuk harrapatua.
Lurrin hau, lurrin eder hau, botila hartzera egin du baina neska aurreratu zaio, zipotza kendu eta godaleta bete. Esperoan gelditu da Bittorrek dastatu arte, ardoa behintzat, eta orduan beste mahaietara arretatu da ostera mutilak bazterreratuak dituen kakahuete azalak mandarrean bilduta. Ogi zuriegiaren kozkorra busti zuen saltsan. Heuk harrapatua baina amak maneatua noski, ederra zagon benetan, noiztik arraio. Burua ezin jasorik jan zuen, atzamarrak zikinduz hexurrak zuritzen. Bigarrenez edan zuenean ezpainetako koipea gelditu zen godaletean. Bere musuzapi zimurrarekin garbitu nahi izan zuen, horretan ari dela kendu dio eskuartetik neskak, garbia ekarri.
Ez zunan trikua.
Ez, akerraren buztana zuan.
Bezeroek, irtetean, agur egin zioten Bittorri hutsik egiteke. Agure bat gelditzen zen zokoan, erdi lo. Alde egin behar zuela iruditu zitzaion, etxekoek bazkaltzeko tenorea zen noski. Rosamari sukaldean zela altxatu zen, aita zirudienari ordaindu zion. Sukalderantz «Adio, mila esker!» ozenik eginda euritara. Hobe, ez zen eulirik ibiliko. Berehala ohartu zen oker zegoela. Euliak ez zituen ezein eurik uxatuko, ikasi beharrak zeuzkan bizimodu berriaren arauak. Ustelean bizi ziren. Panazko jakaren lepoa jaso zuen, ez zen sabelaz oroitu ukabilak patrikan sartutakoan. Halako eztitasunik, horrela izaten ahal zen gizon. Bazekien nora etorri hurrengo igandean, neska hura, nondik izena, soldaduek baino zorrotzago zelatatzen zituzten herriko neskek, ez ihar ez morena ez zela ahantzirik. Jasa gogorrean ari zen trenbideko zubipera iritsi zenean, bertan gelditu zen. «Hi!», burua ostaturantz itzuli zuen, Rosamari dator lasterka aterki batekin. Ez zebilen haizerik, euria mardul, erorian, dena lausoan bilduz.
Herrirantz?
Bere altuerakoa da kasik, ile bilduak belarrien handia erakusten du, gingilaren gorria perlatxo beltzek. Neskaren aldeko eskua sakelatik atera eta aterkiari heldu nahi izan dio.
Utzidan, hartuko dinat nik.
Gutitarik egin du Rosamariren eskua ukitu ez badu mugimendu horretan.
Ez, gustatu egiten zaidak eramatea.
Hik uste dun aterkia nik hartuta neure kolkorako besotik helduko nindunala akaso, aukera hori neukala neuk hartzen banuen, horixe zela nire katramila. Oker hago, ez zaidan horrelakorik burutik, ez dinat inoiz ikusi bikoterik emakumezkoak eutsitako aterkiaren pean, hori zunan arrazoia. Beha ezan, orain tarte handiagoa utziko dinat bion artean.
Bustiko haiz!
Besoa bizkarrean pausatzeko gomita egiten al didan orain. Aterkiaren ardatzera hurbilduko naun edonola ere, eta orduan ukabilak neskaren izterraren higidura hartu du mahonezko galtzaren eta oihal arrunteko gona eta azpigonaren gaindi, bostekoa estutzerakoan hartu dinadana baino taupada beroagoan. Barre egiten dun gaizto horrek. Osasuna, irmotasuna adierazten dute neskaren bekain beteek.
Aizan, nola utzi dun lana horrela?
Lana Olibeten egiten diat, gurasoei laguntzera etortzen nauk igande batzuetan.
Ohartu egin da, tupustean, emakume batekin solasten den estreinakoa duela azken zortzi urte honetan, alegia, lehen aldia bizitzan egiten duela hitz emakume batekin gizonezko hitzez.
Zergatik ez duk behatzen non ematen duan pausoa?
Zangoak mahaipean ezkutatzen ditudan arrazoi beragatik.
Zipriztindu egiten nauk ordea!
Ukabila desegin du, luzean libre utzi eskua sakelaren barruan, besotik eroritako mulko. Erregarriagoa zaio orain Rosamariren izterraren igurtzia ibilian, haren giharra bere hezurren kontra. Ez badun deus esaten onartu egiten dun, bi edo hiru oihal egonen ditun nire eskutik hire haragira baina ez dun posible ez sumatzea. Atzamarrak tira ahala zabaltzen ditu igurtziaren eremua handitzeko, hostoen arteko zurrumurrua da hau, hostajearen ikara ilunabarreko brisan, eta honezkero ez da birigarro hila, mandeulien ziztakoak ikaran tinkarazitako behorraren gihar luzea da, bere haragiaren sendotasuna Bittorren eskugainaren kontra frogatu behar lukeen ametsa. Madalena karrikan sartuak dira, beranduegi dinat eskua atera eta bizkarretik heltzeko, jendea dabil oraindik, ordu bata da elizako kanpandorre bitxi horretan.
Hemen gelditzen nauk ni.
Bittorrek ere ez luke nahi inork ikustea, ez dio onik eginen neskari.
Bai, bai, hobe dun.
Bekoz beko geldituak dira, eta orain, arropek elkar ukitzen ez dutela, Rosamariren giharraren tinkotasuna datorkio eskutik gora bularreraino. Ez dinat eskua sakelatik aterako, gorde eginen du igurtziaren oroimena. Rosamarik bostekoa luza diezaion baino lehen eginen duela alde erabaki du.
Eraman ezak aterkia.
Elkar berriz ikusteko gomita egin dio, zergatik esan dinat ezetz? Lehen aldia emakume batekin, egin behar ez lukeena eginen dinat oraintxe, ez daki nola behar duen, lehen aldia, hurbilegi, dena ikasteko zaukaat.
Azalduko haiz arratsaldean? Musika zagon plazan.
Egin du ez egitekoa, horrela esaten ote zaie?
Plazan eta egun argiz, hori ez duk dantza egitea.
Elizaren alboko karrika estutik gora itzali zitzaion Rosamari, noiz arterik ez despedidan.
Banekien ez ninala eskatu behar, lehen aldia dinat. Aterkia biltzen ikusi zuen, ez zuela ari konturatu zen. Ibaiertzera hartu eta zubiaz beste aldean ibiliko zen, bakarrik egoteko premia, gertatutakoaz gozatu nahi zuen, bizitutakoa kontatu nahi zion xeheki bere buruari. Plaza iragaten ari zela, taberna zulotik dei.
Non ibili haiz?
Honek ez dik gurekin nahi izaten!
Jokoan ari ziren musika hasi bitartean. Oraindik igartzen zuen zerbait eskugainean, Rosamariren giharraren higidura zainetan. Ez, ez zeukala kartetan egiteko gogorik, kafe bat, hi beti heure aldetik, ibiliko hintzen zokoren batean.
Nongo alabarekin bainatu haiz?
Noizbait herriko bandakoak kioskora igotzen hasi zirenean plazako bazterrak langile penatuen taldetxoz bete ziren. Lagunak utzi eta ibaiaren haraindira jo zuen, Papelera Española, Panier Fleuri, Olibet zeuden bazterretik aitzina, porturako bidean. Inoiz gertatuko balitz Rosamari biluzik edukitzea aldean, eskuineko eskuaren binperrarekin laztanduko zuen gorputz osoan. Garaiz oroitu zen fuel depositoak txapelokerrek zaintzen zituztela, ez zen herriaren kaburaino ausartu. Musika hasia zen, tristea pasodoble hura. Ibaiko petrilean jesarri zen, putzuak ageri ziren ezker ertzeko eskalari lotua zegoen txalupan. Plazara helduak ziren neska bakanen inguruan zebiltzan lagunak, bromaka. Ez zion irri gaiztorik sumatu Rosamariri plazakoa ez zela dantza egitea esan zuenean, mespretxuzkoa izan zen. Ostatura itzultzea bururatu zitzaion, baina hobe zuen ez joatea, min hartuko zuen neska bertan ez bazegoen, hobe jakin ezik. Trumoi eztanda latz batek berritu zuen erasoa, etxe bazterretara eta taberna barruetara sakabanatu ziren dantzariak, kioskoa abandonatu zuten musikoek. Kasernarantz abiatu zen, euriaren eta paperolaren durundiaren pean.
Ondoezik al hago?
Ez zen afarirako altxatu, urruntasun handi haren mende zen atzera, oroimeneko zoko urrun baina mingarrian hanpatua zeukan zer edo zer hiltzen hasia zitzaion, ibaiko kimika portuan urtzen. Tximista bertan, laia lurrean sartzen argi ahul hura itzaltzeko. Besteetan baino lehenago entzun ziren aurreneko zurrungak jangela gaineko lotegi handian.
«Zer, nekatuta, Bittor?».
«Trikua, neuk harrapatua».
Eskua luzatu eta ez du ukitzen ahal, lainozkoa da zuritasun hau. Rosamarirena da, bai, ahuspez biluzik ageri den bizkarra, albora emana du aurpegia eta ez ote da ba gaiztakeria ezpainetan sumatzen zaiona, loak hartuarena egiten dun baina hala ere ez duela zirkinik egiten eulia azalean ibiliagatik, luzatzen du eskua eta eulia hegaldatu egiten da Rosamariren haragia ukitu ahal izan dezan baino lehen, gorputzaren beste sendotasunen batean pausatzen da gero, ez, ez dun eulien kilimek sortua gaiztakeria hori, Bittorrek eskua luzatu orduko euliak ihes egiten du beste norabait darama debekatua du eskua akasturik gabeko zuritasun hartan.
«Plazan eta egun argiz, hori ez duk dantza egitea».
Euriaren ondoko gardentasuna giroan, bustiaren distira gauza guztietan, izarniadura hori eta Rosamari ezagutu izanaren harri ukaldia kopetaren erdian, aspaldi ez bezalako astelehen egunsenti ederra. Biko ilaran Don Arturo buru zutela errepidean aitzina ibaiertzetik betiko moduan, baina txolarreen zalaparta egun. Olibet lantegira zihoazen nesketan Rosamari bereizteko asmoa zuen, baina hauteman ez. Eta orduan ohartu zen ez zuela aurreko asteetan ikusiaren akordurik ere.
Ba ni ama-alabekin bainatu ninduan, biekin.
Itsasbeherak agerian utziak zituen ibaiaren erraiak, basatza gris ilun ura, zerriaren hesteak hil berritan. Kiratsa zetorren arrotik, paperolaren gernu karmina fonderiaren berotasun itogarriari gain hartuz. Burdina hondarrak baliatzen irakatsia zion oiartzuarrak atera zuen ametsondo hartarik.
Frantziara, ehun pezeta.
Bai, eta beste ehun bilduko dituk gero ni mendian entregatzeagatik.
Emakumeen besoak belarra jiratzen, Rosamarirekin egona zenez gero ez zuen amets egiten hegaberekin, tiraputzaren kolpea baino hunkigarriagoa zen aterkipean bizi izan zuena. Gainera, ez zioten ehizakoaren baimenik emanen.
Segurua, garbia. Pentsa ezak. Lau orduko bidea Arditurriko meategitik goiti.
Utz nazak bakean.
Nahi duenik egonen duk zuen artean, esaiok.
Eguerdian, kasernara zihoazela, ezusteko istilua gertatu zen soldaduek herriko norbait geldiarazi zutenean, emakumezkoa itxuraz, aurrera samar zihoazenek gibelera egin zuten Panier Fleuriko zubirantz, hantxe zen, lasterka, Don Arturoren «Lasai, lasai, ez da ezer!» erreguari jaramonik egiteke, bera, eta soldaduek zer egin ez zekitela, fusilek traba egiten pentsatzeko, non ote dute kapitaina, sekula ez da ageri arazoak sortzen direnean, Rosamari.
Ezin da langile hauekin hitz egin, presoak dira.
Burutik egin zain, hau langile penatu baten besotik ibiltzea baino okerragoa dun.
Zer duk hori! Atzera, atzera denak!
Rosamarik besoa astindu zakar batez libratu eta galtzarbean dakarren bildua luzatu dio Bittorri.
Baina...!
Zubitik gora Olibet galleta fabrikarantz Rosamari, eta bata gris hura arren, gona arren, azpikoa arren, giharraren higidura hartu du begian, eskugainean, eta handik gorputz osoaren zakura, hotzikara erregarria.
Nobia duk, ala?
Ireki ezak hori!
Bonba bat, gobernadoreak etorri behar du gaur, zubi honetarik behar du, orain soldaduek badakite zertarako dauzkaten fusilak, denak kiskaliko dituzte, eta goseak hildakoek berriz izanen ahal da zatigarriko zerbait, gazta gaitz bat esaterako, denon artean jatekoa, ez galleta apurrak.
Ireki ezazu, Bittor.
Don Arturok eskatzen ziona egin zuen, kordela astiro, papera ez urratzeko artaz, bonba balitz baino urduriago.
Amandrearen oparia dik Bittorrek!
Urteak dituk? Gonbidatuko gaituk, ezta?
Baten batek atzamarra erantsi nahi izan zion opariari, kolpea jota ukatu zion eskubidea, barrez, Bittorrek.
Pausoa non ematen dudan ikusten ez lotsatzeko dituk.
Noiz ezkondu behar duzue?
Atzo ezagutu nian.
Eta barre egin zioten inguruko denek. Kasernarantz abiatzeko aginduari obeditzen ziotelarik, belarrira:
Orain ulertzen diat, horrelako bat huen Teruelen ere, seguru.
Asmatu egin duk.
Uda hark argituko ez zituen hezetasun tatxa ilun, inoiz urdina izandako pintura geruzak hartuak zituen kontinente ezezagun gisako akastu eta amorratuaren eskuak edo txapelak jotako lekuan utziak zituen euli zapaldu haietan zehar, ibai troka mendi baso gainetik luzatutako trenbidearen antzera, bazter guztietarik ikusgarri, «Gora Euzkadi» handia, beldur ematekoa.
Ez al duzue konprenitzen? Zeuen buruaren kaltean ari zarete...
Maisu zaharraren ahalegina ikasleak zentzatzeko, halakorik ez egiteko, soldaduren batek ikusi eta kapitainari esaten badio, denok nozituko dugu. Bittor hurbildu zitzaion sermoia amaitu zuenean.
Igandean mustuko ditut, eta ez daukat non gorderik. Agian zuk...
Neska jatorra da hori, ezagutzen dut ama.
Maisu zahar hark berak ez ote zituen egiten idatzi haiek etorri zitzaion. Ez zekien nola, baina berak. Errieta emateagatik, buruak inarrosteagatik, lo hartzen ez uzteagatik, kausaren publizitatea egiteagatik.
Hi, biak pasako zaituztet prezio berean. Polita delako.
Euli bat gehiago.
Gero, puskak jaka barruan gordeta txatarreroarengana zihoazela, nondik ekarria zuten inork ez zekien gaztetxo hark:
Hi, Bittor, esadak... eskuarekin baino gustagarriagoa duk?
Jakiteko irrika zuen, kezka hura, ikaratua ematen zuen mutilak. Ezin esanen zion berak ere eskuaren menturaz zekiela zekiena.
Bai... Badakik, eskuarekin egitea plazan eta egun argiz dantzatzea duk.
Ez zuen Rosamari ondoko egunetan ikusi, ez zuten ikusi, batailoi osoaren andregai ofiziala zen, «Hartuko nitizkek bota berri batzuk!». Bereak musteko nolako ibilaldia proposatuko zion zerabilen buruan Bittorrek, mendira eramanen zuen, Landarbasoko leizeak ikustera. Eta Bittorrek botak janztea, nola ez, zeremonia garrantzitsua izan zen igande goizean, Rosamari biluzik lurrean etzanda baleukate bezain miretsiak langile penatu haiek denak, begiak zabal oinak lona gozo hartan sartzen ikusten.
Behin egon haizela berarekin, eta bazakik hire hankaren numeroa?
Neska hori sorgina duk.
Bestek esana bezala irten zitzaion, neska hori, urrundu egin nahi izan balu bezala. Lagunei behatu zien, eta inork ez zuen harridurazko zirkinik egin, «Oso bizkorra duk» esan balu bezain arrunt hartua zuten. Baina deskubrimendua izan zen Bittorrentzat, horixe esanen ziola pentsatu, «Egunon, sorgina!», ostatuan sartzean.
Tratu onaren ordaina izan duk, e Bittor? Tratu ona eman hion, ezta?
Mezetan, apezak bedeinkazioa bota aurretik, «Panier Fleuriko zubian» ukondoraino burumakur etorri zitzaion emakumezkoak, ez zuen ezagutzen, ahots hura sekula, Rosamariren lagunen bat. Sakristauak ate handiak zabaldu arte itxaron zuen, eta oinetakoak dastatuz joan zen ibairantz, lasai, Papelera Españolako tximinia handiek jaurtitzen zuten hodei konkorrei beha.
Goazemak txalupan.
Txalupan?
Euskarriko hesian jositako burdinazko eskalan behera abiatu da Rosamari. Txalupa gorri bat dago lotua bertan, arraun parea tosten gainean. Apustu eginen niken heuk ekarriak direla. Aitarena, etxeko lagun batena, bezeroren batena, nork jakin. Hainbat aldiz ikusi ditinat txalupariak erramuak erabiltzen, saiatuko naun, heuk egin behar ez badun behintzat, sorgina haiz. Askatu dute esteka, harresian egin dute indar arraunarekin, ibaiaren erdiraino ekarri dute txalupa. Estroboak, bai, izan ere, garbi zagon nork eginen duen arraunean. Uste zuena baino gaitzagoa da, palak laprast egiten dio batzuetan, sakonegi sartzen du hurrengoan. Uretik handiagoa ematen du lanabesak gordetzen dituzten gangilak. Arraunketan gorputzak egiten duen joan-etorrian, Rosamariren irriari behatzen dio, eta bere bota berriei.
Oraindik ez dinat esan, eskerrik asko.
Pausoa non ematen duan ikusten ez lotsatzeko.
Agur egin die norbaitek fonderiatik ibaiaren portu sarreran, labeak ezin inoiz itzali, garretan egon behar dute igandeetan ere. Utzi egin dio arraun egiteari, eta txalupak, ibaiaren korronteak eramana bezala, portuaren erdirantz jarraitu du geldiro. Itzulerdi egin du Bittorrek branka aldera. Moilak bagoiak garabiak ontziak gurma itsugarrian ezkutatuko dituen lanbroa ageri da Uliamendin behera eta bokalean barrena.
Aizan...
Gihar bero heze gordina bere ahoan taupaka tantarik gaziena xukatu nahirik. Aski izan da ukitu intimo arin hau, tanta jasotzeko lain, Bittorren gihar guztiak inoiz gertatu ez den igurtziaren oroimenean tinkatzeko. Mutilaren eskua Teruelgo gorpu izoztuetan atxikia geratu izan zen gisan geratu dira lipar batez bien ezpainak itsatsirik musua askatzerakoan. Rosamariren irrira zabaldu ditu begiak, eta eskua luzatuta barnerantz bihurritu du, errebes, neskaren masaila binperraz laztantzeko. Nola eztitu nauen freskotasun honek, bai, gorputz osoa ferekatuko dinat horrela, ahurraz bestera, nire atzaparrok ez ditun hire haragiaren duin, polborak, espermak laztuak ditinat. Euliengandik urrunduen dago oraintxe, nagituen. Ez du, ez dute ontzirik ez garabirik ez moilarik ikusten. Antxetarik gabeko itsaso bat.
Itzuli egin beharko diagu, ezta?
Rosamari, faborez!
Badakik nora goazen?
Laino hutsa den Rosamariren irriñora itzuli gabe, ikaratu egin nahi naun orain, lakar amorraturik erabaki du, ikustan.
Itzuli? Horra itzuli?
Ibaiak, Bittorren esanetara, uholde berrian dakartza porturantz gernuaren kiratsa soldaduen mehatxuak pareta zikinak mauser abandonatuak paga murritzak fusilamenduen tarratadak meza nagusiak kartzelarien aginduak pasodoble tristeak zapart egin gabeko obusak salatarien beldurra patata salda berunez lastratutako gorpuak hitz egiteko debekuak oraindik betetzeko zeukan lagun hilari egindako zina, euliak, euliak, euliak nagusi hondamendi haren gainetik hodei Rosamariren haragiaren gose.
Uhartera!
Ez, ez naun ni izan agindua eman duena, barruan daukan beste norbaitek esan du hori Bittorren ahotik, sabelean lukeen ukabila zabaldu egin balitz bezalako zerbait sumatu du, hezur mulko bat bere giharren taupada atzeman nahirik, ametsa haragiaren igurtziaren bila, eta mila miliatan uharterik ez dagoela badakien arren, tu egin dinat lanerako baino ez diren ahurrotan, neureetan, korrokoien jauzien gisako plaust amultsuetan eragin die arraunei dantza mendian gauez biluzik egiten den lurraldera buruz abiatzeko.