Aurkibidea
Aurkibidea
Losadaren pizkundea
Aldazek mapa zabaldu zuen goroldio ihartuaren gainean, eta lagunak makurtu zirenean kamamila besterik bereizi ahal izan ez zuten basabelarren lurrun sarkorrak jo zituen hirurak. «Hemen zagok Pilatosen Balkoia!», atzamarra mapan tinkaturik. Gorantz behatu zuen gero, eta eguzkiaren printza ahulak ozta iragazten zituzten hodeietara luzatu zuen besoa, «Aitzina, ongi goazak». Inoizko txukunen bildu zuen katastrala Aldazek, lehen baino tinkoago estutu zituen makilak Dopazok, berari erantsi zioten zur pusketa landua ez zuela galdu segurtatzeko bezala haztatu zuen alkandora sabelaldean Barbeitok. Aldazen ibili arinari lotu ziren, urrats bizian, pagadia zela ez zekiten basoari buruz. Orbela zapaltzen hasi zirenean antxetaren halako bi izanen zen hegaztia haizatu zen hostajetik. Hari beha gelditu ziren, hirurek ere natur zientzietako orrialdeetan baino ikusia ez zuten arranoa zela pentsatuz, hegalen formagatik. Barbeitok ez zuen halako aukera lardaskatu, «Hau ez duk itsasoan ibiltzea, lagunok, hau mareajera irtetea baino askoz arriskutsuagoa duk». Ez zen ari beldurra emate alde, onena zen filmeetarako pasadizoak asmatzen eta zernahi onartzen zioten lagunek. «Hemen dena piztiaz betea zagok, airekoak zelatan zauzkaagu eta laster helduko dituk lurrekoak, basurde gosetuak azalduko dituk, horiek usaimena erabiltzen ditek eta honezkero haizeak esana ziek zenbat kilo hazkurri dabilen hemen». Berak bezainbeste gozatzen zuten lagunek Barbeitoren jardunarekin, elkarrekin ikusitako filmeak kitzikagarriagoak ziren beti gero, kankailu hark kontatuta, oharkabean joandako xehekeria guztiak bihurtzen zituen garrantzizko eta durduzagarri. «Isil hadi!» agindu zion ordea Aldazek, denek hain maite zuten galegozko biraoa erantsiz. Barbeitoren hitzek deitu izan balute bezala, izan ere: lanbroa muinoetarik jaistearen edertasuna, lanbroa beti itsasotik gorantz ikusiak zirenen harritzeko. «Eta hemen ez zagok farolarik!» Barbeitok ostera, alegia deus ez, baina isildu balitz hobe. Ziztu bat entzun zuten. Ezkerretik zetorrela zirudien. «Bai zera, ipar beltza zabilek, ekaitza dakarren haizea, bizkarretik izan duk». Segundo bat lehenago ikusten zituzten zuhaitzak urtuak ziren, portuko bokalea ixten zuen zerrazoiaren antzeko esnetasunean. Ziztua entzun zuten ostera, hurbilago, eta Dopazok oihu egin zuen bere ahots garratzean.
Hemen gaude!
Hitzak heldu zitzaizkien aurrena.
Baina nora zoazte lanbro honekin!
Harrapatuak zituzten. Nor bere baitan, poztu egin ziren hirurak.
Ingurua aztertzera irten gara, basurde arrastoak ikusi ditugu gure dendaren inguruan.
Hitzen ondotik heldu zen kanpamenduko buruzagia sekula ikasiko ez zuten lasterbideren batetik, bere galtza motz eta uhaleria guztiarekin. Linterna bat zekarren, eta gerrako ontzietan gaztiguak emateko guardiako marinelek erabiltzen zuten metalezko ziztu luzexka berdina, lokarri berde txirikordatu batean sorbaldakotik zintzilik. Gerrian trabeska ageri zuen mendiko labana jo zuen begiz Dopazok.
Hemen galdu egin zintezkete, eguraldi honekin... Badaukazue bruxularik?
Guk eguzkiaren ibilian atzematen dugu nortea.
Ez zegoen Barbeito isilduko zuen fraiderik, jo ere ez zuten egiten jadanik, erasiatu baino ez zuten egiten mesedez egon zedila hamar minutu hitzik egin gabe. Barbeitorenetik abiatu zen Aldaz:
Eta gauez izarretan bilatzen dugu orratza.
Buruzagiak ezin izan zuen haserretu.
Bai, e? Ba orain esadazue non arraio dagoen kanpamenduko bidea!
Hortik! esan zuen Barbeitok salbatzailea ustez azaldua zitzaien aldetik. Gure boten lorratza utzi dugu behorren gorotzetan, berariaz.
Eta handik abiatu ziren hirurak buruzagia atoian zeramatela berriz halakorik ez egiteko erreguka, lehen egun hartakoagatik ez ziela kargu hartuko eta mesedez ez zezatela huts egin biharamuneko ikastaroa, salbamenduzko lehen jakitekoak emanen zizkiela aditu batek.
Alferrik da, itoak beti hilda ageri dira.
Baina ez zien utzi beraiek uste zuten adinako heroi agertzen kanpamenduan, pausajea bizitu eta galerna batetik arribadan ekarriko balitu moduan sartu behar izan zuten haren ondotik denden zirkulu barruan, ziztua jotzen zuela umeak biltzeko. Ikastetxeko kapilaua hurbildu zitzaion Dopazori urduri, ahapetik mintzatu zitzaion.
Gero zuekin hitz egin behar dut.
Inguruak aztertzera irten gara, basurdeak dabiltza... Erne ibili behar dugu txikienekin, leku arriskutsua da hau.
Harritzekoa bazen ere, kapilauak ez zekarren errietarik.
Kontu bat aipatu nahi dizuet, zuek jakin egin behar duzuen kontu garrantzitsua.
Gainerako ikasleek zuzen lerrokatuak itxaroten zuten formazioaren aurreneko ilaran gertatu ziren ohartu zirenerako. Dopazo «zuek jakin egin behar duzuen» hartaz liluratua zegoen, kalterako izanen bazen ere gailentasun bat aitortzen zien kapilau nardagarri hark. Birao egin zuen Barbeitok. Bazkalondoan, ikastetxeko Yellow Submarine zaharrak ekarri zituenean ez zegoen halakorik, Florenzio txoferrak ziaboga oso bat egina zuen erdiko masta luze haren inguruan gelditu baino lehen, eta han ez zegoen orain ageri zen piperpotoa. Haren orpoan utziak zituzten motxilak, Queiruga muturreraino igana zen zangoak gurutzatu gabe, zatar hura gero biratu zuen norbaitek, orientazio ikastaroa ematen ari ziren bitartean. Orain zeremonia egin behar zutela zirudien, eta abuztu oro moila trasatlantikoan atrakatzen zuen Hernán Cortés-ko guardiakoak bezala ilunabarrean, kanpamenduko buruzagiak ziztu luze bat egin zuen aurrena, gero hiru labur, kapilauak soka askatu eta piperpotoa bien artean erriatzen hasi zirelarik.
Viva Franco!
Eta erantzun egin zioten ergel batzuek, «Viva!». Zakar jiratu zuen burua Aldazek, bere ukaldi figuratua baino mehatxu zuzenagoa izan zen Dopazoren ahots lakarra.
Mekajuen a kona ke vos botou!
Eta Falangeko militantearen bigarren agindua jarraian.
Arriba España!
Koldarren batek baino ez oraingoan. Eta buruzagia, porrota ikusirik, umeen artera heldu zen piperpoto tolestua kapilauari utzita.
España...!
Barbeitok barre egiten zuen nabarmen.
España... una!
Ikasleen belarrietara egin zuen oihu kanpamenduko buruzagiak, izter iletsu haiek agerian zituela umeetan umeena.
España... grande! España...!
Bekoz beko zeukan Barbeitok. Barreari eman zion behako sutuaren beldurrik gabe. Dopazok erabaki zuen eskua labanarantz mugitzen ikusiz gero samara eginen ziola jauzi. Halako zerbait esan nahi izan zion Aldazen zeharrekoak ere. Biziki ederra izan zen une hura, gertatu zen orduantxe falangista jator hark eskuak erre gabe ezin laxa zezakeen tinkamendu bortitz bat Frente de Juventudes-en udako kanpamendu hartan.
Gora Vladimir Ilich!
Ez zen Barbeito izan, aurrea hartua zioten behingoagatik. Astiro mugitu zuen burua buruzagiak, tiroa zuzentzen duen kanoia iduri.
Nor izan da?
Dopazok ezpainak pintzatu zituen atzamarrekin, Aldazek ukabil biak erakutsi zituen, Barbeitok zirkuluak egin zituen besoekin ikasle guztiak animatuz kanpamenduko buruzagiaren bizkar ostetik, eta koruak mutu iraun zuen falangista, legionario ausart, lerroetan barrena makurtuta pauso geldotan barneratzen zelarik frankotiratzailearen bila.
Gora Vladimir Ilich!
Bigarren batxilerreko mukizu bat izan zen, patioko garaian beti kromoak trukatzen ibiltzen zen txaparro kaskagorri maritxu ospeko bat. Oso ahots ahulean, koruko ez bestea. Legionarioak preso hartu zuen, irten zedila agindu zion, joan zedila mastaraino, eta umea paretik barregarri tente pasatu zelarik tu egiteko keinua sumatu uste izan zion Aldazek, berarengana.
Hemen geldituko zara afaldu gabe, gure bandera iraintzeagatik.
Eta ziegetan itxi gintuztelarik korneta entzun genuen egun oro bezala, gure barruko lanbroaren sordinak tristea eta urruna egiten zuen doinuan, argiak itzali eta amets banatan etzateko aginduz ametsik gabe lo egin ahal izatea nahi genuenoi. Enbeitak lanpara piztu zuen zoruaren erdian, nondik nora eskuratzen zuen ez genekien alkoholezkoa. Mantak bizkarrean genituela jesarri ginen, mendiko suaren inguruan bageunde bezala. Baina inork ez zuen filarmonika joko, inork ez zuen abesti gozorik hasiko. Kapilauak oparitzen zizkigun otoitzerako estanpekin eginiko baraja atera zuen Sagarduik betiko moduan, eta eskualdi batzuk egin genituen, berba nork askatuko.
Gu baino abertzaleagoa da hori!
Ez zuen inork erantzun. Losada ez zen abertzalea, guk bezain ongi zekien hori Otalorak berak. Denboragarrenera Uriartek, burlairez, «Ze batailoitakoa?». Eta lehen bezain lasai Otalorak, onartu nahi ez genuen hartan joz, «Zer ardura dau horrek? Losada gu baino abertzaleagoa da!». Ilunabarreko zeremonian azaldu zuen edertasun beldurgarri hura berritu genuen denok geure kautan, egia zen inork ez zuela halako kemenik erakutsi presondegian generamatzan sei hilabeteetan.
Erraza da adorea erakustea etsia emonda zagozanean...
Sagarduik beti egin behar izaten zion aurre Otalorari, ez genuen aspertzeko arriskurik.
Gaixorik dago, Pereiro doktoreak esan eustan senda leikeela, baina kanpoan, Espainian ez ei dago horrendako botikarik, Alemaniatik ekarri beharko litzakio. Ez dau luze iraungo.
Otalorak ez zituen oraindik kartak jaso, bat-banaka behatzen zigula mintzatu zen, «Denok hil behar dogu, baina ez gara gauza izaten heriotza gure kausaren alde baliatzeko». Hitz egin behar nuenean, Sagarduik ostera Losadak egindakoa suizidatzeko modu bat zela azken finean, «Eta hori ezin dau kristau batek egin».
Hiruko ezpata bota zuen Otalorak kartei asko erreparatu gabe, bera zen esku.
Eta Elizako martiriak? Ez ziran suizidak, hareek be?
Hitza atera ahal izan nuen noizbait.
Losada gu baino abertzaleago izan liteke, abertzalea ez delako.
Hori ulertuko dauenak badauko nik besteko talentua...!
Elkarrekin eginak ginen Bizkaiko kanpaina, lagun handia nuen Uriarte.
Guk bizi egin behar dugu, guk lanean jarraitu behar dugu hemendik ateratakoan ere, aberrigintzan. Losadari berdin dio, berak ez dauka aberririk, berak ez du bizitzeko arrazoirik iraultza egin ezean.
Ja, ja, ja! Hik hamendik urtetea espero dok?
Ziegako inor ez geunden hiltzeko zigorrez, baina seta triste bat hartua zen aspaldion Otalora, gauero genuen iluntasun berriren bat.
Hemendik irtengo gara noizbait, eta bizi egin beharko dugu, eta familia bat osatu, eta geure seme-alabei kontatu egin beharko diegu zer den Euskadi, nola erori diren gure lagunak, gure anaiak...
Isildu egin nintzen malkoak etorri baino lehen, eta mugonez itzali zen lanpara, Enbeitak ordu laurdeneko bizia baino ez zion ematen metxari. Etzan egin ginen, eta eztul batean hasiko zen laster Uriarte isila.
Ez da kristaua, baina Losada abertzalea dogu. Nik ondo ezagututen dot bere ibilia.
Ez genuen eztabaida luzatu nahi, hirurak aldera gaueroko ateratzeek iratzarriko gintuzten eta gero nekez hartzen zuen batek lo. Baimena ematen geniola interpretatu zuen Enbeitak.
Mutil hori komunista zan lehen, Trintxerpeko galiziano horietarikoa, eta Gipuzkoako frentean zaurituta egoan Gernikako Karmeliten komentuan. Neskatila gazte batek zaintzen eban, eta berak esan eustanez, ondo zaindu be. Gernika suntsitu ebenean, erizainak familia osoa galdu eban, baina neskato harek esan ei eutson orain bere familia Euskadi zala. Eta entzun egik, Sagardui, neskatila harengatik egin zala eusko abertzale esan eustan Losadak berak niri lehengo baten, patioan gengozala. Abertzalea dalako doia pozik fusilamentura, ez dozue sinistuten?
Nik bizi egin nahi nuen, ez nuen Euskadiren martiria izateko batere gogorik heriotzaren forma koldar eta kementsu guztiak ongi ikasiak ukan behar zituzten entregatutako batailoi haien aitzinean. Abertzalea nintzen, eta horregatik sinesten nuen gerra baino luzeagoa dela bizitza, lo egin nahi nuen, sendatu egin nahi nuen, larrutan egin nahi nuen.
Zer egun da gaur!
Otalorak erantzun zion, herri berekoak ziren biak.
Hazilaren hogeitabosta.
Eta ozenago orduan Enbeitak, sutsu:
Arana Goiri'tar Sabin hil zan eguna! Horregatik egin dau deiadar Gora Euskadi piperpotoaren aurrean! Hi, Aldaz, Losadak bajaukak aberririk!
Urtebete eduki nituen Enbeita eta Otalora hitzik egiten ez zidatela, Uriarteri ordu erdiko barre-eztula eragin zion neure hasperenak minduta:
Harrigarria dela gero, titi pare batek eduki lezakeen indarra...!
Eta ziega guztiak inarrosi zituen kornetak jo zuen garratz, tetanoaren txertoa jartzera ikastetxera etorriak zitzaizkien erizainek zeinen handituak zeuden irri batean errepikatzen zieten ametsetik egotziz. Nagiak atera eta lo zakuetan jarraitu zuten gogortasuna baretu arte, ez zioten elkarri behatu nahi. Barbeito izan zen aurrena zutitzen. Blujinak mantapean jantziak zituen, eta sakelatik ezin aterarik zeukan esku bat. Uzker handia bota zuen irten baino lehen, hanka zakurren moduan jasota.
Utz ezak zabalik!
Lanbroak hartzen zuen dena, ez zen almidoi aire bat baino ikusten, flotatu egin behar zela bertan ematen zuen.
Agudo, agudo! Garbitu, gosaldu eta formatzera!
Komunetara zihoala, besotik heldu zioten.
Entzun... Ni behartu egin naute, jakin ezazue.
Ez zitzaion gustatu kapilauak besotik heltzea, eta kafesne keru epel okaztagarria zekarten hitzek.
Ikastetxekoek gezurra esan didate, nik uste nuen kanpamendu hau eskolarena zela.
Eta Losada?
Mastan pasarazi diote gaua. Nik txokolate beroa eraman diot tarteka, oso mutil balientea da. Berarengana noa ostera.
Komunen bordan sartu orduko zigarroa piztu zuen hortzak zintzoro garbitzen zituzten umeen aurrean. Ez zen erosoa makurtuta erretzea, itzali eta ezpainetan eskegi zuen ostera, gero profitatuko zuen. Garbitzekoa El Pensamiento Navarro-ko orri zatiak ziren kako batean. Hiru aldiz hasi behar izan zuen irakurketa, murgilean arakatu ohi zituen kostapeko arrokak bezain lauso hartzen zituen hitzak, ezin zuen kontzentratu, balientea Losada zelakoa zerabilen buruan eta gaitz egiten zitzaion onartzea. Paper guztia erabili behar izan zuen, kapilauaren akorduak bihurritu egin zizkion hesteak. Ketan sartu zen jangelako aterpean, hantxe zeuzkan Aldaz eta Dopazo, mahai luze betearen ertzean.
Non sartu haiz?
Belartxo batzuk kendu zituen mihitik, filtrorik gabekoa erretzen zuen, beltz gogorra.
Losada fusilatu behar ditek.
Colacao-an utzi zuen ogia Aldazek.
Zer edo zer egin behar diagu!
Dopazok gainerakoei egin zien hitz, zutituta.
Entzun duzue? Losada fusilatu behar dute denon aurrean!
Negarrari eman zioten bigarren B-koek, Losadaren gelakoek.
Non zagok kapilaua? Berak egin zezakek zerbait!
Losada konfesatzera zihoala esan zidak.
Kanpamenduko buruzagiaren ahotsa heldu zitzaien, beti bezala, lanbroaren erdian.
Oraindik amaitu gabe?
Espainiako atletismoko federakuntzaren txandala jantzia zuen bibote petraleko laguntzaile bat zekarren aldean, irribarretsu. Zer duda egin, errefuertzoak ekarriak zituzten matxinada zanpatzeko.
Arin, denok formatzera!
Ez zuten mehatxurik behar izan, inork ez zuen zirkinik egin kakanarruenetan ere.
Tira, tira, denok formatzera bandera jasotzeko!
Ikara bereziak laztandu zituen oinetarik goiti Aldaz Dopazo Barbeito, honen osabak antxoatara eraman zituen egun hartan motorrek kubertan eragindako dardara bezalako batek. Beren gudarien aitzinean fusilamenduko postean lotuak leudekeen izardunak balira bezain harro behatu zioten elkarri.
Nik ziztu jotakoan, denok mastaraino! Azkena popaustel!
Pausoren baten hotsa sumatu uste izan zuten, baina erronka infantil itxurako hark eragin lehen momentuko inertzia hutsa izan zen, inor ez zen zutitu, inork ez zuen Losada fusilatzen ikusi nahi, alferrik jo zuen ziztuak, eta Falangekoek kapilauaren laguntzaren bila alde egin zutenean ere gaseztaturiko troparen antzo gelditu ziren jesarririk hirugarreneko petralak eta bigarreneko txatxuak, lanbroa jantegiko lurrun hotz, xardeak koilarak labanatxoak min hartzeraino estutuz beren benetako buruzagien agindu gogorren baten beldur. Baina Barbeitok irri erori bat ageri zuen zigarro itzalia kentzea ahantzita zeukan ezpainetan, Dopazo tristetasun akigarri batek zeukan mukertuta, «Vladimir Ilich» errepikatzen zuen ahapean, Aldazek mahaiko xikinen artxipielagoan zeukan galdua behakoa, menturaz hankagorri lotsabako hark mastarakoan egin zion tuaren imintzioa gogoan. Eta denek ere Losada zoroaren oihua estaliko zuen deskarga espero zutelarik, Urbasa osoko basurdeak kanpamendua hartzen hasiak ziren denda guztietako galletak mermeladak txokolateak tabakoak linternak esne kondentsatuak gutun paperak eguzki kremak argazki kamerak kapilauaren aldizkariak eta Aldazek maiatzaren aurreneko bazkalondo luzeetan aitari ikasitako Pilatosen Balkoia esaten zitzaion faxisten hiltegi klandestino hartan ezarri nahi zuen pirograbatua txehetzeko: hemen... fusilatuak... askatuta.